Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-03-12)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, martxoak 12

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Udalak hurrengo EPErako azterketak irailaren amaieran egiten hastea aurrez ikusi du

Gasteizko Udaleko Giza Baliabideen Sailak C1 taldearen Enplegu Publikoko Eskaintzako lehen probak irailaren amaiera eta urriaren hasiera bitartean egiteko helburua ezarri du. Osasun-egoerak azterketa horiek hasteko aurreikuspenak baldintzatu ditu; izan ere, antolakuntzak egun gutxian izangaien bolumen handia jaso ahal izateko behar adinako aforoa duen esparrua behar du. Pandemiaren bilakaera-aurreikuspenak, txertaketa-programaren garapena, guneen eskuragarritasuna eta beste faktore osagarri kontuan hartuta, Vitoria-Gasteizko Udalak hautaketa-organoei eskatu die proba horiek ez hasteko irailaren 28a baino lehen.

 

11.200 eskaera baino gehiago aurkeztu dira udaleko enplegu-eskaintza honetara, Udalak hasitako handienetako bat, eta horietatik 7.390 Administrazio Orokorraren espezialitatekoak dira. Deialdi honetarako izangaien kopuru zabalak hura egiteko logistika ere baldintzatzen du.

 

C1 taldearen EPEko probak irailaren 28aren ondoren egiteko aurreikuspena egutegian aukera ugari aztertu ostean zehaztu dute. Urtearen hasieran albo batera geratu zen lehen aukera apirilean egitea zen. Bigarren aukera, orain baztertuta geratu dena, probak ekainaren 2tik 14ra bitartean egitea zen. Datak bilatzeko garaian, erabakigarriak dira egoera epidemiologikoa eta gutxieneko osasun-berme batzuk egoteko beharra. Hori dela eta, irail amaierarako ezarritako aurreikuspena beti egongo da pandemiaren bilakaeraren mende.

Informazio gehiago: Enplegu Publikorako Eskaintza. C1 Taldea.

Share

Atariak webgunea berritu du

 

Salburuako Hezeguneen Interpretazio Zentroak gasteiztarrentzako eta ingurumen-hezkuntzaren sektorean lan egiten dutenentzako informazio-erreferente bihurtu nahi du

 

Erabiltzaileen esperientzia hobetzeko asmoz, Ataria, Salburuako Hezeguneen Interpretazio Zentroaren webgunea berritu da. Horretarako, zentroa bisitatzen duten pertsonen eta taldeen tipologiak hartu dira kontuan, eta webgunean eskuragarri dagoen informazioa egokitu da, baita hartarako sarbidea ere: familiak, eskola-taldeak, bikoteak, turistak, elkarteak, nerabe eta gazteak, ornitologia eta argazkigintza arloko zaleak…

Gakoetako bat izan da Atariaren hasierako orritik eduki erakargarriak nabarmentzea. Izan ere, orri horrek 12067 bisitaldi ditu eta bertan biltzen da Atariaren webguneko orri guztietako trafikoaren zati handiena (% 65), sarreren % 35 bilduta. Horren alboan, 2020an zehar interes handiena sortu duten informazioak honako hauek izan dira:

  • Ezagutu gaitzazu (% 10,4)
  • Bisita gaitzazu eta espazioak (% 6,21)
  • Parte hartu (% 4,62)
  • Eskola-programa (% 3,93)
  • Programa (% 3,29)

Kontuan hartu behar da astean zehar izandako bisiten banaketa ere, udal webgunearen gainerako atalekiko desberdina den eredua baitu. Hain zuzen ere, astelehena da webgunearen zenbaketa orokorrean bisita kopuru handieneko eguna. Aldiz, Atarian bisita gutxien jasotzen diren eguna da. Hala, Atarian bisita gehien jasotzen diren egunak astearteak eta asteazkenak dira, eta jarraian, ostiralak eta larunbatak, jarduera nabarmena izaten da egun horietan ere.

