Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdia (2021-03-02)

– Atalak 2021 programako proposamen berrien aurkezpena

Parte-hartzaileak: Fernando Sáenz de Ugarte, Dantzaz-eko zuzendari nagusia; Ainoa Arenaza, ‘José Uruñuela’ kontserbatorioko zuzendaria; Idoia Zabaleta, Azala sorkuntza-espazioko zuzendaria, eta Marta Monfort, Udal Antzoki Sarearen arduraduna.

Eguna: asteartea, martxoak 2.

Ordua: 11.00.

Tokia: Principal antzokia

Share

Atxilotua bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean bikotekidearen aurkako eraso fisikoko delituaren ustezko egilea zelakoan.

Guztia Sansomendin gertatu zen, zaintza-lanak egiten ari zen patruila bati pertsona batzuek gizonezko bat atxilotzeko eskatu ziotenean. Gertu zegoen ostalaritza-establezimendu batean zeudela, gizon batek berekin batera eserita zegoen emakume bat iraindu eta eraso egin ziola ikusi zutela adierazi zuten.

Patruila biktimarekin elkarrizketatu eta gertatutakoa onartu zuen; ondorioz, ustezko erasotzailea atxilotu zuten eta atzo jarri zuten epailearen esku.

Zigor-haustea

Udaltzaingoko agenteek atzo 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ustez kondena urratu izanaren delituaren ustezko egilea izanagatik.

Pertsona hura beste birekin batera identifikatu zuten Iparraldeko Parkeko jolas eremuan marihuana eta alkohola kontsumitzen ari zirelako. Dokumentazioa egiaztatzean, taldean berekin batera zegoen emakume batekiko babes-agindua zuela ikusi zuten eta, ondorioz, atxilotu. Gaur goizean geratuko da epailearen esku.

Covid-19aren salaketak 

Udaltzaingoak 123 zehapen-proposamen egin ditu asteburuan Covid-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak ez betetzeagatik. Salaketa horietako gehienak (85) musukoa jantzita ez izatearekin edo gaizki erabiltzearekin lotuta zeuden, eta haietako 7 ostalaritza-establezimenduei jarritakoak izan ziren bezeroen artean araua betetzen zutela ez zaintzeagatik.

Udaltzaingoak, bestalde, 17 pertsona salatu zituen etxeratze-agindua ez betetzeagatik, eta 11 bildutako pertsona kopurua gainditzeagatik. Gainerako zigor-proposamenak honako hauekin lotutakoak izan ziren: 4 bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik, 3 segurtasun-distantzia mantendu gabe erretzeagatik, 2 autonomia-erkidegoko sarrerak eta irteerak ez errespetatzeagatik, eta 1 ostalaritza-establezimenduetan ordutegia ez betetzeagatik.

 

Share

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak pandemia garaian emakumeek egunerokoa hobetzeko egiten duten lana azpimarratu nahi dute

 

“Bizitzarako FUNTSEZKOAK? Aitorpenak, Duintasuna, Erantzukidetasuna” lemaren pean, bi erakundeek herritarren, erakundeen eta entitate pribatuen arreta erakarri nahi dute martxoaren 8an

 

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak indarrak batu dituzte aurten martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatzeari begira, eta kanpaina bateratu baten bidez, pandemia garaian emakumeek gizartearen egunerokoa hobetzeko egiten duten lana azpimarratu nahi izan dute.

Berdintasun foru diputatu Ainhoa Campok eta Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landak gaur goizean aurkeztu dute kanpaina, aldundiaren jauregian. Aurtengo lema “Bizitzarako FUNTSEZKOAK? Aitorpenak, Duintasuna, Erantzukidetasuna” da.

