Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 ekaina 2019 17:00

Euskaltzaindiaren Nazioarteko Onomastika Jardunaldiari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Euskara, Kultura, eta Kirol foru zuzendari Joseba Koldo Pérez de Heredia; Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran; Euskaltzaindiako presidente Andres Urrutia; eta euskaltzain osoa eta jardunaldiaren arduradun Roberto Gonzalez de Viñaspre

Eguna. Osteguna, ekainak 13

Ordua. 9:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

———————————-

Prentsaurrekoa. Herrialdeen Jaialdiko XIII. edizioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkateorde Itziar Gonzalo; Herrialdeen Jaialdiko zuzendari Sergio Frenkel; Jaialdiko tokiko edukien arduradun Itziar Gutiérrez

Eguna. Osteguna, ekainak 13

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————–

Prentsaurrekoa. Gurasoen aurkako indarkeria egoeretan garaiz esku hartzeko programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain; eta Haurtzaro eta Senitarte zerbitzuko buru Loli Garcia

Eguna. Osteguna, ekainak 13

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————-

Prentsaurrekoa. Beñat Etxepare sarien 25. urteurrena

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Teatro Paraísoko zuzendari Pilar López; eta hainbat babesle

Eguna. Osteguna, ekainak 13

Ordua. 12:00

Tokia. Iparralde gizarte etxeko Beñat Etxepare Antzokia

——————————————-

Festval jaialdiaren 11. edizioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi  Nerea Melgosa

Eguna. Osteguna, ekainak 13

Ordua. 20:00

Tokia. Puerta del Sol plaza, 10 zenbakiko terraza (Madril)

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:49

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Europar Batasunak Gasteizko autobus-geltokiari emandako energia-eraginkortasunaren saria jaso du, Santanderren. Estatuko beste hiru autobus-geltoki, Frantziako tren-geltoki bat eta Portugaleko tren eta autobus geltoki bana ere saritu dituzte. SUDOE Stop CO2 europar proiektuaren barruan kalifikazio onena lortu duten garraio-azpiegiturei ematen zaizkie sariak, Europako hego-mendebaldean emisio kutsatzaileak murrizteko politikak sustatzearren.

“Gasteiz superhiri europarra da, iraunkortasunaren eta klima-aldaketaren kontrako borrokaren erreferentea. Gaur izaera hori sendotu da, energia-eraginkortasunari eta berotegi efektua duten gasen murrizketari dagokienez Europako hego-mendebaldeko onenen artekotzat aitortzen gaituen sari hau jasota. Oporto, Lisboa, Bartzelona edo Montpellier hirien mailan gaude gaur, eta horixe da jarraitu beharreko bidea, Gasteiz nazioarteko eta Europako erreferentea izan dadin iraunkortasunaren alorrean”, adierazi du Gorka Urtaranek.

2015eko martxoan ireki zenetik, 11 milioi pertsonak erabili dute Gasteizko geltokia. Garraio-geltokiei eta energiari buruzko jardunaldi baten barruan banatu dira sariak, zeinetan garraio-azpiegituren kudeaketa iraunkorrerako azken irtenbideak aurkeztu baitira. Hitzaldien ondoren egin da sariak banatzeko ekitaldia, eta horren bidez itxi da 2018-2019 aldian ingurumen eragina ebaluatzeko abiarazitako prozesua, zeinaren barruan Frantziako eta Iberiar Penintsulako 70 autobus- eta tren-geltoki aztertu baitira.

Aztertutako geltokiek helarazitako datuak baliatuz, SUDOE Stop CO2 programakoek kalifikazio-sistema bat ezarri dute, zeinaren arabera Gasteizko terminalak lau zuhaitz jaso baititu bostetik (gehienekoa). Onarpen honek Estatuko bost hoberenen eta Europako hego-mendebaldeko onenen artean sartzen du geltokia energia-eraginkortasunari dagokionean.

