Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 ekaina 2019 13:22

 

  • 100.000 euroko aurrekontua izango du, eta lau kategoria, proiektu motaren arabera

Ikus-entzunezko proiektuak garatu eta ekoizteko nahiz gidoiak idazteko laguntzen hirugarren deialdia onetsi du; dirulaguntza-ildo horrek 100.000 euroko partida du, eta tokiko sorkuntzaren industriak fikzioaren, animazioaren, dokumentalen eta serieen alorrean ekimenak sustatzea ahalbidetuko du.

“Deialdi hau beste urrats bat da sorkuntza eta kultura industriei laguntzeko ildo estrategikoaren barruan, zeina agintaldi osoan sustatu baitu Udalak. Horrelako jarduerak abian jartzerakoan koordinazioak duen balioa azpimarratu nahi dugu, udal laguntzak abiapuntu ona baitira beste erakunde batzuen laguntzak lortzeko berme gisa.  Sorkuntzari laguntzeko ekosistema oso baten oinarriak ezartzerakoan ere eskutik helduta joan gara. Laguntza ekonomikoak ez ezik, instalazioak eta lan-sareak eskaini dira“, nabarmendu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Aurreko bi edizioetan bezala, lau kategoriatan banatu dira dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak:

  • Zinema- eta telebista-proiektuak garatzeko laguntzak: egile-eskubideak eskuratzeko, gidoia garatzeko, promozio-materiala diseinatu eta egiteko, marketin- eta banaketa-plan bat lantzeko, koprodukzio azoketara joateko, castinga egiteko, agertokiak aurkitzeko, proiektua garatzeko ikerketarako, edo aholkularitza juridiko edo fiskala jasotzeko. Laguntza-ildo horrek 25.000 euroko partida du, eta gehienez 8.500 euro jaso ahalko du proiektu bakoitzak.
  • Zinema-film luzeak eta sorkuntza-dokumentalak egiteko laguntzak: zinema-film luzeak (fikzioa eta animazioa) eta sorkuntza-dokumentalak ekoizteko gastuak. Gutxienez 60 minutu iraun beharko dute zinema-aretoetan ematekoak badira, eta 45 minutu telebistan edo plataforma digitaletan ematekoak badira. Atal horri 40.000 euro esleitu zaizkio, eta 20.000 euroko muga proiektuko.
  • Film laburrak ekoizteko laguntzak: edozein euskarritan egindako filmak joko dira film laburtzat, 60 minututik beherako iraupena —gomendatua— dutelarik. Horretarako laguntzak 25.000 euro izango dira (gehienez 8.750 euro proiektuko).
  • Gidoiak idazteko laguntzak:  garapen fasean dauden fikzio- nahiz animazio-gidoi zinematografikoak idazteko laguntzak, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatziak. Atal horri 10.000 euro esleitu zaizkio, eta 5.000 euroko muga proiektuko.

Jasotako eskabideak balioestean kontuan hartuko da lanen egileak Gasteizen bizilekua edo egoitza izatea, proiektu motaren arabera alda daitekeen gutxieneko portzentaje batean. Proiektuetan emakumeen parte-hartzea zenbait lanetan (zuzendaritza, ekoizpen exekutiboa, gidoia, argazki-zuzendaritza eta musika konposizioa)  ere hartuko da kontuan baremazioan, aurrekoak baino pisu handiagoa duelarik.

Lanak hautatu eta balioesterakoan beste irizpide batzuk ere hartuko dira aintzat: proposamenaren originaltasuna eta kalitatea, erabilitako giza baliabideak, ekoizpen-plana, kaudimen ekonomikoa, ibilbidea eta abar.

Deialdiaren oinarriak Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta hurrengo egunetik aurrera 20 egun baliodunekoa izango da.

Bestetik, ikus-entzunezkoen ekoizpenerako bigarren laguntza-deialdia, zeina iazko azaroan ebatzi baitzen, lehen fruituak ematen ari da. Guztira 10 ekimenentzako laguntzak eman ziren (3 proiektuak garatzeko, 2 film luzeak ekoizteko,3 film laburrak ekoizteko, eta 2 gidoiak idazteko), eta sorkuntza fase ezberdinetan daude horiek.

Dirulaguntza jaso zuten bi film luzeak (“Baby”, Juanma Bajo Ulloa – Frágil Zinema SL-rena, eta “Ane”, David Pérez Sañudo – Amania Films SL-rena) urte honen hondarrean filmatzen hastea aurreikusi da. Film laburren kasuan, bi agertokiak bilatzen eta talde artistiko eta teknikoa osatzen ari dira, eta beste kasu batean filmatze eta ekoizte fasea ere abiarazi ahal izan dute ikus-entzunezko proiektuak garatzeko laguntzei esker; beste batean, azkenik, finantzaketa osatzen saiatzen ari dira.

 

 

 

Share