Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-03-05)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, martxoak 5

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————–

‘El terror a portada. 60 años del terrorismo en España a través de la prensa’ erakusketa inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Gobernuaren delegatu Denis Itxaso; Centro Memorial Víctimas del Terrorismo Fundazioko zuzendari Florencio Dominguez; Vocentoko presidente Ignacio Ibarra; Fernando Buesa Fundazioko presidenteorde Sara Buesa; eta Maria Jimenez, erakusketako komisarioa

Eguna. Ostirala, martxoak 5

Ordua. 12:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

Share

Zaramagako adinekoentzako zentro soziokulturalak Martxoaren 3ari buruzko erakusketa bat hartuko du, Luis Ziarrustaren argazkiekin

Ikusgai dago, betiere edukiera murriztuta, COVID-19aren aurreko segurtasun-neurriak betetzeko

Apirilaren 23ra arte, Zaramagako adinekoentzako zentro soziokulturalean Luis Ziarrusta fotokazetariaren erakusketa bat egongo da 1976ko martxoaren 3ko gertaerei buruzko argazkiekin; egun horretan, 5 langile hil zituzten Polizia Armatuak langileen protesten aurka egin zituen kargek.

Gertaera horiek sakon grabatuta daude hiriaren oroimenean, bereziki Zaramaga auzoan, bertan egin baitzuten sarraskia. Hori dela eta, pisu sinboliko handiagoa hartzen du argazki-erakusketak.

Martxoaren 3 hartan, Luis Ziarrusta bere Nikon F2 kamera eskuan atera zen kalera, eta Gasteizko historiaren zorigaiztoko gertaera haien zuzeneko lekuko eta notario bihurtu zen. Artean, 24 urte zituela, Iruñeko Kazetaritza Eskolan ikasi ondoren, fotokazetaritzaren munduan bidea egiten hasia zen, El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkariaren kolaboratzaile.

Bere Citroën 2 CV gidatuz, bi orduko bidaiaren ostean, hiritik atera, eta argazkiak Bilbora eramatea lortu zuen, hurrengo egunean argitaratzeko. Geroago, Europa Press agentziaren bidez, Espainiako prentsa guztian hedatu ziren.

Erakusketako bisita

Astelehenetik larunbatera egongo da ikusgai erakusketa, 10:30etik 12:30era eta 16:30etik 19:30era. COVID-19aren ondorioz ezarritako segurtasun-neurriak betetzeko, 6 pertsonako gehieneko edukiera ezarri da; tenperaturak hartuko dira, eta bisitatzeko txandak 30 minutuan behin izango dira.

Erakusketa jende guztiarentzat zabalik dago, eta ikusi nahi dutenek Zaramagako Adinekoentzako Zentro Soziokulturalera jo beharko dute zuzenean, ezarritako ordutegiaren barrruan.

Argazkiak: Luis Ziarrusta

Share

Euskadiko Orkestraren ‘Musika gela’ren 23. edizioa hartuko du Principal antzokiak

‘Ekomusik’, ‘Mozart, Nannerl eta lagunak’ eta ‘Living room music’ izeneko emanaldiak barne hartzen ditu programak

 

Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Euskadiko Orkestrak ‘Musika gela’ren 23. edizioa aurkeztu dute, orkestraren programazioan guztiz errotutako ziklo didaktikoa.

Gasteizko Udaleko Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, EOSen zuzendari nagusi Oriol Rochek eta EOSen hezkuntza arduradun Mikel Cañadak aurkeztu dute programa prentsaren aurrean.

Ziklo didaktiko hori, Orkestraren programazioan guztiz errotuta dagoena, herritarrei oro har eta gazteenei bereziki musika hurbiltzeko xedez sortu zen“, azaldu du Kultura zinegotziak.

Mikel Cañadasek azaldu duenez, “lotura argia dago hiru proiektuen artean: aukeratu ditugun errepertorioen erabateko edertasuna”.

Hiru proposamen

Oraingo honetan hiru ekoizpen aurkeztu dira. Martxoaren 7an (igandea), ‘Ekomusik’ kontzertua eskainiko da, musika klasikoaren eta ekologiaren artean harreman zuzena ezartzea helburu duena; eskuz egindako musika-tresnak baliatuko dituzte, ingurunea errespetatuz eta itxuraz naturatik bertatik sortzen den musikaren esentzia bilatuz egin ere. 6 urtetik gorakoentzat.

Apirilaren 18an (igandea), ‘Mozart, Nannerl eta lagunak’ programaren txanda izango da. Wolfgang Amadeus Mozart, eta haren arreba Maria Anna Mozart —hura ere konpositorea, zeinaren obra gehienak ez baitira gurenagana iritsi— Euskadiko Orkestraren instrumentuei esker berpiztuko dira. Martxa turkiarraren erritmora eta haien obrak musika-estilo ezberdinen bidez eraldatzeko jolasekin gozatuko du publikoak. 2-5 urtekoentzat gomendatua.