Hala, “Zure irudimenak zaramatzan lekuan” lelopean, zentroa, eta ondorioz, Salburua ezagutzeko nabigazioa sortu da, hiru atal nagusitan oinarrituta: Leku paregabea, Fauna eta flora, eta Plan piloa. Gainera, hasierako orritik hiru atal espezifikotara zuzeneko sarbidea eskainiko da: Bisita gidatuak, Herritarren zientzia eta Ibilbideak.

Horrez gain, agendako jardueretara sarbidea izango da hasierako orritik, baita Atariari buruzko albisteetara ere, eta Salburuako hezeguneen Interpretazio Zentrora iristeko beharrezko informazioa ere erakutsiko da atal batean.

Share

Alberto Lomasen ‘Impossible Translation’ erakusketa Montehermoso kulturunean

Maiatzaren 9ra arte egongo da ikusgai ur-biltegian

Alberto Lomasen ‘Impossible Translation’ erakusketa aurkeztu dute Montehermoso kulturunean, eta maiatzaren 9ra arte izango da ikusgai ur-biltegian. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto, Alberto Lomas —erakusketaren egilea— eta Amaia VIcente — erakusketan laguntzen duen artista— izan dira prentsaurrekoan.

 2020ko deialdian hautatutako lau proiektu artistikoetatik lehena da ‘Impossible Translations’’.  “Urtero bideratzen dugu deialdi hau, 4 proposamen hautatu —sorkuntza artistikoko hiru proiektu eta ikus-entzunezko bat— eta Montehermoso kulturunean erakusteko. Ekimen honen bitartez, beren lanak banaka nahiz taldeka aurkezteko aukera ematen diegu artista lokalei, arte eta kultura garaikidea sustatu eta herritarrengana hurbiltzen duten ekintzen bitartez” nabarmendu du Estíbaliz Cantok.

‘Impossible Translations’ lanean bere azken lan-ildoari jarraitu dio Alberto Lomasek; artea erabiltzen du mugak identifikatzeko –lengoaia arteko mugak, teknologikoak, gizarte eta ekonomia arlokoak–, eta horiek zeharkatzearen egokitasuna zalantzan jartzen.

Gai horrekin lotuta gehien errepikatzen diren kontzeptuetako bat translazioarena da, eta termino horrek mugimendura zein lengoaia desberdinen arteko itzulpenera garamatza.

Egilea

Alberto Lomas Arte Ederretan lizentziaduna da (EHUn), pintura eta ikus-entzunezkoen espezialitatean. Nazioarteko hainbat lantegitan ere trebatu zen, esaterako Antoni Muntadas eta Fransec Torresekin egindakoetan.

Lehen erakusketak ‘Proyecto Mostra’ taldearekin egin zituen. Diziplina anitzeko lantalde horrek batera aurkezten zituen lana, bai erakusketa publikoetan bai proposamen akademikoetan.

Prestakuntza-aldia amaituta, bakarka hasi zen lanean, 90eko hamarkada kudeatzaile gisa oso rol aktiboa izanik. Horrekin batera hainbat elkarte-ekimenetan ere parte hartzen zuen (En Canal, Espacio Abisal, Eman Difusión…). Garai horretatik aurrera hainbat beka, sari, ekoizpenerako laguntza eta abar lortu ditu.

2015ean ‘Alteraciones en Praxis’ lana aurkeztu zuen Artiumen, eta ustekabeko osasun-arazo bat izan zuelarik, hilabetetik gora eman zuen zainketa berezien atalean. Harrezkero, arte lana lehentasun bihurtu da beretzat, eta lengoaiak garrantzia handiagoa hartzen du bere obretan.

Azken urteetan hainbat lan-ildo jorratu ditu Amaia Vicente artistarekin, eta honek pieza interaktibo bat erakutsiko du erakusketa honetan.

Proiektu artistikoak, 2021

Montehermoso kulturuneko eta Gasteizko Udalaren webgunean eskuragarri daude proiektu artistikoetarako deialdiaren aurtengo oinarriak.

Proiektuak apirilaren 6ra arte aurkeztu ahalko dira.

‘Impossible Translation’ erakusketa

 

Share