Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 ekaina 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Arte eta Idazketa Jardunaldiak aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta Laura Díez eta Iker Fidalgo (colectivo Haria)

Eguna. Ostirala, ekainak 14

Ordua. 10:30

Tokia. Montehermoso Kulturunea, Betolaza aretoa

———————————————

Harrera ekitaldia Alemaniako ikasleei

Udalak harrera egingo die Alemaniako Hanburgo hiriko Gimnasium Ohmoor institutuko ikasle eta irakasleei; Vitoria-Gasteizera etorri dira Kultur Trukeak direla-eta, San Viator ikastetxeak gonbidatuta.

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Ostirala, ekainak 14

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:31

 

2019an ere, Teatro Paraíso taldeak  Beñat Etxepare sariak banatu ditu, ikusleak, ikastetxeak, irudi grafikoa eta antzerki-kritikarik onena aitortzearren; publikoak sortu eta prestatzeko proiektu horretan bat egiten dute sorkuntzak, hezkuntzak eta familiak, eta aurten 20.000tik gora ikasle bildu ditu.

Ekitaldian hauek izan dira: Estíbaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia;  Pilar López, Teatro Paraísoko zuzendaria; beste zinegotziak, eta denboraldi honetan parte hartu duten beste batzuk (artistak, babesleak, etab.).

Antzerki taldearen web-orrian kontsultatu daiteke nortzuk izan diren sarituak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:35

Udalbatza eratzeko eta alkatea hautatzeko ekitaldia ekainaren 15ean (larunbatarekin) egingo da, 9.30ean, aparteko bilkuran. Jendetza bilduko da, gonbidatu eta hedabide ugari joango baita. Hori dela eta, Komunikazio eta Protokolo Bulegoak zenbait gomendio egin nahi dizkie osoko bilkuraren berri ematera joaten diren kazetari eta berriemaile grafikoei:

– Kazetariek,  berriemaile grafikoek eta teknikariek Udalak emandako akreditazioa eraman beharko dute sartzeko, ikusteko moduan jarrita. Udaltzaingoak kontrolatuko du sarrera, eta ez da bestelako akreditazio modurik onartuko.

– Kazetariek prentsa-aretotik baino ezingo dute jarraitu saioa.

– Argazkilariak osoko bilkuren aretoan egongo dira, esleitzen zaien lekuan.

– Osoko bilkuren aretoan bi telebista egon ahalko dira bakarrik: TVErena eta ETBrena, eta haiek emango dizkiete irudiak gainerako kateei.

– Osoko bilkura kalitate handiko streaming bidez emango da. Hona hemen irudiak hartzeko estekak:

YouTube-ko kanaleko zuzenekoa:

https://www.youtube.com/embed/live_stream?channel=UCaKsrFyI9saMGeqYquvKTtw

Udalaren web-orria:

https://sesiones.actadigital.com/embed/livefull/SP_VAS_ALAP0106800F0

Komunikazio eta Protokolo Bulegoak ahalik eta laguntza handiena emateko eskatzen die hedabideei, saioa normaltasunez joan dadin eta tartean dauden kolektibo guztiek beren lana betetzerik izan dezaten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:29

Alkatea izendatzeko saioa 9.30ena hasiko da, udaletxeko osoko bilkuren aretoan

Ekainaren 15ean (larunbatarekin) egingo da Gasteizko alkate berriaren inbestidurako eta 2019-2023ko Udalbatza berriko kideak karguaz jabetzeko osoko bilkura, 9.30ean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Ekitaldia Udaleko idazkari nagusi Martín Gartziandiak irekiko du; jarraian adin-mahaia osatuko da, zeina zinegotzi adintsuenak, Gema Zubiaurrek (Elkarrekin-Podemos), zuzenduko baitu, kide gazteenak, Estibaliz Cantok (PSE-EE) lagunduta.

Idazkariak hurrenkera alfabetikoan irakurriko ditu 27 zinegotzi hautatuen izenak. Zinegotzi guztien egiaztagiriak eta zinegotzi bakoitzak aldez aurretik egindako Ondasun eta Interesen Erregistroko aitorpenak egiaztatu ostean, banan-banan deituko dituzte zinegotziak, karguaren zina edo agindua egin dezaten, eserlekutik.

