Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdia (2017-07-28)

– Alkatearen prentsaurrekoa, Tokiko Gobernu Batzarrean landutako gaiez eta udal jarduerarekin lotutako beste gai batzuez informatzeko.

Parte-hartzailea:  Gorka Urtaran, alkatea

Eguna: uztailak 28, ostirala
Ordua: 11.00
Lekua: udaletxeko prensa aretoa

 

Share

Kultura Sailak establezimenduetan tokiko taldeen ikuskizunak eskaintzeko deialdia onetsi du, 30.000 euroko aurrekontuarekin

Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren aurreko edizioan herritarrek bozkatutako proposamena da

Estíbaliz Cantok gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak Gasteizko ostalaritza establezimenduetan 2017ko urrian, azaroan eta abenduan tokiko taldeen ikuskizunak eskaintzeko deialdia onetsi du.

Herritarrek Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz aurrekontu parte-hartzaileen lehen edizioan proposatu eta onetsitako ideia da.

Tokiko taldeek hiriko ostalaritza establezimenduetan ikuskizun artistikoak eskaintzea da helburua; ekimen orijinala da, eta establezimenduen jardueraren osagarria, bertako kulturaren aldeko apustua izateaz gain, Sailak bere jarduera guztietan egiten duen bezala”, adierazi du Cantok.

Talde orok eman dezakete izena, eta bakoitzak gehienez bi ikuskizun eskaini ahalko du. Era guztietako ikuskizun artistikoak izan daitezke, gutxienez 60 minutu irauten dutenak.

2017ko urriaren 6tik abenduaren 30era egingo dira, doan.

Proiektuak aurkezteko epeak, berriz, irailaren 1etik 30era arte iraungo du. 30. 000 euroko aurrekontua dago.

Share

Postetxean “XTuMirada” erakusketa jarri da ikusgai, Down sindromea duten pertsonen inklusioa sustatzeko


 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gaurtik aurrera ikus daiteke “XTuMirada” argazki-erakusketa Postetxean, Down Araba-Isabel Orbe elkartearen ekimenez, Down sindromea duten pertsonen inklusioa sustatzeko.

Hauek izan dira erakusketaren aurkezpenean: Peio López de Munain, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzia; Marian Olabarrieta, Gizarte Zerbitzuetako foru diputatua; Emilio Sola, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria; Iosu Izuskitza, Down Araba-Isabel Orbe elkarteko lehendakaria, Aitor Cuesta, Down sindromea duen gaztea, eta Maria Antonia Abadanes, Correos-eko Nazioarteko Harremanetarako zuzendaria.

Erakusketaren bidez, Down sindromea duten pertsonak arlo guztietan gizarteratzeko beharraz sentsibilizatu nahi da. Horretarako, kultura, musika eta kirol arloko 150 pertsonaia ezagunek baino gehiagok Down sindromea duen persona banarekin “trukatu” zuten begirada, eta horren emaitza dira Gasteizen abuztuaren amaierara arte ikusi ahalko diren argazkiak.

Erakusketa irekitzeko ekitaldian, López de Munainek pertsona horien ahalmena nabarmendu du. “Irudipenak askotan ez datoz bat errealitatearekin, eta gehienetan gabeziengatik epaitzen ditugu, haien ahalmenak balioetsi beharrean, asko baitira. Gure begirada aldatu behar dugu, Down sindromea duten pertsonen gaitasun, dohain eta balio izugarriak aurkitzeko”.

Share

Udaltzaingoak oporretako irteera-operazioa jarriko du martxan

Udaltzaingoak 207ko oporretako irteera-operazioa jarriko du martxan asteburu honetan, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren, Ertzaintzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko koordinazio eta lankidetza ekintzen barruan. Abuztuko lehen asteburuan ere aktibatuko da operazioa, aurreikusten diren auto-ilarek ahalik eta txikiena sor diezaieten gidariei.

Frantziatik eta Europa iparraldeko beste herrialde batzuetatik datozen ibilgailu ugari igarotzen denez hemendik, penintsulako hegoalde eta mendebalderantz (Maroko eta Portugal) gehien bat, aipatutako erakundeek ekintza plan koordinatu bat ezarri dute, zirkulazioa arindu eta trafikoaren isuria bermatzeko, eta errepideko segurtasuna ere hobetzeko.

Egunak eta gutxi gorabeherako orduak:

  • Uztailak 28: 9.00 – 21.00.
  • Uztailak 29: 7.00 – 22.00.
  • Uztailak 30: 7.00 – 15.00.
  • Abuztuak 4: 8.00 – 20.00.
  • Abuztuak 5: 7.00 – 13.00.

