Prentsa Oharren banner

Hiru atxilotu Pilarreko taberna batean drogarekin trafikatzeagatik

Udaltzainek atzo 49, 37 eta 31 urteko hiru gizonezko atxilotu zituzten Pilar auzoko taberna batean droga-trafikoaren delituaren ustezko egileak izateagatik.

19:00ak aldera esku hartu zuen udaltzaingoak. Auzoan bizi ziren pertsonek ekainaren amaieran tabernaren funtzionatzeko modu arraroari buruzko eta tokian izan zitekeen droga-salmentari buruzko informazioa eman zutenean hasitako operatiboaren emaitza izan da.

Udaltzaingoak droga-salmenta egiaztatu zuen pertsona bat geldiarazi ostean. Pertsona horrek onartu zuen haxix kopuru jakin bat saldu ziola tabernako zerbitzari batek. Zehazki, lehendik ere poliziek pertsona hori identifikatu zuten arrazoi berberarengatik.

Tabernan errepikatutako jarduera antzematen zenez, etengabeko zaintza ezarri zen eta agenteek egiaztatu zuten droga-salmenta prozesua zerbitzariak egindako telefono-dei baten ostean hasten zela. Minutu batzuk geroago, bi pertsona iristen ziren, elkarrekin edo segundo batzuetako aldearekin. Tabernara joaten ziren eta erosleak eskatutako haxix kopurua saltzen zien zerbitzariak. Droga banatu ostean, establezimendutik irteten ziren, lehenengo eroslea, eta geroago, saltzaileak.

Agenteak tabernara joan ziren, eta bertako garbitasun-egoera ikusita, egiaztatu zuten ezinezkoa zela tokian bertan kontsumitzea. Berretsi zuten drogaren salmenta zela helburu bakarra. Hori dela eta, establezimenduko hiru arduradunak atxilotzeari ekin zioten osasun publikoaren kontrako delituaren ustezko egile gisa. Gaur pasatuko dira epailearen eskutik.

Hiru pertsona kaltetu ditu sute batek

Hiru pertsona kaltetu ditu Gasteizko Taldearen kaleko etxebizitza bateko sukaldean izandako suteak. Pertsonetako bat anbulantzian eraman behar izan dute osasun-zentro batera. Parkean jaso zuten jakinarazpena 20:00ak baino zertxobait lehenago, eta suhiltzaileak sutearen lekura iritsi zirenerako, sua itzalita zegoen, baina kea eraikineko eskaileretan zehar zabaldu zen. Hori dela eta, suhiltzaileek aireztatzeari ekin zioten.

Batzar Nagusien kalean ere esku hartu zuten. Prentsatzeko tiradera batean sutea sortu zen. Udaltzaingoak su-itzalgailu batekin itzali zituen garrak eta suhiltzaileek urarekin errematatu zuten.

Share

Aire zabaleko kultur agendak 10 jarduera eskainiko ditu programaren bukaeran: musika, antzerkia, dantza, zirkua eta magia

Sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak aire zabalean antolatutako jarduera programa datorren astean bukatuko da. Horren bitartez,  120 konpainiak guztira 150 ikuskizun eskainiko dituzte Arabako hiriburuan, uztailaren 6tik irailaren 5era arte.

Abuztua amaitzeko, hilaren 31n (asteartea) bi hitzordu interesgarri izango dira. Lanku konpainiak ‘Luze edo motz’ bertso-antzerkia aurkeztuko du 20:00etan, Aranbizkarreko parkean, eta Duluth bandak kontzertua emango du 20:30ean, Ibaiondoko gizarte-etxeko plazan.

Irailaren 1ean dagoeneko, Hodei magoak ‘Harritzearen abilezia’ izeneko ikuskizuna eramango du Hegoalde gizarte-etxera, 19:30ean, eta Arriagako anfiteatrora hurbiltzen den publikoak Elh Malick-en musikaz gozatu ahalko du, 20:30etik aurrera.

Irailaren 2an, berriz, Zirkozaurre taldearen ‘Kobr3’ zirku-ikuskizuna eskainiko da Zabalganeko gizarte-etxean, 19:30ean, eta Pez Limbo konpainiak ‘Txilin hotsak’ eta ‘Bittor eta Franky’ antzeztuko ditu Zulueta jauregiko lorategietan, 20:00etan.

Hilaren 3an, Amaia Elizaranek ‘Out’ dantza pieza aurkeztuko du Frai Zacariaseko elurzuloan, 19:00etan eta 20:00etan. Salburuko kirol esparruan (Gabriela Mistral), berriz, antzerkia izango da: Belén Cruz eta Mila Espigaren ‘Anarkia relacional’ lana.

Eidabe konpainiaren ‘Meri, Mari eta Lari’ lanak eta Malas Compañías taldearen ‘Zirkus’ ikuskizunak jarriko diote urrezko amaiera egitarauari, irailaren 5ean (igandea); lehena Hegoalde gizarte-etxean izango da, eta bigarrena, Arriagako anfiteatroan. 19:30ean hasiko dira bi saioak.

 “Hamar jarduera horiek emango diote amaiera Gasteizen denboraldirako egin dugun kultura apustuari. Gasteiztarrak proposamen horietara joatera animatzen ditugu. Izan ere, denetik dago, jende ororentzat. Udaz burua galdu gabe gozatzeko modua da”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Sarrera librea izango da, erreserbatu beharrik gabe eta lekuak bete arte. Gune horiek guztiak aire zabalean izango dira, mugatuta, eta kopuru jakin bat onartuko da bakarrik. Ikusleak eserita egongo dira, eta segurtasun-neurria guztiak gordeko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren indarreko araudia jarraiki.

Informazio gehiago

UDAKO KULTUR PROGRAMAZIOA

Amaia Elizaran

Mari, Mari eta Lari

Share