Asteburuko aurreikuspenak

Uztailak 2, igandea

  • Gasteizko alkate Maider Etxebarria, lehen alkateorde Beatriz Artolazabal, Kirol, Osasun, Garapen Lankidetza eta Berdintasun zinegotzi Ana Lopez de Uralde eta Garbiketa zinegotzia, Bizikidetza eta Aniztasunean ordezkaritza berezia duena, Pascual Borja, 9:15etik 12:30era joango dira 2023ko Frantziako Tourraren bigarren etaparen irteerara, Mendizabalan.
Share

600 etxebizitza baino gehiago gehitu dira Zaramaga auzoko berroneratze-proiektura

  • Bizilagunek beren proiektuak prestatu eta laguntza-eskaerak 2023ko azaroaren 30a baino lehen formalizatu beharko dituzte

647 etxebizitza atxiki dira Zaramagako berroneratze-proiektura eta, horri esker, Gasteizko auzo honetako bizilagunek haien bizitegi diren eraikinen birgaitze sakona egiteko laguntzak jasoko dituzte. Ekimenarekin bat egiteko azken eguna gaurkoa, ekainak 30, ostirala, zen.

“Zaramaga da gure hiriko urrezko auzoetako bat eta, programa honi esker, benetako berroneratze-prozesua biziko du. Bizilagunek laguntzak jasoko dituzte haien etxebizitzak eraginkorragoak izan daitezen eta horrek nabarmen arinduko du haien energia faktura”, azpimarratu du Borja Rodríguezek, Hiri Ereduaren, Hirigintzaren, Etxebizitzaren eta Ingurumenaren zinegotziak. “2030eko Agendako Garapen Jasangarriko Helburuak lortzeko beste aurrerapauso bat da”, gehitu du.

Ensanche 21 Zabalguneak Zaramagako Iparralde gizarte-etxean duen hurbileko bulegoak areagotu egin du bere lana azken asteotan programarekin bat egin nahi duten komunitateei informazioa emateko.

Dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa dagozkion lanak egin ostean eraikinek lor dezaketen energia-aurrezkiaren mende egongo da. Hala, etxebizitza bakoitzeko dirulaguntza obra-kostuaren % 40 eta % 70 artekoa izango da, eta horretarako gehieneko zenbatekoa 15.140 euro (energia-aurrezkia % 30 eta % 45 artekoa denean) eta 35.000 euro artekoa (energia-aurrezkia % 60koa edo gehiagokoa denean).

Zaurgarritasun ekonomikoko egoeran dauden bizikidetza-unitateek edo pertsona fisikoek, 25.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituztenek, laguntza osagarriak jasoko dituzte.

Laguntzak 50.000 euro artekoak izan daitezke energia-aurrezkia % 60koa edo gehiagokoa balitz eta pertsona fisikoaren edo bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak 15.000 euro baino gutxiagokoak balira.

Gainera, irisgarritasun arloko jarduerak abian jartzen dituzten komunitateen kasuan, laguntza osagarria jasotzeko aukera izan dezakete eta horren laguntza egin beharreko lanaren mende egongo da.

Programarekin bat egiteko erabakia jakinarazi ostean, bizilagunen 32 komunitateek (37 ataritan banatutako 614 etxebizitza biltzen dituzte) dagozkien proiektuak prestatu eta laguntza-eskaerak formalizatu beharko dituzte 2023ko azaroaren 30a baino lehen.

Share

Mantendu egingo da 2023an zehar TUVISAn % 50eko beherapena

  • Halaxe onartu du aho batez TUVISAko Batzar Nagusiak Aparteko Batzarrean; izan ere, hobaria gaur, ekainaren 30ean, iraungitzekoa zen

TUVISAko Akziodunen Batzar Nagusiak aho batez onartu du % 50eko deskontua TUVISAko bidaia anitzeko tarifetan 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzea. Hain zuzen ere, neurri hori bera aplikatuko dute gure lurraldeko garraio publikoko gainerako operadoreek ere.

