Prentsa Oharren banner

2021ean egitekoak diren kultur proiektu eta sendotutako ekitaldi eta jaialdietarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu da

Epea apirilaren 22an amaituko da

 

Gasteizko Udalak kultur proiektuei eta sendotutako ekitaldi eta jaialdiei laguntzeko dirulaguntza-deialdia argitaratu du gaur. “Pandemia gorabehera, 200.000 eurotan mantendu dugu laguntza-ildo honen zenbatekoa. Dirulaguntza horien bidez hiriko kultur eskaintza zabaltzen eta hobetzen lagunduko duten kulturaren arloko sustapen-, sorkuntza-, prestakuntza- eta zabalkunde-ekimenei laguntza eman nahi diegu. Horrela, tokiko ekoizpenaren eta sorkuntzaren aldeko apustua egiten dugu kulturarentzat oso zaila den une honetan”, adierazi du Estibaliz Cantok, Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

Bi kontzeptutarako emango dira dirulaguntzak. Lehena, hirian erreferente diren edo bertan kultura sustatzera bideratuta dauden ekimen, jaialdi eta egitarauak, edozein alorretakoak direlarik ere (arte eszenikoak, musika, ikus-entzunezkoak, letrak, folklorea, arte plastikoak edo beste), betiere kultur agente lokalek antolatu eta kudeatzen badituzte. 175.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du kontzeptu honek. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, proiektuko, 15.000 euro izango da.

Bigarrena, dinamizazio soziokulturalera, kulturartekotasuna sustatzera, bizitza kulturala bultzatzera, kultura integrazio eta gizarte-kohesiorako balio gisa garatzera, kulturaren alorrean garapen pertsonala garatzera (jakituria eta sormena sustatuz) eta abarretara zuzenduriko jarduera eta programak, betiere kultur agente lokalek antolatu eta kudeatzen badituzte. 25.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du kontzeptu honek. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, proiektuko, 4.000 euro izango da.

Lehiaketaren laburpena 2021eko martxoaren 22ko ALHAOn argitaratu da (32. zk). Eskabideak aurkezteko epea 2021eko apirilaren 22an amaituko da (egun hori barne).

Informazio gehiago

 

Share

Gasteiztar bakoitzak urtean 3,11 euro bideratzen ditu lankidetza-proiektuetara, herrialde pobretuetako jendeak ura eskuragarri izan dezan

 Uraren Mundu Egunean, AMVISAk eta Udalak azken 5 urteon balantzea egin dute; haietan 3,9 milioi euro bideratu dituzte.

 

Azken 5 urteotan, Gasteizko Udalak eta AMVISAk, guztira, 3,9 milioi euro eraili dituzte herrialde pobretuetan uraren eta saneamenduaren arloko proiektuak egiteko; haiei esker, 33.286 pertsonak lortu dute edateko ura eskura izatea. Horrek esan nahi du gasteiztar bakoitzak urtean 3,11 euro eman dituela oinarrizko eskubide hori bermatzeko, zeina gaur, Uraren Mundu Egunean, gogorarazten baita.

Azken bosturtekoan, Udalak 2,2 milioi euro eman ditu, eta uren udal enpresak uraren fakturatik 1,7 milioi euro erabili ditu horretarako. Diru horrekin, 15 herrialdetan lagundu dira diruz proiektuak: Kolonbia, El Salvador, Etiopia, Guatemala, Ginea Konakry, Haiti, Honduras, Indonesia, Mauritania, Mozambike, Niger, Peru, Senegal, Hego Sudan eta Togo. Udal-lankidetzari esker, edateko uraren 28 sistema, 3.443 ur-hargune eta 735 komun instalatu dira guztira herrialde haietan. Halaber, lau larrialdi humanitariotan hartu da esku.

