Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-03-18)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, martxoak 18

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————

Prentsaurrekoa. Parabádminton Vitoria-Gasteiz II. Txapelketa Nazionala

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val; Vital Fundazioetako zuzendari exekutibo Axier Urresti; eta Dina Abouzeid, txapelketa antolatu duen Just Badminton Klubeko presidentea

Eguna. Osteguna, martxoak 18

Ordua. 11:00

Tokia. Arabako Foru Aldundiko prentsa aretoa

 

 

 

Share

Gasteiz energia-eraginkortasunerako eta klima-aldaketaren kontrako politiken eta neurrien eragin anitzak balioesteko Europako proiektu baten hiri-pilotu bihurtu da

MICAT (Multiple Impacts Calculation Tool) proiektu europarraren parte izango da. Ikerketa- eta berrikuntza-proiektu hori Europako Batzordearen “Horizontea 2020” programak finantzatzen du eta 2 milioi euro inguruko aurrekontu osoa izango du

 

Gasteiz hiria MICAT (Multiple Impacts Calculation Tool – Eragin Anitzak Kalkulatzeko Tresna) proiektu europarraren barruan hiri-pilotu gisa parte hartzeko hautatu dute. Ikerketa- eta berrikuntza-proiektu hori Europako Batzordearen “Horizontea 2020” programak finantzatzen du eta 2M€ inguruko aurrekontu osoa izango du.

Epaimahaia txundituta geratu zen hiriak MICAT proiektuan parte hartzeko aurkeztu zuen hautagaitzaren anbizio eta gogoarekin, eta onura handiak aterako dizkiola uste du. Izan ere, aktiboki hartuko du parte tresna elkarrekin garatzeko prozesuan, energia-eraginkortasunaren eta klima-aldaketaren kontrako borrokaren plangintza-prozesuen barruan.

MICAT proiektu europarra Alemaniako Sistemetarako eta Berrikuntzarako Fraunhofer Institutuak (Fraunhofer ISI, ingelesez) koordinatzen du, eta bertan beste sei kidek hartzen dute parte: ICLEI Europe eta Wuppertal Institutua, Alemaniakoak ere bai; Politika Energetikorako eta Klimatikorako Europako Institutua (IEECP, ingelesez), Herbehereetakoa; Poloniako WiseEuropa; Sistema Aplikatuen Analisirako Nazioarteko Institutua (IIASA, ingelesez), Austriakoa; eta Erresuma Batuko E3 Modelling.

“Proiektu honen helburua da ikuspegi integral bat eta online tresna erabilerraz bat garatzea, energia-eraginkortasunaren eta klima-aldaketaren alorretan hartutako politiken eta neurrien eragin anitzak eta/edo onurak balioesteko”, azaldu du Ana Oregik, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotziak.

Halaber, MICAT proiektuak hiru gobernantza-mailatan (tokikoa, nazionala eta Europar Batasunekoa) analisi sinplifikatuak egiteko aukera emango du —hainbat datu eta agertoki politikotan oinarrituta—, eragin anitzek hartutako politikei dagokienez duten garrantzia alderatzeko eta ebaluatzeko. Maila anitzeko ezaugarri horri esker, interesa duten eragile gehiagorengana iritsi ahalko da.

Gasteiz, 2008an Alkateen Ituna sinatu zuen hiria izanik eta 2020an bere konpromisoa berritu ondoren, lanean ari da 2020ko ekainean tokiko kontseiluak hartutako erabakia hartu eta bi urteko epean Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana aurkezteko; plan horretan, hiriak 2050ean edo lehenago neutraltasun klimatikoa lortzeko hartuko dituen funtsezko ekintzak jasoko dira.

Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana emisioak murriztearen eta klima-aldaketara egokitzearen gaiak jorratuko ditu. Alde batetik, trantsizio energetiko integratuko ekintza-plan bat izango du, zeinak erreferentziazko emisioen inbentario bat izango duen murrizte-ekintzen jarraipena egiteko; eta, bestetik, klima-aldaketara egokitzeko ekintza-plan bat, zeinak udalerriaren kalteberatasunaren eta klima-arriskuen ebaluazio bat izango duen, erresilientzia hobetzeko ekintza-multzo batekin batera.

2019ko irailaren 6an “Global Green City” izendatu zutenetik, eta, gero, Europako Itun Berdera eta Hiri Berdeen Hitzarmenera batu zenetik, Gasteizek berriz ere sendotu ditu klima-aldaketaren kontrako borrokan eta hiriaren eta planetaren bizi-kalitatearen hobekuntzan dituen jarrera eta erantzukizuna.