Hortaz, Gasteizek BAT (BARIK edo MUGI) garraio-txartela, BUX eta abonuak (30D eta 30D Gaztea) erabiltzen dituzten bidaiariei ahalik eta deskontu handiena aplikatzen jarraitzea erabaki du eta, horri esker, indarrean dagoen tarifaren erdia ordainduko dute.

Erabiltzaileek ez dute inolako gestiorik egin beharko hobariak izateko; izan ere, deskontua zuzenean aplikatuko da ordaintzerako unean, hobaria indarrean egongo den aldiaren barruan.

“Pertsonen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu eta hori agerian geratzen da gaur onartu dugunaren moduko ekimenekin. Aho batez hartutako erabakiari esker, TUVISAko erabiltzaileek beren bidaietan % 50eko deskontua izaten jarraituko dute. Garraio publikoaren aldeko apustua egin dugu garraiobide jasangarria, eraginkorra eta ekonomikoa delako joan-etorriak egiteko eta, hala, herritarrak animatu nahi ditugu beren eguneroko joan-etorrietarako autobusa erabiltzen jarraitzera”, adierazi du TUVISAko presidenteak, Raimundo Ruiz de Escuderok.

Hobaria urtarrilean ezarri zuten Gasteizko Udaleko osoko bilkuran talde politiko guztiek aho batez hala onartu zutenean. Erabakia, TUVISAko kontseilura bideratu eta hark onartu zuen 2022ko abenduaren 22an egindako bileran. Lehen onarpen hura gaur, ekainak 30, ostirala, zen iraungitzekoa.

Horrekin lotuta, nabarmendu beharrekoa da ekimenak honako finantzaketa hau jasotzen duela: Gobernu zentralak emandako % 30ekoa, Eusko Jaurlaritzak emandako % 10ekoa eta TUVISAk emandako % 10ekoa.

Share

Carlos Ibarlucea Hiri Ereduaren, Ingurumenaren eta Ekonomia Sustapenaren Saileko koordinatzaile izendatu dute

Carlos Ibarlucea, Bideko Azpiegituretako eta Mugikortasuneko foru-diputatu ohia, izendatu dute gaur goizean Gasteizko Udaleko Hiri Ereduaren, Ingurumenaren eta Ekonomia Sustapenaren Saileko koordinatzaile orokor.

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu duen izendapen hori dela eta, Ibarlucea udal-erakundera itzuliko da. Izan ere, aurrez beste kargu hauek bete izan ditu erakundean: Ensanche 21 Zabalgunea udal-sozietatean proiektuen kudeaketaren arkitekto arduraduna (2015-2019); Hirigintza Saileko zuzendaria (2011-2015); Hiri Berrikuntzarako eta Etxebizitzarako Udal Agentziako proiektuen kudeaketako arkitekto arduraduna (2011) eta Hirigintza Saileko Arkitektura Zerbitzuko burua (2003-2011).

Carlos Ibarlucea Madrilgo Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoan graduatutako arkitektoa da eta hirigintzan espezializatuta dago.

Share

Gasteizek bizikleta-gurpilak berrerabili ditu edukiontzi-irletan seinaleztapen-balizak sortzeko

  • Egitasmoa BirGURPIL ‘gurpila BIR-asmatzen’ ekonomia zirkularreko proiektuan kokatuta dago eta, horren arabera, hiri osoan birziklatutako 35 elementu jarriko dituzte

Gasteizko Udalak beste aurrerapauso bat eman du bizikletarekin duen loturan eta hasi da gurpilak eta ganberak birziklatuta lortutako kautxuarekin eraikitako lehen balizak jartzen. Bertako Vulcanizados Algor enpresak diseinatutako 35 elementu dira eta, horien bidez, hirian behin betiko kokapena izango duten edukiontzi-irlak mugatuko dira.

