Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-08-01)

Prentsaurrekoa. 2017ko Zeledon eta Neska Txiki aurkeztea

Alkate Gorka Urtaranek eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok harrera egingo die 2017ko Zeledon eta Neska Txikiri udaletxeko harrera aretoan, eta bertan komunikabide grafikoek irudiak atera ahal izango dituzte. Jarraian, prentsaurrekoa egingo da prentsa aretoan.

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto; eta aurtengo Zeledon eta Neska Txiki

Eguna. Asteartea, abuztuak 1

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa eta prentsa aretoa

————————

XXVI Vuelta Aérea Ibérica ekitaldian parte hartzen duten hegazkinen lurreratzea Vitoria-Gasteizen

Alkate Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko aireportuan izango da 13:30ean, XXVI Vuelta Aérea Ibérica ekitaldiko hegazkinen lurreratzea ikusteko; hori Heraclio Alfaro Gasteizko aeroklubak antolatu duen eskala izango da

(Arren, interesatutako komunikabideak 13:30ean puntuan egon beharko dute aireportuko segurtasun gunean, antolatzaileekin batera sartu ahal izateko)

Share

“Kazetaritza, bertatik bertara” abuztuan itzuliko da, pil-pilean dauden gaiak aztertzeko, hala nola Afrika eta Ekialde Hurbileko gatazkak eta Frantzia zein Estatu Batuetako egoera politiko eta sozial berria

 

 

 

 

 

Beste uda batez, Kazetaritza, bertatik bertarajardunaldiak  egingo dira Arabako hiriburuan. Abuztuaren 28tik irailaren 2ra arte, kazetariek, prentsa-argazkilariek eta berriemaileek gaurkotasun informatiboa aztertuko dute, “herritar guztiei irekitako eztabaida eta gogoeta espazioak sortzeko asmoz, informazioaz sakonago eta lasaiago hausnartzearren, urteko beste garai batzuetako presarik gabe”, azaldu du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok jardunaldien aurkezpenean; Icono Cultural enpresako kide Félix Barrón izan du ondoan.

“Kazetaritza, bertatik bertara” egitarauak bosgarren edizioa beteko du, azken hilabeteetan nazioartearen arreta erakarri duten gatazkei begira: Ekialde Hurbila, Afrikako bihotzeko indarkeria, eta Frantzia zein Estatu Batuetako egoera politiko eta sozial berria, besteak beste.

Jarduera gehienak Europa jauregian egingo dira. Funtsean hitzaldi eta mahai-inguruek osatzen dute programa, zeinetan leku gatazkatsuetan lan egiten duten berriemaileak, ordezkari bereziak, prentsa-argazkilariak edo beste profesional batzuk arituko baitira.

Hitzaldi eta solasaldiak 12:00etan eta 19:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

Argazki-erakusketa bat ere jarriko da kalean, Judith Prat prentsa-argazkilari aragoiarraren “Boko Haram,  indarkeria Afrikaren bihotz ekonomikoan”. Erakusketan, 2015. eta 2016. urteetan egindako argazkiak ikus daitezke; Boko Haram-ek baliatutako indarkeria adierazten dute eta herritarrengan zer nolako ondorio suntsitzaileak izan zituen: atentatu suizidak jende asko biltzen den tokietan, emakumeak bahituta, ehunka mila pertsona etxerik gabe… Europa biltzar jauregiaren ondoan paratuko da, abuztuaren 11tik irailaren 3a arte.

Pratez gain, beste hauek hurbilduko dira Gasteizera: Joseba Zalacain, gai sozialetan espezializatuko kazetaria, zeinak desorekak, prekarietatea eta pobrezia izango baititu hizpide; Mikel Reparaz, EITBren berriemailea AEBetan; Rocío López argazkilari eta irakaslea; Ricardo García Vilanova kazetari eta bideo-kazetaria, zeinak hedabide ospetsuentzat lan egiten baitu, eta Alexandra Gil, kazetaria eta terrorismo yihadistan espezializatutako idazlea.

Gauez, programan landutako edukiekin lotura duten filmen ziklo bat antolatu da. Florida zinema-aretoetan izango dira proiekzioak, 3 euroan.

