Prentsa Oharren banner

Udalaren Antzoki Sareak % 100eko okupazioa lortu du neguko denboraldian proposatutako antzerki, dantza eta musika saioetan

Principal antzokian edukiera 400 pertsonara dago mugatuta eta gainerako udal antzokietan % 50era.

 

Udalaren Antzoki Sareak leku guztiak betetzea lortu du neguko denboraldiko antzerki, dantza eta kontzertuen proposamen ia guztietan. Urtarriletik martxora bitartean, 37 ikuskizun eskaini dira guztira, 28 Principal antzokian eta 9 gizarte etxeetako antzokietan. Principal antzokian edukiera 400 pertsonara dago mugatuta eta gainerako udal antzokietan % 50era.

“Arte eszenikoetan parte hartzen duten sektore guztientzat hain zaila den egoera honetan, gure helburua da arte eszenikoen programazioa ahal den neurrian mantentzea. Baliabide tekniko eta ekonomikoen arabera programatzen saiatzen gara, antzerkia, dantza, musika eta hori ahalbidetzen duten milaka pertsonek bere lan aparta egiten jarrai dezaten”, adierazi du Estíbaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

Udalaren Antzoki Sarea kalitateko ikuskizunak eskaintzen saiatzen da agertokietan eszenaratzen diren istorioez gozatu eta horiekin hunkitu, barre edo negar egiten duten herritar guztiei.

“Gure ustez arte eszenikoak herritarren premien parte dira, eta, beraz, administrazio publikoek premia horri erantzuna eman behar diote. Horregatik, oso positibotzat jotzen dugu neguko programazioa egin ahal izana; ikuskizun bakarra utzi dugu bertan behera, Ballet du G.Theatre de Geneve“, gehitu du Cantok.

 

Antzerkia

Aurrekoetan bezala, helduentzako antzerkietan ia leku guztiak bete dira. ‘La Máquina de Turing’, ‘Principiantes’ eta ‘Eva contra Eva’ ikuskizunek, esaterako, sarrera guztiak saldu dituzte. Nabarmentzekoa da Mario Gasek zuzendutako ‘Principiantes’ obraren erabateko estreinaldia, Principal antzokian.

Azken urteetako joeraren ildotik, ‘Antzerkia Ibaiondon’ zikloan leku guztiak bete dira eta ‘JIM Aktual’ zikloan sarreren % 85 saldu dira.

Bestalde, euskarazko ikuskizunek goranzko joera dute eta ‘Kutsidazu bidea Ixabel’ antzezlanean, adibidez, lekuen % 92,5 bete dira. “Euskarazko antzerkiak eta ikuskizunek osasun ona dute, eta, horregatik, proposamen hauen kalitatea eta kopurua handitzen jarraitzearen aldeko apustua egingo dugu”, iragarri du zinegotziak.

 

Dantza

Dantzari dagokionez, emaitzak ere oso onak dira, ia lekuen % 100 bete direlako. Izan ere, azken urteetan dantza saioetara hurbildu den pertsona kopurua neurriz igo da.

 

Musika

Kontzertu Handien Zikloaren barruan, Donostiako Orfeoiak leku guztiak bete ditu, eta Il Gardellino Baroque Orquestrak lekuen % 90. Bi taldeek kalitate handiko kontzertuak eskaini dituzte.

Pop kontzertuei dagokienez, ia leku guztiak bete dituzte, eta nabarmentzekoa da batez ere ETS talde arabarrak eskainitakoa.

XXI. Mendeko Flamenkoa zikloan egin diren bost kontzertuek leku guztiak bete dituzte. Edizio honetan 2020ko zikloan partu hartu ezin izan zuten kantarietako batzuk egon dira.

 

Familia giroan

Azkenik, familiei zuzendutako ikuskizunetan edukieraren % 90 bete da. Familientzako ikuskizunetan parte-hartzaile kopurua pixkanaka goraka doala nabari da.

Antzoki Saretik oso modu positiboan baloratzen dute herritarrei kalitateko antzerkiak eskaintzen jarraitzea. “Publikoari eskerrak eman nahi dizkiogu, pandemia egoeran ere antzokiak betetzen dituelako. Herritarrek antzokira joateko beharra dutela uste dugu, eta hala erakutsi dute amaitu berri den denboraldi honetan. Bertan egiten diren antzerki eta jarduerak guztiz seguruak dira”, azpimarratu du Estíbaliz Cantok.