Alderdi hauei esker eskuratu ditu Gasteizko autobus-geltokiaren energia-eraginkortasuna aitortzen duten lau zuhaitz horiek: eraikinean ezarri diren energia geotermikoa eta fotovoltaikoa aprobetxatzeko sistemak eta LED bidezko argiztapen sistema. Argiztapen sistema horrek, kudeaketa domotizatua izateaz gain, presentzia eta intentsitatea antzemateko gailuak ere baditu, emisio eta energia-kontsumo minimoa sortuta ahalik eta erosotasun maila altuena eskaintzeko.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:14
  • Itun Berdearen barruko enpresek Escaparate #PorElClima izeneko atarian sartu ahalko dituzte beren produktu eta zerbitzuak, eskaintza arduratsua batzen duen lehena baita
  • Orobat, Pymes #PorElClima lantegiaren bigarren edizioa egingo da, enpresek karbono-aztarna kalkulatzen ikas dezaten

Hornitzaile berde gisa Itun Berdearen barruan nabarmendu diren enpresei estatu mailako eskaintza jasangarria biltzen duen lehen atarian sartzeko aukera emango die Gasteizko Udalak. Kontsumo arduratsuagoa sustatzeko xedea duen produktu eta zerbitzuen plataforma, Escaparate #PorElClima izenekoa, duela urte bat pasatxo jarri zen abian, eta hamahiru sektoretako ehun enpresa baino gehiago biltzen ditu une honetan.

Gaur egun, 2.400 produktu eta zerbitzu inguruk osatzen dute Escaparate #PorElClima ataria, eta Gasteizko Itun Berdearen barruan hornitzaile berdearen kalifikazioa duten 40 enpresek ere horrekin bat egin ahalko dute. Besteak beste, ekoizpen ekologikoa bultzatzen duten ardandegiak, eraikuntza iraunkorreko enpresak edo garbiketa produktu ekologikoen ekoizleak dira.

Gainera, Ecodes fundazioak, zeinak Escaparate #PorElClima sustatzen baitu, Itun Berdearen logoa plataformak onartzen dituen atributuen artean sartzea erabaki du. “Hartara, Itun Berdeak beste pausu bat ematen du aurrera, eta ingurumenaren aldeko apustua egiten duten enpresentzat merkatu berriak irekitzeko ekimen interesgarri gisa sendotzen da. Izan ere, enpresa berdea izateak aukera ugari zabaltzen ditu gau egun”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Escaparate #PorElClima atarian parte hartu nahi duten enpresek helbide honetara idatz dezakete: pactoverde@vitoria-gasteiz.org.

 

Pymes #PorElClima lantegia

Era berean, Udalak “Pymes #PorElClima” bigarren lantegi praktikoa antolatu du, beren jarduerak klima-aldaketan duen eragina eta hori arintzeko har ditzaketen neurriak ezagutu nahi dituzten enpresentzat. Apirilean egin zen lehen lantegia; oraingoan, karbono-aztarnaren kalkulagailua erabiltzen ikasteko saio praktikoa egingo da, informatika gela batean. Ekainaren 27an izango da, 11:00etan, CETICen (Castro Urdiales kalea, 10). Izena online eman daiteke.

Informazio gehiago: Itun Berdearen Komunitatea

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:29

Europa biltzar jauregiak PEP-Passivhaus Eraikuntza Plataformak antolatu dituen 2019ko udako nazioarteko ateak zabaltzeko egunetan parte hartuko du, Passivhaus ziurtagiria baitu.

Europa jauregia izan da Espainian Passivhaus XXL ziurtagiria eskuratu duen lehen biltzar etxea.

2017ko azaroan jaso zuen Gasteizek Passivhaus XXL ziurtagiria, era horretako lehena Estatuan. Passivhaus Institut erakundeak ziurtagiria eman zion Gasteizko Europa biltzar jauregiaren birgaikuntza eta handitzeko lanari, hau da, XXL proiektu bati nazioartean ematen zaion ziurtagiri zorrotzenetako bat, horrek dituen konplexutasun guztiekin, maila teknikoan ez ezik, baita maila logistiko eta administratiboan ere.