Azkenik, Kazetaritza, bertatik bertara programaren bosgarren edizioko berritasun gisa, irailaren 1ean Desertuko biztanleei buruz – Acerca de los habitantes del desierto errezitaldia egingo da Europa jauregian: Ricardo García Vilanovaren argazkiak proiektatzen diren bitartean, Bernardo Atxagak bere testuetako batzuk errezitatuko ditu, eta Anari kantariak bere lanetako batzuk interpretatuko.

Periodismo a pie de calle

Share

Egibideko 44 monitore batuko zaizkie Zeledonen jaitsierako garbiketa-baliabideei, plazan beirarik sar ez dadin

 

 

 

 

 

Ecovidriorekin batera, Udalak informazio-panelak jarri ditu, biniloak itsatsi ditu edukiontzietan, eta informazio-karpa bat ere instalatuko du abuztuaren 2an, 3an eta 4an

Andre Maria Zuriaren plazaren inguruan 20 beira-edukiontzi (bakoitza 4 metro kubiko duena) jarriko dira, bi kontrolgune bakoitzeko.

Urtero bezala, Gasteizko Udalak dena emango du Andre Maria Zuriaren jaietako garbiketan eta hondakinen bilketan, Arabako hiriburuko bizilagunek zein bisitariek astebeteko dibertsioaz giro garbi eta higienikoan gozatzerik izan dezaten. Bereziki, hilaren 4an, Zeledonen jaitsieran. Udalak iragarri duenez, plazan beira sartzeko debekua da berritasun nagusia. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak ahalegin berezia egingo du Herritarren Segurtasunaren Sailaren antolaketari laguntzeko, eta kontzientziazio-kanpaina bati ekin dio.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak aurkeztu ditu bere sailak egun hauetan bideratuko dituen ekintzak, Egibideko ingurumen arduradun Eduardo Ochoa de Aspururekin eta boluntarioen taldeko kide Maitane Altuna López de Munainekin batera. “Urtero ikusten dugu nola beirazko botilak, edalontziak eta beste erabiltzeak zauri larriak eragiten dizkien pertsona ugariri. Gainera, hondakin-kopuru izugarria sortzen da, eta azkar-azkar garbitu arren, horrek kalte egin diezaieke ekortzeko makinei, botilen hondarren gainetik igarotzean. Herritarrek aspalditik eskatzen zuten neurria delakoan nago. Ekitaldia eguneratu eta garai berriei moldatu behar dugu, iraupena bermatu eta segurtasunez garatu dadin”, azaldu du Iñaki Prusillak.

Udalak, Ecovidriorekin batera, kontzientziazio-kanpaina bat landu du. Batetik,  2×2 metroko kubo formatua duten bi informazio-panel jarri dira Andre Maria Zuriaren plazan eta Urrezko Zeledonen plazan, suziriaren jaurtiketara ez dela beirarik eraman behar gogoratzeko, eta eramanez gero hura birziklatu eta horren ordez plastikozko zahatoak, edalontziak, botilak edo beste erabil daitezen. Gainera, zenbait edukiontzitan Zeledonen irudia daramaten biniloak itsatsi dira. Bestetik, hilaren 2an, 3an eta 4an informazio-karpa instalatuko da Andre Maria Zuriaren plazan, herritarrak birziklatzeko eta Zeledonen jaitsierara beirarik ez eramateko beharrez sentsibilizatzearren.  Ecovidrio eta Egibideko langileek emango dute arreta bertan, eta umeentzako lantegiak eta jolasak ere antolatuko dira.

Hilaren 4an, 15.00etatik aurrera 4 metro kubikoko 20 beira-edukiontzi jarriko dira. Horretaz gain, Egibideko 44 monitore erdialdera sartzeko ezarri diren 10 guneetan banatuko dira, beira eramaten duten pertsonei birziklatzen laguntzeko. Azken urteetan bezala, txupinazoa bukatu ondoren garbiketa-kontratako 66 langile arduratuko dira Andre Maria Zuriaren plaza garbitzeaz, 18.30etik aurrera, udal segizioa 19.15ean hasten denerako guztiz garbi egon dadin. Farolen prozesioa egin arte iraungo dute lanek.

