Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-03-22)

Prentsaurrekoa. ‘Udan gozatu’ programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Astelehena, martxoak 22

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Atxilotua Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko etxebizitza batean drogekin trafikatzeagatik

Udaltzainek atzo 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuten droga-trafikoaren delituaren ustezko egilea izateagatik.

Atxiloketa Agirrelandako Ikerketa Unitateak abian jarri zuen zaintza-dispositibo baten baitan  egin zuten. Izan ere, 092an jasotako dei batean, pertsona batek jakinarazi zuen Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko atari batean mugimendu susmagarriak gertatzen zirela, gazteak oso bizkor sartzen eta ateratzen zirelako.

Udaltzainek egiaztatu zuten higiezinarekin loturarik ez zuten pertsonak denbora gutxiko tartean bertara sartzeaz eta ateratzeaz gain, gizonezko bat bertatik jaitsi eta bigarren lerroan aparkatuta zeuden ibilgailuetan sartu eta haietan oso denbora gutxi egon ondoren, berriro atarira itzultzen zela.

Ikerketak egin ondoren, Udaltzaingoak jakin zuen narkopisu bat zela eta, ondorioz, susmagarria atxilotzeko operatiboa antolatu zuen.

Ikerketaz arduratu ziren udaltzainek ibilgailu batean eta bi etxebizitzatan erregistroak egin zituzten: mugimenduak detektatu zituzten etxebizitzan, eta atxilotutakoak gaua ematen zuen bigarren etxebizitza batean.

Ikuskapen haietan, gainera, amaituta zegoen marihuanaren hazkuntza topatu zuten; hau da, lugorri-aldian zegoena, luminarien eta iragazkien azpiegitura guztiarekin. Udaltzainek lehortuta zeuden kukuluen 800 gramo eta hamar monodosi inguru topatu zituzten (denak saltzeko prest), eta baita hiru kokaina dosi ere.

Atxilotua gaur goizean utziko dute epailearen aurrean eta ikerketak zabalik jarraitzen du.

Larderia erabiliz egindako lapurreta eta udaltzainen aurkako atentatua

Udaltzainek atzo 20 urteko gaztea atxilotu zuten indarkeria erabilita lapurreta eta agintaritza-agenteen aurkako atentatua delituen ustezko egilea izateagatik.

Atxiloketa Gasteiz hiribideko establezimendu komertzial batean egin zuten. Saltoki hartan, gazteak hainbat artikulu lapurtu eta bere arropen artean ezkutatu zuen, eta segurtasuneko zaindariak harrapatu zuen. Lokaletik korrika ihes egin aurretik, zaindariari eraso egin zion.

Udaltzainek ustezko lapurra inguruko kale batean topatu zuten eta aurka egin eta udaltzain bati eraso egin zion arren, azkenean atxilotu egin zuten. Azaleko azterketa egitean, establezimenduan lapurtutako artikuluak topatu zizkioten.

Errekisitoria judiziala

Atzo, 21 urteko gazte bat atxilotu zuten Judimendin udaltzainek bere aurkako errekisitoria judiziala zegoelako. Beste gazte batekin batera, udal-baimenik gabe, zaborretan altzariak eta trsnak uzten ari zela identifikatu zuten.

 

Share

Udalak elurteetarako plana aktibatu du

Udalak elurteetarako larrialdietako plana aktibatu du, larrialdi aurreko fasean, eta, beraz, udal baliabideak alerta-egoeran daude zubian zehar esku hartu beharko balute.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologiako Zuzendaritzak iragarri duenez, baliteke 800 eta 500 metro bitarteko kotan elurra egitea datozen egunetan. Martxoaren 20an (larunbata) jaitsiko da gehien, baina prezipitazioak ahulak eta sakabanatuak izango dira.

