Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 ekaina 2019 17:00

Prentsaurrekoa. XXXIV. Herrialdeetako Etxeen Jaialdia

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Federación de Centros Regionales de Álava federazioko presidente Mónica Calvo; eta Komunikazio arduradun Josefina Muiños

Eguna. Asteazkena, ekainak 5

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————-

Arabako Pintxoaren Astearen sari-banaketa

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Asteazkena, ekainak 5

Ordua. 12:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:15

 

 Konpromiso hauek hartu dituzte, besteak beste: plastikotan bildutako janarien kontsumoa saihestea, zero kilometroko produktuak jatea eta janari xahuketarekin amaitzea. 

Gasteizko 21 ikastetxetako 19.000tik gora ikasleren ordezkaritza batek parte hartu du gaur goizean aurtengo ikasturteko 21 Eskola Agendaren emaitzen aurkezpenean. Aurten ingurumenaren arloan erabateko garrantzia duen gai bat jorratu dute: elikadura iraunkorra. Gaur goizean Goiuri jauregian izandako ekitaldian, ikastetxeetako ordezkariek aukera izan dute udalari helarazteko elikagaien kontsumo arduratsua sustatzeko proposamenak, udalak garatzen duen Elikagaien Estrategia Iraunkorraren garapenaren ildotik. Hauexek dira Gasteizko haurrek hartutako konpromisoetako batzuk: plastikotan ontziratutako elikagaien kontsumoa saihestea, zero kilometroko produktuak jatea, janari xahuketarekin amaitzea edo eskoletako atsedenaldira fruta eramatea.

Gorka Urtaran alkateak ekitaldian parte hartu du, eta ikasleen proposamenak jaso ditu Halaber, programan parte hartu duten guztien “lana eta inplikazioa” eskertu ditu. “Gasteiz iraunkorragoa eta osasungarriagoa izatea lortuko dugu, zuen ahaleginari eta kontzientziazioari esker . Hiri hobea, azken finean,” nabarmendu du. Bestalde, alkateak azpimarratu egin du nekazaritza lurrak —20.000 futbol zelairen azalera hartzen dute udalerrian— eta ekoizleak babestearen zein elikagaien xahuketa saihesten laguntzearen garrantzia. “Egun, alferrik galtzen da ekoitzitakoaren herena” adierazi du.

21 Eskola Agendan parte hartu duten gazteek udalarekin partekatu ahal izan dituzte hausnarketak, konpromisoak eta eskariak. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko arduradun teknikoek adi-adi entzun dituzte proposamenak.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:24

Udaltzaingoaren Agenteek atzo arratsaldean 20 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten, ezarritako zigorra hautsi izanaren delituaren ustezko egile gisa, arrebarenganako urruntze-agindua urratu zuelako.

Gertaera horiek 20:00ak aldera izan ziren, eta une horretan, pertsona batek 092 zenbakira deitu eta jakinarazi zuen, bere anaiak hurbiltze-debekuaren agindua eduki arren, Aranbizkarra auzoko bere bebarruan aurkitzen zela. Patruila bat bertara joan zen eta gizonezkoa handik metro batzuetara topatu zuen. Agindu hori indarrean zegoela egiaztatu ondoren, atxilotu egin zuten. Gaur goizean epailearen esku jarriko dute.

Zauriturik gabeko istripuak

Udaltzainek 19 trafiko-istriputan esku hartu zuten, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 28 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 10 jarduera egin zituzten.

Bizikleten kontrol-kanpaina

Maiatzaren 27tik ekainaren 2ra Udaltzaingoak bizikleten kontrol-kanpaina berezi bat egin du bide gorrietan, hiri barruko hamar bat ohiko puntutan. Guztira, 42 txirrindulariri hartu zaie kargua eta 26 salaketa izapidetu dira. Lege-hauste errepikatuenen artean hauek daude: txirrinik gabe ibiltzea (10), mugikorra erabiltzea (6) eta entzungailuak erabiltzea (4). Horrez gain, salaketak jarri dira arduragabeki gidatzeagatik, semaforoa ez errespetatzeagatik eta eskulekuan eserita bidaiari bat eramateagatik. Era berean, motordun ibilgailuen 2 gidariri kargua hartu zaie, bizikletak ibiltzeko xedatutako bideetan aparkatzeagatik.