‘Living room music’ ikuskizunak itxiko du zikloa, maiatzaren 9an (igandea); lau musikari berrogeialdiaren ondorioz harrapatuta geratzen dira urrutiko hiri bateko apartamentu batean. Bertan, musika pixka bat egiteko aukera ematen duten etxeko elementu guztiak aztertzen dituzte… 6 eta 10 urte bitarteko neska-mutilentzat.

 “Pozgarria da musika hitzordu horiek berreskuratu ahal izatea, pandemia Gasteizera iristeak horietako batzuei eragin baitzien”, gehitu du zinegotziak.

Udalaren Antzoki Sarearen  “Familiarentzako musika” abonamenduko kontzertuak dira.  ‘Ekomusik’ kontzerturako salmenta urtarrilaren 25ean hasi zen, neguko denboraldiaren barruan. Apirileko eta maiatzeko kontzertuetarako sarrerak martxoaren 25ean jarriko dira salgai, udaberriko denboraldiaren barruan.

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

Share

Atariak 38.059 bisitari izan ditu 2020an

 – 2020ko ekainaren 1ean ateak berriz ireki zituenetik, zentroak 24.121 bisitari hartu ditu

 – Zentroan ezarri diren osasun-neurriek bisitaren segurtasuna bermatzen dute

Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentro Atariak, guztira, 38.059 bisitari hartu ditu 2020an; hau da, aurreko urtean baino % 57,56 gutxiago. Iazko ekitaldian izandako bisitari kopurua positibotzat jo behar da, kontuan izanik pandemiaren testuingurua eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak zentrorako bisitak seguruak izatea bermatzeko hartu zituen segurtasun-neurriak. Kopuru horrek berriz ere frogatzen du Ataria baliabide ezaguna bilakatu dela, eta hiriko biztanleek zein zentroa bisitatzen dutenek baloratu eta erabiltzen dutela.

Txotena egin ondoren lortutako ondorioek adierazten dute, bestalde, urte hasieran jende gehiago bertaratu zela 2019ko hiruhileko berean baino; horrenbestez, ondoriozta liteke pandemiarik izan ez balitz parte hartzaileen kopurua aurreko ekitaldikoa baino handiagoa izango zatekeela, zeinean 89.681 pertsona bertaratu baitziren. “Normaltasun berria” hasi zenean, bertaratutakoen kopuruak aurreko urteetako patroi berei jarraitu zien: uztailean eta abuztuan bisitari gehiago izan ziren, eta irailean, gutxiago; urrian, berriz, gora egin zuen kopuruak, eskola-programa zela eta.

Inkesta egin zitzaien 3.400 pertsonen (bisitarien % 9) erantzunetatik ateratzen den beste ondorio bat da mugikortasun-murrizketek izan duten eragina: Gasteizko eta Arabako bisitarien kopuruak gora egin du; Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko turisten kopurua % 4,2 jaitsi da, eta atzerriko bisitariena % 5,8 jaitsi da. Datu horiek gorabehera, bisitarien ohiko profila berdina izan zen 2020an eta aurreko urteetan: Gasteizko familia-taldeak dira bisitari nagusiak, 35 eta 65 urte bitarteko pertsonek osatuak, sarritan 12 urtetik beherako haurrekin.

Aipatzekoa da parte-hartzaileen kopuruak behera egin zuela Atariaren programa irekiko jardueretan (lantegiak, ikastaroak, bisitak eta abar); horrek lotura du Udalak hartutako osasun- eta segurtasun-neurriekin: zentroaren edukiera gutxitzea (50 pertsona gehienez), beheko solairua erabiltzeko murrizketak eta jarduerarik ezin egitea bizikide ez diren pertsonek osatutako talde handiekin. Izan ere, 2020an 61 natura-ibilbide egin ziren, eta haietan 518 lagunek hartu zuten parte; hau da, ibilbideko 8,5 lagun, batez beste. Ratio hori askoz txikiagoa da aurreko urteetakoak baino: 24,65 lagun ibilbide bakoitzeko, 2019an, eta 19,95 lagun ibilbideko, 2018an.

Alderdi positibo bat dago, dena den, Interneteko presentziaren kuotak handitu baitziren; izan ere, zentroak % 30 jarraitzaile gehiago izan zituen Instagramen (1.350 jarraitzaile), eta webguneak % 25 bisita gehiago izan zituen 2019an baino, batez ere pandemia-garai hauetan egindako jarduera digitalei esker.

2021ean eta hurrengo urteetan jasotzen diren datuak baliagarriak izango dira aztertzeko eta ulertzeko zenbat jende etortzen den eta zenbateraino hartzen duen parte jardueretan eta bisitetan COVIDaren fenomenoaren ostean, zentrokoek azaltzen duten bezala “normaltasun berriak” aldaketa ekar baitezake bisitarien jokabidean.

Share