Prentsa Oharren banner

Udako kultur programazioaren barruan, datorren astean bakarrizketa bat, antzerkia, dantza, musika eta zirkua eskainiko dira aire zabalean

Kultur programazioa kartela abuztuak 24-29

Datorren astean udako kultur programazioak jarraituko du, askotariko eskaintza eginez: bakarrizketak, antzerkia, dantza, musika eta zirkua. Abuztuaren 24an (asteartea), Alazne Etxeberria aktoreak “Bikote bila zenbat komeri” euskarazko bakarrizketa eskainiko du Aranbizkarreko parkean, futbol-zelaiaren inguruan. Bikote bila dabilen emakume euskalduna da protagonista, “senargaia, maitalea, laguna edo txateatzeko norbait” aurkitu nahi duena, eta horretarako mota guztietako teknologia eta estrategiak erabiliko ditu. 20:00etan izango da bakarrizketa.

Hilaren 25ean (asteazkena), Kultur Magic konpainiak “Zientzialariak” antzeztuko du Arriagako parkean, urmaelaren ondoan; helduentzako lan hori 19:30ean hasiko da. Gargot irakasleak eta Ladelai magoak “asmakizunen, ilusionismoaren eta efektu berezien mundu liluragarrian” murgilduko dute publikoa.

Hilaren 26an (osteguna), Altraste konpainiak “Como pez en bicicleta” lana aurkeztuko du, Zulueta jauregiko lorategietan. Dantza lan horretan, Zuriñe Benaventek eta Ignacio Monterrubiok “absurduaren eta groteskoaren mundutik soinu eta mugimendu mundu batera” bidaiatzera gonbidatuko gaituzte, “arrain batek bizikletan pedalei eragiten dien erritmoan elkarlotzen diren soinu eta mugimenduen mundu batera, gure emozioen barru-barruan hazka eginez ezinezko irudien bila”. Bi emanaldi egingo dituzte: 19:00etan eta 20:00etan.

Abuztuaren 27an (ostirala), musikaren txanda iritsiko da, Sara Zozaya kantautore donostiarrak kontzertua eskainiko baitu 20:30ean, Salburuko kirol-eremuan (Gabriela Mistral).

Hilaren 29an (igandea), azkenik, umeentzako zirkua izango da Barré konpainiaren eskutik. “Tras la escoba” izeneko ikuskizuna —umorez eta zinema mutuaren karismaz betea— kale-garbitzaile baten lanaldian oinarritzen da.

Elurtegian izango da, Frai Zacarias kalearen atzealdean,19:00etan.

Ohikoa den bezala, sarrera librea izango da, erreserbatu beharrik gabe eta lekuak bete arte.  Espazio horiek aire zabalean daude, mugarritu egingo dira, eta publikoak eserita egon beharko du. Eusko Jaurlaritzaren indarreko araudiak eskatzen dituen segurtasun-neurriak ezarriko dira.

Share