 

DATUAK / DATOS

IKUSKIZUNA / ESPECTÁCULOData / FechaLekuak / AforoIkusleak / Espectadores/as%
ANTZERKI ABONAMENDUA / ABONO TEATRO    
La máquina de Turing2021/02/06400400% 100,00
Principiantes2021/02/12400400% 100,00
La habitación de María2021/02/25400392% 98,00
Dribbling2021/03/20400388% 97,00
Fortunata y Benito2021/03/23400377% 94,25
Eva contra Eva2021/03/26400400% 100,00
ABONAMENDUTIK KANPO / FUERA DE ABONO    
Natalia Lacunza2021/02/05397325% 81,86
Santi Rodriguez2021/03/05400377% 94,25
Eñaut Elorrieta2021/02/27400369% 92,25
ETS2021/03/12400400% 100,00
DANTZA ABONAMENDUA / ABONO DANZA    
Carmen Maquía2021/02/19400390% 97,50
Ballet du G.Theatre de Geneve2021/03/19367367% 100,00
EUSARAZKO ANTZERKI ABONAMENDUA / ABONO EUSKERA    
Kutsidazu Bidea Isabel2021/02/17400369% 92,25
Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari2021/03/04273232% 84,98
     
ABONO IBAIONDO ABONAMENDUA    
Un poyo rojo2021/02/26143143% 100,00
Españolas, Franco ha muerto2021/03/18146146% 100,00
ABONO JIM ABONAMENDUA    
Antonia2021/02/18136134% 98,53
Quinta Feira2021/03/1112491% 73,39
ABONO FLAMENCO ABONAMENDUA    
Pansequito2021/01/30149149% 100,00
Israel Fernández2021/02/13148148% 100,00
Mayte Martín2021/02/27148148% 100,00
David Palomar2021/03/13149149% 100,00
Cancanilla de Málaga2021/03/27149149% 100,00
KONTZERTU HANDIAK / GRANDES CONCIERTOS    
Orfeón Donostiarra2021/02/20400394% 98,50
Il Gardellino Baroque Orquestra2021/03/06400351% 87,75
FAMILIARENTZAKO ANTZERKIA / ABONO TEATRO FAMILIA    
Alpha2021/02/21264238% 90,15
Kotondarrak2021/02/28264237% 89,77
Encuentracuentos2021/03/14344316% 91,86
Laika2021/03/28350299% 85,43
FAMILIARENTZAKO MUSIKA ABONAMENDUA / ABONO MUSICA FAMILIA    
Pangea2021/02/07330325% 98,48
Ekomusik2021/03/07270238% 88,15
GUZTIRA / TOTAL  9307% 92,90

 

 

 

 

 

Share

Ikertua debekatutako suzko arma izateagatik eta osasun publikoaren kontrako delitu posiblearengatik   

Udaltzaingoak 51 urteko gizonezko bat ikertu du debekatutako suzko arma izateagatik eta ustez osasun publikoaren kontrako delitua egiteagatik.

Udaltzaingoko agenteek atzo 17:30ak aldean esku hartu zuten Koroatze auzoko etxebizitza bateko bi errentariren artean eztabaida izateagatik. Bietako bat etxebizitza uzteko bere gauzak biltzen ari zen bitartean, eskopeta modifikatu bat topatu zuen eta patruilari erakutsi zion, baita beste pertsonak etxean gordeta zuen aire konprimatuko pistola bat ere. Era berean, ustez droga eta dirua zituen kutxa batez hitz egin zien.

Aipamen horien aurren, ikertuak bere borondatez entregatu zituen armak eta munizioa, baita bi botika desberdinen berrehun pastilla inguru gordetzen zituen kaxa bat ere. Udaltzaingoak material guztiak konfiskatu zuen eta ikerketa bat zabaldu du.

 

Atxilotua errekisitoria judizial bat dela eta

Udaltzainek atzo errekisitoria judiziala zuen 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten.

