Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 ekaina 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Udal Antzoki Sareko udako programazioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteartea, ekainak 4

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————–

Prentsaurrekoa. 21 Eskola Agendaren emaitzak aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko teknikari Jesús Mesanza; eta parte hartu duten ikasleak

Eguna. Asteartea, ekainak 4

Ordua. 10:30

Tokia. Goiuri jauregia

———————————

Prentsaurrekoa. Emakumeen Lasterketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto; Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Igone Martínez de Luna; bularreko minibiziaren tratamendua egiten ari den korrikalaria eta lasterketako ama ponteko Eva Mateos Herreros; eta Emakumearen Lasterketako presidente Martín Fiz

Eguna. Asteartea, ekainak 4

Ordua. 11:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:27

Gaur arratsaldetik ekainaren 7ra bitartean, emakumeek frantses okupazioan (1808-1813) izan zuten papera ezagutzeko aukera izango dugu, VII. Aste Napoleonikoko ohiko hitzaldi-zikloaren bitartez.

Astelehenetik ostegunera bitartean, Vital Fundazioak Dendaraban duen gelan izango dira hitzaldiak; ostiralean, berriz,  Europa biltzar-jauregian.

Urtero hiriaren historiako gatazkarik ezagunena gogoratzeko antolatu ohi diren ekitaldien barruan dago hitzaldi-sorta hau. Gasteizko Bataila garrantzia handiko mugarria izan zen Independentziako Gerran eta, hiriak gogora ekartzen du, urtero, 1813ko ekainaren 12 hura.

Programa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:10

Lantegia “DESHARITZEA. Testua, enuntziazio-leku” (“DESHILAR. El texto como lugar de enunciación”) jardunaldien baitan egingo da, HARIA kolektiboak koordinatuta, Montehermoso jauregian, ekainaren 14an eta 15ean.

Ekainaren 14an eta 15ean Montehermoso kulturunea “DESHARITZEA. Testua, enuntziazio-leku” (“DESHILAR. El texto como lugar de enunciación”) izeneko jardunaldien topaleku izango da. Hartara, jarraipena emango zaio iaz kulturuneak HARIA kolektiboarekin (Irati Irulegi, Laura Díez eta Iker Fidalgo) hasitako ekimenari, zeinak bitartez artearen ekoizpen garaikideari buruzko hausnarketa-gune bat sortzeko asmoa duen.

Zeintzuk dira pentsamenduaren eta ekoizpen artistikorako jarrera eta prozesuak gure testuinguruari dagokionez? Harian elkarlotzen eta elkar txirikordatzen diren objektuen batura, nahasketa edo korapilo gisa ulertzen dugu testuingurua, hots, testuinguru konplexu bat, egiteko eta ulertzeko modu ugari eta anitz onartzen dituena. Artea modu bizituan ulertzen dugu, esperientzian, afinitateetan eta eta intuizioetan oinarrituta. Topaketa honetan zeharkako moldean planteatzen dugu artearen analisia. Desharitzea, kezka konpartitu batzuetan eta narrazio anitzetan oinarrituta, berriro kokatzeko eta berriro elkar aurkitzeko beharra aztertzeko. Elkartrukerako eta elkarrekin pentsatzeko espazioak sortzea, ikuspegi feminista batetik, arteak gaur egun duen lekuari buruz”.

Izena www.montehermoso.net webgunearen bitartez edo 945 16 18 30 telefonora eman daiteke.

Programa eta gainerako datuak, berriz, hemen kontsultatu daitezke.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:06

Udaltzaingoak 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuen ostiralean, droga-trafikoaren delituagatik. Salburuako auzoan haren etxebizitza miatu zutenean, udaltzainek 300 gramo heroina eta droga bereko 50 dosi topatu zituzten.

Poliziaren eragiketa hori zenbait astetako ikerketen ondoren etorri zen, udaltzainak jarraipena egiten ari zitzaizkiola pertsona horrek kalearen erdian droga-salerosketa bat egiten zuela egiaztatu ondoren.

Poliziak izapide egokiak bete ondoren, epailearen esku jarri zuten atxilotua, eta handik pixka batera, Zaballako espetxera eraman zuten.

Udaltzaingoaren Agenteek 24 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten atzo, Judimendi inguruan hiru autori eta bizikleta bati kalteak egin izanaren delituaren ustezko egile gisa. Kalte horiek barra metaliko batez egin zituen, eta atxilotu zutenean kendu egin zioten barra hori. Gaur epailearen esku geratuko da.