Hirigintza Saileko Plangintza eta Proiektu Zerbitzuak sustatu zuen Passivhaus ziurtagiria lortzea Lurgoien eraikuntza-enpresak egindako proiektuarentzat. Europa jauregiaren birmoldaketa integralak, Passivhaus estandarrean oinarritutako eraberritze eko-arkitektonikoak, arkitektura iraunkorraren ikonoa bihurtu du eraikina. Egokitzapen termiko, akustiko eta paisaia aldetikoak, lorategi itxurako fatxadarekin (lorategi bertikala), iraunkortasunaren alorreko erreferentzia bihurtzen du halaber. Eguzki-plakak, biomasa bidezko  erregaia, CO2 mailak, tenperatura eta hezetasuna kontrolatzeko sistemak eta beste ditu, espazio eroso eta moldagarriak lortzeko, biltzarretarako behar den ekipamendu guztiarekin.

Jardunaldiak ekainaren 28 eta 29an izango dira, 13:00etatik 14:00etara; parte hartu nahi dutenek  gteres@vitoria-gasteiz.org helbidera idatz dezakete, edo 945 16 12 34 telefonora deitu.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:26

 

2020ean, sustatzaileen festibaletan parte hartuko duten proiektu bat aukeratuko da. Proposamen artistikoak aurkezteko epea uztailaren 14a arte egongo da zabalik.  

Bilboko, Gasteizko, Leioako eta Hendaiako udalek, eta “Hameka” Fabrika Artistikoak (Iparralde) osatzen duten “Karrikan” plataformak karrikako arte eszenikoen sorkuntza lanak bultzatzeko eta laguntzeko laugarren deialdia zabaldu dute.

“Karrikan”-eko kideek konpromisoa hartzen dute hautatua izanen den proiektua modu orokorrean bultzatzeko, hau da, laguntza ekonomikoa emanez, sorkuntzarako egoitzak eskainiz, arte, teknika eta administrazio laguntza emanez –konpainiaren beharren arabera.

Aipatutako bazkide horiez gain, Arrigorriagako, Iurretako eta Libourneko (Gironde) udalak, bai eta Quiero-teatro antzerki ekoizlea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Dantzagunea kide laguntzaile gisa daude.

 

Bertako sorkuntza sustatzea

Izan ere, “Karrikan” plataformaren xedea, sorkuntzari laguntzea eta Euskal Herrian karrikako arteetan gero eta indar gehiago hartzen ari diren artisten ezagutza bultzatzea da, zazpi lurraldeetako edozeinetan instalatuta dauden, eta profesional izanik edo profesional izateko bidean egonik espazio publikoan jarduten duten taldeen, artisten edo konpainien jatorrizko sorkuntza lanak bultzatuz.

Zuzeneko ikuskizuna lantzen duten diziplina guztiak onartuko dira: antzerkia, dantza, zirkua, diziplina anitzeko ikuskizunak, etab. Hala ere, lehentasuna izango dute testurik ez duten edo euskarazko testua duten proiektuek eta formatu ttipi edo ertainekoek.

 

Programazioetan sartua

Laguntza ekonomikoa eta teknikoa eskaintzeaz gain, sustatzaileek aukeratutako proiektua 2020ean antolatuko dituzten gertakari handietan programatuko dute. Hauek Bilboko Kalealdia, Gazteizko KaldeArte, Leioako Umore Azoka, Hendaiako “Mai du théatre”-n, eta Hamekako kultur denboraldia dira, baita Libourne (Gironde), Arrigorriaga eta Iurretako (Bizkaia) udal programazioak.

Proposamen eszenikoak aurkezteko epea uztailaren 14a arte egongo da zabalik.

Informazio guztia www.karrikan.eu webgunean dago eskuragarri.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:25

Irailaren 25ean hasi eta maiatzaren 27an amaituko da zikloa, eta uztailaren 2an jarriko dira sarrerak salgai

 

 

 

 

Udal Musika Bandak Principal antzokian udazken-neguko denboraldian egiten duen kontzertu-ziklorako abonamendua erosteko aukera izango da hirugarrenez: 14 euroren truke, zikloko zazpi kontzertuak ikusi ahalko dira.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Udal Bandaren zuzendari Hilario Extramianak eta zuzendariondoko Iker Olazabalek aurkeztu dute gaur, prentsaurrekoan.

Gure banda —esan du Cantok— oso kalitate handikoa da, eta kontzertu hauen bitartez bilatu izan dugu beti publiko-mota desberdinetara iristea eta Gasteizen musika- eta arte-sorkuntza sustatzea”.