“Osasun-krisialdi honetan agerian geratu da emakumeen egitekoa bizitzaren sostenguan, aparteko egoera sanitarioak nabarmen handitu baitu zaintzen beharra. Emakumeek zaindu dute gizartea pandemian zehar. Profesional soziosanitarioen artean eta funtsezko beste lanpostu batzuetan duten pisu handiagatik ez ezik, baita emakume horiek berek eta beste askok etxeetan eta beste espazio informalago batzuetan egin duten zaintza-lanagatik ere. Kutxazainak, nekazariak, garbitzaileak, zaintzaileak, erizainak… lehen lerroan egon dira. Baita ikertzaile, zientzialari eta politikariak ere. Baina leku ez hain ikusgarri batetik ere egin diote mesede gizarte osoari, etxeetatik”, nabarmendu du Ainhoa Campok.

Bestalde, Miren Fernández de Landak azaldu duenez, “kanpainaren helburua du gizartearen, erakunde publikoen eta entitate pribatuen arreta erakartzea, emakumeen lanak bizitzaren sostenguari egiten dion ekarpena aitor dezaten, gauza jakina izan arren are ageriago geratu baita covid gaixotasuna agertu denetik. Emakumeen lanaren zati handi bat ez da ikusten, eta ez da zenbatzen. Horrek esan nahi du, batetik, gutxietsi egiten dela etxeetan ekoizten diren ondasunen eta aberastasunaren balioa. Bestetik, gehien bat emakumeek egiten dituzten orduak eta ekarpen ekonomikoa ukatzen eta ikusezin bihurtzen dira, eta jendarteak zaintza, osasun, gizarte eta babes zerbitzuetan egiten duen aurrezpen itzela ere ikusezin bihurtzen du. Gizarteak aurrezten duen hori emakumeok gure garapen profesional eta pertsonalean inbertitzen ez dugun denboran oinarritzen da, eta oztopo handia da berdintasunaren helburuan aurrera egiteko”.

Berdintasunaren arloko bi arduradunek azpimarratu dute pandemian agerian jarri dela gure gizartearen funtzionamendurako ezinbestekoak diren lan askoren feminizazioa, horietako asko zaintzarekin edo ugalketa-lanarekin lotutakoak izanik.

“Ez da ahaztu behar lan horiek gabe ezinezkoak liratekeela gizarteak balioesten dituen beste jarduera profesional eta ekonomiko batzuk. Hortik kanpainaren lema, egunotan puri-purian dagoen hitza baita: ‘funtsezko’. Gizarte matxista batean bizi gara, non funtsezko lanak ez baitira halakotzat jotzen”, nabarmendu du Ainhoa Campok, eta erantsi du: “horixe da gure sentsibilizazio-kanpainaren helburua: funtsezko lan horiek aitortu, duindu eta birbanatu daitezen.  Aitorpena bilatzen dugu, emakumeen lanak bizitzaren sostenguan duen garrantzia ikusarazi eta aintzat hartzeko. Lan horiek gabe, bizitza gelditu egingo litzateke. Gizartean eta soldaten ikuspuntutik aitorpenik ez duten edo gizonek egiten dituztenak bezainbeste aitortzen ez diren lan batzuen duintasuna bilatzen dugu.  Eta lan horien ordain ekitatiboagoa bilatzen dugu. Herritarrek oro har eta gizonek bereziki beren gain har dezaten emakumeok egin ohi ditugun zeregin horiek betetzeko erantzukizuna. Horrek lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioan berdintasun handiagoa izatea ahalbidetuko luke”.

Testuinguru horretan, bi erakundeek arreta berezia eskaini diete baliabideak eskuratzerakoan askotariko oztopoak aurkitu ohi dituzten taldeei, enplegua berdintasunean lortzerakoan, kasu honetan. Izan ere, emakume migratzaileen kasuan, generoagatiko bazterkeriari beste faktore batzuk gehitzen zaizkio: gizarte eta familia sare baten falta, irregulartasun-egoera, erregularizazio-prozedura luzeak, eta enplegua eskuratzeko betekizunak betetzeari dagokionez abiapuntuko egoera desberdina, besteak beste. Oztopo horietaz gain, pandemiak beste batzuk sorrarazi ditu, emakume askok familietatik bakartu behar izan baitute gizartearen osasuna hobetzen laguntzearren.