Gertaerak 15:30ak baino lehentxeago gertatu ziren, herritarren dei batek jakinarazi zuenean pertsona bat bizikleta bat lapurtzen ari zela Ortiz de Zarate eta Florida kaleetako elkargunean. Pertsona hori agente batek topatu zuen inguruan dagoen atari batean, eta identifikatzerakoan egiaztatu zuen bilaketako, atxilotzeko, eta epaitegian aurkezteko errekisitoria zuela. Ondorioz, atxilotu egin zuten.

 

 

 

Share

Bere jardueraren balantzea, emaitzak eta ildo estrategikoak jaso ditu 21 Zabalguneak oroitidazkian

Hirigintza-sozietatearen finantza-egoera nabarmendu da: lehen aldiz, urte askoan, ez du galerarik izan eta balantzea onbideratu da

 

MEMORIA__EUS

Bere jardueraren balantzea, emaitzak eta ildo estrategikoak jaso ditu 21 Zabalguneak 2020ko oroitidazkian. Udal sozietateak aurkeztu duen lehena izan da, eta gaur aurkeztu zaio administrazio-kontseiluari.  Ana Oregi lehendakariak azaldu duenez, “erradiografia argia eta irisgarria da, bizitzan zehar bere funtsa eta helburuak birdefinitu dituen eta gaur egun hiri-eredua aplikatzean pieza estrategiko bihurtu den erakunde horren xedea eta zifra handiak ulertzeko. Hiri-ereduan konpromiso soziala, ingurumenarekikoa eta ekonomikoa bildu nahi ditu, nazioarteko posizionamendua eta gure etorkizunarekiko erantzukizuna, klima-aldaketaren eragina minimizatuko duten ekintzen alde eginez, eta beharrezko trantsizio energetikoa ahalbidetuz”.

21 Zabalgunearen jarduera-eremuari buruzko informazio zehatza jasotzen du argitalpenak, eta, orobat, gobernu-organoen eta langileen zerrenda, eta sozietatearen jardunaren inguruko txosten xehatua, kapitulu hauetan egituratuta: Etxebizitzak berritu eta birgaitzea, gizarte-ekintzen garapena, sozietatearen ondarearen kudeaketa, hirigintza-jarduerak, azterketa- eta berrikuntza-ildoak eta jarduera publikoa.

Gainera, atal zehatz bat eskaintzen die oroitidazkiak 21 Zabalgunearen urteko kontuei. Lehenengo aldiz, ez du galerarik izan, eta balantzea onbideratzea lortu du.

 

Kontu onbideratuak

Hain zuzen ere, Ana Oregik kontseilariei azaldu dienez, 2020ko kontuak bereziki onak izan dira. Izan ere, behin betiko onespena eman zaio Salburua eta Zabalgana birpartzelatzeko proiektuari, eta horretatik atera diren lurzatiak erregistratzeko aukera eman du horrek, dagozkien aprobetxamendu-gehikuntzekin. 9.000 etxebizitza baino gehiago egiteko lurzorua bereganatuko du 21 Zabalguneak auzo horietan, eta, urte askoan, eraikitzeko beste lursail batzuk kontsumitzea ekidingo da hartara. Gainera, auzo horietako konpentsazio-batzarrak likidatu dira, eta zor zizkioten urbanizazio-kuotak kobratzeko aukera eman dio horrek 21 Zabalguneari.

Aparteko egoera hori dela eta, 42.557.375,70 euroko mozkina lortu da; funtsean, dentsifikazio berritik sortutako lurzatiak kontabilizatzearen ondorioz.

Irabazi hori dela medio, aurreko ekitaldietako emaitza negatiboekin bukatu da, 8.477.252,29 euro metatzen baitzituzten. Hau da, 21 Zabalguneak ez du jada galerarik, aurreko urteetan bezala.

Bankuekin zituen zorrak murriztea ere lortu du sozietateak; 6,7 milioi euro murriztu ere. 2019an 38.957.992,57 euro zor izatetik 2020an 32.246.795,41 euro zor izatera igaro da.

Bestalde, sozietatearen funts propioak 17 milioi euro hazi dira (157.406.728,12 eurotik 174.464.986,43 eurora). 21 Zabalgunearen kaudimena erakusten du horrek: balantzean, funts propioak dira % 84tik gora, eta pasiboa, berriz, ez da % 16ra iristen.

