Prentsa Oharren banner

Asteburuko aurreikuspenak

Larunbata, martxoak 13

  • Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto Vitoria-Gasteizko XXV. Guraso Eskolen Topaketan izango da 17:00etan, Europa Biltzar Jauregian.
Share

19 eta 16 urteko bi gazte atxilotuta, etxebizitzetan lapurtzeagatik

Udaltzainek atzo 19 eta 16 urteko bi gazte atxilotu zituzten ustez indarkeriaz lapurreta-delitua egiteagatik.

Joan den martxoaren 4an, Alin familia bakarreko etxebizitza bateko lapurreta zela eta aurkeztutako salaketa baten harira abiatutako ikerketa baten emaitza izan da atxiloketa. Udaltzainek gertakari hori hiriko eremu eta “modus operandi” berarekin izandako beste lapurreta batzuekin eta lotu zuten.

Ikerketa bi emakume gazterengan oinarritu zuten (haietako batek aurrekariak zituen Agirrelandako bulegoetan), beraz, zaintzako eta kontroleko operatiboa jarri zuten abian, non zeuden jakiteko. Hala topatu eta atxilotu zituzten.

Udaltzainek atzo adin nagusiko gaztearen etxebizitza erregistratu zuten, eta bertan, zalantzazko jatorria zuten objektu ugari topatu zituzten; beraz, konfiskatu egin zituzten. Bi pertsona horiekin lotzen dira abendutik egindako beste bi lapurreta, eta ikerketak aurrera darrai, Agirrelandan nahiz Ertzaintzako komisaldegian salatutako beste kasu batzuetan inplikatuta egon daitezkeelakoan.

19 urteko gaztea gaur geratuko da epailearen esku.

Babes-agindua urratzea

Udaltzainek atzo 32 urteko gizonezkoa atxilotu zuten emakume batek zuen babes-agindua ustez urratzearen delitua egiteagatik. Lakua-Arriagako auzoko lonja batera indarrez sartzen saiatu zen emakumearekin, bihurkin bat erabilita.

092an jaso zuten deiak eman zuen egoeraren berri. Patruila batek bikotea topatu zuen, identifikatu egin zituzten, eta une horretan egiaztatu zuten agenteek gizonezkoak babes-agindua urratu zuela. Gaur jarriko dute epailearen esku.

Erasoa partikular bati

Udaltzainek 20 urteko gazte bat atxilotu zuten Herrandarren kalean lesioen delitu baten ustezko egilea izateagatik.

Itxura denez, gazteak oinezkoen pasabidea gurutzatu zuen semaforoa gorri zegoenean, eta ondo zihoan ibilgailu batek beldurtu egin zuen. Gero autoa semaforo batean geldi ikusi zuenean, kristalezko edalontzi bat bota zuen gidariaren leihora, eta lekutik joan egin zen. Gidaria eta beste bi bidaiari autotik atera ziren haren atzetik, eta patruila iritsi arte atxiki zuten.

Inpaktuaren eraginez, leihoko beira hautsi egin zen eta gidariari eskuan eta aurpegian lesioak eragin zizkion, baita kopilotuaren eskuan ere. Hori dela eta, agenteek ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten.

 

Share

Gasteizek ehungintzaren sektorerako 300.000 euroko laguntzak onartu ditu, eta herritarrei dei egin die tokiko merkataritzan kontsumi dezan

Udal-gobernuak ostiral honetan onartu ditu ehungintzaren sektorerako ezohiko laguntzak. 300.000 euroko kontu-saila izango dute. Lerro hori arropa-, osagarri- eta oinetako-dendetako gastu korrontea estaltzera bideratuta egongo da. Diru-laguntzak “gutxienez 600 eurokoak izango dira eta alokairuko, hipotekako edo autonomo-kuotako gastuak estaliko dituzte, besteak beste”. Hala azaldu du Gasteizko lehen alkateordeak, Maider Etxebarriak. Deialdia argitaratu ondoren sobera geratutako saldorik balego, eskatzaileen artean kontu-saila agortu arte banatzeko aukera aztertuko dute.

