Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 uztaila 2017 14:25

 

 

 

 

 

Beste uda batez, Kazetaritza, bertatik bertarajardunaldiak  egingo dira Arabako hiriburuan. Abuztuaren 28tik irailaren 2ra arte, kazetariek, prentsa-argazkilariek eta berriemaileek gaurkotasun informatiboa aztertuko dute, “herritar guztiei irekitako eztabaida eta gogoeta espazioak sortzeko asmoz, informazioaz sakonago eta lasaiago hausnartzearren, urteko beste garai batzuetako presarik gabe”, azaldu du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok jardunaldien aurkezpenean; Icono Cultural enpresako kide Félix Barrón izan du ondoan.

“Kazetaritza, bertatik bertara” egitarauak bosgarren edizioa beteko du, azken hilabeteetan nazioartearen arreta erakarri duten gatazkei begira: Ekialde Hurbila, Afrikako bihotzeko indarkeria, eta Frantzia zein Estatu Batuetako egoera politiko eta sozial berria, besteak beste.

Jarduera gehienak Europa jauregian egingo dira. Funtsean hitzaldi eta mahai-inguruek osatzen dute programa, zeinetan leku gatazkatsuetan lan egiten duten berriemaileak, ordezkari bereziak, prentsa-argazkilariak edo beste profesional batzuk arituko baitira.

Hitzaldi eta solasaldiak 12:00etan eta 19:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

Argazki-erakusketa bat ere jarriko da kalean, Judith Prat prentsa-argazkilari aragoiarraren “Boko Haram,  indarkeria Afrikaren bihotz ekonomikoan”. Erakusketan, 2015. eta 2016. urteetan egindako argazkiak ikus daitezke; Boko Haram-ek baliatutako indarkeria adierazten dute eta herritarrengan zer nolako ondorio suntsitzaileak izan zituen: atentatu suizidak jende asko biltzen den tokietan, emakumeak bahituta, ehunka mila pertsona etxerik gabe… Europa biltzar jauregiaren ondoan paratuko da, abuztuaren 11tik irailaren 3a arte.

Pratez gain, beste hauek hurbilduko dira Gasteizera: Joseba Zalacain, gai sozialetan espezializatuko kazetaria, zeinak desorekak, prekarietatea eta pobrezia izango baititu hizpide; Mikel Reparaz, EITBren berriemailea AEBetan; Rocío López argazkilari eta irakaslea; Ricardo García Vilanova kazetari eta bideo-kazetaria, zeinak hedabide ospetsuentzat lan egiten baitu, eta Alexandra Gil, kazetaria eta terrorismo yihadistan espezializatutako idazlea.

Gauez, programan landutako edukiekin lotura duten filmen ziklo bat antolatu da. Florida zinema-aretoetan izango dira proiekzioak, 3 euroan.

Azkenik, Kazetaritza, bertatik bertara programaren bosgarren edizioko berritasun gisa, irailaren 1ean Desertuko biztanleei buruz – Acerca de los habitantes del desierto errezitaldia egingo da Europa jauregian: Ricardo García Vilanovaren argazkiak proiektatzen diren bitartean, Bernardo Atxagak bere testuetako batzuk errezitatuko ditu, eta Anari kantariak bere lanetako batzuk interpretatuko.

Periodismo a pie de calle

Share