 

 

Etorkizuna ulertzeko modu berri bat

Ana Oregik nabarmendu duenez, “21 Zabalgunearen ekintzen helburua berehalako etorkizuna ulertzeko beste modu bat lortzea da, Europako hirietako joerak aintzat hartuta. Izan ere, haiekin partekatzen ditugu arazo batzuk, baina baita irtenbideak ere: hiri-birgaitzea funtsezkoa da energia-eraginkortasunerako. Ziur baikaude energia-eraginkortasunerako eta emisioak murrizteko potentzial handiena etxeetan dagoela, merkataritza txikian, komunitatean, auzoan, mugitzeko eta kontsumitzeko ditugun moduetan”.

 

Horrela, bada, klima-aldaketaren kontrako borrokan zentratzen du 21 Zabalguneak bere ikuspegia, hiriko auzo zaharrenetako —Alde Zaharreko eta urrezko auzoetako— eremu publikoak eta eraikinak birgaitzeko azterlan eta planak oinarritzat hartuta. “Hiri-eredu horretan koherentzia ere kontuan hartzen dugu, ordea, eta, horrela, Gasteizen aspalditik burutzeke genuen zeregin bat bukatu dugu aurten: Salburua eta Zabalgana aldetik nola hazi nahi dugun zehaztea —albait lurzorurik gutxien kontsumituz eta komunitatea, auzo-bizitza sor dadila ahalbidetuz, hiriko espazio eta eremuak barrutik josiz. Gehien behar duten familia eta eraikinetara iristeko birgaitze-laguntzak birplanteatzea; Alokabide, Gurutze Gorria eta gure gizarte-zerbitzuekin edo bestelako erakunde batzuekin garatzen dugun lankidetza indartzea egoera zaurgarrienean dauden familiei etxebizitzak eskaintzeko eta Etxebizitza Behatokia finkatzea dira, besteak beste, aurten abiatu ditugun erronketako batzuk, eta ilusio handiz abiatutako zikloa da 21 Zabalgunearentzat”, nabarmendu du Ana Oregik.

 

Share

Gasteizko erakundeek omenaldia egin diete frankismoak udalerrian erail eta errepresaliatu zituen pertsona guztiei

2018. urtetik Frankismoaren Biktimen Oroitzapen eta Aitorpeneko Eguna ospatzen da hirian martxoaren 31n.

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Ramiro González Arabako diputatu nagusia eta Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusien lehendakaria izan dira buru erakundeek gaur goizean egindako omenaldian. Udalak 2018an ezarri zuen Frankismoaren Biktimen Oroitzapen eta Aitorpeneko Eguna.

Ekitaldian Maider Etxebarria, Ana Oregi eta Iñaki Gurtubai alkateordeek, Ana Agirre Justizia sailburuordeak eta udaleko alderdi politiko guztietako bozeramaile eta ordezkariek ere hartu dute parte. Bertan, 1931 eta 1936 urteen artean hiriko alkate izandako Teodoro González de Zárate gogoratu dute; izan ere, 1937ko martxoaren 31n fusilatu zuten tropa frankistek Azazetako mendatean, altxamenduaren aurkako alderdietako beste 15 pertsonarekin batera. Horien artean, Juan Francisco Díaz de Arcaya Gasteizko zinegotzi sozialista.

Aitorpen-ekitaldia Posta kalearen eta Agirre Lehendakariaren kalearen arteko bidegurutzean egin ohi da, Isiltasunean Oihuka eskulturaren ondoan, zeinak errepresio frankistaren eta diktaduraren biktima guztiak ohoratzen baititu.