Programa mota hauetan ohikoa den moduan, laguntza-lerro hauen oinarriak datozen egunetan argitaratuko dira Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean (ALHAO), eta bertan zehaztuko dira diru-laguntzetarako baldintzak eta epeak. Gainera, Sustapen Ekonomikoak udalaren webgunean eta Sailaren beraren buletin digitaletan sartuko ditu xehetasun guztiak. Modu jarraian Gasteizko Udalak argi berdea eman dion hirugarren laguntza da honako hau, aurreko bi Gobernu Batzarretan EAJko eta PSEko zinegotziek ikus-entzunezko sektoreari laguntzeko lerroak (100.000 euro), ekintzaileentzako bekak (84.000) eta enpresak sortzeko eta sendotzeko laguntzak (140.000) laguntzeko lerroak aktibatu ostean.

Etxebarriak gogorarazi duenez, “merkataritzak inoiz baino gehiago behar gaitu, eta babestu egin behar dugu, gurekin batera bilakatzen baita eta hiria hiri egiten du. Dendarik gabeko kalea kale tristeagoa da, itzaliagoa. Horregatik onartu ditugu ehungintzako sektorerako laguntza hauek, beste erakunde batzuetakoenekin bateragarriak izango direnak, gainera”.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

IRSEARABArekiko lankidetza-hitzarmena onetsi da, gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntza-lantegiak egiteko 

Tokiko Gobernu Batzarrak IRSEARABA (gizarte inklusiorako institutua) elkartearekiko lankidetza-hitzarmen bat onetsi du, gizartetik baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonei zuzendutako prestakuntza-ikastaro eta -lantegiak egiteko.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 30.000 euro emango dizkio, 2021ean jarduera hauek egin ditzan:

  • Logistikako prestakuntza ikastaroa. Trebetasunak eskuratzea eta arlo pertsonalean, sozialean, harremanetan eta lan-arloan gaitasunak garatzea du xede, horretarako hezkuntza-jarduera lagunduak baliatuta.
  • Orga-jasotzaileen arloko ikastaroak. Orga jasotzaileak, eskuzko transpaletak zein elektrikoak, eta pilatzaile elektrikoa erabiltzeko gaitzea dute xede.

“Oso jarduera positiboak dira udalaren gizarte-zerbitzuak erabiltzen dituztenentzat, laneratzeko eta gizarteratzeko beharrezko ezagutza eta trebetasunak lortzen edo mantentzen dituzte eta. Lantegi eta ikastaroak autonomia pertsonal eta sozial handiagoa izateko balio dietenez, bizitza ahalik eta normalizatuena egin ahalko dute” azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak.

 

Share

Gasteizek lehiaketara atera du bolumen handiko hondakin-bilketa, lehen aldiz modu esklusiboan kudeatuko da

Urtaranen gobernuak hondakin mota horren kudeaketa hobetu eta, haiek berrerabiliz, ekonomia zirkularra sustatu nahi du

 

Hondakinen bilketa eta garbiketako zerbitzu orokorra hobetzeaz batera, Urtaranen gobernuak etxeko eta merkataritzako bolumen handiko hondakinak biltzeko, sailkatzeko eta kudeatzeko zerbitzua lehiaketara ateratzea onartu du gaur. Ekonomia zirkularraren ikuspegiarekin egin du eta, lehen aldiz, garbiketako kontratu orokorrarekiko modu independentean.

Ekonomia zirkularra lortzeko trantsizio-estrategia horren testuinguruan, Gasteizko herritarrek eta merkataritzako nahiz ostalaritzako sektoreek sortutako bolumen handiko hondakin guztiak biltzeko sistema eraginkorrak ezarri beharko ditu zerbitzu berriak, hala, haien erabilera erraztu eta ondoren errazago kudeatzeko. Horrez gain, bide publikoan kontrolik gabe utzitako bolumen handiko hondakinak azkar jasotzeari lehentasuna eman nahi zaio, kalean haien presentzia ahalik eta gehien murrizteko.