Kanpaina bi erakundeen ohiko komunikazio-euskarrien bitartez zabalduko da, baita sare sozialetan eta hedabideetan ere. Sentsibilizazio-mezuak ez ezik, Aldundiak eta Udalak hainbat jarduera antolatu dituzte hirian zein lurraldean; www.araba.eus eta www.vitoria-gasteiz.org web-orrietan eskura daitezke programazioak.

Martxoaren 8, Gasteizen

Share

Udal Gobernuak mugikortasun-ordenantza berri bat proposatu du, bide-segurtasunaren alde egiteko eta garraiobide guztien arteko bizikidetza bermatzeko asmoz

 

Mugikortasun-ordenantza dosierra

 

“Orain arte, permisiboak izan gara bizikletekin, erabilera sustatzeko; orain, espaloietatik eta oinezkoentzako guneetatik atera behar ditugu, galtzadatik joan daitezen”

Gorka Urtaran alkatea: “Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen ugaritzeak Gasteizen horien erabilera arautzeko beharra ekarri du. Galtzadatik eta bidegorrietatik joan beharko dute

15 urtetik beherakoek oinezkoen guneetan eta espaloietan erabili ahalko dute bizikleta, eta 12 urtetik beherakoak badira, heldu batek lagunduta joan ahalko dira

Isun pedagogikoak sortuko dira falta arinentzat, 40 eurokoak, eta horien barruan sartuko da espaloi eta oinezkoentzako guneetatik MPIz eta bizikletaz ibiltzea

 

Gasteizko Udala mugikortasun-ordenantza berri bat lantzen ari da, “bide-segurtasunaren alde egiteko eta garraiobide guztien arteko elkarbizitza bermatzeko“, Gorka Urtaran alkateak gaur goizean azaldu duenez. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak araudi berria; ondoren, batzordean eztabaidatu eta Osoko Bilkuran onartu beharko da, udazkenean indarrean sartuko dela aurreikusi baitute. Gainera, udal gobernuak gizarte taldeekin eta mugikortasunaren arloko elkarteekin lan egiten jarraituko du dagokion elkargunean, haien ekarpenak jasotzeko.

Bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (patineteak) galtzadatik eta bidegorrietatik ibiltzea aurreikusten du ordenantzak, eta ibilgailu horiek espaloietatik eta oinezkoentzako guneetatik igarotzeari uztea. “Azken urteotan, garraiobide berrien hazkunde esponentziala izan dugu, hala nola bizikleta eta patinete elektriko edo mugikortasun pertsonaleko ibilgailuena, azken horiek askoz fenomeno berriagoa badira ere. Orain arte, Udala permisiboa izan da, bereziki bizikletekin, hirian erabilera sustatzeko eta oso apustu sendoa egin dugulako horren alde. Baina argi dago bide-segurtasuna bultzatu behar dugula, oinezkoa babestu, eta kaleetan ikusten ditugun garraiobide guztien arteko bizikidetza sustatu“, adierazi du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. 15 urtetik beherakoek, ordea, baimena izango dute oinezkoentzako guneetatik eta espaloietatik bizikletaz ibiltzeko, eta 12 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta joan ahalko dira.

Gobernu taldeak proposatutako testuak hainbat berrikuntza ditu. Adibidez, 16 urtetik beherakoek kasko homologatua erabili beharko dute bizikletan nahiz patinete elektrikoan ibiltzeko. Eta, jakina, gauez eta ikuspen gutxi dagoenean, argiak eta arropa islatzaileak eraman beharko dira, bai bizikletaz bai MPIz ibiltzeko.

Era berean, debekatuta egongo da aurikularrak edo telefono mugikorra erabiltzea edo animaliak uhalarekin lotuta eramatea. Bestetik, oinezkoentzako pasabideetatik ezingo da bizikletaz edo mugikortasun pertsonaleko ibilgailuz zirkulatu. “Nahitaezkoa izango da ibilgailutik jaistea horretarako. Leku horietan segurtasuna handitzea ahalbidetuko duen neurria da“, azaldu du zinegotziak.

Mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak eta motorrik gabeko mugikortasun pertsonaleko aparatuak (adibidez, patinete ez-elektrikoak), berriz, oinezkotzat hartuko dira. Beraz, oinezkoentzako guneetatik ibili ahalko dira. Hori bai, oinetan lotutako patinetan doazenek bizikleta-bideetatik joan beharko dute.

Segurtasunari dagokionez, bada beste neurri berritzailerik: debekatuta egongo da geldirik dagoen edo oinezkoentzako pasabide baten aurretik abiadura murrizten ari den beste ibilgailu bat aurreratzea.

Garraiobideen arabera, hauek dira ideia nagusiak:

BIZIKLETAK

  • Galtzadatik edo bidegorrietatik zirkulatu beharko dute.
  • 15 urtetik beherakoak bizikletaz ibili ahalko dira oinezkoentzako eremuetan eta trafiko mugatuko bideetan. 12 urtetik beherakoak adindun batek lagunduta ibili ahalko dira, zein bere bizikletaz, eta hura izango da adingabearen arduraduna.
  • 7 urtetik beherako bi haur eraman ahalko dira, aulki homologatuetan.
  • Bizikletek txirrina eraman behar dute.
  • Bizikletek paraleloan zirkulatu ahalko dute, binaka.

PATINETE ELEKTRIKOAK

  • Galtzadatik eta bidegorrietatik zirkulatu beharko dute.
  • 15 urtetik beherakoek ezin izango dute MPIrik erabili.
  • MPIek ezingo dute orduko 25 kilometroko abiadura gainditu.

MOTORRAK

  • Oinezkoentzako guneetan ziklomotorrak edo motozikletak aparkatzeko lekuak ezar daitezke, baina debekatuta dago bertara sartzea motorra martxan dagoela.

BESTE

  • MPAk (motorrik gabeko patineteak) oinezkotzat hartzen dira; beraz, oinezkoentzako guneetatik zirkulatu ahalko dute, eta lehentasuna izango dute oinezkoentzako pasabideetan. Ezin izango dira espazio publikoetan aparkatu edo utzi.
  • Mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak oinezkotzat joko dira oinezkoen eremuetan, edo txirrindularitzat bizikleta-bideetan.
  • Oinetan lotutako patinez mugitzen diren pertsonek bizikleta-bideetatik joan beharko dute.

Aparkalekuak

Aparkalekuei dagokienez, bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak bizikleta-aparkalekuetan utzi beharko direla ezarriko du Udalak araudi berrian. Zonan horrelakorik ez badago, edo une horretan tokirik ez badago, ibilgailuak hiri-altzarietara lotu ahalko dira, gehienez ere 24 orduz, zuhaitzei edo eserlekuei izan ezik.

Udal Gobernuak atal berezi bat idatzi nahi izan du alokairu-enpresen patineteak gaizki aparkatuta uztea eragozteko, gerora hirian horrelakorik instalatzen bada ere. Horrekin lotuta, Udalak hirian horrelako ekimenak baimentzeko edo ez baimentzeko eskubidea du.

Zigorrak

Udalak zigorren zerrenda berria landu du, falta arinak isun txikiagoz zigortzeko xedez. “Betetzen ez duenari zigorra ezartzea nahi dugu, baina ez dirua biltzeko asmoz, neurri pedagogiko gisa baizik“, azaldu du Raimundo Ruiz de Escuderok. Ildo horretatik, arau-hauste berria sortuko da, 40 euroko isunarekin zigortzen duena “MPIz edo bizikletaz zirkulatzea espaloietatik, oinezkoentzako guneetatik edo horretarako gaituta ez daudenetatik“. Horrez gain, antzeko beste zigor batzuk izango dira.

 

Share