Orain arte, birziklatutako 35 balizetatik 16 instalatu dira kale hauetako punturen batean: Ortiz de Zarate, San Antonio, Jacinto Benavente, Done Jakue hiribidea eta Geltoki plaza, besteak beste.

Ekimena BirGURPIL ‘gurpila BIR-asmatzen’ ekonomia zirkularreko proiektuan sartuta dago. Horren bidez, bizikleta-gurpilen gaikako bilketa egiten da, gero haien materiala berreskuratu eta harekin produktu berriak fabrikatzeko. Orain arte, egokitutako irtenbide teknologikoei esker, berreskuratutako kautxua bidegorrien sareko seinaleztapen-elementuak fabrikatzeko erabili ahal izan da. Fase berri honetan, kautxua edukiontzi-irletarako piboteak fabrikatzeko erabiliko da.

Ekimen honen bidez, hondakinak ekonomiarako lehengai bihurtu nahi dira, horren bidez gurpilek zirkulazioan egoteari utz ez diezaioten. Horri esker, hondakina hura sortu zeneko hiri berberean birziklatuta azaltzen da.

Birziklatze-prozesu hori bi udal-sailek (Hiri Ereduaren, Hirigintzaren, Etxebizitzaren eta Ingurumenaren Saila; eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saila) bultzatu dute, baina behar-beharrezkoa izan dira Gasteizko bizikleta-dendek eta -tailerrek eta kautxuaren sektoreak eskainitako inplikazioa.

Birziklatze-prozesu honekiko interesa duten herritarrek haien bizikleta-gurpil zaharrak Oto hiribideko Garbigunea edo Puntu berde mugikorrean utz ditzakete.

Share

Zirkulazio-mozketa Errege Atea kalean uztailaren 3tik 14ra bitartean hura berritzeko egingo diren lanak direla eta

  • Zonaldeko garajeetara sartzeko eta zamalanak egiteko guneak egokituko dira
  • Atzo hasi ziren saltokiei eta bizilagunei aldaketa horien berri ematen

Frantziako Tourra Gasteiztik igaroko denez, beharrezkoa izan da lasterketaren ibilbideko lanetako asko geldiaraztea. Hain zuzen ere, eragina jasango duen bide horietako bat da Errege Atea. Astelehenean, uztailaren 3an, hiriak normaltasuna berreskuratuko duen egunean, berriro ekingo diete erdigunean dagoen kale horretako lanei eta zirkulazioa moztuta geratuko da uztailaren 14ra, ostiralera, arte Frantzia kalearen eta Kanpokale Berriaren bidegurutzeen artean. Zaborrak biltzeko sare pneumatikoarekin, eta saneamenduko, hornikuntzako eta argiztapeneko sarearekin lotutako lan ugariak direla eta, beharrezkoa da zirkulazioan etenaldi hori egitea.

Udalak zamalanetarako guneetarako eta bertan dauden garajeetarako sarbidea bermatuko du. Ibilbide alternatiboa diseinatu dute eragina jasango duten aparkaleku batzuetarako eta sarrera Olagibeletik izango dute. Aurkako noranzkoan egokituko dute erreia.

Errege Ateko esku-hartzea izango da Arkupeko eta Memorialaren ingurua berritzeko egingo dituzten lanen hirugarren fasea. Lanek 1,2 milioi euroko inbertsioa jaso dute eta Aska eta Kanpokale Berria kaleetan egiten ari diren hobekuntza-lanekin osatuko dira. Oinezkoentzat atseginagoak eta jarduera komertzialerako erakargarriagoak diren espazioak lortu nahi dira.

