Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-03-16)

Prentsaurrekoa. Haurrei eta nerabeei tratu ona emateko kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Arloko zinegotzi Jon Armentia; eta Haurtzaroa eta Senitartea Zerbitzuko buru Loli Garcia

Eguna. Asteartea, martxoak 16

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Atxilotua indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik

Udaltzainek 29 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean indarkeria erabiliz lapurreta-delitu baten ustezko egilea izateagatik.

Zaintza-lanak egiten ari zen patruila bati dei egin zion pertsona batek Amarika plazatik igarotzen ari zenean gizonezko bat, diru dezente lortu nahian, aspaldian bere senide bat beldurtzen ari zelako.

Bi pertsonen gainean emandako deskribapenari esker, udaltzainek topatu egin zituzten, eta ikusi zuten lehenengoa gizon edadetuari hurbildu zitzaiola eta ez ziola aurrera egiten uzten, gizon edadetuak billete batzuk atera zituen arte. Orduan, eskukada batez kendu zion dirua.

Patruilak gelditzeko agindu zion eta aste horretan bertan adinekoak 5.000 euro eman zizkiola aitortu zuen gizonak, hainbat egunetan banatuta. Atxilotu egin zuten. Guardiako epaitegiari dagozkion eginbideak egin ostean, aske utzi zuten.

Erasoa partikular bati

Udaltzainek 46 urteko gizonezko bat atxilo zuten, bi eraso-delituren ustezko egilea izateagatik. Lesioak, kalteak eta mehatxuak eragin zituzten eraso horiek.

Larunbatean, Koroatze auzoan zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek garrasiak entzun zituen ostalaritza-establezimendu baten kanpoaldean, eta bi gizonezko ikusi zituen borrokan.  Antza denez, minutu batzuk lehenago bietako batek harri bat jaurti zuen kristalaren aurka eta lehertu egin zuen. Ondorioz, lokalaren arduraduna erasotzailea atxikitzen saiatu zen, polizia iritsi bitartean.  Borrokan, ustezko erasotzaileak hozka egin zion esku batean.

Goiz hartan, establezimenduko mahaiak spray batekin margotzen saiatu zen pertsona hura bera. Gertatutakoa ikusita, udaltzainek atxilotu egin zuten, eta Guardiako epaitegian zegozkien eginbideak egin ondoren, aske utzi zuten.

Ebasketa eta eraso saiakera

Ostiralean 25 urteko gizon bat atxilotu zuten udaltzainek, lesioak eragin zituen eraso-delitu baten eta ebasketa-saiakera baten ustezko egilea izateagatik.

Koordinazio Zentralak Simon de Anda kaleko merkataritza-establezimendu batera joateko eskatu zion patruila bati. Segurtasun-zaindari bati eraso egiten ari ziren leku hartan.

Minutu batzuk lehenago, lokaleko langile batzuek artikulu batzuk hartu eta ezkutatzen ikusi zituzten bi gazte, hortaz, segurtasun-zaindariari abisatu zioten.  Gazteetako batek iseka egin zion zaindariari, mehatxatu egin zuen eta haren aurka oldartu zen; lesioak eragin zizkion beso batean, eta, ondorioz, ospitale batera eraman behar izan zuten zaindaria.  Patruilak atxilotu egin zuen gaztea.

Errekisitoria judiziala

Udaltzaingoak 20 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo, hura bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegi batean aurkezteko errekisitoria judiziala zuelako. Gaur jarriko dute epailearen esku.

Covid-19arekin lotutako zigorrak

Asteburuan zehar udaltzainek 89 zigor-proposamen egin dituzte Covid-19aren aurkako arauak hausteagatik. Horietatik 21 musukoa ez janzteagatik edo erabilera desegokiagatik; 17 etxeratze-agindua ez betetzeagatik; 17 pertsona-kopuruaren gehieneko muga ez errespetatzeagatik; 14 itxita egon behar luketen lokaletan jardueraren bat egiteagatik; 8 derrigorrezko distantzia mantendu gabe erretzeagatik; 6 bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik; 1 ostalaritza-lokalen ordutegia ez betetzeagatik eta 5 beste arrazoi batzuengatik.

Sutea garabi-ibilgailu batean

Barratxi kalean garabi-ibilgailu baten kabinaren barruan piztutako sutea itzaltzeko lanetan aritu ziren atzo suhiltzaileak; eserlekuak eta tapizeria kaltetu zituen suak.

