Prentsa Oharren banner

Urtaranen gobernuak iruzur fiskalaren kontrako borrokarako prebentzio plana aurkeztu du, 2019ra arte 89 ekintza aurreikusten dituena

 

 

  • 2016an hartutako kontrol-neurriei esker 2 milioi eurotik gora berreskuratu zen

Ogasun eta Aurrekontu Arloko zinegotzi Itziar Gonzalok Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Plana (2017-2019) aurkeztu du; orotara 89 ekintza aurreikusten dira, alderdi hauetan oinarrituz: zerga betebeharren kontrola, dirua biltzeko sistemen hobekuntza, administrazioen arteko lankidetza, udal sailen arteko koordinazioa eta zergadunari arreta emateko zerbitzuen hobekuntza. Plana indarrean dagoen hiru urteetan 10 milioi euro inguru berreskuratzea aurreikusi du gobernu-taldeak.

“Planaren bi zutabeak kontrola eta eraginkortasuna dira. Kontrola, hartzekoak diren neurri guztien  % 40 zerga betebeharrak betetzen diren zaintzera bideratuko direlako. Eraginkortasuna, beste horrenbeste neurri diru-bilketaren kudeaketa-sistemak hobetzera bideratuko izango direlako, berrikuntza teknologikoez hornituz eta kalitatea sustatuz, arinagoak izan daitezen”, nabarmendu du Itziar Gonzalok.

Kontrol eta eraginkortasun handiagoaz gain, Ogasuneko zinegotziak adierazi du zorroztasuna izango dela 2017-2019ko Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Planaren beste zutabeetako bat. “Planak adierazle objektiboak izango ditu, hala biltzea aurreikusten dena kalkulatzeko nola emaitzak neurtzeko. Ez du zentzurik miloi askoko itxaropenak egitea kalkulu errealistetan eta aurreikuspenetan oinarritu gabe”, erantsi du Gonzalok.

Lehen jarduera-ildoa zerga-betebeharrak betetzen diren kontrolatzearekin lotutakoa da. Horren barruan 36 neurri aurreikusi dira, hiri multzotan banatuta: batetik, zerga-egitateak (OHZ, EJZ, gainbalioa, eta eraikuntza eta obren gaineko zerga) egiaztatzeko eta likidatzeko neurriak hartuko dira; bestetik, zorren kobrantza bermatzeko mekanismoak areagotuko dira; azkenik, Zergak Ikuskatzeko Plana garatuko da, zeinak iaz EJZ berrikusteko abiarazitako jarduerez gain beste batzuk aurreikusten baititu 2017-2019 eperako.

Bigarren jarduera-ildoa zerga-bilketarako prozeduren hobekuntza eta eraginkortasuna sustatzearekin lotuta dago, eta beste 36 neurri barne hartzen ditu. Lau jarduera-eremutan garatuko da: ordainagirien kobrantza, finantza-erakundeekiko lankidetza hobetuz; egoitza elektronikoa hobetzea, bereziki dosier zigortzaileei dagokienez; betearazte-bideko diru-bilketa, eta udaleko sailen arteko koordinazio handiagoa diru-sarreren jarraipena egiteko.

Hirugarren ildoa beste administrazio eta entitate batzuekiko lankidetza da, bi hitzarmenen bidez: batetik, Arabako Foru Aldundiarekin, zergei buruzko informazioa trukatzeko; bestetik, finantza-erakunde laguntzaileekin, diru-bilketarako sistemak hobetzeko.

Laugarren ildoa, azkenik, zergadunari arreta emateko zerbitzuak hobetzearekin lotutakoa da. Horretarako 11 neurri aurreikusi dira, besteak beste, informazioa hobetzea, internetez egin daitezkeen izapide kopurua handitzea eta komunikazio elektronikoak arintzea. “Gure azken helburua zerga betebeharrak borondatez betetzea erraztea da. Kontua ez da inor susmopean jartzea, baizik eta herritarren eta ogasunaren arteko harremana hobetzea zerga-betebeharrak betetzeari dagozkionetan”, azpimarratu du Itziar Gonzalok.

Ildo horretatik,  zergak ordaintzeko tarifa laua ezartzea dugu zergadunentzako zerbitzua hobetzeko neurrien arteko nabarmengarriena; sistema horren bidez, zerga eta tasa ohikoenen ordainketa sinplifikatu eta aldian aldikoa egin ahalko da, eta ordainagiriak zatikatzeko dauden aukerak hobetuko.

 

2016ko emaitzak

Orobat, iruzur fiskalaren prebentzioan eta haren kontrako borrokan iaz hartutako neurrien balantzea egin du Urtaranen gobernuak. Kopuru handiei dagokienez, azpimarratu beharra dago 2.022.710 euro berreskuratu zirela zenbait neurriri esker: ikuskaritza, errolden konparazioa, itzulitako ordainagirien jarraipena, etab.

Kopuru horren zatirik handiena (865.047 euro) gainbalioaren gaineko zergarekin lotutako ikuskapenei dagokie. Orobat, 290.111 euro berreskuratu ziren iaz ekonomi jardueren gaineko zerga berrikusteko abiarazi zen plan bereziari esker.

Hona hemen zergadunentzako zerbitzuak hobetzearekin lotutako beste kopuru adierazgarri batzuk: 187.608 gutun bidali ziren, 2016ko OHZri buruzko informazio praktikoa emateko; ibilgailuen zergaren 2.553 zerga-helbide eguneratu ziren, eta  Zergak Ikuskatzeko Planetik 1.148 dosier eratorri ziren.

 

 

 

 

Share