Programatutako desbideratzea:

  • Forondako atetik 1 errepide nazionalera (A-1) sartu nahi duten  ibilgailuak, gero Burgos eta Madrilerantz (E5-E80) jotzeko, ekialderantz desbideratuko dira, hau da, Zadorra hiribidetik Gamarrarantz, N-240 errepidearen eta A-1 errepidearen arteko loturaraino.

Gomendatutako ibilbideak:

Udaltzaingoak gomendio hau egiten die aipatutako egun eta orduetan hiritik Burgos eta Madrilerantz atera nahi duten gidariei: N-102 errepide nazionaletik (Armentiako irteera) atera daitezen, Arinizerantz, edo aipatutako Gamarrako loturatik (N-240 eta A1).

Bilbo (N-622) zein Donostia eta Iruñerako (A-1) irteeretan ez da aldaketarik izango.

 

 

 

Share

Udalak 130.000 euro inbertituko ditu Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana berrikusten

Gasteizko Udalak Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana berrikusiko du, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez. Plana 2007an abiatu zen, eta hamar urte geroago “planaren alderdietako batzuk birformulatu beharra dago, udalerriko mugikortasun sisteman aldaketa ugari gertatu direlako, eta inplikatutako agenteen eta herritarren ikuspegia eta itxaropenak ere eboluzionatu direlako”, azaldu du IGIko lehendakari Iñaki Prusillak. Horrenbestez, datozen urteetan eman beharreko pausoak zehaztuko dira berrikuspenean. Gaur goizean onetsi du IGIren kontseiluak lan horiek egiteko aholkularitza eta laguntza teknikoko zerbitzuak kontratatzea. Lehia-aurrekontua 13.000 euro izango da (BEZa barne) eta urtebeteko epea ezarri da gauzatzeko.

IGIren asmoa da 2007an abiarazitako prozesuarekin jarraitzea eta Gasteiz hiri gizatiarrago, iraunkorrago eta osasungarriagoa bihurtzeko bidean aurrera egitea mugikortasun ereduaren bitartez. Lanaz arduratzen den enpresak IGIk berak aurretik egindako lana zein Mugikortasun elkargunean landutako diagnostiko partekatua erabili beharko ditu oinarritzat.

Hautatutako aholkularitza enpresak hiriko joan-etorrietan eragina duten faktoreen analisia egingo du, datuak bilduko ditu, hainbat alorretako mugikortasun eskaera aztertuko du, bai eta Gasteizko azpiegiturak (oinezkoentzat, bizikletentzat, garraio publikoarentzat, ibilgailu pribatuentzat, intermodalitatea, salgaiak…) ere. Orobat, beste faktore batzuk hartuko ditu kontuan: bide segurtasuna, garraiobide ezberdinek sortzen duten kutsadura eta zarata, eta abar.

Ondoren, zenbait neurri edo tresna proposatuko ditu ezarritako helburuak lortzeko definitzen diren estrategiak egituratzearren. Horretaz gain, adierazle multzo bat zehaztuko da, mugikortasun sistema berria zenbateraino betetzen den neurtzeko, eta Mugikortasun Iraunkorraren Plana berrikusteko agiri teknikoa ere idatziko da. Ekintza planak neurri eta ekintza zehatzak, aurrekontua eta gauzatzeko epeak jasoko ditu. Mugikortasun elkargunean planari buruzko eztabaida eta hausnarketa prozesua sustatuko da, gizarteak ahalik eta sostengu handiena eman diezaion.

Share

Zeledon, Neska Txiki eta Zeledon Txiki, prest Andre Maria Zuriaren jaietarako

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zeledon, Neska Txiki eta Zeledon Txiki ospetsuak prest dira 2017ko Andre Maria Zuriaren jaietarako.

Zeledon abuztuaren 4an jaitsiko da, 18:00etan, eta Neska Txiki eta Zeledon Txiki, hilaren 7an, 12:00etan.

Share

Adinekoentzako zentro soziokulturalek 3.240 leku eskaintzen dituzte datorren ikasturteko jardueretarako

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek adinekoen zentro soziokulturalek datorren ikasturtean eskainiko dituzten lantegi eta ikastaroak aurkeztu ditu gaur. Orotara 3.240 leku eta 196 lantegi dira, “adinekoen zahartze aktiboa sustatzeko eta haien autonomia ahalmena handitzeko, ezinbestekoa baita bizi-kalitatea hobetzeko”.