Share

Gasteizek udako turismo-kanpaina jarri du abian 125 bisita eta ibilbide tematiko baino gehiagorekin

  • Maturana-Berastegi jauregiak erakusketarako eremu berria estreinatuko du beheko solairuan eta ‘Jauregi errenazentisten ibilbidea’ egongo da ikusgai bertan

Gasteizko Turismoko Udal Zerbitzuak 2023ko udarako jardueren kanpaina jarri du abian. Kanpainak 125 bisita gidatu eta ibilbide tematiko baino gehiago biltzen ditu publiko guztientzat eta uztailaren 3tik, astelehenetik, aurrera, egongo dira bisitagai. Berritasun nagusia da Maturana-Berastegi jauregiko beheko solairuan erakusketarako eremua zabalduko dela. Jauretxe hori XVI. mendekoa eraikin dotorea da eta Gasteizko eskaintza turistikoan ohikoa den ‘Erdi Aroko erdiguneko jauregi errenazentisten ibilbidean’ sartu da. Aurretik ibilbidea osatzen zuten jauregiak dira hauek: Goiuri, Montehermoso, Eskoriatza-Eskibel eta Bendaña.

Asteazkenetik, uztailaren 6tik, aurrera, turistek eta hiriko historia ezagutzeko interesa duten gasteiztarrek Hedegile kaleko Maturana-Berastegi jauregiko beheko solairua bisitatu ahal izango dute ‘Erdi Aroko erdiguneko jauregi errenazentisten ibilbidea’ren baitan.

Erakusketako gunea, garai bateko atarian kokatuta dagoena, koadroekin, informazio-panelekin eta audiogiden sistemekin egokitu dute ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat. Horri esker, bertan bizi izan zen Maturana-Berastegi familiaren eraikin enblematiko honen historia eta Arabako hiriburua garatzen bete zuten rola ezagutzeko aukera izango.

Gainera, holograma baten bidez, mendez mende jauregiak izandako eraikuntza-etapa ezberdinak ezagutzeko aukera izango da. Bisitak egitea erraztuko duen baliabide originala da hori.

Eskaintza turistikoa

Gasteizko Turismoko Udal Bulegoak proposatutako udako programazioak beste jarduera interesgarri batzuk ere biltzen ditu: ‘Erdi Aroko hirigunerako bisita gidatua’, ‘Horma-irudien ibilbidea’, ‘Bisita Erdi Aroko etxarteetara’, ‘Hiri zuriaren isiltasuna bisitaldi literarioa’, ‘Bisita Santa Isabel hilerrira’.

Gainera, Eraztun Berdea ezagutu nahi dutenentzat ‘Salburuko hegaztiak eta fauna ezagutu’ bisita antolatu dute. Familiek ere izango dute tokia bisita hauekin: bisita Erdi Aroko hirigunera ‘Txikientzako Gasteiz’ proposamenarekin eta ‘Zurburuen Misterioa’ bisita, Estibalizko santutegian egingo dena.

Eskaintza turistiko guztia Udalaren webgunean, www.vitoria-gasteiz.org helbidean dago eskuragarri kontsultatu eta hitzorduetarako txartelak eskuratu ahal izateko. Horiek guztiak Gasteizko Turismo Bulegoan aurrez aurre ere egin ahal izango dira. Bihar hasiko da udako ordutegia eta astelehenetik igandera 09:30etik 19:30era bitarte egongo da zabalik (irailera arte).

Informazio gehiago udal webgunean

Share

Beatriz Artolazabalek mugikortasun jasangarriaren alde Gasteizek egindako apustua goraipatu du nazioarteko adituen aurrean

  • Lehen alkateorde eta Espazio Publikoaren zinegotziak bizikleta bidezko mugikortasuneko nazioarteko aditu onenak Euskadiko hiriburuan bildu dituen Bicycle Summit Euskadi foroan hartu du parte gaur

Grand Départ Pays Basque egitasmoarekin lotutako aurretiazko jardueren baitan, lehen alkateorde eta Espazio Publikoaren zinegotziak, Beatriz Artolazabalek, nazioarteko adituen aurrean mugikortasun jasangarrirantz aurrera egiteko Gasteizek garatutako politikak azaldu ditu. Hain zuzen ere, 2020-2030 Agendan jasotako mundu mailako erronketako bat da hori. Zehatzago esanda, garraiobide garbi gisa bizikletaren erabilera sustatzeko azken urteotan bideratutako ekintzen errepasoa egin du. “Bizikletarekin lotura estua dugun hiria gara. Garraiobide, zaletu, industria… gisa. Eta nazioartean ezagunak diren izenak ditugu. Bizikleta gure egunerokotasunean errotuta dago. Lur honen DNAn sartuta dago”, adierazi du.