 

Share

Santa Barbara plazako salgaiak kargatu edo deskargatzeko nasa lurperatzeko obren kontratazioari ekin dio Udalak

1,1 milioi eurokoa da horretarako udal aurrekontua, El Corte Inglések jarriko duen milioi erdiaz gain, eta gauzatzeko epea 12 hilabetekoa; plazaren gainetik urtean 1.000tik gora kamioi igaro daitezela ekidingo da

 

Santa Barbara plazako salgaiak kargatu edo deskargatzeko nasa lurperatzeko obren kontratazio-dosierra onetsi du gaur Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak. 1,1 milioi euroko udal aurrekontua izango du lehiaketa publikoak, El Corte Inglések jarriko duen milioi erdiaz gain, eta gauzatzeko epea 12 hilabetekoa izango da. Pozik agertu da Gorka Urtaran alkatea: “bizilagunei eragiten zaien enbarazua desagertu egingo da behingoz, eta herritar guztien mesede izango da, bide-segurtasunari eta erosotasunari dagokienez. Plazaren gainetik urtean 1.000tik gora kamioi igaro daitezela ekidingo da.”

Zehazki, Azoka plazako logistika-nasa Santa Barbara plazako aparkalekuarekin lotuko da. Udalaren zuzkidura ekonomikoa 1.123.564,28 eurokoa da —hortik behera egiteko aukera izango dute lehiakideek—. Alkateak aitortu duenez, “badira Administrazioan nahi baino denbora gehiago hartu ohi duten zenbait proiektu. Duela bi urte berritu zen plazaren gainaldea, eta espazio modernoagoa dugu gau egun, erakargarriagoa, bizitzaz betea. Zor bat genuen oraindik ere bizilagunekin, merkatariekin eta plazan barrena igaro ohi direnekin. Kontratazio-aldia bukatzen delarik, sei bat hilabete iraungo baitu, eta obrak gauzatzen —urtebete inguru—, lurrazaletik igarotzen diren kamioi handiek sortzen dituzten eragozpenak ekidingo ditugu.”

2019ko abenduan sinatu zuten Gasteizko Udalak eta El Corte Inglések salgaiak kargatu eta deskargatzeko nasa lurperatzeko aukera emango duen akordioa. “Oso positiboa da akordio hori Gasteizentzat, inguru horretako bizilagunen eskaera historiko bati erantzuten baitio”, azaldu du Gorka Urtaranek, eta gogora ekarri du El Corte Inglések ere ekarpen ekonomikoa egingo duela. Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren eredu argia da.

Salgaiak kargatu eta deskargatzeko espazioa partekatzeko aukera emango die El Corte Inglési eta azokaren eraikineko gainerako operadoreei -1 solairuan eraikiko den nasak. 40 urterako jabari-emakida izango du saltoki handiak.

Udalak 640 metro koadroko azalera utziko du libre txikizkarien azokako lehen sotoan, 116 metro koadro bigarren sotoan, eta 125 metro koadro Santa Barbarako aparkalekuko -2 solairuan, El Corte Inglésen logistika-eragiketak lurpean egin daitezen. El Corte Inglések, aldiz, ibilgailu eta salgaien pasabidea egokituko du, eta instalazio berriak egingo nasa berria erabili ahal izateko: itxiturak, jasogailuak eta beste.

Laburzki, honetan datza konponbide teknikoa: nasa berria prest dagoenean, El Corte Inglések Santa Barbarako nasako dartsena batzuetan egingo ditu kargatu eta deskargatzeko lanak. Lurpeko tunel batek eta karga-jasogailu berriek ahalbidetuko dute leku hori eta merkataritza-zentroko nasak lotzea. Nasaren mendebaldeko zatia erabiliko da kargatze- eta deskargatze-lanetarako. Nasa horretatik eramango da karga jasogailuetara —orain biltegi batek hartzen duen lekuan eraikiko dira—, iparralderantz doan alboko korridorean barrena. Karga-jasogailuek salgaiak aparkalekuko -2 sotoko espaziora jaitsiko dituzte, eta El Corte Ingléseko lurpearekin lotuta egongo da hori.

Lurpeko nasa erabiltzeaz gain, eraikinera zero kotatik sartzeko ordutegi-pasabidea izango du saltoki handiak, logistika-lanak egiteko. Salgaiak garraiatzeko ibilgailu arinek eta 3.500 kilora arteko furgonetek baino ezingo dute erabili.

 

Share

INDESA arduratuko da Gasteizko udal eraikinen garbiketaz, 2.860.000 euroren truke

INDESA sozietate publikoaren esku utzi du Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko udal eraikinen garbiketa integrala, 2021eko abendura arte, 2.862.562,86 euroren truke (BEZik gabe).

