Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 uztaila 2017 08:58

Alkateak eta talde politiko guztien ordezkariek hartuko dute parte, eta blusa eta neskak ere gonbidatu dituzte

Uztailaren 25ean, Gasteizek duela 40 urte ikurrina udaletxean jarri izana gogoratuko du, eta Blusen Egunean berriro igoko da. Alkateak eta talde politiko guztien ordezkariek hartuko dute parte euskal banderari eta 1977an Udalbatzan aho batez jartzea erabaki zutenei egitekoa den omenaldian. Blusa eta neskak ere gonbidatu dituzte, orduan ere parte hartu baitzuten.

1977ko urtarrilaren 19an legeztatu zen ikurrina. Urte hartan, Santiago eguna baino egun batzuk lehenago, blusek eskatu zuten Gasteizko udaletxean eta beste udal eraikin batzuetan jar zezaten. Hamalau alderdik ere eskatu zioten garaiko alkate Alfredo Marco Tabarri. Handik egun batzuetara, Udalbatzak aho batez onetsi zuen.

Duela lau hamarkadako uztailaren 25eko goizeko 9etan igo zen ikurrina, Blusen Eguneko dianekin batera. Garaiko kroniken arabera, jende ugari bildu zen, eta txalotu egin zuten bandera jarri zenean. María Jesús Aguirre, Merche Villacián eta José Pérez de Valderrama arduratu ziren igotzeaz, eta blusen ordezkaria bat.

Gaur eguerdian alkateak Eledunen Batzarrari azaldu dionez, hilaren 25ean berriro igoko da ikurrina harrera aretoko balkoian, aurrekoan bezala, Blusen Eguneko dianekin batera, goizeko 9etan.  Ohorezko aurreskua ere dantzatuko da. Korporazio hartatik bizirik iraun duten kideak eta blusa eta neskak gonbidatzea aurreikusi da.

Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez, “euskal banderari omenaldia egin nahi zaio, bai eta garai hartako Gasteizko Udalbatzari eta gizarteari ere, askatasunak eta demokrazia defendatzen baitzituzten aho batez, eta diktadurako lau hamarkada atzean utzita garai berri bat hasteko gogoa baitzuten”.

 

Share