Alkatea hautatzea, isilpeko bozketa bidez.

Udalbatzaren idazkari nagusiak alderdi bakoitzaren zerrendaburuei alkate izateko hautagaitza aurkezten duten galdetuko die, eta ondoren isilpeko bozketa egingo da.

Kargu publikoak hautatzeko erabili ohi diren pitxerretan bilduko dira boto-paperak. Osoko bilkuren aretoko lehendakaritza-mahaia apaintzen dute zilarrezko pegar neoklasiko horiek, eta A (aprobado) eta R (recusado) hizkiak dituzte grabatuta, hau da, “onetsia” eta “errefusatua”.

Botoak zenbatu ondoren, adineko mahaiaren lehendakariak alkate berria izendatuko du, eta hark karguaren zina edo agindua egingo du.

Adin-mahaiaren lehendakariak emango dizkio aginte-makila eta udalaren domina hautetsitako alkateari, aretoaren erdian.

Udalbatza berriko kide bakoitzak ere zinegotzi izaera egiaztatzen dion domina jasoko du.

Ekitaldia amaitzeko, alkate hautatu berriak hitzaldi labur bat egingo du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:26

Kanpaina honekin gazteen arteko sexualitate osasuntsu, begirunetsu eta berdintasunezko bizipena bultzatzen da

 Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak, Berdintasun Zerbitzuarekiko lankidetzan, “Zure esku ere badago – También está en tu mano” serieko komiki digitalak berrargitaratu ditu.

Komikien diseinu berria, euskaraz eta gaztelaniaz, www.vitoria-gasteiz.org/zureesku helbide elektronikoan eskuragai daude. Komikien formatua eguneratu egin da eta gainera Andre Mari Zuriaren jaietarako argitaratu zen komikirako unitate didaktikoa sortu da, lehen ez bai zuen.

Zure esku ere badago kanpainak gazteentzako eta haiekin lan egiten duten agenteentzako komikiak eta unitate didaktikoak eskaintzen ditu. Komiki bakoitzak gai ezberdina jorratzen du, guztiek Gasteizen dute eszenatokia eta bukaera irekita uzten dute pentsamendu kritikoa eta hausnarketa sustatzeko asmoz.

Komikiekin batera unitate didaktikoak dituzte ikasgelan edo aisialdian gazteekin lantzeko.

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:00

Udaltzaingoaren Agenteek 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, 20 urteko bikotekide ohiari eta haren amari irainak eta heriotza-mehatxuak egiteagatik genero-indarkeriako delitu bat egin izanaren usteko egile gisa.

Gertaera horiek arratsaldeko laurak aldera izan ziren, eta une horretan, Koordinazio Zentralak patruila bati eskatu zion joan zedila Zabalgana auzoko kale batera, emakume gazte bat eta haren ama irain eta heriotza-mehatxu oso larriak jasaten ari zirelako gizonezko baten partetik.

Udaltzainak bi biktimekin elkarrizketatu ziren, eta haiek zer gertatu zen azaldu zieten, beste lekuko batzuek ere berretsi zuten moduan, eta horren ondoren, gizonezkoaren etxebizitzara joan ziren. Eraikineko eskaileran topatu zuten, guztiz bere onetik aterata, eta bere etxe barruan sartzea eta atea giltzaz ixtea lortu ondoren, bere buruaz beste egingo zuela mehatxatu zuen.

Ordu batzuk geroago, eta familiarteko baten eta Udaltzaingo barruko ofizialorde baten laguntzari esker, etxe barrura sartzea onartu zuen. Etxe barruan, Udaltzaingoak egiaztatu zuen altzari kopuru handi bat txikituta utzi zuela eta hainbat altzari bota zituela leihotik barne-patio batera.

Gizonezkoak zuen asaldura maila ikusita, Santiago Ospitalera eraman zuten lehenik, eta gero polizia-etxera. Gaur epailearen esku geratuko da.

Beste jarduera batzuk

Zauriturik gabeko 16 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo udaltzainek, eta 37 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, Zaramaga auzoan edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik.