Gaur goizean 21 urteko beste mutil gazte bat atxilotu dute, Domingo Beltran kaleko saltoki batean, kristala harri batez jo duelako. Identifikatzeko inolako dokumentaziorik ez zeramanez, udaltzainek atxilotu egin dute eta Guardiako Epaitegian beharrezko izapideak bete dituzte, eta hori egin ondoren, aske utzi dute.

Beste hiru atxilotu

Udaltzaingoaren Agenteek 42 urteko emakume bat eta 27 eta 50 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten larunbatean, delitu banaren ustezko egile gisa: supermerkatuko langile bati eraso egin ondoren udaltzainekin izandako tirabiran agintaritza-agenteen aurkako atentatu-delitua egiteagatik, bide publikoan drogak kontsumitzeagatik eta establezimendu batean egindako lapurretaren ustezko egilea izateagatik, hurrenez hurren.

Gertaera horiek arratsaldeko lehen orduan izan ziren, Judimendi etorbidean, Eulogio Serdán kalean eta Kutxa kalean, eta Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, denak aske utzi zituzten.

Zazpi pertsona zauritu dira istripuetan

Zazpi pertsona, bi emakume eta bost gizonezko, zauritu dira asteburuan trafiko-istripuetan.

Ostiralean hiru istripu gertatu ziren. Lehena bi autoren artean, N 622 errepidearekin bat egiteko bidean, Bilborako noranzkoan. Talka horren ondorioz, istripua jasan zuen ibilgailuko gidaria, 56 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zen, eta anbulantzian eraman behar izan zuten Txagorritxu Ospitalera.

Biosferaren pasealekuan bi autoren artean gertatutako beste istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Bi ibilgailuetako gidariak, 42 eta 59 urteko bi emakumezko, zaurituta geratu ziren, eta Txagorritxu Ospitalera eraman zituzten.

14 urteko txirrindulari bat zauritu zen ostiralean, Zabalgana etorbideko oinezkoentzako eremutik zihoala, bere bizikletaren kontrola galdu eta lurrera erori ondoren. Santiago Ospitalera eraman zuten.

Larunbat goizaldera, gidatzen zihoan gizonezko batek irauli egin zuen bere ibilgailua A 2124 errepidean, Gardelegin. Errepidera irten zen animalia txiki bati iskin egiten saiatu zen 32 urteko gizonezko hori. Maniobra horren ondorioz, oinezkoen babesgunera igo, farola baten aurka talka egin eta iraulita geratu zen azkenean. Gidaria zaurituta geratu zen eta larrialdi-zerbitzuek Santiago Ospitalera eraman zuten.

Motoa gidatzen ari zen 28 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen Zurbanoko Atea eta Kontzeju ateen arteko bidegurutzean auto baten aurka atzealdetik talka egin eta istripua izan ondoren. Istripua gertatu zen tokian bertan anbulantzia batek artatu zuen eta gero Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Larunbatean, halaber, 26 urteko txirrindulari batek lesio batzuk jasan zituen Kubo eta Arriagako Atea kaleen arteko elkargunean auto batek atzealdetik jo eta istripu izan ondoren. Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Alkoholemia positiboak

Zauriturik gabeko beste 21 trafiko-istriputan esku hartu zuten asteburuan Udaltzainek, eta gidatzen zihoazen 52 eta 39 urteko 2 gizonezko ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Horrez gain, asteburuan alkoholemiako 7 prebentzio-kontrol egin dituzte hirian, eta horietan, 120 gidari inguruk egin behar izan dituzte arauzko probak. Horietatik seik emaitza positiboa eman zuten.

Udaltzainek 56 salaketa izapidetu dituzte asteburuan eta polizia judizialaren 33 jarduera egin dituzte.

Alkohol eta drogen kontrolerako kanpaina berezia

Gaurtik hasi eta ekainaren 9a bitarte, Udaltzaingoak trafiko-kanpaina berezi bat egingo du, eta horren bidez, automobilen, motozikleten, ziklomotorren eta bizikleten gidariei alkoholemiako prebentzio-kontrolak egingo zaizkie, alkoholaren edo drogen eraginpean edo legez baimendutako neurriak gaindituz gidatzen ote duten hautemateko.

Kanpaina hau 2018-20123 Udaleko Segurtasun Plan Estrategikoaren barruan txertatua dago, Gasteizko udal mugartearen barruko bide publikoetan segurtasuna bermatzearren, eta halaber, Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoari atxikia dago.

Sutea bi edukiontzitan

Suhiltzaileek gaur goizaldeko ordu bat eta erdiak aldera esku hartu dute, Burgos kalean sua zegoelako bi edukiontzitan, baina ura erabiliz itzali dute.