Sutea ur-metagailu batean

Honduras kaleko eraikin batean, gaur asteartea, goizeko zazpiak jota erregistratu den ur-ihesaldi batek kalteak eragin ditu eskailera-kaxan zenbait solairutan barrena, baita igogailuan ere, eta horrez gain, sutea piztu du ur-metagailu elektriko batean. SPEISeko langileak bertara joan dira eta, ur-ihesaldi hori eta igogailuaren hornidura elektrikoa moztu ondoren, ur-metagailuan piztutako sua itzali dute.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:59

23 emanaldi izango dira, uztailaren 15etik abuztuaren 9ra bitartean. Zenbait sarrera salgai daude dagoeneko, eta ekainaren 27an jarriko dira salgai gainerakoak.

Udazkeneko denboraldiaren aurrerapenen bat ere izan da, hala nola Pals zirku-ikuskizun garaikidea edo Euskadira lehenengoz etorriko den Jan Lawers dramaturgoaren bisita.

Udal Antzoki Sareko udako programa

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok aurkeztu du, gaur, Udalaren Antzoki Sarearen udako denboraldia. Hamaika ikuskizun izango dira, guztira 23 emanaldi, uztailaren 15etik abuztuaren 9ra bitartean.

Cantok nabarmendu duenez, “uda honetako arte eszenikoen programazioak, ohi denez, entretenimendutik gertuago dauden proposamenei bide ematen die, hala nola musikari, musikalari eta komediei, eta Principal antzokian bilduko da”.


Jazza Antzokian zikloa proposatzen du Gasteizko Jazzaldiak:

  • Uztailaren 15ean, Benny Golsonek, 90 urte beterik, benetako jazz-klub bateko giroa jarriko du Principal antzokian.

  • Uztailaren 16an, Marco Mezquida menorcarraren txanda izango da, bere belaunaldiko proiekziorik handieneko musikarietako bat baita.

  • Uztailaren 17an, Nubya Garcíaren txanda izango da. Emakume saxofoi-jotzaile eta konpositore hori Londresko jazzaren berpizkundearen ordezkarietako bat da.

  • Uztailaren 18an, Marta Sánchez Quintet iritsiko da Gasteizera, musikari amerikarrek osatutako boskotea.

  • Uztailaren 19an, euskal eta amerikar musikariak lotzen dituen Konexioa programa izango da protagonista, Iñigo Ruiz de Gordejuelarekin. Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan eta Bostongo Berklee College of Music-en ikasi ondoren, euskal musikari gaztea adopzio-hirira itzuliko da.

  • Uztailaren 20an, Ambrose Akinmusire tronpeta-jotzaileak itxiko du aurtengo edizioa, Hip hop, funk eta soul ukituekin nahasiz jazzaren tradizioa, eta arrazakeriaren eta klasismoaren kontrako aldarria eginez. Hari-laukote batek eta Nappy rap-kantariak lagunduta agertuko da Gasteizen.

Guztira, sei kontzertu izango dira, 18:00etan, ohi bezala, Principal antzokian. Ekainaren 11n jarriko dira salgai sarrerak. Argibide gehiago, webgune honetan: www.jazzvitoria.com.

EGO, Euskal Herriko Gazte Orkestra

Denboraldiko bigarren hitzordua da. Urtero eskaintzen du kontzertua, uztailean, hilaren 21ean. Juan José Ocónen zuzendaritzapean, euskal musikari gazteen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta egitarau bikoitza eskainiko du:

  • Camille Saint-Säensen Dantza makabroa

  • Txaikovskiren 5. Sinfonia, konpositore errusiarraren piezarik ederrenetako bat.

Jai atarikoak

2019ko Andre Maria Zuriaren jaietarako motorrak berotzeko, musikala itzuliko da Gasteizera, uztailaren 25ean eta 28an. La Familia Addams, Broadwayko komedia musikal handia, Madrilen arrakasta handia izan ondoren —eta bira luze baten ondoren— azkenik hirira iritsiko da.

Guztira sei emanaldi eskainiko dira, Carmen Conesa protagonista dela, Esteve Ferrer handiaren zuzendaritzapean. Pertsonaia xelebre bezain hunkigarriek unibertso barregarri batean barrena eramango gaituzte.

Produkzio handia, zuzeneko musikarekin; 50 artista eta teknikari baino gehiagorekin. Sarrerak salgai daude, joan deneko apiriletik.

2019ko Andre Maria Zuriaren jaiak.

Berriro ere, egungo gaiak jorratzen dituzten hiru komedia bilduko ditu programazioak, antzezle ongi ezagunen eskutik.

  • Abuztuaren 4an eta 5ean: Perfectos Desconocidos. Besteak beste, Alicia Borrachero, Elena Ballesteros eta Fernando Soto izango ditu protagonista. Zuzendaritzan, berriz, David Serrano eta Daniel Guzmán arituko dira.

  • Abuztuaren 6an eta 7an, Conductas Alteradas antzezlanaren estreinaldia izango da, Ana Morgade eta Canco Rodríguezekin.