“Gasteizen, txorrota ireki eta kalitateko ura daukagu, egunean 24 orduz. Keinu hori, baina, ezin dute egin mundu osoan 2.200 milioika pertsonak; ezin dute txorrota ireki eta eskuak garbitu. Guretzat hain egunerokoa den horren atzean, inbertsio publiko handia dago, eta pertsona askoren lana, oinarrizko eskubide horri erantzuteko”, gogorarazi du AMVISAko lehendakari Marian Gutiérrezek.

Uraren Mundu Egunak aintzatetsi nahi du urak alderdi guztietan duen balioa (osasunekoan, kulturalean, sozialean, ekonomikoan…), eta, 2021ean, gizaki guztiei ura eskuragarri izan dezaten bermatzea da erronka oraindik ere. Gasteizek eta hiriko erakunde eta gizarte-eragileek helburu horrekiko konpromisoari eusten diote.

“Gure konpromisoa da inor ez uztea atzean, eta laguntzea eskubide hori bermatzen herrialde pobretuenetako hiriko zein landa-eremuko komunitateei. Horretarako, gure aurrekontuen % 0,7 bideratzen dugu garapenerako lankidetzako proiektuak finantzatzeko, eta, besteak beste, ura eta saneamendua eskuragarri izateko eskubidea sustatzen dutenak lehenesten ditugu”, azaldu du Garapenerako Lankidetzaren zinegotzi Jon Armentiak.

Ildo horretan, AMVISAk zein Udalak azken bost urteotan proiektuak diruz lagundu dituzten herrialdeetan “eguneroko arriskua da ura edatea eta gaixotzea edateko ona ez delako; emakumeek eta neskek egin behar izaten dute ura biltzeko zamaren parterik handiena, eta, hala, oinarrizko giza eskubideak urratzen zaizkie, hala nola hezkuntzarako eta osasunerako eskubideak”, Jon Armentiak salatu duenez.

Proiektu horiek guztiak egiteko, Udalaren ekintzak Euskal Fondoaren eta hamarnaka garapenerako gobernuz kanpoko erakunderen lankidetza izan du, zeinak arduratu baitira haiek egikaritzeko: SERSO, Medicus Mundi Araba, Nazioarteko Elkartasuna, Colombia Euskadi, Asociación Africanista Manuel Iradier, UNICEF, Asamblea de Cooperación Por la Paz, Alboan, Acción Contra el Hambre, Jóvenes y Desarrollo eta Manos Unidas.

Erakundeen ekarpena ez da finantzaketa hutsa izan. Finantzatzeaz gain, AMVISAk eta Udalak 12 azterlan tekniko egiten lagundu dute, uraren eta saneamenduaren alorreko jarduketen diseinua egokia, kalitatekoa eta jasangarria izan dadin, eta horrek hobetu ditu jarduketen funtzionaltasuna eta iraungarritasuna.

 

Garapen jasangarriko helburua

Nahiz eta ura eskuragarri izatea pertsona ororen duintasunerako funtsezko eta oinarrizko giza eskubidea izan, oraindik ere milaka pertsonak falta dute. Horregatik, ur garbia eskuragarri izatea da garapen jasangarriko 17 helburuetakoa.

  1. helburua da eskuragarritasun unibertsal eta ekitatiboa lortzea bai edateko urarena, denontzat arrazoizkoa den prezioan, bai saneamendu- eta higiene-zerbitzuena, batik bat emakume, neska eta egoera ahulean dauden pertsonentzat.
Share

Udalak opor-jardueren programa berreskuratu du eta 2.210 plaza eskainiko ditu guztira 2021ean

Izena emateko epea apirilaren 6an hasiko da

 

Gasteizko Udalak opor-jardueren programa berreskuratu du; iaz bertan behera utzi behar izan zuen pandemia zela eta. 2021. urtean 2.210 plaza eskainiko ditu: 1.797 leku 4 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteentzat, eta beste 413 “Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroetarako”; azken hauek Kirol Zerbitzuak herritar ororentzat antolatzen ditu. Jarduera hauei hiriko guraso-elkarteek antolatzen dituztenak gehitu behar zaizkie.

