Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-03-26)

Prentsaurrekoa. Carlos Perez Uralde  Irratí Antzerki Lehiaketako VI. edizioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Laboral Kutxako Komunikazio arduran Koldo Ortiz de Urbina; EITBmedia Irratiko zuzendari Urko Aristi; eta Udal Antzoki sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Ostirala, martxoak 26

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Merkataritza lokalaren stock azoka berritua izango da Iradier Arenan, gaurtik eta martxoaren 27ra arte

Gasteiz Onek antolatutako merkataritza lokalaren stock azokaren inaugurazioa izan da gaur goizean Iradier Arenan. Bertan izan da Merkataritza zinegotzi Igor Salazar, besteak beste. “Beste behin ere, merkataritza lokalaren stock azoka babesten dugu. 2021ean, inoizko partaidetzarik handiena izango du, gainera”, adierazi du.

Ekitaldi honen 24. edizioak hiriko 17 denda bilduko ditu, eta 22 saltokitan eskainiko dizkiete produktuak herritarrei, gaurtik eta martxoaren 27ra bitartean. Hau izango da ordutegia: 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era. Covid-19aren kontrako neurri higienikok hartuko dira Iradier Arenan.

Berritasun gisa, saldoen txokoak instalatuko dira hiri osoko 41 establezimendutan. “Ekitaldian parte hartzera animatzen ditugu gasteiztarrak, merkataritza lokalak eskaintzen dituen kalitatezko produktuak eskuratu ahal izateko”, gaineratu du Salazarrek.

Share

TUVISAk enpresako emakume langileen lana aldarrikatzeko hitzaldiak antolatu ditu ikastetxeetan

Gasteizko ikastetxeetan hitzaldiak egiten hasi da aurten TUVISA, enpresako eta garraioaren sektoreko emakume langileen lana aldarrikatzeko. Ekimena M8a zela eta jarri zuen martxan, eta azken asteetan zehar gauzatu da, etorkizunean ere egiten jarraitzeko asmoz. Ekintza horretaz gain, udalaren mugikortasun-enpresak beste hainbat ekintza bultzatu ditu azken urteotan, sektore horretan emakumeek duten rol aktiboa erakusteko eta plantillan emakume langileen kuota handitzeko.

Ikastetxeetara egindako bisita horietan, TUVISAk emakume gidarien marrazkiak egiteko eskatu die ikasleei. Eta marrazki horietako batzuekin Gasteizko kaleetatik doazen hainbat autobus errotulatu dira dagoeneko.

Saio horiei esker, ikasleek TUVISAko emakume langileak zuzenean ezagutzeko aukera dute —gidariak, teknikariak zein kudeatzaileak—, eta, bide batez, emakume horiek garraio-enpresetan duten rol aktiboa sendotzen da, sektorean berdintasuna eskatzen eta erreferente femeninoak sortzen; ekintza horiek guztiak enpresaren gizarte konpromisoaren barruan sartzen dira.

Hala, bisita horietan TUVISA zer den labur azaltzeko aprobetxatzen da, eta hainbat gairi buruzko informazioa ematen zaie ikasleei: plantillan dauden emakumeen %, erabiltzaileen tipologia (10etik 7 emakumeak dira), plantillan emakumeen kopurua handitzeko burutzen diren neurriak… Gainera, TUVISAko emakume gidariek enpresaren barruan izan duten esperientzia azaltzen dute eta ikasleen galderei erantzuten diete. Horretaz gain, jolas moduko bat egiten da garraioaren sektorean aintzindari izandako emakumeak ezagutarazteko, besteak beste, Bertha Benz, Maria Teresa de Filippis, Catalina García, Rosa Parks eta Amelia Earhart, bai eta TUVISAn lan egin zuten lehen emakumeak ezagutzera emateko ere.

 

Share

AMVISAk 6,4 milioi inbertituko ditu Judimendiko hornidura- eta saneamendu-sarea berritzen  

Uren udal-enpresak Pilarren eta unibertsitatearen ingurunean ere hasiko ditu laster hobekuntza-lanak

 

Gaur, AMVISAko administrazio-kontseiluak onetsi du Judimendi auzoan hornidura- eta saneamendu-sarea berritzeko lanak kontratatzeko dosierra hastea.

Proiektua lehiaketan jarriko da 6,4 milioiko aurrekontuarekin eta 36 hilabeteko gauzatze-epearekin. Haietaz gain, dagoeneko, azpiegiturak hobetzeko lanak gauzatzen ari dira San Martinen zenbait hilabetetatik hona, eta laster hastekoak dira Pilarren eta unibertsitatearen ingurunean.

