Prentsa Oharren banner

Salburuko naturaren soinuak entzuteko gonbitea egiten du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Carlos de Hita soinu-biltzaile ezagunaren eskutik

Udalaren webgunearen bitartez, edonor “hel daiteke” Salburuko ibaiertzeko baso bateko udaberriko egunsenti batera, edo neguko ilunabar batera, edo hegaztiak entzun, naturaren erdian

 

Ibaiertzeko basoa, udaberriko egunsenti batean audioa

 

Naturaren soinuak entzuteko gonbitea egiten du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Ataria-ko webgune berrituan, Carlos de Hita soinu-biltzaile ezagunaren eskutik.

Klik batean, edonor hel daiteke Salburuko ibaiertzeko baso bateko udaberriko egunsenti batera, eta urretxindorrak, urretxoriak, pagausoak, okil berdea, kukua edo belabeltzak entzun. Edo uretatik ateratzen ari diren basahate-saldoen karranka, palasta eta hegaldi-soinuak, neguko ilunabar batean.

“Grabazio zoragarri horiei esker, esperientzia paregabeak hurbildu ahal dizkiegu herritarrei etxeko egongelara. Eragiten duten erlaxazioaz gain, naturarekin bat egiteko aukera ematen digute audioek, Eraztun Berdeko faunaren soinuak ezagutzeko eta ikasteko aukera”, nabarmendu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakari Ana Oregik.

Grabazioen egilea, Carlos de Hita, soinu-teknikaria da —ekoizpenean eta ekoizpen ondokoetan aritzen da—, naturako soinuetan espezializatua. Espainiako, Afrikako, Amazoniako eta Indiako faunaren ahotsak bilduak ditu bere soinu-artxiboan, baita jarduera tradizionalen soinuak eta iberiar penintsulako eta Kanarietako paisaia nagusietakoak ere. BBVA Fundazioa saria jaso zuen 2017an (XI. edizioa), Espainiako Biodibertsitatearen Kontserbazioari buruzko Ezagutzaren Hedapenaren kategorian, eta Emmy sarirako izendatu zuten 2006ko uztailean, News & Documentary atalean, National Geographicek proposatuta. Besteak beste.

Salburuko soinu-paisaiak

Share