  • Jaietako azken ikuskizuna, abuztuaren 8an eta 9an, Gasteizko ikusleek oso gogoko duten bakarrizketalari batek eskainiko du, Goyo Jiménezek: ‘Aiguantulivinamérica 2’.

Barrea, komedia eta dibertsioa nagusi izango diren programazioa, udako hilabeteetako eta jaietako agenda osatuko duena.

Salmenta.

Ekainaren 27tik aurrera egongo dira salgai sarrerak, ohiko lekuetan, salbu eta La Familia Addams ikuskizunerako sarrerak —dagoeneko salgai baitaude— eta Jazzaldirako sarrerak —ekainaren 11n jarriko baitira salgai—.

Ohiko salmenta-ordutegia: asteartetik larunbatera, 18:30etik 20:30era, eta ikuskizuna baino bi ordu lehenago. Jaietako salmenta-ordutegi berezia: abuztuaren 1etik 7ra, goizeko 12:00etatik 14:00etara, leihatilan.

2019ko udazkeneko programazioaren aurrerapena

  1. Principal antzokiko bisitaldiak, atzera.

    1. Irailaren 15ean eta 22an, Bisita historikoak: ibilbide atsegina antzokiaren ehun urteetan barrena, historia, arkitektura, gizarte eta kulturarekin lotutako alderdiak ezagutzeko.

    2. Irailaren 28an eta 29an, Bisitaldi gidatuak: antzokiko txoko guztiak bisitatuko dira, bereziki publikoak ikusten ez dituen agertokiko zatiak, bertako teknikariek lagunduta, antzerkiaren magia nola sortzen den ikusteko.

Gaztelaniaz nahiz euskaraz eskainiko dira bisitaldiak, talde txikientzat, eta 3 euroko prezioa izango dute.

  1. Udal Antzoki Sarearen Kultura eta Inklusioa ekimenaren VI. edizioa izango da oraingoan: irailaren 27an, Félix Petite antzokian, Lucía Mirandak zuzendutako Fiesta, Fiesta, Fiesta obra, antzerki-egilerik hoberenarentzako Max Sariko finalista, benetan mintzo zaigun antzezlana.

  2. Atalak 2.0 programa, Europako bazkideen laguntzarekin garatutako sorkuntza-laborategien proiektua, zeinen helburua baita dantzaren munduko profesionalei garapen- eta sorkuntza-aukerak eskaintzea. Datorren astean emango dira xehetasun gehiago, prentsaurrekoan.

  3. Azaroaren 30ean, Jaialdiaren eta Eguberrien artean, zirku-ikuskizun garaikide miragarri bat: Pals, akrobazien, dramaturgiaren eta eszenaratzearen konbinazio bikaina, kalitate eta edertasun plastiko handikoa, INAEMen Platea programaren laguntzari esker ikusi ahal izango dena.

  4. Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan, lehenengo aldiz bisitatuko du Euskadi eta Gasteiz Jan Lawers dramaturgo handiak, Need company taldearekin, eta Isabella´s Room antzezlana eskainiko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:31

Gizarte Zerbitzuen 27. Europar Konferentzian izango da Gasteiz, Milanen, ekainaren 5etik 7ra bitartean. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saileko zuzendari Sara Buesa eta Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuko buru Loli García joango dira Italiako hirira, Gasteizko Haur eta Nerabeentzako II. Plana lantzeko prozesua azaltzeko. Izan ere, pisu handia izan dute, horretan, parte hartu zuten 1.352 haur eta nerabek egindako ekarpenek, baita hainbat udal sailek egindakoek ere.

“Gizarte Zerbitzuen Europako Saretik jakinarazi digute berritzailea izan dela Haur eta Nerabeentzako Plana lantzeko prozesu osoan —hasierako diagnostikotik hasi eta ekintzen proposamenetaraino— haurren partaidetza aintzat hartu izana. Orain ere, planaren zabalkunderako, planaren formatuak irisgarriago egiteko, hiriko beste haur batzuei azaldu ahal izateko, hura lantzen ari den haur eta nerabe talde handi bat dago”, azaldu du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saileko zuzendari Sara Buesak.

Ekainaren 7an izango da Gasteizko ordezkaritzaren esku-hartzea, “Planifikazio sozialaren kalitatea ziurtatzea maila lokalean” eztabaida-foroan. “Haur eta nerabeen partaidetza hiriko planak garatu eta ezartzeko orduan” gaiaren inguruan arituko dira udal teknikariak bertan.