Kudeaketan aldaketa hori eginda, Udalak berrerabiltzea sustatu nahi du birziklatzearen gainetik, eta bigarren aukera gisa, birziklatzea eta balorizazioa, deuseztearen gainetik. Modu paraleloan, ondasun berrerabilgarrien, konpondutakoen edo berriz manufakturatutakoen kontsumoa sustatuko eta zabalduko da.

Bolumen handiko hondakintzat hartzen dira honako kategoria hauen barruan dimentsio handiko hondakin guztiak: altzariak, gailu elektriko eta elektronikoak, koltxoiak, egurrak, metalezko elementuak eta etxeko edo merkataritzako jatorria duten beste edozein material, dituzten dimentsioak, pisua edo bestelako ezaugarriak direla eta kaleko edukiontzien bidez bildu ezin badira.

Kontratu berria lizitaziora 6,2 milioi euroko aurrekontuarekin aterako da, eta exekutatzeko epea 4 urtekoa izango da, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.

 

Share

Eraztun Berdeko garbiketa indartuko du Udalak, asteburuetan

Eraztun Berdeko garbiketa arrunta kontratatzeko lehiaketa onetsi du gaur udal gobernuak, eta aurki egingo du 6 hilabeteko errefortzua

 Hurrengo bi urteetarako Gasteizko Eraztun Berdeko garbiketa arrunta kontratatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur, 143.581 euroko aurrekontuarekin.

Garbiketa-zerbitzu arrunt horrek Eraztun Berdeko parkeetako garbiketa orokorra egiten du: sarbideak, aparkalekuak eta piknik eremuak; bideak eta ezpondak; espazio irekiak (belardiak, zelaiak, baratzeak, lursailak eta aintzirak); parkeetako ekipamendua (panelak eta seinaleak, eserlekuak eta mahaiak, behatokiak, igarobideak, etab.); ibaien ibilguak zati urbanoetan; baso inguruak (heskaiak, birlandaketak eta zuhaizti sendotuak), eta parkeen eta hiriko alderdi urbanoen eta industrialdeen arteko mugak eta, oro har, Eraztun Berdea osatzen duten parkeen (Salburua, Armentia, Zabalgana, Olarizu eta Zadorra) muga guztiak, Mendizabala gaina eta ibai eta erreken ertzetako berdeguneak barne.

Eraztun Berdea osatzen duten parkeei dagokie jarduera-eremua, hau da: Salburua, Armentia, Zabalgana, Jundiz-Mendebaldea, Olarizu eta Zadorrakoak, barne harturik, gainera, Mendizabelako muinoa, Las Neveras eta Salburua eta Zadorra arteko Alegria ibaiaren korridoreko berdeguneak, Perretxin-Ehari eta Zarauna errekak —Zabalgana auzotik igarotzean—, Torroguico erreka —Zabalgana eta Zadorra artean—, Errekaleor eta Santo Tomas errekak —Salburua auzotik igarotzean—, Olarizu erreka, Los Molinos erreka —Olarizuko parketik igarotzean— eta Batan erreka —hirigunean—. Ez da zerbitzuaren xedea parkeetako instalazioak garbitzea, hala nola komunak, aldagelak, tailerrak, biltegiak eta aisialdiko baratzeetako bulegoak, ez eta harrera- eta informazio-zentroak ere, hala nola Ataria.

Alkateak jakinarazi duenez, asteburuetako errefortzu bat gehituko zaio zerbitzu arrunt horri aurki, 6 hilabetez, aisialdi-leku horietara jende gehien joan ohi den sasoian.

Konfinamenduaz geroztik izan den bisitari-kopuruaren gehikuntzari erantzuten dio kontratazio horrek, hondakinen bolumena handitzea ekarri baitu berekin, batez ere asteburuetan. Hain zuzen ere, handitu egin da azken hilabeteetan parke-sarreretan dauden edukiontzien kopurua.