Share

Guztira 33 kirolarik hartuko dute parte Gasteizen estatuko II. parabadminton txapelketan

 

  • Martxoaren 20an eta 21ean jokatuko da Zabalganako gizarte etxean, berritasun honekin: badminton lehiaketa inklusiboa, bikoteka. 
  • Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia,  eta Vital Fundazioa dira ekitaldiaren babesleak

 

Martxoaren 20an eta 21ean Zabalganako gizarte etxean estatuko II. parabadminton txapelketa jokatuko da. Txapelketa hori rankingerako balio duen zirkuitu nazionalean sartzen da, eta lau hitzordu ditu: Gasteiz martxoan, Montilla (Córdoba) apirilean, Toledo abuztuan eta Jaen urrian. Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Vital Fundazioa dira ekitaldiaren babesleak.

Horregatik egon dira gaur prentsaurrekoan Livia López Kirol eta Osasun Publikoko zinegotzia, Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatua eta Axier Urresti Vital Fundazioko zuzendari exekutiboa, ekitaldiaren kolaboratzaileak direnak, eta Dina Abouzeid txapelketako antolatzailea den Just Badminton-eko presidentea.

Horrela, 33 parte hartzaile bilduko dira Arabako hiriburuan: 16 jokalari egokitu eta txapelketa inklusiboaren zatia jokatuko duten beste 17, edizio honetako berritasun nagusia. Binakako lehiaketa inklusiboan parabadmintoneko jokalari bat eta badminton konbentzionaleko beste bat jokatuko dira; azken horrek estatu mailako fitxa federatua izan behar du. Badminton konbentzionalaren arauekin lehiatuko dira, binakako lehiaketa baita.

Parte hartzaileen artean hauek nabarmentzen dira: Guillermo Lama, Espainiako WH2 aulki txapelduna, Paco Motero Espainiako WH1 auki txapelduna, Rubén Nova futboleko jokalari ohia eta orain parabadmintoneko jokalaria, Roberto Galdos Zuzenak klubeko jokalaria eta Dina Abouzeid, Roberto Galdosekin batera binakako misto inklusiboan parte hartuko duena.

Modalitate hauek egongo dira:  banakakoa, binakakoa eta binakako mistoak; aulkia (WH1, WH2), Suitzako lehiaketa sistemarekin; eta zutik (SL3, SL4, SU5, SU6)

Ordutegia hau izango da: larunbatean 9:00etatik 20:00etara, eta igandean 9:00etatik 12:30era.

Gainera, txapelketaren aurreko jarduera gisa, bihar, ostirala, martxoak 19, fisioterapia eta errendimendu jardunaldi bat egingo da Josu Díaz de Alda Deportivo Alaveseko fisioterapeutaren eskutik. Azterketa bat egingo da sei parabadminton jokalarirekin, euren aulkien frenatze eta erauzketak GPS tekniken bidez neurtuz, euren mugimenduen eraginkortasuna hobetzeko.

 

Share

Gasteizek bere herriekin duen konpromisoa berritu du

Urtaranen gobernuak Gasteizko udalerriko Kontzeju Elkartearekin egindako hitzarmena onetsi du, 115.000 euroko aurrekontuarekin

Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmen berri bat sinatuko du ACOVI-udalerriko kontzejuen elkartearekin, kontzejuen interesak defendatzen dituen entitateari laguntzeko. 115.000 euro gordeko dira hitzarmen horretarako.

Udalaren eta Gasteizko udalerriko kontzejuen “Hijosdalgo de la Junta de Elorriaga” elkartearen arteko lankidetzaren bidez, laguntza emango zaie izapideak egiten, haien interesak defendatzen eta kontzejuetan kirol eta kultur jardueren proiektuak martxan jartzen. Azken urteotan, kultur jarduerak antolatzea ere sartu da hitzarmenaren barruan.

