Prentsa Oharren banner

Udaltzaingoak 73 salaketa jarri ditu asteburuan Covid-19aren aurkako neurriak ez betetzeagatik

Asteburuan zehar, Udaltzaingoak 73 zigor-proposamen egin ditu COVID-19aren aurkako arauak ez betetzeagatik.

Salaketa gehienak musukoen erabilerari dagozkionak dira: 25 zigor izan ziren musukoa jantzia ez eramategatik, eta 3, musukoa ondo jantzita ez izateagatik. Gainerako salaketak hauengatik izan ziren:

  • Zirkulazioko gaueko ordutegia ez betetzeagatik (26)
  • Gehienez 4 pertsonako taldeen muga ez betetzeagatik (8 salaketa)
  • Bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik (8)
  • Autonomia-erkidegotik irten edo sartzeagatik (1)
  • Eremu publikoan erretzeagatik, 2 m-ko distantzia mantendu gabe (1)
  • 1,5 m-ko distantzia fisikoa ez mantentzeagatik (1)

 

Autoritate-agenteen aurkako atentatua 

Udaltzaingoak 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuen larunbatean Arriaga Ateko semaforoan geldituta zegoen patruila-autoaren gainera oldartu ostean.

Espaloira itzuli ostean, gizonezkoak, edanda eta oso asaldatuta, ez zien jaramonik egin poliziek musukoa ondo jantz zezan emandako argibideei eta agenteetako baten kontra egiten saiatu zen. Hori dela eta, atxilotu egin zuten.

Arratsaldean zehar, beste bi polizia-patruilek pertsona berberarekin beste bitan esku hartu zuten Koroatze eremuan. Bertan, molestiak eragin zizkien oinezkoei eta galtzada inbaditu zuen.

 

Ebasketa 

Udaltzaingoko agenteek larunbatean 27 urteko gizonezkoa atxilotu zuten ebasketa-delitu arinaren ustezko egile gisa, dokumentatu gabe egoteagatik eta helbide ezagun bat ez aurkezteagatik. Gertakariak Zaramaga kaleko merkataritza-establezimendu batean gertatu ziren. Bertan, segurtasun-zaindari batek atxilotu zuen zapatilak lapurtzegatik eta lokaletik lasterka ateratzeagatik.

 

Suhiltzaileak 

Suhiltzaileek larunbateko goizaldean esku hartu zuten Errementari kaleko ostalaritza-lokal batean; bertan, kutxa erregistratzaileak su hartu zuen eta keak kalte handiak eragin zituen; gainera, eraikineko hainbat etxebizitzatan ere kalteak eragin zituen. Sutea bakarrik itzali zen. PSISZko baliabideek establezimendua eta kaltetutako etxebizitzak aireztatu zituzten. Pertsona bat artatu zuten lekuan bertan sua arnasteagatik.

Ostiralean sua itzali zuten Artapadura kaleko birziklatze-enpresa batean. Biltegiratutako materialari eragin zion. Suhiltzaileek ura eta aparra erabili zuten garrak itzaltzeko eta hondakinak instalazioko zelaigunean zabaldu zituzten freskatzeko eta berriz su ez hartzeko.

 

Share

Oinarrizko zerbitzuetako aldi baterako kontratuetarako udal lan-poltsetan izena emateko epea zabalik

Gasteizko udalak, behar bereziak direla eta, kontratazio zerrenda hauetan izena emateko epea ireki du: Erizaintza, Erizaintzako Zaintza Osagarrien teknikaria, Sukaldea eta Garbiketa. Lan-poltsa horien bidez enplegu-eskaera handiko egoerak, iraupen laburreko kontratazio-eskaintzak eta lanaldi murriztuetako kontratazio-eskaintzak bete nahi dira. Hiru kasuetan horietan, hautaketa-prozesuen ondorioz eratutako lan-poltsak ez dira nahikoak sortzen diren beharrei erantzuteko, eta, horregatik, kontratazio zerrenda espezifikoak ezartzen dira.

Hauek dira zerrenda bakoitzean parte hartu ahal izateko behar diren tituluak:

Erizaintza: unibertsitate-diploma edo gradua, Erizaintzan.

Erizaintzako Zaintza Osagarrien teknikaria: Erizaintzako Zaintza Osagarrien teknikariaren edo Arreta Soziosanitarioko teknikariaren titulua.

Sukaldea: LH1 Ostalaritza eta Turismoa. Sukaldaritza espezialitatea, edo Sukaldaritzako erdi mailako Lanbide Heziketa, edo Eskola Graduatua eta gutxienez 2.000 orduko prestakuntza ofiziala —Sukaldaritza, Ostalaritza eta Errestaurazioa—.

Garbiketa: eskola-ziurtagiria edo baliokidea.

Udalaren webgunean eman beharko da izena, http://www.vitoria-gasteiz.org/hautatzeprozesuak helbideko “Deialdi batean izena ematea” atalean, hain zuzen ere. Lanpostu bakoitzean egin beharreko funtzio espezifikoak ere udalaren webgunean kontsulta daitezke.

Izena emateko epea apirilaren 30ean amaituko da. Jasotako eskabideak alfabetikoki antolatuko dira, hautagaien izen-abizenen arabera. Jendaurreko zozketa batek zehaztuko du zein abizenetatik aurrera hasiko den zerrenda. Ordena hori urtero eguneratuko da.

Informazio gehiago: Oinarrizko zerbitzuetako lanpostuak betetzeko aldi baterako kontratazio zerrendak

 

 

 

Share