Prentsa Oharren banner

Atxilotua autoritate-agenteen aurkako atentatuagatik

39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo autoritate-agenteen aurkako atentatuagatik.

Atzoko 20:00ak aldera, uniformea jantzita ez zuten ertzaina batzuek Udaltzaingoaren laguntza eskatu zuten Barrenkale kaleko establezimendu batean diru-trukearekin lotutako mugimendu susmagarriak detektatu ostean. Uniformea jantzita ez zuten bi udaltzain bertaratu eta poltsa txiki batean haxix pusketak zituen pertsona bat ikusi zuten. Udaltzainak poltsa konfiskatu eta azaleko miaketa egiten hasi zirenean, pertsona hark aurre egin zien eta, ondorioz, geldiarazi eta atxilotu egin zuten. Epailearen aurrera eman ostean, aske geratu zen 00:30ean.

 

Share

Ostalaritza-establezimenduen eta barraketako elikadura-saltokien higienea eta osasuna zaintzeko planak ez du garrantzizko gorabeherarik antzeman

Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzuak 50 ostalaritza-establezimendu bisitatu zituen uztailaren bukaeran eta abuztuaren hasieran, horien higiene- eta osasun-baldintzak eta covid-19aren kontrako segurtasun-neurriak zaintzearren. Ikuskaritza-lan horiek jaietan egin ohi dira, eta aurten ere egiten jarraitu da, herritarren osasuna babesteko programen barruan. Kontrol-lan horiek zenbait auzotan (Salburua, Lakua-Arriaga eta Zabalgana) jarritako barraketan zeuden janari-saltokietara ere zabaldu dira.

Bisitetan egiaztatu ahal izan denez, ia establezimendu guztiek betetzen dituzte erabilera publikoko eremuen garbiketa eta desinfekzioarekin gomendatutako jarraibideak pandemia prebenitzeari begira. Hamar establezimendutatik bitan baino ez da gabeziarik aurkitu, zeinek jarraipena beharko baitute.

Jende gehien ibiltzen den ostalaritza-establezimenduak ikuskatu dira, Erdi Aroko hirigunean eta hiriaren erdialdean eta Zabalgunean, gehi barraka-eremuetan jarritako lau janari-saltokiak. Bi neurri motaren eraginkortasuna zaintzea zen osasun-planaren helburua:

 

  • Covid-19ari aurre egiteko segurtasun-neurriak. Alderdi hauek egiaztatu dira: establezimenduak aireztapen egokirik duen, birusaren transmisioa murrizteko; instalazioak, azalerak eta ekipamendua egoki garbitu eta desinfektatzen diren; maskara zuzen erabiltzen den; pertsonen arteko tartea zaintzeko behar diren neurriak hartzen diren; gel hidroalkoholikorik dagoen; barran jarritako janariak zuzen babestuta eta kontserbatuta dauden; bezeroek produktuak beren kabuz hartzen dituzten, eta beste.

 

  • Higiene- eta osasun-neurriak. Arlo hauetako neurriak zaindu dira: ekipo eta lanabesak; bezeroentzako komunak; higiene pertsonala; produktu eta prozesuen higienea; erakusgai jarritako janariak; garbiketa eta desinfekzioa, eta izurriak eta zaborrak.

Lortutako emaitzek erakusten dutenez, ia establezimendu guztiek betetzen dituzte publikoarentzako eremua garbitu eta desinfektatzearekin gomendatutako jarraibideak. Alabaina, kontsumitzen ez dauden bitartean nolabaiteko erlaxazioa antzeman da bezeroen artean.

Bestetik, pintxoen babesa nabarmen hobetu da, establezimendu guztiek babestuta erakusten baitituzte, hozte-baldintzak hobetu beharra badute ere.

Kontrolatzeko bisitetan gabezia arinak antzeman dira 11 ostalaritza-establezimendutan, baita hobetu beharreko beste alderdi batzuk ere, hala nola alergenoekin lotutako informazioa eta kudeaketa, eta establezimenduan manipulatu ondoren kontserbatzen diren janarien identifikazioa.

Ikuskaritzak eskatuta, txorrotako ura instalatu zen jarritako hiru txurro-dendetan, eta horietako batean babestu egin ziren erakusgai jarritako txurroak. Ardo urtetsuaren saltokian, berriz, ez zen higiene- eta osasun-gabeziarik antzeman.

 

Droga- eta alkohol-kontsumoaren prebentzioa

Horretaz gain, Osasun Publikoaren Zerbitzuak zenbait prebentzio-ekintza egin zituen uztailaren bukaeran eta abuztuaren hasieran: alkoholaren kontsumoaren arriskuei buruzko informazioa eman, substantzien testak egin Ai Laket elkartearekin, eta gazteak kontzientziatu kaleko edana egiten den inguruetan.

 

Share