Share

Udalak ezetsi egin du Olarizuko legez kanpoko okupatzaileen errekurtsoa eta 10 eguneko epea eman die etxea husteko

Epea jakinarazpena jasotzen duten unetik hasiko da kontatzen

 

Gorka Urtaran alkateak gaur jakinarazi du legez kontrako 26 okupatzaileek aurkeztutako berraztertze-errekurtsoaren inguruan udal-gobernuak hartutako akordioa. Udalak okupazioa bertan behera uzteko eskatuz jakinarazpena bidali zienean aurkeztu zuten errekurtsoa okupatzaileek.

Udalak, errekurtsoak aztertu eta berrikusi ditu eta ezestea erabaki du, eta pertsona horiei jakinarazpena bidaltzea, 2021eko urtarrilaren 29ko akordioaren nahitaezko betearazpena abiaraziko dela jakinarazteko. Akordio horrek etxebizitzak Udalaren esku uztea eskatzen zuen

Gaur bertatik (ostirala) jakinaraziko zaie agindu hori eta 10 eguneko epea izango dute, jakinarazpena jasotzen dutenetik, etxebizitzak husteko. Epe hori pasatutakoan hala egingo ez balute, kaleratzea epailearen aginduz egin beharko da, beraz, Udalak justiziaren esku utziko du espedientea.

Share

(Eguneratua zenbakiak zuzenduta) Osasunaren arloko elkarteekiko hitzarmen multzo bat onetsi du Urtaranen gobernuak

Tokiko Gobernu Batzarrak 100.000 eurotik gorako laguntza emango du arlo soziosanitarioko elkarteekiko zortzi lankidetza-hitzarmenetarako. Zortzi akordio horiei esker, helburu bereko jardueren programa zabala gauzatu ahalko da:  talde horien hartzaileen osasuna sustatzea eta bizi-kalitatea hobetzea. Elkarte horiek 2.000 bazkidetik gora dituzte, guztira.

Hauexek dira hitzarmen horien xehetasunak eta  laguntza ekonomikoa:

  • ADELES – Lupus gaixoen Arabako elkartearekiko hitzarmena, gaixotasunak jotakoei laguntza fisioterapeutikoa emateko programarako. Banakako saioez gain, informazio- eta balorazio- zerbitzuak ere barne hartzen ditu programak. 3.825 euro. 
  • ACABE –  Anorexia eta Bulimiaren aurkako Arabako Elkartearekiko lankidetza-hitzarmena, jateko jokabidearekin zerikusia duen nahasmenduak eragindakoei eta horien familiei laguntzeko lantegiak egiteko. Hiru lantegi espezifiko izango dira kaltetuentzat eta horien bikote edo senideentzat. 16.779 euro.
  • ASPACE – Garun paralisia dutenen Arabako elkartearekiko lankidetza-hitzarmena, kaltetuei fisioterapiako laguntza emateko proiektua burutzeko. Modu bereizian egingo da lan helduekin eta haurrekin. Familiei jarrera-higieneari buruzko prestakuntza ere emango zaie. 11.454 euro.
  • ASPANAFOHA – Arabako Foru Aldundiarekiko eta minbizia duten umeen gurasoen Arabako elkartearekiko lankidetza-hitzarmena, minbizia duten adingabekoen familiei laguntzeko programa baterako, Gasteiztik kanpoko ospitaletako egonaldiek eragindako gastuei aurre egin ahal izateko. 5.711 euro.
  • Down Araba-Isabel Orbe elkartearekiko lankidetza-hitzarmena, Down sindromea dutenen zahartze osasuntsurako programarako, hainbat onura izateko maila kognitiboan, emozionalean, psikologikoan eta jarreran. 10.200 euro.
  • EZEBA – Zeliakoen eta horien senitartekoen Arabako elkartearekiko  lankidetza-hitzarmena, zeliakoei eta horien senitartekoei arreta integrala emateko programa bat garatzeko. Programan hainbat zerbitzu sartzen dira, esaterako, elikagaien analisia, elikadura osasungarriren sustapena edo ostalaritza eta jatetxeentzako aholkularitza. 8.568 euro.
  • ASAFES – Buruko Gaixotasuna duten Pertsonen eta horien Familien Elkartearekiko lankidetza hitzarmena, osasun mentalari buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio- programa egiteko, gaixoen familiekin zein gizarteko gainerakoekin lan eginez. 24.480 euro.
  • Hiesaren aurkako Arabako Herritarren Batzordearekiko lankidetza-hitzarmena, gayen eta gizon artean sexu- harremanak dituztenen artean GIB/HIESaren aurkako “Gayen artean” prebentzio programa burutzeko. 23.379 euro.