“Pozgarria da programa hau berreskuratu ahal izatea; hori bai, osasun-agintariek ezarritako neurri guztiak betez. Horrela, parte-hartzaileen segurtasuna bermatzen dugu”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi den Estíbaliz Cantok.

Eskaintza 8 programatan banatuta dago eta 2021eko ekainaren 21etik abuztuaren 27ra bitartean egingo da, guztira 10 aste: “Jolas txokoak” (640 plaza), “Udako ludotekak” (477 plaza), “Green Summer Camp” (200 plaza), “Abentura udalekua” (90 plaza), “Udako txokokluba” (110 plaza), “Jarduera nautikoetako campusa” (184 plaza), “Udalekuak hondartzan” (96 plaza) eta “Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroak” (413 plaza).

“Eskaintza zabal hau udal sailen planifikazio bateratu eta koordinatuari esker antolatu dugu. Elkarrekin ari gara lanean Hiri Hezitzaileen Gutunetik ateratako balioekin lotura zuzena duten hezkuntza-helburuak lortzeko, hots, gizalegea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, jasangarritasuna eta abar”, gehitu du Cantok.

Programa honetan izena eman nahi dutenek apirilaren 6tik 18ra egin ahalko dute. Zozketa maiatzaren 10ean egingo da eta izen-ematea maiatzaren 10etik 18ra formalizatu beharko da. Maiatzaren 21ean libre geratutako plazak argitaratuko dira, eta maiatzaren 26tik ekainaren 6ra bitartean eskatu ahal izango dira.

Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroei dagokienez, maiatzaren azken astean hasiko da izena emateko epea, eskainitako lekuak bete arte.

Opor-plazetarako eskabideak aurkeztu zein formalizatzeko hainbat bide daude: gizarte etxeetan, aurretiaz hitzordua eskatuta (8:30etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera); herritarren argibideetarako telefonora deituz (010 edo 945 16 11 00); edo Udalaren web orriko (www.vitoria-gasteiz.org) egoitza elektronikoan.

Informazio gehiago

 

 

 

Share

Udaltzaingoak 148 pertsona salatu ditu zubi-egunotan Covid-19aren aurkako neurriak ez betetzeagatik

Udaltzaingoak San Josef jaieguneko zubi-egunetan Covid-19aren aurkako araudia ez betetzeagatik 148 salaketa jarri ditu.

Zigor-proposamenen kopuru handiena musukoa jantzita ez eramateagatik (81) edo hura behar bezala ez erabiltzeagatik (8) izan zen. Gainerako salaketak honako hauekin lotutakoak izan ziren:

 

  • Gehienez 4 pertsonako taldeen muga ez betetzea (28 salaketa).
  • Zirkulazioko gaueko ordutegia ez betetzea (13).
  • Ez zaintzea establezimenduetan arauak betetzen direla (6).
  • Bide publikoan alkohola kontsumitzea (4).
  • Autonomia-erkidegora sartzea edo handik ateratzea (2).
  • Itxita egon beharko luketen lokaletan jarduerak egitea (2).
  • Ostalaritzako ordutegia ez betetzea (1).
  • Beste arrazoi batzuk (3).

 

Atxilotua bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo goizaldean 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuten bere bikotekidearen aurkako eraso-delituaren ustezko egilea izateagatik.

Guztia 03:00ak baino minutu batzuk lehenago gertatu zen, 092an jasotako dei batek Zabalgana auzoko etxebizitza batean poliziaren laguntza eskatu zuenean, emakume batek erasoa jaso zuelako.

Patruila bat inplikatutakoekin elkarrizketatu zen. Itxuraz, eztabaidan, gizonezkoak emakumeari eraso egin zion eta sudurra eta ezpainak odoletan zituen. Gertatutakoa, entzundakoa eta lekuko baten kontakizuna kontuan hartuta, udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotu zuten eta atzo jarri zuten epailearen esku.

 

Share