Garbiketa bereziak

Bestalde, Gasteizko Udalak garbiketa eta hondakin bilketarako programa indartuko du, jaietan hiriko kaleak eta plazak txukun edukitzearren. Uztailaren 11n hasi ziren garbiketa bereziak, hiri osoan egiteko asmoz. Besteak beste, estolda-zuloak eta estolderia sarea garbitzen dira, kartelak kentzen, pintaketak ezabatzen eta zorua garbitzen.

Jaietan ohiko lanak egingo dira, urtero bezala. Egunsentiko Arrosarioaren aurreko egunetan ahalegin berezia egingo da, bai eta azoka arabiarrean, txosnetan, musika emanaldietan, feria-lekuan eta blusa eta nesken kalejiren ondoren. Jaiak igaro eta gero, abuztuaren 24ra arte jarraituko da garbiketa bereziak egiten, eta egun horretan emango dira bukatutzat Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuak jaiak direla eta egiten dituen aparteko lanak.

Erdi Aroko hiriguneko eta Zabalguneko zenbait lekutan pixa-uxagarria —CK Splash back izeneko produktu gasteiztarra— banatu da. Produktu garden eta kaltegabea da, likidoa uxatzen duelarik azaleran barneratzea eragozten duena, errazago garbitzearren. Udalak 35 litro banatu ditu, 261 horma metrotan.

Honekin batera doa programa osoa: LIMPIEZA EN FIESTAS 2017

 

 

 

 

Share

Gasteizek obra-lizentziak tramitatzeko zerbitzuak hobetuko ditu Euskadin lehen aldiz proiektu berri batez

 

 

 

 

 

 

Udalak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak hitzarmen bat sinatu dute, obra-lizentziak eta lehenengoz erabiltzeko lizentziak eskatu eta tramitatzeko behar diren agiriak bide telematikoz aurkeztu ahal izateko

Udalak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (COAVN) hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, arkitektoek landu ondoren elkargoak ontzat emandako agirietan oinarrituta obra-lizentziak eta lehenengoz erabiltzeko lizentziak eskatu eta tramitatzeko behar diren agiriak bide telematikoz aurkeztu ahal izateko.

Bigarren alkateorde Itziar Gonzalok,  COAVNko dekano Matxalen Acasusok eta COAVNaren Arabako ordezkaritzako lehendakari Luis Gómez Puentek aurkeztu dute hitzarmena; horren bidez, “zerbitzu eraginkorragoa eskaini nahi zaie hala arkitektoei, Gasteizko Udalarekin dituzten harreman profesionaletan, nola herritarrei, profesionalaren zerbitzuen eta Udalak ematen dituen lizentzien azken hartzaileak diren aldetik“, adierazi du Itziar Gonzalok.

Batetik, obra-lizentziak aurrez aurre eskatzen direnean euskarri fisikoan aurkeztu behar diren agirien kopurua murriztu nahi da, guztiz desagertzen ez badira; bestetik, eskabidea egoitza elektronikoan aurkezten bada, tamaina handiagoa duten agiriak erantsi ahalko dira, orain 10MBeko muga ezarrita baitago.

“Udalak eta COAVNk herritarrei ematen dizkiegun zerbitzuen kalitatea hobetu nahi dugu, eta modernizatu, administrazio elektronikoa garatzeko estrategiak baliatuz”, nabarmendu du alkateordeak.

COAVNko dekano Matxalen Acasusok, berriz,  hitzarmenaren balioa nabarmendu du, “Gasteizko Udaleko teknikari eskudunek aukera izango baitute COAVNko arkitekto ontzat-emaileak aztertu, ontzat eman eta sinatutako proiektuak eskuratzeko.  Hartara, proiektuak euskarri fisikoan eta aurrez aurre eman beharra eragozten da, eta horrek eraginkortasuna areagotuko du”.

Zehazki, COAVNko Arabako ordezkaritzak web-zerbitzu batzuk sortu ditu, Gasteizko Udalak haien dosier-biltegia baliatzerik izan dezan; funtzionamendua egiaztatzeko proben emaitza ona izan  da.

 

Share