Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 ekaina 2019 12:42

Vitoria-Gasteiz 2018-2019 Enplegu Planak ia lau milioi euroko inbertsioa ekarri du, eta 400 lanpostutik gora sortzea. Horren barruan, besteak beste, udal jabetzako bi areto eraberritu dira Pintore kalean, eta zenbait hobekuntza lan egin dira Zaramagako haur-etxe zaharrean. Natura- eta hiri-espazioak birgaitzeko sustatu diren enplegu-planei esker egin dira lan horiek,  kontratu gehien sortu duten jarduera-ildoetako baten barruan.

Aipatutako eraberritze lanak egiteko 47 pertsona kontratatu dira orotara: hiruk arkitekturaren arloko teknikarien profila zuten; beste sei taldeburu aritu dira, eta gainerako 38 pertsonak peoi aritu dira, ez baitzen kualifikaziorik eskatzen. Azken horiek bost asteko prestakuntza jaso zuten, eta ondoren hobekuntza eta mantentze lanak egin dituzte, kontratuko sei hilabeteak bete arte.

Kontratatutako 22 pertsona 55 urte gorakoak ziren, helburu estrategikoetako bat baitzen laneratzeko zailtasunik handienak dituztenei —langabezian denbora luzea daramatenei— enplegua ematea. Aipatzekoa da, halaber, horietako 35 diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak edo onuradunak zirela. “Enplegu-plan horiei esker, irtenbideak eskaini dizkiegu lan bila ari direlarik laguntza ekonomikoa jasotzera mugatu nahi ez dutenei. Horrexegatik saiatu gara lan-merkatuan oztopo gehien aurkitzen duten pertsonen enplegagarritasuna sustatzen”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak.

Lanei dagokienez, Pintore kaleko aretoak eraberritzearen helburua zen haien itxura berritzea eta erabilera ahalik eta malguena emateko behar diren zerbitzuez hornitzea; horretarako, komunak udalaren irisgarritasun araudira egokitu dira, eta gutxieneko zerbitzuak jarri. Zehazki, aretoak garbitu eta oinarrizko zerbitzuak ordeztu dira. Hezetasunak zituzten horma zatiak saneatu dira, eta eraikuntza-konponbide berriak erabili. Sarbideak, argiztapena eta irudi orokorra ere hobetu dira.

Zaramagako haur-etxe zaharraren kasuan, duela urte batzuk abiarazitako birgaitzea sustatu ahal izan da enplegu-planaren bitartez. Irudia hobetzeko eta saneamendu zerbitzuak berreskuratzeko lanak egin dira, eta ur eta elektrizitate lotune berriak jarri, ahalik eta erabilera malguena emateko behar diren zerbitzuez hornitzeko.

Espazioa guztiz isolatu ondoren, klimatizazio eta aireztapen instalazio berriak gehitu dira, urteko sasoi guztietan erabili ahal izateko. Lanik nabarmengarriena berreskuratutako lanpara zaharrak baliatuz diseinatzen ari diren luminaria berriak ditugu. Enplegu plana bukatzen den arte, barruko banaketak bukatu nahi dira, eta zoru isolatua instalatu, ahalik eta praktikoena.

Natura- eta hiri-espazioak birgaitzearekin batera, hondakinen kudeaketa eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen laneratzea izan dira kontratu bolumen handiena sortu duten sektoreak Vitoria-Gasteiz Enplegu Planaren barruan.

 

 

Share