Prentsa Oharren banner

Bikotekideari eraso egiteagatik atxilotua Salburuan

Udaltzainek 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo genero-indarkeria delituaren ustezko egilea izateagatik.

Ostiraleko 11:00ak inguruan gertatu zen guztia. Poliziaren koordinazio-zentralak jaso zuen deiaren arabera, Salburuan, Dublin kalean, garaje batean eztabaida bat entzun zitekeen. Patruila bat bertaratu eta biekin elkarrizketatu ostean, gizonezkoa atxilotu zuten. Larunbatean geratu zen epailearen esku. Emakumea osasun-zentro batera eraman zuten.

Gaurko, asteleheneko, gauerdia baino zertxobait geroago, udaltzainek 24 urteko gizonezko bat atxilotu dute Molinuevo parkean eragin duen liskarrean esku hartu duten udaltzainen aurkako desobedientzia larriaren delituaren ustezko egilea izateagatik. 092ra egindako dei batek, 00:35 inguruan, aipatutako gizonezkoak hiru gazteren aurka botila bat jaurti duela eta iraindu egin dituztela jakinarazi du. Bertaratu den patruilak egiaztatu duenez, gorabehera eragin duen gizonezkoa oso asaldatuta eta urduri zegoen, eta beste gizonezko bat iraintzen ari zen. Udaltzainetako batek baretzeko eskatu dion arren, jokabide desafiatzailearekin jarraitu du, eta poliziaren ibilgailuaren aurka ostikoak eta ukabilkadak ematen hasi da. Jokabide hori eta bere enerbazioa ikusita, udaltzainek atxilotu egin dute. Dagozkion izapidetzeak formalizatu ostean, aske geratu da.

Asteburu osoan, Udaltzaingoak zirkulazioko hamazazpi istripu erregistratu ditu eta hiru txirrindulari zauritu dira horietan.

Lasto-biltegi bat sutan

Atzo sute bat itzali behar izan zuten suhiltzaileek Duranan, uzta bilduta zuen lursail bateko lasto-biltegi batek su hartu ondoren. Abisua goizeko 09:00ak inguruan jaso zuten. Suhiltzaileak bertaratu zirenerako, sutea oso garatuta zegoen. Ondorioz, 25eko lerro bat eta 45eko bi jarri behar izan zituzten zonaldea babesteko eta hedatzea eragozteko. Lan horretako traktoreek ere lagundu zuten, suebaki gisa. Gaurko, asteleheneko, goizaldeko 02:00ak baino zertxobait lehenago, lortu dute sua itzaltzea, baina tokian jarraitzen du oraindik ere laguntza-talde batek.

Suhiltzaileek beste bi aldiz ere lan egin behar izan dute asteburuan ostiralean Artatza Forondako lursail batean itzali zuten sua berriro piztu zelako eta sutearen fokuak aktibo zeudelako.  Ostiralean, bestalde, Gamarrara joan behar izan zuten suhiltzaileek; bertan, itxuraz, tximista batek uzta bildutako lursail bateko lastoan sutea eragin zuen.

Bestalde, suhiltzaileak Apodaka udalerrira joan ziren ingurune batean abandonatutako lau bidoi zeudelako. Legez kontrako isuria zen; izan ere, bidoietako etiketen arabera (200 litroko edukiera zuten), produktu sukoia zegoen bertan eta haietako bat, gainera, nabarmen puztuta zegoen.

 

Share

Alkateak gasteiztarren erantzuna eskertu du, “datorren urteko jaietarako gorde baitituzte indarrak”

Gorka Urtaranek erne jarraitzeko eta osasunaren arloko neurriak betetzeko eskatu du, birusa zabal ez dadin

 

Gorka Urtaran audioa

Egoera normala balitz Gasteizko jaiegun garrantzitsuenak liratekeenak igaro direlarik, Gorka Urtaran alkateak gasteiztar gehienei eskerrak eta zorionak emateko mezua zabaldu du gaur, “haien konpromisoarengatik eta erantzunagatik, eta indarrak gordetzeagatik, datorren urtean guztiok Andre Maria Zuriaren jairik onenak ospa ditzagun. Sentipen kontrajarriak izan ditugu egun hauetan. Hala ere, Gasteizen erantzuteko gai garela ikustearen harrotasunak sendatu du egun seinalatu hauetako tristura eta malenkonia. Aurten ez zen garaia, baina ziur nago ahaleginak merezi izan duela. Orain osasuna babestea da gure lehentasuna, eta Gasteizko gizarteak horren arabera jokatu du“.

Orobat, ostalaritza sektoreari eskerrak eta elkartasuna adierazi dizkie alkateak, egoerak gehien kaltetuetako batzuk baitira, eta “gure hirian pandemiak gogor jotako pertsona eta profesional orori. Udalak argi du zein diren hiriaren lehentasunak, osasuna babesteaz gain: tokiko ekonomia sustatu eta laguntzea, eta gizarte-ongizatea eta behar handiena duten pertsonentzako arreta bermatzea; helburu horiek lortzearren ari gara lanean, eta horretan jarraituko dugu“.