 “Gasteiz hiri bat baino gehiago da; 63 herrik osatutako udalerria da, eta bertan 5.253 pertsona bizi dira, Erroldako azken datuen arabera. Eta kontzeju horietan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko lanean jarraitu behar dugu”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

 

Share

Milioi bat eurotik gorako inbertsioa Lakua eta Arriaga auzoen artean oinezkoentzako lotura bat sortzeko Forondako Ateko erdibitzailean, eta Julian Arrese kalean aparkaleku berria egiteko

“Konpromiso bat genuen auzokoekin eta bete egingo dugu”, esan du Gorka Urtaran alkateak

 

DOSSIERRA

Urtaranen gobernuak Lakua eta Arriaga auzoen arteko oinezkoentzako lotura hobetuko du Forondako ateko erdibitzailean “pasealeku” urbanizatu bat sortuz; pasealeku horretan sartzeko, semaforoz araututako bi zebra-bide egongo dira. Horretaz gain, aparkaleku berria egingo du Julian Arrese kalean. Azpiegitura horrek Arriaga auzoko aparkalekuan (Forondako Atea) galduko diren plazak konpentsatuko ditu, bertan merkataritza-azalera bat eraikitzea aurreikusten baita.

“Konpromiso bat genuen auzokoekin, hobekuntza horiek eskatu zituztelako, eta bete egingo dugu. Auzoko beharrak ezagutzen dituztenekin aritu gara lanean, eta Forondako Atearen inguruan bide-segurtasuna hobetzeko eta aparkalekuan galduko diren plazak konpentsatzeko irtenbide on bat proposatu dugu”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak gaur goizean.

Gobernu Batzarrak lehiaketara ateratzea onetsi duen proiektuak 908.770,38 euroko aurrekontua du eta gauzatzeko epea 9 hilabetekoa da. Gainera, proiektuak Jose Maria Diaz de Mendibil kalean hasi eta Eskualdeetako Etxeetako iparraldeko fatxadatik igarotzen den oinezkoentzako ardatza egungo aparkalekutik luzatzea ere aurreikusten du. Horretarako, orain dagoenaren zabalera bereko zati bat zolatuko da eta inguruaren estetika mantenduko da (duen marrazki geometriko bereizgarriarekin) Forondako Atearaino.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako esku-hartzearen helburuetako bat da Arriagako egungo aparkalekuaren murrizketa konpentsatzea, merkataritza-azalera bat eraikiko baita bertan. Helburu horrekin, Udalak 124 ibilgailurentzako aparkaleku berria sortuko du orain erabili gabe dagoen ondoko lursail batean; plaza horietatik 7 mugikortasun murriztuko pertsonentzako izango dira. Julian Arrese kaletik sartuko dira ibilgailuak gune honetara. Kanpoko perimetroan zein barruan lorategi-eremuak, tamaina txikiko landaketak eta zuhaitz handiak jarriko dira.

Hala ere, bide-segurtasuna da proiektuaren funtsezko alderdietako bat. Zolaturiko pasealeku bat egingo da Forondako Ateko erdibitzailean Lakua eta Arriaga auzoak segurtasunez lotu ahal izateko. Oinezkoentzako bide berriak bi noranzko bidegorria ere izango du, eta orain auzotarrek bere egin duten lur-ibilbide bat dagoen lekuan eraikiko da. Hara iristeko, gainera, semaforoz araututako bi zebra-bide erabiliko dira (bai Lakuarantz, bai Arriagarantz).

Jarduketa osoan argiteria sare berri bat jarriko da, argi-puntu berriekin (aparkalekuan, oinezkoentzako ardatzean eta erdibitzailean) eta inguruko instalazioetan hobekuntzak egingo dira.

 

Share

Udalak lehiaketa egingo du Aldaiako pista berriak gauzatzeko; hori izan zen “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programan herritarrek bozkatu zuten partaidetzako proiektuetako bat

Zabalganak erabilera askotarako kirol-eremu berria izango du; parte hartzeko programatik irten da, gaur gobernu-batzarrak hura lizitatzea onetsi ondoren.