 

Share

Jugatx Astorkiaren ‘Impr Pant’ erakusketa Montehermoso kulturunean

Martxoaren 18tik apirilaren 18ra arte egongo da ikusgai

Martxoaren 18tik apirilaren 18ra arte Jugatx Astrokiaren ‘Impr Pant” erakusketa ikusi ahalko da Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan. Udalaren kultur zentroak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearekin batera sustatzen duen deialdian hautatutako proiektuen arteko bigarrena da.

‘Montehermoso+UPV/EHU’ lemaren pean, programak komisario baten laguntzarekin proiektu artistikoak garatzeko aukera eskaintzen die bigarren zikloko, gradu-ondoko eta doktoretzako ikasleei, ondoren Montehermoson bakarka aurkezteko.

“Profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileentzako aukera da, mundu profesionalera hurbiltzeko lan-plataforma eskaintzen baitiegu. Proiektuak gauzatuta, jendearengan duten eragina proba dezakete. Gure helburua kultura sorkuntzari laguntzea da, bere arlo guztietan,  bereziki pandemiak hain gogor jo digun garai honetan” azpimarratu du kultura zinegotzi Estibaliz Cantok erakusketaren aurkezpenean. Harekin batera  Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko dekano Arantza Lauzirika, Jugatx Astorkia artista eta Cristina Arrázola komisarioa izan dira prentsaurrekoan.

Erakusketa

Jugatx Astorkia Arte Ederretan lizentziaduna da, EHUn, eta Vigoko unibertsitateko sorkuntza eta ikerketa masterra du. Hainbat erakunderen bekak izan ditu: EHU, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, EITB…

Hainbat ikerketa taldetan ere parte hartu du –PREKARIART, GIZAARTEA, besteak beste– eta hainbat erakusketa egin ditu 2016tik hona: Sevillan, Zaragozan, Pontevedran eta Bilbon.

Egun , esfera analogiko-digitaletan irudiak-argiak ukazio-prozesuen bidez egiten duen eraldaketari buruzko doktore-tesia egiten ari da. Praktika artistikoan, ikusezina dena plastikoki ikusarazteko argi-arrastoak eta -hondarrak erabiltzen dituzten prozesuekin egiten du lan.

Egiten ari den ikerketan laburbiltzen dituen alderdi horien guztien inguruan aritzen da bihar Jovellanos aretoan aurkeztuko duen lanean.

Cristina Arrázola komisarioak babestu du erakusketaren garapena. Martxoaren 18tik apirilaren 18ra arte ikusi ahalko da, Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan.

Jugatx Astorkia artistak bere proiektuaren ezaugarrien berri emango du inaugurazio-egunean, hilaren 18an. Arratsaldeko zazpietan izango da.

Proiektu artistikoak, 2021

Zinegotziak aipatu nahi izan du proiektu artistikoen aurtengo deialdia. Horren oinarriak Montehermosoko zein Gasteizko Udaleko webguneetan aurki daitezke. Apirilaren 6ra arte aurkeztu ahalko dira proiektuak.

ImprPant Katalogoa

 

 

 

Share

Gasteizko Udalak bat egin du San Patrizio Egunaren ospakizunarekin

 

Berdez argiztatuko ditu udaletxearen fatxada, Arkupeak eta Floridako kioskoa

 

San Patrizio Eguna da gaur, martxoak 17; Irlandako jai nazionala, munduan gehien ospatzen den jai nazionala.

Hori dela eta, berdez argiztatuko ditu Gasteizko Udalak udaletxearen fatxada, Floridako kioskoa eta Arkupeak. Turismoaren Euskal Agentziak (Basquetour), Espainiak Dublinen duen turismo-bulegoak eta Irlandaren Espainiako turismo-bulegoak sustatutako ekimen horrekin, nazioarteko ekitaldi batean parte hartuko du Gasteizko Udalak, Irlandan eta mundu osoan gure hiria ezagutzera emateko.

Gasteizen bezala, herrialde guztietako monumentu historiko eta ikono arkitektonikoek bat egingo dute ospakizunarekin, eta Irlandaren kolore nazionalarekin argiztatuko, Twitter sare sozialean publizitatea egiten den #GlobalGreening #SanPatricio ekitaldian. Besteak beste, Parisko Jesusen Bihotzaren basilika, Rio de Janeiroko Kristo Berreroslearen estatua edo Pisako dorrea argiztatuko dira berdez gaur gauean, San Patrizio Eguna ospatzeko.

