Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 ekaina 2019 12:26

Gasteizko udalak Erdi Aroko hiriguneko arrapala eta eskaileren mantenimendua kudeatzeko kontratuak bateratzea erabaki zuen duela hilabete batzuk, gorabeherak izanez gero erantzun hobea emateko, batez ere bandalismo ekintzak direnean. Espazio Publikoaren Zerbitzuak kontrolatuko du hemendik aurrera instalazio horiek onik zaintzeko kontratua .

Zehazki, Tokiko Gobernu Batzarrak kudeaketa bateraturako kontratua esleitu du gaur. Shindler enpresak egingo ditu lanak Erdi Aroko Bakardade kantoiko, San Frantzisko Xabierkoaren kantoiko eta Ahate Iturri plazako arrapalak eta igogailua onik zaintzeko.

Baldintza agirietan ezarritakoa betez, esleipendunak urteko 365 egunetan 24 orduko zerbitzua eman beharko du berme osoz, izan daitezkeen gorabeherei aurre egiteko. Beraz, instalazioak, oro har, egoera onean daudela bermatzeko mantentze lanak egiteaz arduratu beharko du (zuzentzaileak, prebentiboak, integralak eta planifikatuak).

Edozein arrazoi tarteko geldialdiak izanez gero, ekipoak martxan jartzeko lanak ere barne hartzen ditu kontratuak. Horretaz gain, enpresek ordezteko piezak izan behar dituzte, beharrezkoak diren konponketak azkarrago egiteko.

Ohiko konponketak 4 orduko epean egingo dira, gehienez. Piezaren bat ordeztu behar izanez gero, epe hori luzatu egingo da eta 24 ordu gehienez izango dira, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoirik bada.

Kudeaketa berri honekin –zerbitzu bakar batean bateratua– erantzun hobea eman nahi da Erdi Aroko arrapaletan, eskailera mekanikoetan eta igogailuan izaten diren matxurei. Orobat, laguntza eskatzen dio Udalak herritarrei, izan ere gertatu ohi diren gorabehera gehienak bandalismoagatik gertatzen dira.

Share