 

Share

[Audioarekin eguneratua] Etxe Berdeak programa Gasteizera itzuli da, tailer praktiko berritzaileekin eta saio irekiekin

Bihar irekiko da izena doan emateko epea eta maiatzaren 2ra arte egongo da horretarako aukera.

Ana Oregiren adierazpenak

Etxe Berdeak programa udaberri honetan Gasteizera itzuliko da, programa berrituarekin eta tailer praktiko berritzaileekin, parte hartuko duten familiei zuzenduta, honako gai hauek jorratzeko asmoz: energia, ura, mugikortasuna, kontsumoa eta hondakinak. Gainera, programak saio irekiak eskainiko ditu publiko orokorrarentzat kontsumo energetiko, birziklapen, konpostatze eta abarri buruz, baita bizikletak konpontzeko tailerrak ere, besteak beste.

CEAren presidenteak, Ana Oregik eta Fundación Vital Fundazioaren zuzendariak, Arantxa Ibañez de Opacuak (duela 7 urtetatik programa horren sustatzaile diren erakundeak), nabarmendu dute ekimen horren helburua hiriko familien artean jarrera ekologikoagoa sustatzea dela, uraren eta energiaren kontsumoa aurreztea sustatuz eta erosketa etikoagoa eta ekologikoagoa egiten lagunduz.

Programa doakoa da eta ekologikoago eta jasangarriago izan nahi duten Gasteizko familiei zuzenduta dago. Hala, hiria gero eta berdeago izan dadin lagunduko dute.

2015ean hasi zen Etxe Berdeak programa Gasteizen, 25 familiarekin. Programaren arrakasta ikusita 50 familiatara zabaldu zen. Familia kopuru hori egokitzat jo zen programa behar bezalako arreta- eta xehetasun-mailarekin gauzatu ahal izateko. 2019an kopurua 55 familiatara zabaltzea erabaki zen, eta iaz 75 familiatara iritsi zen.

“Eguneroko keinuetan aldaketa txikiak egitea, adibidez, argia itzaltzea, txorrota ixtea, termostatoa graduatzea, etxeko hondakinak kudeatzea edo hiritik ibiltzea, lagungarri izan daitezke aurrezteko eta inguruarekiko errespetu gehiagoz jokatzeko. Tailer praktikoen eta aholkularitza pertsonalizatuaren bidez, inguruarekiko errespetu gehiagoz jokatu eta etxea eremu ekologiko bihurtu nahi duten familia eta pertsona horiei gauzak erraztu nahi dizkiegu. Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan ekarpena egin ahi duten familiak dira horiek”, CEAko presidenteak, Ana Oregik, nabarmendu duenez.

Bestalde, Arantxa Ibañez de Opacuak, Fundación Vital Fundazioko zuzendariak, Etxe Berdeak proiektu “dagoeneko Gasteizen finkatuta egotea” nabarmendu du, “etxearen kudeaketa arduratsuagoa lortzeko aldaketa-prozesua dagoeneko errealitate baita Gasteizen, eta epe luzera, gure inguruneko ingurumenaren onurarako izango da. Vital Fundaziorako lehentasunezko helburua da eta, aurten lehen aldiz, Etxe Berdeak programa Arabako gainerako kuadrilletako 120 familiatara zabaldu izana ekarri du”.

 

Zer eskaintzen du Etxe Berdeak programak?

  • Bisita bat etxera, etxeko kontsumoak aztertzeko.
  • Aditu baten aholkularitza urtebetez zalantza guztiak argitzeko.
  • Bost tailer tematiko (energia, hondakinak, ura, mugikortasuna eta kontsumoa) eta horietan etxeko fakturetan aurrezteko aholku erraz eta praktikoak
  • Tailer praktikoak: energia eta ura aurreztea, gidatze ekologikoa, bizikletak, kontsumoa eta erosketak, plastikoak eta konpostatzea
  • Etxean errazago aurrezteko elementu ugari.
  • Kontsumoaren eta mugikortasunaren inguruan ohitura iraunkorrak hartzea

 

Izen-emateak:

Maiatzaren 2ra arte, udalaren webgunean Herritarren Arretarako Bulegoetan.

 

Informazioa emateko hitzaldia:

Asteartean, martxoaren 23an, 18:30ean, Vital Fundazioko Kulturunea aretoan, Dendaraba merkataritzaguneko 1. solairuan.

 

Share

Gasteizko eremu berdeak hegaztiz eta bizitzaz betetzen dira zuhaitzen eta soropilaren kudeaketa jasangarriari esker eta parkeetan habia-kaxak instalatu izanagatik

Txirta

Txirta arrunta

 

– 2020an, guztira, 72 hegazti-espezie ikusi dira Gasteizen, habitatak duen kalitatearen adierazle argia da hori.

