Prentsa Oharren banner

Ekonomia Zirkularra sustatzeko plana eta 2030 estrategia izango du agintaldi honetan Gasteizek

Hiriak ekonomia zirkularraren arloan dituen aukerei buruzko hausnarketa egin ahal izateko diagnostiko bat egiteko lehiaketa bat plazaratzea onetsi du gaur IGIk, gerora, hori oinarri hartuta, partaidetza-prozesu baten bidez 2030erako marko estrategikoa eta ekintza-plana egiteko

 

 

Gasteizek Ekonomia Zirkularreko plan propioa eta 2030erako marko estrategikoa izango ditu agintaldi honetan, tokiko ekonomia linealetik tokiko eredu zirkular baterako trantsizioa bizkortzeko. Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintzaren eta Ekonomia-Sustapenaren sailek batera bultzatuko dute. IGIko Kontseiluak gaur goizean egin duen bileran diagnostiko bat egiteko laguntza teknikoa lehiaketara ateratzea onetsi du, hiriak ekonomia zirkularraren arloan dituen aukerei buruzko hausnarketa egin ahal izateko, eta, horretan oinarrituta, bigarren fase batean, 2030erako esparru estrategikoa eta ekintza-plana egitea partaidetza-prozesu baten bidez. Kontratuko lote guztien aurrekontua 96.050 eurokoa da.

Kontratuaren xedea da 3 laguntza tekniko espezializatu izatea, 2030erako Tokiko Estrategia eta Ekintza Plana diseinatzeko eta idazteko proiektuan laguntzeko. Plan horrek 4 urteko iraupena izango du, eta adierazle-sorta bat, partaidetza- eta komunikazio-prozesuaren diseinua eta egikaritzea, eta ekonomia zirkularraren inguruko kontsumo-ohiturei eta herritarren pertzepzioari buruzko azterlan bat“, azaldu du IGIko presidente Ana Oregik, zeinak, aldi berean, azpimarratu baitu zeinen garrantzitsuak diren “bultzada koordinatua eta sail eta diziplinen arteko estrategia partekatua, Europak eskatzen diguten bidean jarraitzeko”. “Gasteiz erreferentea da oraindik ere hirigintza-, ekonomia- eta ingurumen-jarduketetan, betiere jasangarritasuna jomugan, eta hala izan nahi du zirkulartasunaren esparruan ere, Europako politikekin bat egingo duen estrategia propio eta zehatz baten bidez”.

Ekonomia-Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak nabarmendu duenez, “Klima-aldaketaren aurkako eta trantsizio ekologikoaren aldeko politikek sendotu egiten dituzte gure enpresak, gure ekonomia modernizatzen dute eta enplegua sortzen“. Ildo horri jarraiki, Gasteizko Udalak “azken urteetan jarduera garrantzitsuak egin ostean, ekonomia zirkularrarekin lotutako estrategia indartu” behar duela azpimarratu du. Adibide gisa, lehen alkateordeak 2017ko bat gogorarazi du: orduan Udalak “diziplina anitzeko talde tekniko bat osatu zuen, Enpresen, Plangintzaren eta Ingurumen Kudeaketako (Hondakinak Kudeatzeko Unitatea) zerbitzuetako langileekin, eta horri esker hainbat proiektu garatu ahal izan dira, materialen kudeaketari dagokionez ikuspegi diferentzial bat txertatuta, tokiko ikuspuntua alegia“. Diziplina anitzeko talde horretara Jasangarritasun, Klima eta Energia Zerbitzua eta Ingurumen Gaietarako Zentroa gehitu dira berriki, barne-harremanak sendotzeko, ahaleginak bateratzeko eta talde bakoitzaren know-howen bidez aberasteko.

 

 

Share

Bi ibilgailuk su hartu dute garaje batean

Bi ibilgailu erreta geratu dira gaurko lehen orduetan izan den sute batean. Jeronimo Roure kaleko garaje batean izan da sutea. Keak eremu osoa hartu du, eta atarietako eskaileretaraino ere iritsi da.

Suhiltzaileek urarekin itzali dute bi ibilgailuetako sua, eta bi ibilgailuak erabili ezinik geratu dira. Garrek kalteak ere eragin dituzte sabaiko emokadura eta beste egitura batzuk berotu direlako sute eremuan, baita garaje osoan kea zabaldu delako ere.

Atarietako eskailerak aireztatu ostean, egiaztatu dute monoxidorik ez zegoela garajean, eta esku-hartzea 3:30ean amaitutzat eman dute. Hala ere, ordu batzuk geroago, beste ikuskapen bat egin dute.

Share

Gasteizen gertatutako eraso matxista gaitzesteko eta arbuiatzeko komunikatua

Gure udalerrian gertatutako eraso matxista dela eta, Gasteizko Udalak gaitzespen eta arbuio irmoena adierazi nahi du eraso machista horren aurrean, baita biktimari babesa eta hurbiltasuna adierazi ere, behar dituen baliabide psikologiko, juridiko eta sanitarioak zein babesteko eta harrera emateko baliabideak beren esku jarriz eta beren interesei eragiten dien informazio guztia dutela bermatuz.

Alde horretatik, Gasteizko Udalak, kasuari buruzko berri izan zuenetik, eta  informazioa kontrastatu ondoren, horri buruz ahalik eta ikuspegi osoena eta zehatzena izateko, Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistaren Aurrean Erantzuna Emateko Protokoloa aktibatu zuen, informazio guztia biltzeko eta erakundeen erantzuna eta biktimen gertukoentzako arreta koordinatzeko.

Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela eta lehen mailako arazo soziala, nagusiki hura sufritzen eta aurre egiten dioten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkakoa. Indarkeria mota hori ez dute ekintza isolatuek osatzen: gure gizartea egituratzen duten jokaera esplizituen eta mezu normalizatu eta sinbolikoen sarea da, zeinak emakumeak gizonen mende edukitzeko xedea duen, baita indarrean dagoen sistema heteropatriarkalak ezartzen dituen mugak gainditzen dituen gorputzik, eredurik edota jokaerarik ez onartzeko xedea ere.

Bada, Gasteizko Udalak, emakumeen eta LGTBI pertsonen giza eskubideak benetan gauzatzen direla bermatzeaz arduratzen den erakunde publikoa denez, neurriak sustatzen jarraituko du udal-erakundeek eta herritarrek oro har edozein eraso matxistaren aurrean berehala eta irmo erantzun dezaten, biktimek lehentasunezko arreta jaso dezaten, eta prebentzio-neurriak gara daitezen emakumeei eta LGTBI pertsonei indarkeriari aurre egiteko tresnak ematearren eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala ez onartzearren.

Era berean, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak bermatzeko lanean jarraituko duela hitz eman du Udalak, bere eskumenak erabiliz.

Udalak bat egiten du mugimendu feministak deitutako arbuio- eta gaitzespen-ekitaldiekin, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu horietan parte hartzera (pandemiagatik behar diren prebentzioekin) eta gure babesa behar izan dezaketen gaitzespen-ekimenen berri ematera Udalari.

 

Share

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Andre Maria Zuriaren plazako sarbideak zainduko dituzte abuztuaren 4an eta 9an  

Jende-pilaketak galaraziko dute, eta osasun- ea segurtasun-neurriak betetzen direla zainduko

Bigarren urtez jarraian, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Andre Maria Zuriaren plazako sarbideak kontrolatuko dituzte abuztuaren 4an eta 9an, pandemiaren ondorioz bertan behera geratu diren Zeledonen jaitsiera eta igoera izan behar luketen ekitaldien aurreko eta ondorengo orduetan.

Andre Maria Zuriaren jaiak bertan behera uztearekin batera, hainbat segurtasun- eta osasun-neurri ezarri dituzte, birusaren transmisioa eta gaixotasunaren kutsatzea mugatzeko. Helburua arriskua dakarten egoerak murriztea da, esaterako jende-pilaketak. Hala jasotzen du Udalak Ez-jaien harira kaleratu duen bandoak.

Bihar, abuztuak 4 (asteazkena), Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Andre Maria Zuriaren sarbideak eta inguruko kaleak zainduko dituzte 16:30etik 19:00etara, jende-pilaketarik gerta ez dadin. Kontrol guneak ezarriko dituzte Mateo de Moraza kalean, Aihotz plazan, Arkupeetan, Hedegile, Zapatari, Diputazio eta Prado kaleetan, Loma Jeneralaren plazan, Dato eta Posta kaleen arteko bidegurutzean, Gernikako Estatutuaren eta Posta kaleen artekoan, eta Espainia plazatik Andre Maria Zuriarenerako sarbidean.

Autobusek, taxiek, larrialdietako ibilgailuek eta garajeetan sartzeko edo irteteko baimena duten ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahal izango dute ordu horietan. Halaber, oinez sartu eta irtetea baimenduko zaie etxebizitza inguru horretan duten pertsonei, bai eta ostalaritza-establezimenduetatik ere.

Bestalde, segurtasun-lerroaren barruan dauden establezimenduek ezin izango dituzte mahaiak bide publikoan jarri 15:00etatik 19:00etara bitartean.

Gauza bera errepikatuko da abuztuaren 9ko 23:00etan hasi eta 10eko 01:30era arte.

San Migel elizako balkoia

 Iaz bezala, abuztuaren 5ean ere Udaltzaingoak kontrolatuko du aurten San Migel balkoiaren sarbidea, edukiera errespetatu ahal izateko eta jende-pilaketak galarazteko, bai eliza barruan, bai Andre Maria Zuriaren irudiaren aurrean ere.

Beste neurri batzuk

Udalak herritarrei gogorarazi nahi die, batetik, aire zabaleko espazioetan ere nahitaez erabili behar dela maskara, baldin eta pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko tartea utzi ezin bada, eta bestetik, debekatuta dagoela bide publikoan edari alkoholdunak kontsumitzea baimendutako terraza eta mahaietatik kanpo.

Bandoa EZ Jaiak

Share

TAOrik ez, aldi baterako, bihartik aurrera

TAO indarrik gabe geratuko da bihar, abuztuak 4, 14:00etatik aurrera. Lurrazaleko aparkaldi mugatuko zerbitzua arautzen duen ordenantzak berak ezartzen du jaiegun ofizialetan ez dela ordenantza aplikatuko, ezta abuztuaren 5etik 31ra bitartean ere, bi egun horiek barne. Ordenantzak ezartzen du, baita, abuztuaren 4a lanegun egokituz gero, 14:00etan geratuko dela bertan behera TAO araudia. Horixe da aurtengo kasua.

Uztailaren 22an ohar bat jarri da txartelak saltzeko makinetan, TAO aldi baterako indar gabe geratzearen berri emateko.

Share