Gorka Urtaranek, halaber, “erne jarraitzeko” eskatu du. “Segurtasun-neurriak betetzen jarraitu behar dugu, birusa zabal ez dadin, maskara erabili, distantzia fisikoa gorde, jendetzak saihestu. Gogora dezagun ospitaleetan bizi izandakoa, gogora dezagun itxialdia. Ez dugu hori berriro bizi nahi “.

Alkateak Udaltzaingoaren zeregina ere nabarmendu du, aldi horretan Ertzaintzarekin koordinatu baita prebentzio-lanetan eta osasun-segurtasunari buruzko araudia betearazteko lanetan.

Udaltzaingoaren ohiko zerbitzuak indartu egin dira egun hauetan, eta agenteen presentzia handitu egin da, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinaziorako aldez aurreko bileretan egindako aurreikuspenei erantzuteko. Kidego horiek lankidetza estua izan dute baterako dispositibo eta ekintza-plan operatibo guztietan.

Abuztuaren 4tik gaur arte 591 salaketa jarri dira Osasun sailburuaren agindua ez betetzeagatik, gehienak (517) maskara ez erabiltzeagatik.

“Ikusi dugu Gasteizko herritarrek arduraz eta zentzuz erantzun dutela egunotan, eta lankidetza horrek garrantzi handia du balantze honetan. Hiri osoan indarrean dagoen araudia betearazteko Ertzaintzarekin koordinatutako dispositibo prebentibo berezia arrakastatsua izan dela esan dezakegu”, adierazi du Marian Gutiérrez Herritarren Segurtasunerako zinegotziak.

Share

Udalak Zurbanoko ateko korridore berdea berreskuratuko du, barietate autoktonoak landatuz

Lurraldeko berezko zuhaitzak landatuz Salburuaren eta hiri-azpiegitura berdearen arteko konexio ekologikoa indartu nahi da

 

Udalak Zurbanoko ateko korridore berdea berreskuratu nahi du, kaleko erdibitzailean zeuden zuhaitzen ordez (makal beltzak gehienak) barietate autoktonoak landatuz.

Haritzak, aranondo gorriak (prunus cerasifera “pissardii”), lizarrak eta astigarrak aldatuko dira, espezie autoktonoak baliatuz hezeguneen korridoreari jarraitutasuna emateko.

Gasteiz hiri osoan 115.000 zuhaitz inguru daude, Eraztun Berdeko zuhaitzez gain. Kentzen den zuhaitz bakoitzeko (egoera txarrean dagoelako, zaharra delako edo beste arrazoiren batengatik) ale berriak jartzea da azken urteetako politika.

Zuhaitzak onuragarriak dira oso, gizarte osoarentzat eta ingurumenarentzat. Hori bai, konplexua da kudeaketa, eta planifikazioa eskatzen du. Hain zuen ere, Hiri Paisaiaren Atalean jardungo duen arbolazain profesional bat gehitu du Udalak aurtengo udan plantillara, zeinaren zereginen artean egongo baitira inausketen plangintza, zuhaitz-ordezkapenak, landaketak, ureztapenak, Hiriko Zuhaitzen Gida-planaren eta kudeaketa-planen jarraipena egitea, hiri-zuhaitzen arriskuen ebaluazioak egitea, hiriko zuhaitzen egoera fitosanitarioaren azterketak egitea, Hiriko Zuhaiztiak Kudeatu eta Babesteari buruzko Ordenantza berrikustea eta hiriko zuhaitzen inbentario digitala eguneratzea, besteak beste.

Nahikoa da begiratu azkarra ematea Espazio Publikoaren Zerbitzuak sustatutako azken proiektuei egiaztatzeko Udala zuhaitzez hornitutako kalitateko espazio publikoak diseinatzen ari dela. Askotariko adibideak ditugu: hiri-bilbean (Tornay Medikuaren kalean eta Salvador eta Peru kaleetan lerrokadura-zuhaitz berriak landatzea), auzoetan (azpiegitura berdearen barruko proiektuak, Gasteiz Hobetuz programan sartutakoak), hiri inguruko parkeetan (Olarizuko lorategi botanikoa, Nebera gaina, Jundiz), eta abar.

Gainera, zuhaixka autoktono ugari landatu dira azken hilabeteetan, hegazti eta intsektuen biodibertsitateari mesede egiten diotenak, eta korridore ekologiko gisa balio dutenak. Anfibioentzako putzuak ere egin dira, Zabalganean, Ekialdeko parkean…

2016tik, 6.108 zuhaitz landatu dira Gasteizen, guztira 2.251 aleko saldo positiboarekin.

Aleak kentzea Don Bela Kondearen kalean

Bestetik,  urki eta makal ale batzuk kenduko ditu Don Bela Kondearen kalean, seneszentzia goiztiarrak jota daudenez tranbiaren katenariari kalte egin baitiezaiokete. Zuhaitzak mozten diren beste batzuetan bezala, ale horiek aurrerago ordezteko asmoa du Udalak.

Share