Prentsa Oharren banner

Atxilotua bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek 38 urteko gizonezko bat atxilotu dute bart bikotekidearen aurkako eraso delituaren ustezko egilea zelakoan.

Guztia landatar eremuko etxebizitza batean gertatu da, 02:30 baino lehenxeago. Biktimak seinaleak zituen aurpegi eta lepoan eta, arreta eman dioten udaltzainei adierazi dienez, bikotekideak eragin dizkio eztabaidan.

Alderdi guztiekin eta lekukoekin elkarrizketatu ostean, udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotu dute. Bestalde, anbulantzia batek biktimari arreta eman dio guztia gertatu den tokian. Atxilotua gaur jarriko dute epailearen esku.

 

Udaltzainen aurkako atentatua 

Udaltzainek atzo eguerdian 19 urteko gazte bat atxilotu zuten agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren ustezko delitua egiteagatik.

Koroatze auzoan zaintza-lanak egiten ari ziren bitartean, poltsa batean produktu elektroniko batzuk zeramatzaten gazteen talde bat ikusi zuten. Gertu dagoen establezimendu batean saldu behar zituztela susmatu zuten, merkantzia zeramana ondarearen aurkako delituak zirela eta ezagutzen zutelako. Ondorioz, harekin hitz egitea erabaki zuten. Une hartan, gazteetako bat oldarkor jarri eta udaltzainetako baten aurka eraso egin zuen. Ondorioz, atxilotu egin zuten.

 

Zirkulazioko kanpaina berezia

Abuztuaren 13tik 15era bitartean, Udaltzaingoak gidatzeko garaian eragin negatiboa duten eta istripua izateko arriskua areagotzen duten alkoholaren, drogen eta beste substantzia estupefaziente batzuen kontsumoa kontrolatzera zuzendutako zirkulazioko kanpaina berezia garatuko du.

Suhiltzaileak

PSISZko kideek Zabalgana auzoko Mahatma Gandhi kalean su hartu duen auto bateko sua itzaltzen lagundu behar izan dute bart. Guztia 00:35ean gertatu da eta ez du kalterik eragin beste ibilgailu batzuetan edo hiriko altzarietan.

Share

Justiziak ukatu egin du Animaliak Babesteko Zentrora itzultzeko APASOSek eskatutako kautelazko neurria

Autoak elkartearen salaketak desmuntatzen ditu, eta baieztatzen du “ABZn dauden animaliak behar bezala artatuta daudela” eta “ez dagoela kalte konponezinik“; izan ere, Udalak errefortzu eta baliabide propioekin eta langile kualifikatuekin betetzen ditu bertako jarduerak.

 

 

Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegiak autoa eman berri du APASOS elkarteak eskatutako kautelazko neurria ukatzeko. Duela gutxi, elkarte horrek salaketa larriak egin zituen Animaliak Babesteko Zentroaren kudeaketaren aurka. Atzo bertan kaleratutako autoak elkartearen salaketa horiek banan-banan desmuntatzen ditu, eta “ABZn dauden animaliak behar bezala artatuta” daudela eta “kalte konponezinik ez” dagoela baieztatzen du; izan ere, Udalak errefortzu eta baliabide propioekin eta langile kualifikatuekin betetzen ditu bertako jarduerak.

Abuztuaren 6ko auto baten bidez, kautelazko neurria onartu zitzaion APASOSi (oraindik Udalari entzun gabe), baina behin alegazioak eta udal-teknikarien txostena jaso ondoren, abuztuaren 12ko autoaren bidez epaileak erabaki du elkarteak eskatutako kautelazko neurria ukatzea. Horrek esan nahi du Udalak bere giza baliabideekin eta baliabide ekonomikoekin jarraituko duela ABZ kudeatzen, eta beste elkarte eta boluntario batzuen laguntzarekin.

Dokumentuan gogorarazten denez, “ABZ udal-langileekin kudeatzen da zuzenean. 36 urte daramatza lan hori egiten, 1985ean sortu zenetik, gizartearen behar eta eskaera berrietara egokitzeko beharrezkoak diren hobekuntzak eginez”. Idazkiaren arabera, ABZk “indarrean dagoen araudiari egokitutako instalazioak eta baliabide material eta pertsonalak ditu” eta “animalien ongizaterako beharrezko baldintzak betetzen ditu“.