 

Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrak, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak proposatuta, Aldaiako pista berriak gauzatze-lanak kontratatzeko lizitazioa; erabilera askotarako kirol-azpiegiturako proiektua “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuaren ondorioz irten zen eta herritarrek bozkatu zuten programa horren azken edizioan.

Pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, proiektua lehiaketara irtetea berraktibatzeari esker Zabalgana auzoak patin-pista eliptikoa eta erabilera askotarako beste kirol-eremu bat izango du datorren urterako.  Aldaian eraikiko da aire zabaleko kirol-esparru hori, gaur egun erabili gabe dagoen 7.000 bat metro koadroko partzela batean, Pablo Picasso, Clara Campoamor eta Antoni Tàpies kaleen eta Nazio Batuen hiribidearen artean; ia 400.000 euroko inbertsioa izango da.

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak sustatzen du programa, eta hari esker herritarrek zuzenean erabaki dezakete zertara bideratzen den udal-aurrekontuaren zati bat, Gasteiz hobetzea helburuarekin. Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezen iritziz, “proiektu honek auzotarren eskari bati erantzuten dio, eta esan nahi du eskaria entzun dela eta auzoaren ordezkaritzarekin adostuta diseinatu dela. Gobernu honek partaidetzaren aldeko apustu irmoa egiten duelako beste adibide bat da, hurbiltasun- eta gertutasun-elementu gisa eta gizarte-bilbearen bidez errealitatearekiko iragazkortasun elementu gisa, eta demokrazia baliatzearen elementu gisa. Udal-gobernuan, herritarren parte hartzearekiko gure konpromisoa defendatzen jarraitzen dugu, eraginkorra eta bizikidetzarako eta auzoen funtzionamendu onerako ezinbestekoa baita”.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatu du proiektua, eta sei hilabeteko epean gauzatuko da. “Udal-gobernuan, sustatzen ari gara Gasteizek aurrera egin dezan lagunduko duten proiektuak eta obrak jasotzen dituen auzoen plan bat. Inbertsioen aldeko apustua egin nahi dugu hiri hau herritarren nahien neurrirako bizi-kalitatea dagoen tokia izan dadin”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Elipse formako 300 bat metro leuneko luzerako eta 4 metroko zabalerako patin-pista bat izango du kirol-eremu berriak. Asfalto leunduzko zoladuraz egina izango da pista, irristatzez errazte aldera, eta kirol-kantxak eta ingurunea bereiziko ditu; oinezkoentzako pasabide batez zatituko du, zeinean zuhaitzak (zedroak eta ezkiak) eta egoteko guneak egongo baitira. Gainera, “oztopoak” izango ditu lurzoruan marraztuta, patinajerako zaleen trebetasuna hobetzeko.

Kirol-azpiegiturek, bestalde, behaldean zenbait diziplinatan jarduteko hutsuneak izango ditu (futbol-, saskibaloi-, boleibol- badminton-, pilota-, eskalatze-kantxak eta abar). Proiektuaren berezitasun aipagarrienetako bat da estandarizatu gabeko neurritan diseinatu direla edozein jarduerarako pistak, haien helburua baita kirol inklusiboa sustatzea. Diseinu horiek bat datoz Udalak sustatu dituen eta lehiakor ez diren balio horietara egokitu nahi dituzten beste zenbait kirol-ekimenekin bat datoz, halako moduz non sakiak edo ateak elkarren parean ez baitaude.

Aire zabaleko kirol-konplexu horren beste gai garrantzitsuetako bat da eremu osoa landaretzaz, altzifre-lerro batez, eserlekuz eta Nazio Batuen hiribidearen ondoko urmael batez inguratuta egongo dela. Espazioaren barrualdean soropil naturala, soropil artifizialeko azalerak eta aisialdirako eta atsedenerako kautxuzko eremuak izango ditu. Hura mantentzeko aurreikusita dago ureztatze- eta argiztapen-sistema automatiko bat. Hiri-altzariak ere egongo dira konplexuarekin batera: iturri bat, paperontziak eta eserlekuak, besteak beste.