Horrez gain, 21 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 4 jarduera egin zituzten.

Eraikuntza-hondakinetan piztutako sutea

Suhiltzaileek esku-hartze bat egin zuten atzo, A-132 errepidearen ondoko orube batean, eraikuntza-materialen hondakinetan, aglomeratuetan eta plastikoetan piztutako sutea itzaltzeko. Hasiera batean, kontrolatutako sutea zen, baina sastrakadi hurbil batera hedatu ziren sugarrak.

Zuiako herrira ere joan ziren, kimaketa-hondarrekin beteta zegoen eta kea zerion edukiontzi bat itzaltzera eta barruko edukia uraz freskatzera.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:56

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak duela bi urte jarri zuen abian gurasoen aurkako indarkeria egoeretan garaiz esku hartzeko programa, eta dagoeneko gurasoen kontra indarkeriaz jokatzen duten 38 neraberen kasuak artatu ditu.

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzua 2017an hasi zen baliabide honen bitartez gazteei eta horien familiei laguntzen. Ordura arte ez zegoen arazo indarkeria-egoera horri aurre egiteko halako baliabiderik. “askotan indarkeria ikusezina da, baina igoera nabarmena izan da” adierazi du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek, programa honen emaitzen berri emateko prentsaurrekoan.

López de Munainek adierazi duenez “gurasoen aurkako indarkeria arazo larria da eta salaketak izatera irits daiteke, eta horrek familiaren esparruan arazoari konponbiderik eman ezina islatzen du”. Zentzu horretan, udaltzaingoak 29 kasu erregistratu ditu seme-alabek gurasoekin indarkeria erabiltzeagatik; horietako 8tan, eragileak 18 urtetik beherako gazteak ziren, eta udal programa hau horiek ditu ardatz.

Esku-hartzeko metodologiak hiru maila ditu: seme-alabak, gurasoak eta, azkenik, familiak. Nerabeekin gizarte trebetasunak, autokontroleko jarrerak eta enpatia lantzen dira, indarkeriazko-jarrera horiek saihestea xede. Gurasoei autoritatea berreskuratzeko trebetasunak ematen zaizkie, hartara, seme-alaben jarrera oldarkorrak bideratzerik izan dezaten. Familia-mailan, berriz, harreman positiboak sustatzen dira, errespetuan eta maitasunean oinarritutako familia-giroa sortzeko.

Metodologia hau gida eta kontsultarako balioko duen argitalpen batean jaso da. Oraingoz, 119 pertsonak hartu dute parte:  Jokabide oldarkorra duten 38 nerabek -batez besteko adina 14 eta 15 urte-, 62 gurasok eta 19 neba-arrebak. Emaitzak oso positiboak izan dira:

  • Gurasoekiko indarkeriazko jokabideak gutxitu egin dira.
  • Depresio sintomak gutxitu egin dira bai gurasoen bai seme-alaben artean, eta horrek familia-esparruko egoera zailak kontrolatzeko ahalduntzea dakar.
  • Gurasoek bere egoera partekatu dute; hau oso erabaki positiboa da, arazoa ukatuz gero ezin baita laguntza bilatu.

Emaitza hauetaz gain, guraso eta seme-alabek hainbat helburu izan dituzte astero, eta horiek lortuz joan dira:

  • Elkarbizitzarako arauak ezartzea.
  • Aldeen arteko komunikazioa hobetzea.
  • Gurasoen eskumenak hobetzea.
  • Seme-alaben autokontrola eta erantzukizuna hobetzea.

Datu hauek programan parte hartu duten 22 familiari egindako 3 ebaluazioren emaitza dira: lehena, esku hartzearen aurretik, bigarrena, amaieran, eta azkena, programan parte-hartzeari utzi eta 6 hilabetera. Balioespen hauek familiek programarekiko duten asebetetze maila ezagutzeko ere balio izan dute, eta oso maila altua izan da.

