Prentsa Oharren banner

Atxilotua indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik

Udaltzainek 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizean indarkeria eta intimidazioa erabiliz lapurreta-delitu baten ustezko egilea izateagatik.

14:00ak baino lehenxeago, gizonezko bat adingabe bati patinete elektrikoa lapurtzen saiatzen ari zela zioen abisua jaso zuten Agirrelandan. Biktimak, haren amak eta lekukoek udaltzainei adierazi zieten merkataritzagunetik ateratzean, gizonezkoa gerturatu zitzaiela (patinete gainera erortzearen itxurak egin zituen) eta lekukoetako batekin borroka egin eta eraso egin ziola. Ondoren, patinetea hartzea eta ihes egitea lortu zuen. Beste patruila batek topatu zuen lapurra inguruan, eta atxilotu.

Ordu batzuk geroago, epailearen esku utzi zuten guardiako epaitegian zegozkion izapidetzeak egin ondoren.

 

Bizikleten eta MPIen kontrola 

Gaurtik abuztuaren 27ra arte, Udaltzaingoak bizikletak eta Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak (MPI) kontrolatzeko zirkulazioko kanpaina berezia egingo du.

Udaltzainek 16 urtez azpiko txirrindulariek kaskoa eta derrigorrezkoak diren txirrina eta argiak erabiltzen dituztela kontrolatuko dute. Gainera, zirkulazio-arauak eta igarotzea baimenduta dagoen tokietan ordutegiak eta guneak errespetatzen direla kontrolatuko dute. Bestalde, bizikletek egoera onean zirkulatzen dutela zainduko dute.

Patinete elektrikoei dagokienez, espaloietatik eta oinezkoen eremuetatik ez dutela zirkulatzen eta gidariek telefono mugikorrak eta aurikularrak ez dituztela erabiltzen kontrolatuko dute (bizikletarien kasuan bezalaxe).

Udaltzaingoak gogorarazi du gurpil bateko edo gehiagoko MPIek ezin dutela orduko 25 kilometro baino gehiagoko abiadura gainditu eta pertsona bakarrak zirkula dezakeela. Ondorioz, bidaiariak eramatea eta potentzia handiagoekin zirkulatzea zigorgarria izan daiteke.

Gainera, 1000W baino gehiagoko potentzia duten zilindradak dituzten eta, eska daitekeen dokumentazioari dagokionez ziklomotorren antza duten MPI izeneko ibilgailuak kontrolatuko dituzte: gidabaimena, zirkulazio-baimena, asegurua, matrikula eta IAT.

Kanpaina honen oinarrizko helburua da istripu-indizea gutxituta bide-segurtasuna bermatzea.

Share