Asteburuan zehar 24 esku-hartze egin dituzte bide publikoan makal-polenak eragindako suagatik, baina zailtasunik gabe itzali dituzte denak.

Larunbatean bi trafiko-istriputan lagundu zuten: lehenengoan, txirrindulari bat arekara eroria zen Eriben, eta bigarrenean bi ibilgailuk elkar jo zuten Salburuako Bulebarrean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:11

Alkatearen adierazpenak

Kontratua sinatu du Udalak Irizar E-Mobility, Yarritu eta LKSek eratutako aldi baterako enpresa-elkartearekin, sistema ezartzeko 

BEA autobus elektriko adimentsua ezartzeko kontratua sinatu du Gasteizko Udalak Irizar E-Mobility, Yarritu eta LKSek eratutako aldi baterako enpresa-elkartearekin. Dokumentuan jasotzen diren epeen arabera, 2019ko azaroan baliozkotuko du Arabako hiriburuko udalak ibilgailuaren prototipoa, eta 2020ko abuztuan hasiko da funtzionatzen. 18 eta 12 metroko luzerako abangoardiako 13 autobus elektriko berriek 10 kilometroko trazadura izango dute, eta 24 geltoki noranzko bakoitzean. “Puntako teknologiako ekipoak izango dira, berritzaileak, eta erosoagoak, herritarrentzat. TUVISAk eskainiko du zerbitzua, zortzi minutuan behingo maiztasunarekin, errei esklusiboak baliatuz ibilbidearen parte handi batean, eta hiriko leku garrantzitsuak lotuko ditu, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia. 2020ko abuztuan hasiko da funtzionatzen BEA“, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Maiatzaren 29an formalizatu zen kontratua, eta 65 asteko epea ezartzen da bertan autobus elektriko adimentsuaren proiektua, azpiegitura, hornikuntza, abian jartzea eta mantentzea gauzatzeko. Gauzatze-epe partzialak ere finkatzen dira kontratuan. Kargatze-sistema elektrikoa, esate baterako, otsail bukaeran burutuko da, kontratuaren 38. astean. Txartelak erosteko makinak 2020ko ekainerako jarriko dira, hots, 51. asterako. 2020ko ekainaren erdialdera jasoko dira 13 ibilgailuak, 54. astean. Urbanizazioa eta geltokiak operatibo egongo dira 2020ko uztailerako. Nolanahi ere, esleipendunari gauzatze-lanak mailakatzeko eskatzeko eskubidea izango du Udalak, edo epeen egutegia aldatzekoa.

Hainbat erakundek parte hartzen dute BEAren proiektuan: Udalak —finantzaketaren % 17,5—, Arabako Foru Aldundiak —beste % 17,5 bat— eta Eusko Jaurlaritzak —% 65—. Autobus berri txikiek gutxienez 65 pertsona hartzeko lekua izango dute —21 eserita—, eta artikulatuek, berriz, gutxienez 100 pertsona —30 eserita—. Gurpil aulkietarako hiru espazio ere eduki beharko dute, eta artikulatuek, haur-kotxeentzako aparteko lekua. Irisgarriagoak izan daitezen, autobus artikulatuek lau ate edukiko dituzte: bi aurrealdeko zatian, eta beste bi atzealdean. Ateak labainkorrak izango dira, eta barrutik zein kanpotik irekitzeko botoia izango dute, tranbiak bezala. Denek balioko dute sartu zein irteteko, txartelak markesinetan balidatuko baitira.

Orobat, hiru led pantaila eramango dute, erabiltzaileek ibilbideei, aldaketei, itxarote-denborei, geltokiei eta abarri buruzko informazioa izan dezaten. USB kargagailuak ere jarriko dira erabiltzaileentzat, eta artikulatuek maletentzako kaiola ere izango dute. Gidarien kontsolak, berriz, ibilbideei buruzko informazioa denbora errealean emango dute, baita autobusaren alderdi teknikoei edo gerta daitezkeen gorabeherei buruzkoa ere, eta autobusaren kontrola erosoagoa izango da. Gidariari laguntzeko sistemaz hornitutako joango dira, gidatze automatikoz eta geltokira hurbiltzeko asistentziaz, zintarriaren eta ibilgailuaren distantzia txikiena izan dadin. Atzerako ispiluen ordez, kamerak izango dituzte.