“Gu ere pozik gaude. Ez genuen arazo larri honi ekiteko baliabide berezirik, eta orain propio dugun honek semen-alaben jokabide oldarkorrak gutxitzen ditu, egoera hobeto kontrolatzeko baliabide eta gaitasunak ematen dizkie gurasoei eta familian elkarbizitza hobetzen laguntzen du.  Autoritatea, errespetua eta autokontrola jorratzen ditugu, besteak beste, aurre egin ezean familia-esparrua gaindi dezakeen errealitatea lantzeko. Ezin dugu ahaztu adingabeko erasotzailea heldu biolentoa izan daitekeela, eta hori saihestu egin behar dugu” adierazi du Peio Lopez de Munainek.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:48

 

  • Gaur irekiko ateak, uztailaren 7ra arte, ekimen garrantzitsu honek
  • Ehun artista baino gehiagok euskal kulturaren eta nazioartekoaren uztardura islatuko dute

Gasteizen da berriro Herrialdeen Jaialdia, aurtengoan hamahirugarren edizioan, non kulturartekotasuna funtsezkoa izango den, ekimenaren proposamenak bitarte: aisialdia, musika, dantza, gastronomia eta artisautza. Gasteizko alkateorde Itziar Gonzalok, Jaialdiaren zuzendari Sergio Frenkelek eta tokiko edukien arduradun Itziar Gutiérrezek aurkeztu dute ekimena, zeinetik Gonzalok hiru balio goraipatu dituen: aniztasunaren eta bizikidetzaren erakusleiho izatea, hiriko jarduera sozial eta ekonomikoa sustatzea eta nazioarteko kultura bertoko talentuarekin uztartzearen aldeko nahia.

#Siente el mundo #Mundua bizi ezazu lelopean, Herrialdeen Jaialdiak zhainbat kuturen isla ekarriko du lau astez Konstituzio plazara, Euskadiko zein mundu zabaleko hainbat lekutako kultur adierazpenak uztartuz, kultura guztiei irekitako erakusketa unibertsal izan nahi baitu.

 

#World Music Festival

Musika ikuskizunak dira Herrialdeen Jaialdia erakargarri nagusienetako bat. Euskal dantza taldeak, dantza-eskolak, mundu zabaleko musikak, abesti arrakastatsuen eta tokiko musikariekiko omenaldiak izango dira aurtengo programazioan. Dantza, umorea eta musika tarteko, ostegunetik igandera bitartean izango da jarduerarik. Ikuskizunik ikuskizun, 120 ordu baino gehiago, ehun artista baino gehiagoren eskutik.

Horretarako, Herrialdeen Jaialdiak izenburu jakin eman dio egun bakoitzari, kulturartekotasunaren aldeko konpromisoaren isla. Lehen astean flamenkoa Ekialdeko dantzekin, Brasilgo batucadarekin eta euskal dantzekin uztartuko da. Bigarren astean, berriz, jazza, indie rocka eta Mexikoko mariachiak izango ditugu. Hirugarren astean, swinga, reggaea eta Argentinako tangoa izango ditugu. Herrialdeen Jaialdia amaitzeko 80ko hamarkadako popa eta Bollywoodeko musika izango ditugu.

Artista guztien artean, bada soilik Gasteizko Herrialdeen Jaialdian gozatu ahalko den ikuskizun bat. Argendance Company finalista izan zen telebistako Got Talent programan, eta Jaialdiaren azken asteburuan izango da gurekin.

Eszeneratze benetan moderno eta berritzailea tarteko, Argentinako taldeak ikuskizun dinamikoa eskaintzen du, tangoa eta boleadorak tarteko.

#Mugarik ez

Nazioarteko kultura euskal kulturarekin biziko da aurtengo edizioan ere, bien adierazpen desberdinetan, dela dantza, musika edo gastronomia. Besteak beste jarduera hauek egingo dira datozen asteetan:

  • Gamarrako Ostalaritzako Eskolak erakustaldiak egingo ditu larunbat arratsaldetan, gai hauen inguruan: Euskolabel, Bidezko merkataritza, 0 kilometroa eta egile-sukaldaritza.
  • Ekainaren 21a (ostirala) Kultura & Jazz eguna izango da, eta bertan Aldakan taldeak kontzertua emango du 22:00etan, Gasteiz Big Bandeko kideekin batera.
  • Hurrengo ostiralean (ekainak 28) bertoko The Hot Chili Farra taldea arituko da, berezkoa duen swing bixi-bixi estiloan.
  • Igandeetan, 12:30ean eta 18:00etan, Arabako Prakidsek zenbait jarduera eskainiko dizkie txikienei: musika, ipuin-kontalariak, eskulanak, antzerkia, magia…

#Universal food & drink

Jaialdiaren indargune nagusietakoa nazioarteko gastronomia da. Mundu zabaleko zaporeak dastatzea benetako gozamena da zentzumenentzat, bost kontinentetan barna egindako bidaiaren parekoa.