– Belarretan intsektu txikien presentzia bideratzeak ahalbidetzen du hirian honelako hegazti txikiak topatzea: txinbo kaskabeltza, karnaba edo euli-txori beltza.

– Udalak apo-hontzen 34 habia-kaxa jarriko ditu parkeetan banatuta.

 

 

Gasteizen hiri barruko eremu berde asko dago, parke eta paseo zabalak, zuhaitz-, zuhaixka- eta soropil-landarez beteta. Baina eremu berde horiek guztiek kalitatezko ekosistema gisa ere funtzionatzen dute. Hala frogatzen du gaur egun Arabako hiriburuan bizi diren hegazti-espezieen barietate handiak. Azken urtean, guztira 72 espezie hegazti ikusi dira hirian. Eta arlo horretan, Udalak lanean jarraitzen du hegazti-faunaren dibertsitate hori handitzeko zenbait ekimenen bidez: belar-mozketen kudeaketa, zuhaitz eta zuhaixken landaketa eta maneiua eta habia-kaxak jartzea.

Hegaztientzako funtsezko babes- eta elikadura-eremua belarra da, batez ere txikienentzat (paseriformeak). Haientzako altuera egokia lortzeko, Mugikortasun eta Espazio Publikoaren Sailak, Eraztun Berdearen Unitatearekin lankidetzan, belar-mozketa urtean 5etan egiten du hiriko eremu batzuetan, eremu gehienak maizago mozten diren arren, urtean 10 edo13 aldiz, gutxi gorabehera. Hala, urtean bostetan mozten diren eremu horietan babes hartu ahal izaten du neurri txikiko faunak, hala nola intsektuek. Intsektu horiek jaten dituzte, aldi berean, zenbait hegaztik: txinbo kaskabeltzak (Sylvia atricapilla), karnabak (Carduelis carduelis) edo euli-txori beltzak (Ficedula hypoleuca). Azken hori Euskadin “arraro” gisa katalogatuta dago eta udan izaten da Gasteizen. Bioaniztasunaren alde hartutako beste kudeaketa jasangarriko neurri bat da zuhaitzak kimatu eta moztu aurretik ikuskapen bisuala egitea, hegaztiak kumatzen ari diren zuhaitzik ez dela kimatuko eta moztuko ziurtatzeko.

Apo-hontzaren habia kaxa

 

Bestalde, 2021ean apo-hontzen (Otus scops) 34 habia-kaxa jarriko dira hiriko zenbait eremutan. Gaueko harrapari migratzaile txiki bat da, batez ere intsektu handiez elikatzen da eta gure hiria kolonizatu du azken hamarkadetan. Elementu horiek hiriko parke ugaritan jarriko dira, hegaztiak badaudela badakigunetan, behin betiko ezar daitezen, eta ez dagoen beste batzuetan. Habia-kaxa horiek jartzeko oinarrizko irizpidea da zuhaitz handi eta helduetan jartzea, etxebizitzetatik ahalik eta urrunen, harrapariarentzat nahiz herritarrentzat eragozpenik ez izateko.

Buztanikara zuria

2017an, gainera, Hiri-paisaiaren Unitateak hiriko eremu berdeetan kumatzen diren hegazti-populazioen urteroko jarraipena egiteko 100 puntuko sarea jarri zuen martxan. 2020an 72 espezie ikusi dira. Harrigarria da aniztasuna; izan ere, hiri barruan nekazaritza-inguruneekin lotutako hegaztiak (29 espezie), baso-espezie ugari (25 espezie, % 32,4), eta nagusiki hiri-inguruko hegaztiak (7 espezie), eta uretako 11 hegazti-espezie ere topa ditzakegu, kasu horiek gehienetan Salburuako hezegunetik gertu izan diren arren.  Aberastasun horrek erakusten du Gasteizen hiriko eta hiri-inguruneko eremu berdeen sarean topa daitekeen inguruen ugaritasuna eta bioaniztasuna handitzeko eta kontserbatzeko duen potentziala.

Txantxangorria

Hegaztien halako ugaritasuna, zalantzarik gabe, habitataren kalitateari esker lortzen da, neurri handi batean Gasteizeko Udaleko Paisaia Unitateak landare-espezie ahalik eta anitzena izatea sustatuz, eremu berdeen dentsitate handiari eutsiz, belar-mozketen kudeaketagatik eta habia-kaxak jartzearen moduko neurri zehatzei esker lortzen da.     

 

Share