“Osasuna protagonista da 2021eko aurrekontuetan. Hala da, besteak beste, udalak Gasteizko ehun soziosanitario anitzarekin duen lankidetzari esker. Bizi behar izan dugun pandemia egoera honetan, pertsona askoren bizi-kalitateak okerrera ez egiteko ahaleginak bikoiztu dituen ehunarekin” adierazi du Gorka Urtaranek.

Share

Udalak berriz abiarazi du “Laborategi Hiria” programa; horrekin produktu berritzaileak probatu nahi dituzten enpresei eskaintzen die hiria  

Gaur, Udalak onespena eman dio “Vitoria Gasteizen Laborategi Hiria” programari; horren bidez proiektu teknologiko jasangarria edo berritzailea duten enpresei eskaintzen die hiria, ingurune errealetan probak edo erakustaldiak egin ditzaten. Gaur, ekimenaren deialdi publikoa onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak; azken edizioa 2017an egin zen, eta, orain, berriz ere egingo da.

“Laborategi Hiria” programak oinarrizko bi helburu ditu. Batetik, enpresa-berrikuntzan laguntzea. Eta, bestetik, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzea, konponbide berriak esperimenta dezaten errazteko produktu teknologiko jasangarri edo berritzaileak dituzten konpainiei. Hala, “euren garapen teknologikoa testatzeko aukera ematen diegu enpresei, merkatu nazionalean zein nazioartekoan duten potentziala handitzeko, eta, gainera, tokiko enpresek programa baliatu ahal izango dute euren burua ezagutarazteko bezero gehiago lortze aldera”, azaldu lehenengo alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak. Zinegotziak oroitarazi du irekia dela deialdia, eta horrenbestez euren produktuak Gasteizen probatu nahi dituzten beste nonbaiteko enpresek ere baliatu ahal izango dutela. “Kanpoko ezagutza ere erakar dezakegu, eta, agian, hura aprobetxatu ahal izango du hemengo sektoreak, eta gure hiria berrikuntzaren arloko erreferente bilakatu”, gehitu du.

Programa Udalaren bi estrategiaren barruan dago, zein bere saileko planetan jasoa: Industriari Laguntzeko Plana (2021-2024), eta Ekonomia Zirkularreko Plana (2020-2025). Planek erantzuten diete bai gure hiriak duen industria-izaera nabarmenari (hiriko barne-produktu gordinaren % 30 eta enpleguaren % 25 industria-sektoretik datoz), bai garatzeko natura-baliabideen kontsumoaren beharrik ez duen ekonomia batera aldatzeko beharrari. Ildo horretan, tresnak proposatzen dituzte enpresek eboluzionatu ahal izateko inpaktu txikiagoko negozio-ereduetara eta aldi berean lehiakortasuna sortu.

 

Share

Gasteizek 60.000 euro bideratuko ditu bizikidetza, aniztasuna, giza eskubideak eta memoria historikoa sustatzen duten proiektuetarako.

Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak berariazko oinarri arautzaileak aurkeztu ditu bizikidetza, aniztasuna, giza eskubideak eta memoria historikoa sustatzeko jarduera eta proiektuetarako aurtengo dirulaguntzak emateko.

Gaur goizean Gobernu Batzarrak 60.000 euroko zuzkidura duen dirulaguntza-deialdi hori onetsi du, honako helburu honekin: “Gasteizen bizikidetza sustatuko duten proiektuak finantzatuz elkarte-sarea sendotzea, bakearen kulturan, aniztasunean eta giza eskubideen babesean oinarritutako bizikidetza eta elkartasuna eraikitzeko xedea erdieste aldera”.

 

Share