Lehen alkateordeak balioa eman nahi izan dio hiri osoan zehar eraikitzen ari diren aparkaleku seguruen sareari eta bidegorrien sare zabalari (200 km ingurukoa). Apustu horri esker, Arabako hiriburua da bizikletaz ibiltzeko Estatu osoko hiri onena OCUren, erabiltzaile eta kontsumitzaileen erakundearen, arabera.

Artolazabalek nabarmendu nahi izan du Frantziako Tourreko etapetako bat jasotzeak Gasteizentzat dakarren aukera bikaina. Izan ere, ez dugu ahaztu behar mundu osoko kirol-ekitaldi garrantzitsuenetako bat dela. “Gasteiz erakusteko nazioarteko erakusleiho bikaina da. Baina antolaketa arloko erronka erraldoia ere bada, eta aldi berean, baita gure herrialdea, kultura eta hiria mundu mailako sustatzeko aukera bikaina ere. Gurearen moduko hiri batean orain arte ezagutu ez ditugun zifrak dituen ekimena da”, adierazi du.

Halaxe erakusten dute zifra batzuek: 2.000 ohe inguru erreserbatuta egunero, 24.000 polizia eta jendarme mobilizatuta, 12 eta 15 milioi ikusle arteko inpaktua eta 190 herrialde lasterketa eskaintzen.

Espazio Publikoaren zinegotziaren ustez, Frantziako Tourrak Euskadin egingo duen egonaldian, frogatuta geratuko da era horretako nazioarteko hitzorduak jasotzeko dugun gaitasuna. Horrez gain, aurten Euskadiko hiriburuan egin diren egitasmo nagusiak gogorarazi ditu. “Garrantzi handiko txapelketak: Itzulia, Klasikoa, Cofidis koparako junior lasterketa eta igande honetan iritsiko da garrantzitsuena: Frantziako Tourra”. Kongresura bertaratu direnei Artolazabalek eskatu die beren lurrean enbaxadore lanak egin eta Gasteizen, Arabaren eta Euskadiren balioak heda ditzatela.

Share

Tokiko Gobernu Batzarrak Segurtasun, Gizarte Politika eta Espazio Publikoko zinegotzigoetarako zuzendari berriak izendatzen jarraitzen du

  • Segurtasuna: José Antonio Haro
  • Gizarte Politika: Boni Cantero
  • Espazio Publikoa: Jorge Ozcariz

Tokiko Gobernu Batzarrak Segurtasun, Gizarte Politika eta Espazio Publikoko eta Auzoetako udal sailetarako hiru zuzendari berri izendatzea onartu du gaur goizean Udal-organigraman sartu diren horiek azken egun hauetan onartutakoei batu zaizkie.

Horrela, Segurtasun arlorako, Iñaki Gurtubai zinegotziak José Antonio Haro aukeratu du, orain arte Giza Baliabideen Saileko teknikaria izan dena. Gizarte Politiketarako, Raimundo Ruiz de Escuderok Maria Bonifacia Cantero egungo zuzendaria berretsi du. Espazio Publikoaren eta Auzoen zuzendari berria Jorge Ozcariz Ensanche 21 hirigintza-sozietatearen egungo kudeatzailea izango da.

Izendapen horien kasuan, Gobernu Taldeak etxeko pertsonak aukeratu ditu, esperientzia handikoak eta erantzukizun berri horiek bere gain hartzeko gaitasun handikoak.

Share