Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalaren erakunde adierazpena Afganistango egoerari buruz

Gasteizko Udaleko Talde Politikook honako adierazpen hau egin nahi dugu:

  • Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu batetik, Jaurlaritzak dituen baliabide propioetako plazak eskaintzeko Gobernu Zentralari nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzat, eta bestetik, Gobernu Zentralak nazioarteko babesa eskatzen dutenei harrera egiteko dituen plaza libreak erabiltzeko. Horretarako, Gasteizko Udalak konpromiso eta prestasun osoa du pertsona horiek gure udalerrian hartzen laguntzeko, errefuxiatuen egoerari erantzuteko Erakundearteko Mahai Sozialaren bidez autonomia-erkidegoan parte hartzen dugun koordinazio-sistemaren barruan.
  • Eusko Jaurlaritzak 2018. urtetik bultzatutako SHARE proposamena Europako agendan jartzeko eskatzen dugu. Bizi dugun migrazio-erronkaren aurrean erantzunkidetasun-printzipioa aplikatzera eta islatzera bideratutako proposamena. Erantzunkidetasun-printzipioa aplikatzeak erantzuna partekatzea esan nahi du, gizarte inklusiboak eraikitzera bideratutako konpromiso arduratsuaren bidezkoa.
  • Nazioarteko babesa behar duten pertsonak sartzeko legezko bideak areagotzea eta dibertsifikatzea premiazkoa denez, Gobernu Zentralari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu jarraitzeko Euskadin aitzindaria den Babes Komunitarioa bezalako programak sustatzen. Babes Komunitarioa izeneko programak herritarrei errefuxiatuen harreran eta integrazioan zuzenean parte hartzeko aukera ematen die.
  • Gobernu Zentralari eskatzen diogu Euskadin bizi diren 45 afganiarrekiko elkarrizketa indartzeko, senitartekoen datuak jaso ahal izateko eta familiak berriz elkartzeko.
  • Afganistango emakume eta kolektibo ahulenek giza eskubideen arloan izan dezaketen atzerakadari arreta berezia eskaintzeko eskatzen dugu, harrera erraztuz, hala eskatuz gero.
  • Gainean dugun krisi humanitarioaren aurrean, Afganistango egoerak larriagotua, inoiz baino premiazkoagoa da migrazio-fluxuak humanizatzea eta igarobide seguruak ahalbidetzea. Horretarako, korridore humanitarioak eskatzen ditugu, iheslari guztientzat ibilbide seguruak bermatzeko, jazarpenaren, gerraren edo giza eskubideen beste edozein urraketaren ondorioz beren herrialdeak utzi behar dituzten kasuetan.
  • Aurreko guztiaren ondorioz, gure udalerriaren ekintza gidatzen duten balioak defendatzeko konpromisoaren erakusgarri, berretsi egiten dugu Gasteiz Errefuxiatuekiko Hiri Solidario izendatzea.
Share

Atxilotua lagun bati aiztoarekin mehatxu egiteagatik

Udaltzainek atzo 24 urteko gazte bat atxilotu zuten Santa Luzia eremuan lagun bati mehatxu egiteagatik eta aizto batekin eraso egiten saiatzeagatik.

Poliziaren Koordinazio Zentralak patruila baten laguntza eskatu zuen 16:40 inguruan; izan ere, pertsona batek beste gizonezko bat ikusi zuen sukaldeko labana batekin beste bati mehatxu egiten.

Gizonetako batek, gerora atxilotu zutenak, hain zuzen ere, jakin zuen lagunak bikotekide ohiarekin harremana zuela, eta itxuraz horregatik hasi zen bien arteko eztabaida.

Biak elkarrizketatu ondoren, eta topatutako ebidentziak zirela eta, udaltzainek ustezko egilea atxilotu zuten derrigortze delituagatik eta gaur utziko dute epailearen aurrean.

Share

Berriro antolatu dira 55 urtetik gorakoentzako natur irteerak, irailaren 7tik aurrera

Irailaren 7an hasiko da 55 urtetik gorakoentzako natur irteeren udazkeneko edizioa. Programaren helburua da 55 urtetik gorako pertsonak mendira eta natura-ingurune hurbilenera gerturatzea; izan ere, ibilaldiak erraz egiteko modukoak dira, eta zailtasunaren arabera sailkatuta daude.

+55 irteerak bi denboralditan banatzen dira: udaberrikoa (ekaina eta uztaila) eta udazkenekoa (iraila eta urria). Aurtengo udazkenean, kanpainak ohiko erritmoa berreskuratuko du, eta Gasteizko udalerritik kanpoko irteerak ere egingo dira, berriro Arabako paisaiarik ederrenetara hurbiltzeko. ibilaldietan COVID-19ari aurre egiteko indarrean dauden neurriak bete beharko dira une oro.

Asteartero eta ostegunero izango dira irteerak, irailaren 7an hasita eta urriaren 7ra arte, eta gehienez 100 pertsonak hartu ahalko dute parte. Ibilbideak zirkularrak edo linealak izango dira, 8 eta 12 kilometro artekoak; ostegunetako irteerek asteartekoek baino gaitasun fisiko txikiagoa eskatuko dute.

Garraio zerbitzua barne dago. Hiriko hiri lekutatik irtengo da garraioa: Iparralde gizarte-etxetik, Judimendiko gizarte-etxetik, eta Gasteiz hiribideko 15.etik (Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean);8:30ean irten eta gutxi gorabehera 14:00etan itzuliko da.

Gizarte-etxeetan eta udalaren kirol instalazioen sarean eman ahalko da izena, abuztuaren 28tik (larunbata) irteera bakoitzaren bezperako 13:00 arte. Parte-hartzaileei fitxa bat banatuko zaie, ibilbidea, beharrezko materiala eta COVID-19aren aurrean indarrean dauden prebentzio-neurriak azaltzeko.

Udalaren kirol instalazioetako bazkideentzat 2,5 € izango da prezioa, eta 4 € bazkide ez direnentzat.

Informazio gehiago: +55 irteerak natur inguruetan

55 urtetik gorakoentzako natur irteerak kartela

Share