Geltokiei dagokionez, markesinak tranbiak dituenen antzekoak izango dira, estetika modernokoak; txartelak erosteko eta balioztatzeko makinez gain, informazio multimedia eskainiko da, denbora errealean. Autobus elektriko adimentsua ezartzearekin batera, hainbat esku-hartze egin beharko dira espazio publikoan. Autobusek errei erreserbatuta batetik zirkulatuko dute, zeina 3,5 metro zabal izango baita, zatirik handienean, oraingo 2. linea periferikoa doan bidetik. Batzuetan, biribilguneak zeharkatuko dituzte, orain lorategi itxura duten lekuetatik. Esku-hartze handiagoak ere aurreikusi dira; esate baterako, Esmaltazioen inguruan, bi biribilgune batu eta biribilgune handi bat egingo baita.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:35

 Harrera egin die gaur goizean Udalak, Goiuri jauregian, ikasturte honetan haur eta nerabeentzako Aktiba(tu) partaidetza-programan parte hartu duten haurrei. Guztira, hogei bat ikastetxetako 2.000tik gora ikaslek parte hartu dute programan.

Peio López de Munain alkateorde eta Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi ordezkariak eman die ongietorria, eta parte-hartzaileek azken hilabeteetako jardueretan izan duten inplikazioa nabarmendu du: “Horiekin, besteak beste, Haur eta Nerabeen II. Udal Plana egiten lagundu diguzue, parte aktiboa izan baitzarete. Horri esker, Haurren Lagun den Hiria izendatu du UNICEFek Gasteiz, harro egoteko modukoa baita, baina, aldi berean, gauzak hobeto egiteko konpromisoa hartzera eraman behar baikaitu”.

18 urte arteko neska-mutilei zuzenduta dago Aktiba(tu) programa, eta Gasteizko udalerriko haurrek eta nerabeek beren eskubideak eta horiek dakartzaten erantzukizunak ezagutzea du helburu. Horretaz gain, parte hartzea sustatu nahi du, ikasketa-esperientzien eta parte hartzeko eta kontsultatzeko taldeen bitartez, non haurrek beraiei eta hiriari eragiten dieten gaien inguruko iritziak eman baititzakete.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:54

Zabalganeko gizarte-etxeko KZgune berria hitzarmenean sartu delarik, osatu egin da sarea

Gizarte-etxeetako KZguneak ireki, erabili eta ustiatzeko, eta, horrenbestez, espazio horien emakidarako hitzarmena sinatu dute gaur EJIEk —Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea— eta Gasteizko Udalak.

EJIEko zuzendariak eta Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek sinatu dute hitzarmena, zeinek, aurrekoaren aldean, hiru berrikuntza baitakartza berekin.

Alde batetik, Zabalganeko gizarte-etxeko KZgune berria barne hartzen du hitzarmenak, KZguneen sarea osatuko baita hartara, beste hauekin batera:  Aldabe, Arriaga, Pilar, Hegoalde, Iparralde, Lakua, Salburua eta Ibaiondo

Gainera, KZgunea proiektua “Euskadi Informazioaren Gizartean” III. Planaren barruan sartuta dago, Euskadiko 2020 Agenda Digitalean (AD@20). Plan estrategikoa, integra eta diziplina anitzekoa bihurtu da agenda hori, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien abantailak baliatu nahi ditu bi helburu lortzeko: lehiakortasuna hobetzea, eta herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea. Ildo horretatik, KZgunea eta berorren ezarpen zabala oso lagungarri zaio Agenda Digitalari bere helburuetarako.

Azkenik, bi aldeek egokitzat jotzen dute Gasteizko Udalean KZgune horiek irekitzen, erabiltzen eta ustiatzen laguntzea, bertan KZgunearen prestakuntza-programak eta gainerako zerbitzuak garatzeko, kontuan harturik, gainera, EAEko KZguneetan erabiltzaileei arreta ematen diharduten langileen aurkako jarrera oldarkorrak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko EJIEk 2018ko uztailaren 3an onartutako plana. Udalak plan hori kontuan hartu nahi du gizarte-etxeetan zerbitzu hori ematen den espazioetan, gizarte-etxeetan dauden gainerako espazioetan bezalaxe eta ondorio berberekin.

Horrenbestez, hitzarmena eguneratzea eskatzen duten hiru berrikuntza horiek aintzat harturik, bi aldeen arteko lankidetza-hitzarmen berria sinatzea komeni zen, horrek bide emango baitu —herri-administrazioen arteko lankidetza arduratsua lortzea helburu— delako programa garatzeko, bertan jasotzen diren betekizun eta baldintzei jarraituz.

 

Share