Milanen izango den Gizarte Zerbitzuen Europar Konferentzian gizarte-zerbitzuen arloko 600 profesional inguruk parte hartuko dute, eta Europar Batasuneko hainbat lurraldetan gauzatutako esperientziak eta proiektuak partekatuko. Gizarte-ongizatearen sistemetako profesionalek egunero aurre egin behar izaten dieten premia eta arazoak aztertuko dira.

Ildo horretatik, bizi-kalitatearen hobekuntza jorratuko da, eta hainbat gai eztabaidatuko:

  • Gizarte-arretaren berrikuntza.
  • Gizarte-zerbitzuak planifikatu, ebaluatu eta baloratzeko teknologia berriak.
  • Gizarte-zerbitzuak planifikatu, diseinatu eta ezartzeko modu berriak.
  • Gizarte-zerbitzuen ebaluazioa eta balorazioa.
  • Pertsonen partaidetza eta ahalduntzea.
  • Haurrei, desgaitasuna duten pertsonei eta adinekoei zuzendutako zerbitzuen kalitatea eta eragina hobetzeko estrategiak.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:46

Irekita dago izena emateko epea Udal webgunean eta gizarte etxeetan

Urtero bezala, Gasteizek Eraztun Berdeko Bizikleta Biraz gozatuko du, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Kultura, Hezkuntza eta Kirolaren Sailak eta Goiena mendi taldeak antolatutako proposamena. Aurten ekainaren 23an egingo da lehia-asmorik gabeko martxa, zeina aukera paregabea baita Eraztun Berdean barrena ibiltzeko. 15. edizioa izango da. Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentrotik abiatuko da, 9.30ean, eta 14 urtetik gorakoek hartu ahalko dute parte. Dagoeneko eman daiteke izena, udalaren web-orrian eta Aldabe, Arriaga, Pilar, Hegoalde, Ibaiondo, Iparralde, Judimendi, Lakua, Salburu eta Zabalganako gizarte etxeetan. Lekuak mugatuak dira: 300. Prezioa 3 eurokoa izango da.

Parte-hartzaileen eta Goiena taldearen lanari esker egiten den jarduera guztiz sendotuta dago Udalaren ingurumen eskaintzan Lehia-asmorik gabeko martxa tropelean egiten da, eta aukera paregabea da Eraztun Berdearen 31 kilometroak osatzeko.  Hauxe da Goienak koordinatu duen ibilbidea: Ataria-Salburua-Nebera gaina-Zubigarai-Olarizu-Gardelegi-Lasarte-Armentia-Zabalgana-Gobeu-Atxa-Abetxuku-Gamarra-Eskalmendi-Alegria ibaia-Ataria. Antolakuntzako kideak joango dira tropelaren hasieran eta bukaeran, nahitaezkoa izango da kaskoa erabiltzea eta bitan banatuko dira jan-edanak.  Parte hartzaileei opari bana emango zaie eta segurua izango dute.

Informazio gehiago hemen: folleto XV Vuelta Anillo Bici_019 (1)

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:44

Zenbait erakundek sustatzen dute ekimena, Gasteziko Udalaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin

Ekainaren 6an, ostegunarekin, egingo da Gasteizen “Silence Connects Vitoria-Gasteiz” ekimena, Vital Fundazioaren erakusketa aretoan, goizeko 08:00etan hasi, eta gaueko 11:00ak arte.

Herritar guztiei irekitako hitzordu honen xedea azaldu digu ekimena koordinatzen duen Ixileku elkarteko kide den Josean Manzanosek: “isiltasuna askapen-bide hartuta, zenbait gaitasun esperimentatzea: aniztasunean elkar ulertzekoa, elkarren artean topatzekoa, baretasuna eta guztion batasuna, norberaren ideia, erlijio eta nazionalitatea gorabehera”.

Ekimenak Ataria zentroan dagoeneko sendotuta dagoen esperientzia bat ekarriko du Gasteizko bihotz-muinera; izan ere, duela 3urtetik hona Isiltasun-gune bat dute Atarian, kontzientzia indibiduala eta kolektiboa garatzeko asmoz. Zenbait erakundek sustatzen dute ekimena, Gasteziko Udalaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.

Osteguneko ekitaldiak bat egingo du Silence Connects mugimenduarekin. Antolatzaileek gasteiztarrak gonbidatzen dituzte bertara hurbiltzera “bakarka, taldeka, familiarekin,… denbora-tartetxo bat isiltasunari eskaintzera, norberak erabakitzen duena”.

 Harremana, elkarrizketetarako edo argibide gehiagotarako:

www.ixileku.org

Ixileku elkartea (Josean Manzanos)

E-posta: silenceconnects.vitoriagasteiz@gmail.com

 

 

 

Share