Abonamenduak 14 euro balioko du, eta uztailaren 2tik irailaren 9ra arte erosi ahalko da, Principal antzokiaren salmentarako ohiko bideetatik. Sarrera solteak, berriz, irailaren 10etik aurrera salduko dira, 3 euroan.

  • Irailak 25: Piazzolla Tango
  • Azaroak 20: Oroitzapenak – Recuerdos
  • Abenduak 11: Ametsa eta oinazea – Ensueño y tormento
  • Otsailak 5: Gure Bakarlariak – Nuestros solistas
  • Martxoak 4: Istant batean – En un instante
  • Apirilak 22: Eskainia – Dedicado
  • Maiatzak 27: Ixo, dantzan ari gara – Silencio, se baila

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/banda

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:21

Hainbat patinaje taldek antolatu dute, Udalaren laguntzarekin, eta uztailean eta irailean etapa bana egingo da

Ekainaren 14an, Patin-Gauaren bigarren edizioaren lehen etapa egingo da; patinetan egiten den gaueko martxa 22:30ean abiatuko da.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta antolatzaile taldeko kide Jorge Ortiz del Rio eta Ivonne Gibajak aurkeztu dute gaur.

Gero eta jende gehiagok praktikatzen du patinajea eta, zehazkiago, hiriko patinajea, eta Patin-Gauak kirol hori praktikatzeko beste aukera bat eman nahi  die, horretarako diseinatutako ibilbide urbano batean eta Kirolaren Hiria bihurtzeko asmoa duen hiri batean, kirol instalazioetan egiten dena ez ezik, hiriko bazter guztiak instalaziotzat erabiltzen dituen kirola ere aintzat hartuta”, adierazi du Cantok.

Probak 15 kilometro izango ditu. Izena emateko bi euro ordaindu beharko dira, eta web-orri honetan egingo da: https://web.rockthesport.com.

Nahitaezkoa izango da kaskoa eta jantzi islatzaileak erabiltzea. Izen-emateak asegurua barne hartzen du.

Argibide gehiago: patingagua@gmail.com.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:11

Gasteizko Udalak bat egin du aurten Arabako Foru Aldundiaren ekimenarekin, zeinak fase pilotuan 38 kultura agenteren kontsultak izan baitzituen

 

 

 

Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Laboral Kutxak KulturAraba Bulegoa  kultura erakundeei eta profesional autonomoei informazioa eta laguntza emateko zerbitzuarekin jarraitzea itundu dute. Zerbitzu hori proiektu pilotu gisa jarri zuen abian iaz Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak.

Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak, eta Laboral Kutxako bulego zuzendari Luis Daniel Bernalek.

Programa pilotu horrekin Arabako Kulturaren Plan Estrategikoaren (2017-2020) Kultura Erakundeak Sendotzeko eta Modernizatzeko Programaren lehentasunezko ekintzetako bat abian jartzen zen.

Horrela, hilabete batzuetan zehar bulego honek erantzuna eman die kultur proiektu bat martxan jartzen denean sortzen diren galderei. Pilotu fase honetan 38 kultura agente hurbildu dira bulegora 58 kontsulta egiteko. Agente gehienak Gasteiztik heldu dira, baina baita beste leku batzuetatik ere. Kontsulten ehuneko 60 bulegoan bertan egin dira, ehuneko 24a interneten bide eta 16a telefonoz.

Ekimenak izandako erantzuna ikusirik, Udalak bat egitea erabaki du; izan ere, Cantok azaldu duenez, “lurraldeko bi erakunde publiko nagusien estrategiak kultur politiken alorrean bide berera etorri dira beste behin; azken batean, horrek tokiko sorkuntzaren aldeko apustua egiten duen lan-ildoari jarraitzea esan nahi du, zeina 2018-2020 plan estrategikoan jasota baitago, tokiko kulturan prestakuntza, sorkuntza, ekoizpena eta berrikuntza sustatzeko helburu nagusiarekin”.

Laboral Kutxa proiektu honetara biltzen da bere ezagupenak eta aholkularitza eskainiz, Gaztenpresa Fundazioaren bidez, kultura ekimen ekintzaile berriei. Izan ere, fundazio horren helburua da gure ingurunean enplegua sustatzea, ideia sortzen denetik finantzatzen den arte laguntza emanda eta sorkuntza bakoitzari aholkularitza pertsonalizatua eskainita.