Uren udal-enpresak Judimendin egingo dituen berritze-lanekin batera, Herrandarren kalean doan kolektorearen ahalmen hidraulikoa hobetuko da.

Jarduketa horri esker, zerbitzuaren kalitatea eta efizientzia hobetu ahal izango ditugu, baita matxurak saihestu ere. Gainera, auzoa zaharra da, eta azpiegitura zaharrak ditu; jarduketarekin, auzo berrietan adinako bizi-kalitate eta ongizatea eman nahi diegu bertako bizilagunei. Horregatik egiten ari gara hain inbertsio garrantzitsua, oinarrizko eta funtsezkoa den baliabide hori, ura hain zuzen, bermatzeko eta optimizatzeko”, adierazi du AMVISAko lehendakari Marian Gutiérrezek.

 

Pilarren eta Unibertsitatean

Horretaz gain, AMVISAren administrazio-kontseiluaren bilkuran, lanak adjudikatu dira Pilar auzoko eta unibertsitate-eremuaren inguruneko zenbait kaletako saneamendu-sarea hobetzeko. Uren udal-enpresak, guztira, 2,5 milioi inbertituko ditu proiektu horietan, eta Excavaciones Fermín Oses enpresak gauzatuko ditu lanak.

Unibertsitatearen ingurunean, 1,7 milioi euro baino gehixeagokoa izango da inbertsioa. Han, Unibertsitateko ibilbidean, saneamendua hobetuko da: dagoen kolektorea zuhaitzen sustraietatik babestu, eta sarearen hustuketa-ahalmena hobetuko da San Antonio kaleko lurpeko pasabidearen azpian. Senda ibilbideko kolektorearen ahalmena ere handituko da, eta Ramon y Cajal kaleko zoladura hobetuko da.

Obrak gauzatzeko epea 10 hilabetekoa da.

Pilar auzoan, AMVISAk Juan Garai kalea zeharkatzen duen kolektorearen ahalmena hobetuko du, eta saneamendu-hodiak berrituko ditu auzoko zenbait kaletan. 802.720 euro baino gehixeagoan adjudikatu da obra, eta 6 hilabetean egingo da.

Share

Atxilotua mugikorra lapurtzeagatik

Udaltzainek 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Zabalganan indarkeria erabiliz lapurreta-delitu baten ustezko egilea izateagatik.

Adingabeko bat izan zen biktima. Aurpegian jo eta objektu zorrotz batekin mehatxu egin ondoren kendu zion telefono mugikorra.

Gertaeren lekuko bat korrika atera zen ustezko lapurraren atzetik. Jazarpen horretara gehitu zen Udaltzaingoko patruilako agente bat ere. Hark lortu zuen geldiaraztea.

Egin zioten azaleko miaketan, lapurtutako telefonoa topatu zuten poliziek, baita motxila bat eta hainbat objektu ere. Horiek,  poliziek egindako ikerketen arabera, ordu batzuk lehenago lapurtuak izan ziren Bulevar de Mariturri kalean aparkatuta zegoen ibilgailu batetik.

Atxilotua gaur geratuko da epailearen esku.

Share

500tik gora zuhaitz eta 15.000tik gora zuhaixka eta landare landatuko dira BEAren ibilbidean, identitate berdearekin bat eginez

Altzifreak jarriko dira nasen ondoan, eta zuhaixkak, lore-eremuak eta tamaina handiko zuhaitzak, korridore berde bat sortzeko, linea periferikoan

 

DOSSIER CORREDOR VERDE DEL BEIlabur

Are berdeagoa izango da autobus elektriko adimentsua. Izan ere, 500tik gora zuhaitz eta 15.000tik gora zuhaixka eta landare landatuko dira ibilbide osoan barrena, martxan jartzen denerako. Gasteizko Udalak ekin die dagoeneko landaketei, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, autobus elektriko adimentsuaren ibilbide osoa berdetzeko. Garraio publiko iraunkor eta efizientearen modu horren identitatea nabarmenduko du korridore berde horrek. Izan ere, bere ezaugarriengatik da ‘green’ autobus elektriko adimentsua: ez du kutsatzen, ez du emisiorik, efektiboa da, errei esklusiboetatik zirkulatuko duten ahalmen handiko ibilgailu elektrikoek osatzen dute, kutsadura akustikoaren maila txikiak izango ditu, eta lehentasuna izango du semaforoetan.