Hiru multzotan banatzen dira jarduerak:

  1. MULTZOA. Hezkuntza, arte plastiko eta eskulangintzarekin lotutako 78 ikastaro.
  2. MULTZOA. 64 ikastarok osatua: nork bere burua zaintzea, antzezte arteak, suspertzeko jarduerak (azken horiek bereziki 75 urtetik gorakoentzat) eta harreman taldeak.
  3. MULTZOA. Zozketarik gabeko 54 jarduera: areto-dantzak, euskara, informatika, pintura, zur lanketa, ingelesa, etab.

Belaunaldien arteko programak ere multzo horretan sartzen dira; horien bidez, adinekoek protagonismoa hartzen dute eta beste adin-talde batzuetako kideentzat eredu bihurtzen dira.  “Horiek arreta berezia merezi dute, adineko boluntarioak arduratzen baitira saioak antolatu eta garatzeaz, eta jardueraren bidez beste adin-talde batzuetako kideei balioak irakasten baitizkiete, eta eredu ematen”, azaldu du López de Munainek.

Jarduera eskaintza osoan eguneko edukiak lantzen dituztenak nabarmendu daitezke: gimnasia emozionala, irakurketa erraza, ikus-entzunezkoen errealizazioa eta ekoizpena, yoga hastapenak, zoru pelbikoa, meditazioa, erorketen prebentzioa, etab.; ohiko beste batzuetan ere adinekoen parte-hartzea bultzatu da: antzerkia, abesbatza, dantza, areto-dantzak, kazeta eta aktualitate solasaldiak, irrati lantegia, literatur taldeak, etab.

“Eskaintzaren bidez adinekoek harreman sozialak gorde eta handitu ditzaten nahi dugu, eta laguntasuna sustatzen dugun bitartean aberasten eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dieten ezagutzak, jarrerak, ohiturak eta ahalmenak eskuratu ditzaten”, esan du Gizarte Politiken zinegotziak.

Adinekoentzako zentro soziokulturalen sareko erabiltzaile-txartela eduki behar da izena emateko; adinekoentzako zentroetan tramitatzen da, doan.

Izena emateko epea dagoeneko irekita dago, irailaren 4a (astelehena) arte. Bide hauetatik eman daiteke izena: udalaren web-orrian, 010 telefonora deituz, edo zuzenean, herritarrei laguntzeko bulegoetan eta adinekoentzako 15 zentro soziokulturaletako batean.

Irailaren 5ean (ostirala) egingo da lekuak esleitzeko zozketa.

Share

Urban Commerce VIII. jardunaldi teknikoaren gai nagusia slow merkataritzaren kontzeptua izango da

Gasteizko Udalak Urban Commerce 2017 jardunaldi teknikoaren lehen xehetasunak aurreratu ditu; txikizkako merkataritzaren profesionalen eta sektorearekin lan egiten duten agenteen topaketaren zortzigarren edizioak slow commerce kontzeptua izango du gai nagusitzat. Helburua da eztabaida eta proposamenak sortzea erosketak egiteko modu gizatiarrago bat berreskuratzeaz, kanal berrien eta bezeroekin erlazionatzeko modu berrien lehiaren aurrean.

Datorren urriaren 5ean egingo da jardunaldia, Europa biltzar jauregian, eta oraindik ez da zehaztu nortzuk izango diren hizlariak. Asmoa da gaur egungo hiri merkataritzaren lehiakortasunaz sakontzea, erosketa portaerak aztertzea, eredu alternatiboak eskaintzea eta merkataritza biziberritzearen alde lan egiten duten enpresa, antolakunde eta profesionalen artean sinergiak sortzea.

“Dena gero eta azkarrago eboluzionatzen ari den mundu batean, merkataritza da eraldaketa gehien izaten ari diren jardueretako bat. Aurten, Urban Commerce jardunaldiaren bidez, hiri merkataritzarentzat norabide ezberdina proposatu nahi dugu, eta eredu konprometituagoa, gizatiarragoa eta iraunkorragoa posibe ote den planteatu”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak. Orobat nabarmendu du Urban Commerce Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren barruan sartzen dela, sektorea prestatzeko eta gaitzeko helburuaren barruan hain zuzen, eta jardunaldiaren edukia zehazterakoan agente nagusien iritzia hartu dela kontuan.

2006az geroztik egiten da Urban Commerce, hiri merkataritzaren modernizatze eta berrikuntzarekin lotutako hausnarketak eta esperientziak trukatzeko. Orain arte lau nazioarteko biltzar eta zazpi jardunaldi tekniko antolatu dira. Eusko Jaurlaritzak babestuko  du hurrengo jardunaldi teknikoa, eta Merkataritza eta Industria Ganberak eta Gasteiz On zein Aenkomer elkarteek ere hartuko dute parte

Share