ALDAIAKO PISTEN DOSIERRA

 

Share

350.000 euro bideratu ditu Gasteizko Udalak urrezko auzoetan eraikin osoak birgaitzeko laguntzetara

Gobernu Batzarrak, Gasteizko urrezko auzoetan eraikinak birgaitzeko 350.000 euroko laguntzak bideratu ditu. Inbertsio hori kudeatzeko hitzarmena onetsi zuen 21 Zabalgunea sozietatearekin.

Zehazki, Gasteizko udal-mugarteko bizitegi-eraikinetan birgaitze-jarduketak sustatzera bideratuta daude laguntza horiek. Gainera, deialdian babestu beharreko jarduketatzat joko dira etxebizitzak eta bizitegi-eraikinak birgaitzeko obrak, baldin eta etxebizitza eta eraikinen birgaikuntza efizientearen arloko dirulaguntzen programaren 2019ko deialdia egin eta arautu zeneko Ingurumen sailburuaren 2019ko ekainaren 12ko Aginduaren bidez diruz laguntzeko modukotzat jo badira eta aldez aurretik udal-lizentzia badute. Laguntza horiek bateragarri izango dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo dirulaguntza publiko nahiz pribatuekin.

Alkateak gogora ekarri duenez, 350.000 euroko ekarpen horrek “urrezko auzoetako bizilagunei etxebizitzen hobekuntzan laguntzeko hartu genuen konpromisoari erantzuten dio; izan ere, hiriko zona horietan bizi-kalitatea areagotzeaz gain, aurrerapauso bat da energia-eraginkortasunaren hobekuntzan, eta klima-aldaketaren kontra borrokatzen den hiriaren konpromisoan”.

Share

Urtaranen gobernuak Armentia herrian korridore berde bat eratzeko, aprobetxamenduak berrantolatzeko eta XVI. mendeko eraikin bati erabilera emateko proiektua onetsi du

 

Hirigintza berrikusteko proiektu hori Udalaren, Armentiako Administrazio Batzarraren eta lursailen jabeen arteko akordioaren ondorioa da

 

Armentia menpeko toki erakundean Gasteizko HAPOren berrikuspen partziala egiteko proiektua onetsi du gaur Gobernu Batzarrak; proiektu horri esker, Gasteizko udalerriko Armentia herrian hirigintza birmoldatuko da korridore berde bat eratzeko Ehari ibaiaren inguruan, aprobetxamenduak berrantolatzeko eta erabilera emateko antzinako hipikaren eraikinari (XVI. mendekoa).

Udalaren, Armentiako Administrazio Batzarraren eta ukitutako lursailen jabeen arteko akordioaren ondorioa da proiektua.

Proiektua definitzen duten irizpideen artean, nabarmentzekoa da Ehari errekaren ondoko korridore berdeari (errekak herria zeharkatzen duen zatian) jarraipena emateko asmoa. Horretarako Armentia 2 egikaritze-unitatea aldatuko da, lurzoruak espazio libreen tokiko sistema edo sistema orokor gisa birkalifikatzeko (gaur egun, bizitegi-erabilerakoak dira); gaur egungo bertako eraikitze-eskubideak 16. sektoreko lurzati batera lekualdatuko dira, Ostatu Emaileen kalearen pareko muturrean.

Hirigintza-berrikuspenak dakarren beste ekintzetako bat da antzinako hipika zegoen lurzatiaren erabilera aldatzea, bizitegi-erabileratik ekipamendu-erabilerara. Aldaketa horrekin, administrazio-batzarrak erabilera eman ahal izango dio berriro XVI. mendeko eraikinari (Fernando I.a, Carlos V.a eta Maximiliano enperadore alemaniarren aurrean enbaxadorea izandako Juan Alonso de Gámiz gasteiztar ospetsuak eraiki zuen, eta 1992tik abandonatuta dago).

 

 

Share