Autobus elektriko adimentsuari esker, ingurumenaren arloko bestelako onurak gorabehera, urtean 1.520 tona CO2 emisio murriztuko da, egungo gasolio-ibilgailuen ordez batere emisiorik gabeko autobus erabat elektrikoak erabilita. Eta orain, gainera, eraztun berde propio baten antzeko zerbait izango du. “Zuhaitz- eta landare-landaketa masibo horren bitartez, autobus elektriko adimentsuaren izaera iraunkorra sendotu nahi dute udal gobernuak eta teknikariek. Altzifreak izango dira nasen ondoan eta ibilbide osoan, lore-eremuak, zuhaixkak eta bestelako zuhaitz handiak. Sistema oso bat eratuko da hartara. Zehazki, 405 altzifre izango dira, ehunetik gora astigar zuri eta haritz, eta 15.000 inguru zuhaixka eta lore-landare”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Landaketa-kanpaina horrekin, berdindu egingo dugu BEAren ezarpenak eragindako zuhaitzen saldoa.”

Garraiobide horren ibilbidean barrena izango diren markesinen inguruan egingo da landaketa-ahaleginik handiena —guztira, 10 kilometroko trazadura izango du ibilbideak, eta Gasteizko 14 auzo lotuko ditu—. Nasen ondoan, ahal den neurrian, lore- eta landare-parterreak izango dira, eta hainbat altzifre. Multzo apaingarri txiki horiek —guztira 405 altzifre izango dira— koherentzia estetikoa emango diete autobus elektriko adimentsuaren geltokiei, ingurumena aintzat hartzeaz gain. Baina geltokietatik kanpo ere izango da altzifrerik. Espezie horretako alerik izango da ibilbidean zehar ere, hainbat lekutan: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean, Zaramaga kalean, Euskal Herriko Bulebarrean…

Beste elementu deigarri bat, landare-zerrenda bikoitz bat izango da, hiriaren iparralde osoa zeharkatuko duena, BEAren erreien ondoko erdibitzaileetan barrena. Oteizaren ‘Omenaldia Galindezi’ eskultura dagoen biribilgunetik —Telefónica eta Txagorritxuren eraikinaren parean— Jacinto Benavente kaleraino, “zuhaixka loredunen (teucrium fruticans eta viburnum tinus) zerrenda ‘berde’ bat sortuko da, 20 zentimetrotik metro eta erdira artekoa, gora eta behera egingo duena; ibilbideari jarraitutasun ‘berde’ iraunkorra ematea ahalbidetuko duen uhin bikoitz bat”, azaldu du alkateak. Zerrenda horrek altuerarik txikiena izango duen lekuetan, lore-eremu baten itxura hartuko du; hain zuzen ere, zebrabideetan eta ikuspen handiagoa behar den lekuetan. Tamaina handiko zuhaitzak landatzea posible den lekuetan, aldiz, astigar zuriak eta haritzak jarriko dira.

TUVISAren linea periferikoaren ibilbide osoan dago aurreikusia landaketa, eta badira arreta berezia merezi duten zenbait esku-hartze. Adibidez, ospitalean egindako hobekuntzak zirela eta Francisco Leandro de Viana kalean eraiki zen AUOko aparkaleku berrian 14 zuhaitz landatuko ditu Udalak. Nabarmen berdetuko den beste leku bat Madril kalea izango da. Bide horretan zehar, ‘landare-pantaila’ bat sortuko da, industria-pabiloien ondoan. Tamaina handiko zuhaixka horiek lantegien egungo inpaktu bisuala minimizatzea ahalbidetuko dute.

 

 

Share

Udal Osoko Bilkura Goiuri jauregian (2021-03-26)

Ohiko osoko bilkura egingo da bihar, martxoaren 26an, Goiuri jauregian, Martin de Salinas aretoan, zinegotzien arteko distantzia gordetze aldera.

Komunikabideei jakinarazten zaie gehienez ere bost pertsonak jarraitu ahal izango dutela osoko bilkura Goiuri jauregian bertan, kazetarientzako gunean, eta bai streaming bidez ere esteka hau sakatuz. Halaber, udaletxeko prentsa aretoan jarraitu ahal izango dute bilkura hori.

Share

Bertan behera geratu da Gizarte Politiken Batzordea

Bertan behera geratu da Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren, Gazteriaren, Berdintasunaren, Bizikidetza eta Aniztasunaren eta Garapenerako Lankidetzaren Batzordeak 2021eko martxoaren 29an, 09:00etan, egitekoa zuen bilkura, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zinegotzi ordezkariak ez baitu joaterik, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla eta. Finkatu gabe dago bilkura noiz egingo den. Garaiz emango da horren berri.

Batzordeburua

Share