Aurtengo edizioan herrialde hauek bisitatu ahalko dira:

Alemania

Argentina

Australia

Belgika

Brasil

Kolonbia

Kuba

Estatu Batuak

Frantzia

Grezia

India

Italia

Mexiko

Peru

Puerto Rico

Dominikar Errepublika

Errusia

Hegoafrika

Suitza

Thai-Wok

Venezuela

 

#Beti elkartasuna

Ohi bezala, Herrialdeen Jaialdiak Elkartasunaren eguna ospatuko du ekainaren 20an, eta, horrenbestez, Mugarik Gabeko Musikariei GKEaren proiektuak sustengatuko ditu, hain zuzen ere, Siriako haurrentzat musika-eskolen aldeko jarduera eta kontzertuak.

 

#Green gara

Herrialdeen Jaialdiak konpromiso estua dauka Gasteizen ingurumenarekiko atxikimenduarekin; horrenbestez, buru-belarri arituko da birziklapena, apaindura “berdea” eta espazioen garbitasuna sustatzen.

Informazio gehiago: www.festivaldelasnaciones.es

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:00

Adinekoentzako zentro soziokulturalak Merkataritza Lagunkoiaren Astean parte hartzen ari dira, igandera arte. Euskadi Lagunkoia sareak antolatu du astea, bereziki adinekoei begira entitate, elkarte eta dendek lagunkoitasunaren inguruan egiten dituzten jardunbide egokien balioa agerian jartzeko.

Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailaren ekimena da,  herritarrek oro har auzoak hobetzen parte har dezaten bultzatzeko xedea duena, adinekoek bizitza normala egiten jarraitzerik izan dezaten, auzoko, entitate eta denden konpromisoari esker.

Adinekoentzako Zentro Soziokulturalek “Piztu zure auzoa” lankidetza programaren bidez sustatzen dituzte laguntza sare horiek, eta “establezimendu lagunkoi” izendapena ere badute. Hori dela eta, aspalditik aldaketa txikiak egiten ari dira instalazio eta zerbitzuetan beren erabiltzaileen (34.000tik gora) bizi-kalitatea hobetzeko, eta horrek agerian jartzen du hobetzeko duten konpromisoa.

Filosofia horri jarraituz, neurri hauek hartu dira azken hilabeteetan:

  • Seinaleak hobetzea Txagorritxuko AZSKn.
  • Argiztapena handitzea Koroatzeko eta Txagorritxuko AZSKetan, luminariak jarriz.
  • Betaurrekoen eta irakurtzeko lupen mailegua Lakua-Arriagako AZSKn.
  • Orrazkeren ikusizko katalogoa egitea Lakua-Arriagako AZSKn, ile-apaindegiaren erabiltzaileei orrazkera aukeratzen laguntzeko.
  • Irakurketa errazeko liburuak eta letra handiko liburuak jartzea Koroatzeko AZSK-ko irakurketa-gunean.
  • Landazuriko AZSK-ko sarrerako eskailera-maila kentzea; aste honetan egiten ari da lan hori.

Astean zehar, hobekuntza horiek eta beste batzuk ezagutarazten ari dira sare sozialetan eta hedabideetan, “herritarrek ekintza txiki horiek ikus ditzaten, eta duten balioaz ohartu, gure gizartea gero eta zaharragoa baita. Funtsezko zeregina dugu pertsona ororen —eta bereziki adinekoen— autonomia eta bizi-kalitatea zaintzeko lanean, eta denok lagundu behar dugu horretan”, dio Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

 

 

 

 

 

Share