“Enkargu honen bitartez, dibertsitate funtzionala duten pertsonen lan-inklusioa sustatuko dugu, enplegu egonkorra eta kalitatekoa sustatuz”, azaldu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Hiriko gizarte-etxe hauek garbitu eta onik zaintzeaz arduratuko dira INDESAko langileak: Aldabe, Ariznabarra, Hegoalde, Judimendi, Lakua, Salburua, Zabalgana eta Iparralde.

Eta, horiez gain, baita beste hauek ere: Amaia zentro soziala, Olarizuko Santa Maria zainpeko apartamentuak —Eguneko Arreta Zerbitzua barne—, Santa Isabel eta Salbatzailearen hilerriak, Europa jauregia, San Andres kiroldegia eta San Prudentzio egoitzako unitate lagundua eta garbiketa-tunela.

 

Share

Udalak Gure Txokoa jarri du salgai eta 21 Zabalgunea eta Gilsa Zulueta jauregira eramatea aztertzen ari da

Udal gobernuak lehiaketa egingo du lursaila eta bi eraikuntza 3,8 milioi euroan saltzeko

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Gure Txokoa saltzeko lehiaketa egitea onetsi du gaur; Gure Txokoa, egun, 21 Zabalgunea eta Gilsa sozietateen egoitza da. Udalaren txosten teknikoaren arabera, lursaila 3.895.304 euroan dago balioetsita.

Lursailak 1.855,28 metro karratuko azalera du eta bi eraikuntza daude bertan: eraikin nagusia 498,26 metro karratuko lurzati batean —portxea barne— eta guztira 1.627.38 metro karratuko azalera eraikia; eta eraikin osagarri bat 84 metroko lurzati batean, guztira 204 metro karratuko azalera eraikiarekin. Gaur egun erabilera tertziarioa du.

Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez, udal gobernua aztertzen ari da eraikuntzaren salmenta esleitu ondoren 21 Zabalguneako eta Gilsako langileak Zulueta jauregira lekualdatzeko aukera eta, horrela, Senda ibilbideko eraikin enblematiko hori berreskuratzea. “Jauregira aldatzearen beharrak eta bideragarritasuna aztertzen ari dira bi sozietate horiek . Alternatiba ona izango litzatekeela uste dut, kontuan hartuta, gainera, agian Amvisa lehiaketara aurkeztuko dela, eta, esleipendun suertatuko balitz eta Gure Txokoa hartuko balu, Amvisako langileek beste leku batera aldatzeko planteatutako beharrari erantzuna emango litzaiokeela”, esan du alkateak.

Amvisa edo beste lizitatzaile bat esleipendun suertatu eta Gure Txokoa erosten duenean, udal sozietateak lekualdatuko lirateke; orain lekualdatze horien bideragarritasuna aztertzen ari dira.

Zulueta jauregia erabiltzen hastea Erdigunerako Masterplanean jasotako proiektuetako bat da. Hasiera batean beste erabilera batzuk baloratu eta sustatu ziren Gasteizko Senda ibilbideko eraikin horretarako, baina Urtaranen Gobernuak 21 Zabalgunea eta Gilsa hara eramatea ari da aztertzen orain, helburu bikoitzarekin: eraikin enblematiko bati garrantzia ematea haren narriadura geldiaraziz, eta bi udal sozietateak berrindartzea nazioarteko politika eta estrategiekin bat datozen proiektu estrategikoen bidez, hala nola, energia-erangikortasunean oinarrituta hiria birgaitzea eta industrialdeak biziberritzea.

Udal gobernuaren planek urtebete beharko dute gutxienez hezurmamitzeko, hori baita Gure Txokoaren lizitazioa eta esleipena izapidetu ahal izateko beharko den denbora, bai eta Zulueta egokitzeko ere, 21 Zabalguneako eta Gilsako langileak hara eramatea erabakitzen bada. Nolanahi ere, alkateak gogorarazi du Zulueta jauregia osorik babestutako eraikina dela, eta, beraz, barruko eta kanpoko itxura zein lorategiarena mantendu beharra dagoela.

 

 

Share