Prentsa Oharren banner

Ariznabarrako rokodromoak jarduera berreskuratu du, azken asteetako berritze-lanen ondoren

 

Aste honetan zabaldu da atzera Ariznabarreko rokodromoa, urtarrilaren 11z geroztik hainbat berritze-lan egin direlarik. 36.901 euroko kostua izan dute lanek, guztira, eta, horri esker, hainbat elementu ordeztu ahal izan dira, hala nola panelak, plaketak eta zintzilikatzeko sistemak. Metalezko egiturak ere indartu dira, eta akatsak konpondu, ordeztu beharrik ez zuten euskarrietan. Rokodromoko lau bertikaletatik hirutan egin da esku-hartzerik handiena —23.000 euro inguruko lanak—.

 

Bai rokodromo hori bai Hegoaldekoa zorroztasun handiz aztertu ondoan egin dira obrak. Lehenago egin ziren Hegoaldeko hobekuntzak, 17.000 euroko inbertsioarekin.

 

Ariznabarreko rokodromoa berriro zabaltzeak aukera emango du Salburuko eta Hegoaldeko rokodromoetan ohiko ordutegiak berreskuratzeko, ordutegi zabalagoa izan baitute hori itxita egon den bitartean.

 

 

Ariznabarreko rokodromoak eskalatzeko 420 m2-ko azalera du (% 50 bertikal, eta % 50 erortzearekin). 40 metroko zabalera du hormak, eta 9,5 metroko altuera. Zailtasun maila ezberdineko 62 bide ditu, eta sokak, goitik beherako guztietan.

 

“Urtea 91.000 euroko inbertsioarekin hasi genuen, udal kirol instalazioen ekipamendua hobetzeko, eta oraingo honetan, Ariznabarrako rokodromoa berritzen jarraitzen dugu, gure ekipamendu sarearen ezaugarri den kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko”, adierazi du Livia Lopez Kirol eta Osasun zinegotziak.

Share

“Hausnarketa” eskultura, berriz ere Dato kalean

Casto Solano artista nafarrak bere eskultura zaharberritu du

 

Abenduaren 2an, Udalaren Kultura Sailak “Hausnarketa” eskultura kendu zuen Dato kaletik, haren egile Casto Solano eskultoreak zaharberritu zezan.

Lanean 3 hilabete baino gehixeago jardun ondoren, atzo (ostirala) figura adierazgarria Gasteizko erdialdeko kalean berriz instalatzeko lanak egin ziren, eta gaur, bertan dago ikusgai, zaharberrituta.

“‘Minotauroa’ eserita dagoen bankuaren ordez, beste bat jarri dugu, altzairu herdoilgaitzezkoa. Halaber, figura garbitu dugu eta patina bat eman diogu. Emaitza ikusgarria da”, ohartarazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi Estibaliz Cantok.

5.965,30 eurokoa da egindako jarduketen zenbatekoa.

Share