Azken batean, lurraldeko bi erakunde publiko nagusien kultura politiken arloko estrategiak biltzen dira, berriro ere, KulturAraba Bulegoan. Eta oraingoan erakunde pribatua batuta,  ilusioz betetako agertoki bat datorkigu aurrera, enpresa bokazioa duten sormen eta kultura ekimenen ekintzailetza, berrikuntza eta babes arloko lankidetza publiko-pribatuarena.

Zer da KulturAraba Bulegoa?

  • Arabako Lurralde Historikoko eta Trebiñuko Konderriko kultura sektorean lan egiten duten pertsonei eta erakundeei argibideak eta laguntza emateko bulegoa da.
  • Aholkularitza gune bat da, kultura eta sormen sektorearen behar informatiboei erantzuteko eta sektore hori sendotzeko eta modernizatzeko.

Nori dago zuzenduta KulturAraba Bulegoa?

  • Kultura eta sormen arloko enpresei.
  • Sektoreko profesional autonomoei.
  • Kultura elkarte eta erakundeei.
  • Kultura arloko ekimen eta proiektuak dituzten pertsonei, edozein fasetan egonik ere.
  • Kulturarekin lotutako diziplinetako ikasle eta ikertzaileei.

Zer eskaintzen du KulturAraba Bulegoak?

  • Kultura eta sormen proiektuak garatzearekin lotutako dirulaguntzei, deialdiei eta hainbat konturi buruzko informazioa (finantzaketa, prestakuntza, fiskalitatea eta legeak, espazio baliabideak …)
  • Sektoreko eragileei laguntzea beren eguneroko jarduerarekin eta kultura proiektuak garatzearekin zerikusia duten gaietan.
  • Sektorea dinamizatzea, eta testuinguruak sortzea errazago izateko sareak egitea eta proiektuak aurrera eramateko ezaupideak edo inspirazioa.
  • Taldearen osaera hau izango da:
    • Laguntza prozesuak erraztu eta erabiltzaileek eskatutako gaiei erantzungo dien pertsona bat.
    • Zerga eta lan arloko pertsona aditu bat.
    • Disziplina anitzeko talde bat, KulturArabak sustatuko dituen hileroko topaketak dinamizatzeaz arduratuko dena.

Nola jaso KulturAraba Bulegoko zerbitzuak?

  • Bulegora bertara joanez. Helbidea: Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalea 5, Gastei Astelehen, astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 14:00etara eta asteazkenetan 16:00etatik 20:00etara.
  • Posta elektroniko bidez: kulturaraba@araba.eus
  • Sare sozialez bidez: #kulturaraba traola erabilita
  • Telefonoz: 945 18 19 92

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:25

Udaltzaingoak 468 gidari kontrolatu zituen, gidatzean alkoholaren eta drogen kontsumoa zaintzeko joan den astean egindako kanpaina berezian. Udaltzainek 25 kontrol egin zituzten hirigunean, eta 17 gidarik positibo eman zuten, horietatik 4k drogengatik.

Horrez gain, 25 salaketa jarri zituen: 11 gida-baimenik ez edukitzeagatik, 9 arauzko epearen barruan IIT pasatua ez edukitzeagatik eta 5 beste lege-hauste batzuengatik.

Kanpaina hau Bide Segurtasun eta Mugikortasun Iraunkorrerako 2018-2023 Udal Plan Estrategikoaren barruan sartuta dago.

Halaber, 49 eta 37 urteko bi gizonezko ikertzen ari da Udaltzaingoa, edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bana egin dutelako. Lehena ezohiko moduan gidatzen ari zen Arriagako Atea kalean, eta bigarrena, berriz, goizaldean argirik gabe gidatzen ari zen, semaforoei kasu egin gabe, Herrandarren kalean.

Bi esku-hartze horietan izapideak egin dira Guardiako Epaitegira bideratu daitezen.

Udaltzainek 11 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan; 29 salaketa izapidetu zituzten eta Polizia Judizialaren 14 jarduera burutu zituzten.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileak sastrakaz betetako lur-zati batean sute txiki bat itzaltzera joan ziren atzo, Miguel Hernández kalera.

Share