Idazkiak gogorarazten duenez, halaber, bere eskumenak gauzatzeko zentroak “funtzionarioekin ematen ditu zerbitzuak, eta langile horien kualifikazio teknikoak, eskumenak, funtzioak, zereginak eta hautaketa ezarritako araudiaren eta prozeduren arabera zehazten eta betetzen dira, eta, nolanahi ere, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren, gardentasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioetan oinarrituta. Era berean, eta jarduera osagarrietarako —ez funtsezkoetarako—, zentroak hainbat elkarteren (ez bakarrik errekurtsogilearen) eta elkartu gabeko boluntarioen lankidetza izan du iraganean”.

Autoak islatzen duenez, gaur egun ABZk “langile propio kualifikatuak, trebatuak eta animalien esparruan esperientzia handikoak ditu, eta atxikitako langileak nahikoa dira zerbitzua emateko“, eta “albaitarien eta albaitaritza-laguntzaileen oporraldietan eta aldi baterako ezintasunetan animaliek arreta jasotzen jarrai dezaten bermatzen da errefortzu eta ordezkapenen bidez“.

Nolanahi ere, epaitegiaren idazkian honako hau jasotzen da arrazoibide juridiko gisa: “APASOS elkartearekiko lankidetza eten zenez geroztik, Udalak baliabide propioekin hartu ditu bere gain hitzartutako jarduerak, eta, beraz, udal-langile kualifikatuekin egiten dira jarduera horiek, eta indartu egiten dira langileen kontratazio berriekin“.

Elkarteak zentrora itzultzea eskatzeko erabiltzen zuen aldi baterako harrera-etxeen programari dagokionez, idatziak azpimarratzen du “programa horiek 10 urte baino gehiago daramatzate[la] martxan ABZn“.

 

 

 

 

 

Share

Antzerkia, musika eta zirkua eskainiko dira datorren asteko aire zabaleko kultur programazioan

Aurrera jarraitzen du udako aire zabaleko kultur programazioak, eta datorren astean antzerkia eskainiko da batez ere, baina baita musika eta zirkua ere.

Asteartean, abuztuak 17, Jon Zabal magoaren “Inbentario” ikuskizuna izango da Ibaiondoko gizarte-etxearen kanpoaldean (Poliedroen parkea). Bere saio onenen bilduma: telepatia, hipnosia, saio espiritistak, apustu arriskutsuak eta “errealitatearen eta fikzioaren arteko lerroa ia hautemanezin bihurtzen duten” beste zenbait erakustaldi mental. 20:00etan izango da.

Asteazkenean, abuztuak 18, Kolektivo Monstrenko taldeak “Espejismos-El lado épico” lana eskainiko du Hegoalde gizarte-etxearen kanpoaldean. Helduentzako ikuskizun hau 20:30ean hasiko da.

Ostegunean, ordu berean, “Me too” lana antzeztuko dute Ainhoa Aierbek eta Tessa Andonegik Zabalganeko gizarte-etxearen kanpoaldean. Bi emakumeek feminismoaren inguruko hausnarketa egingo dute. “Bizitzea tokatu zaigun garai zirraragarriaz. Feminismoa berpiztu egin da, eta, berarekin batera, inoiz entzun gabeko kontzeptu, termino, hitz eta gauza ugari”. 

Ostiralean, abuztuak 20, musika izango dugu kultur programazioan Gasteizko abeslari eta konpositore Sophiren eskutik. 20:30ean emango du kontzertua, Erdi Aroko hiriguneko garai bateko elurtegian (Frai Zacarias Martinez kalea).

Azkenik, igandean, abuztuak 22, “Hemendikara” haurrentzako zirkua izango da, Zirika Zirkusen eskutik.  Zulueta jauregiko lorategietan, 19:00etan.

Ohi bezala, sarrera librea izango da, erreserbarik gabe, eta lekua bete arte. Aire zabaleko leku horiek guztiak mugatuta egongo dira eta ikusleak eserita egon behar dute. Segurtasun-neurri guztiak beteko dira, Eusko Jaurlaritzak indarrean dituen araudiak bete.

Programazioa abuztuak 17-22

Share