 

 

 

 

Share

Gasteizek 9.900 eurora arteko laguntzak emango ditu langabeak kontratatzen laguntzeko

Udalak, Lanbiderekin lankidetzan, malgutu egin ditu betekizunak, enpresa gehiagotara iristeko.

 

Langabeak kontratatzen dituzten Gasteizko enpresa edo entitateek 1.500 eurotik 9.00 eurora bitarteko laguntzak eskuratu ahalko dituzte, Gasteizko Udalak eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak bultzatutako laguntzei esker. Dirulaguntzen ildoa enplegu-politika aktiboak bultzatzeko erakundeen arteko lankidetza-estrategiaren baitakoa da, eta Udalak aurten malgutu egin ditu betekizunak, “kontratuak bultzatzea eta kolektibo ahulenei laguntzea xede” adierazi du Enplegu zinegotzi Igor Salazarrek. Tokiko ehun ekonomikoa “aukera aprobetxatzera” animatu du zinegotziak, eta programaren hiru ezaugarri azpimarratu ditu: Atzeraeraginezko izaera du, iazko udatik egindako kontratuak onartzen ditu eta, zehazki 2020ko uztailaren 1etik aurrerakoak; aurten ez du mugarik enpresa bakoitzerako dirulaguntzen kopuruan –iaz gehienez hiru laguntza ematen ziren–; eta hiru hilabetekoa da kontratuen gutxieneko iraupena –aurreko ekitaldian sei eskatzen ziren–. Eskabideak gizarte-etxeetan, San Martineko udal bulegoetan eta on line –udalaren egoitza elektronikoaren bidez– aurkez daitezke.

Salazarrek gogora ekarri du osasun krisiak “nabarmen kaltetu dituela” lan-merkatuko baldintzak, eta hori dela eta Enplegu Zerbitzua gogor ari dela testuinguru ekonomiko berriari aurre egiten. Lehen pausu handia 2021eko aurrekontua onestea izan zen; bertan, Ekonomia Sustapenerako Sailari esleitutako zenbatekoaren erdia baino gehiago enplegura bideratzen baita. Bigarrena, Lanbiderekin lankidetzan kontratatzeko laguntzak abian jartzea izan da. Laguntzak egoera berrira egokitu dira.

Lanbideko zerrendetan izena emanda dauden langabeen kontratazioa bultzatzeko programa ekonomiko hau jarduera Gasteizen burutzen duten enpresa, autonomo eta elkarteei zuzenduta dago. Kontratuek hiru hilabete iraungo dute, gutxienez, eta % 50eko lanaldia izango, gutxienez. Diruz lagun daitekeen gehieneko epea sei hilabetekoa izango da. Laguntzaren zenbatekoa kontratu motaren eta laneratzeko zailtasunak dituzten taldeengan duten onuraren araberakoa izango da. Hasteko, dirulaguntza 1.500 eurotik 9.000 eurora bitartekoa izango da, kontuan hartuta honakoak kontratatzea baloratuko dela: iraupen luzeko langabeak, 55 urtetik gorakoak, 35 urtetik gorakoak eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak lanaldi osoz kontratatzea. Berrikuntza gisa, zenbateko horiek % 10 handituko dira emakumeak kontratatzen badira. “Hori funtsezkoa da guretzat, izan ere krisiak eragin handiagoa izan du emakumeengan, eta aukera berriak sortuko dituzten politika publikoak behar dituzte eta” adierazi du zinegotziak. Beraz, enpresa batek gutxienez sei hilabetez lanaldi osoan lan egiteko emakume bat kontratatzen badu, gehieneko laguntza jasoko du: 9.900 euro.

Salazarrek adierazi duenez, hiriko 7000 enpresa eta entitatek ezagutzen dituzte jada laguntza hauen oinarriak Ekonomia Sustapenerako Sailaren buletinen bitartez, eta gogorarazi du Gasteizek Lanbideren 3,4 milioi erabili ahalko dituela laguntza horiek ordaintzeko; aurreko ekitaldietan baino gehiago, eta horrek “ziurgabetasun egoera batean eskabideei erantzutea bermatzen digu”. 2020ko uztailaren 1etik 2021eko apirilaren 1era bitartean egindako kontratazioak lagunduko dira, baina diruz laguntzekoa den epea ekainaren 30ean amaituko da. Aurreko planean (2019-2020), Udalak 121 kontratazio erregistratu zituen, eta 861.000 euro eman zen laguntzetan.

Share