Prentsa Oharren banner

Udaltzaingoak alkoholaren eta drogaren kontsumoa, eta autoko abiadura kontrolatzeko kanpainak egingo ditu

Asteburu honetan eta hurrengoan, abuztuaren 29an eta 30ean, udaltzaingoak trafikoko bi kanpaina berezi egingo ditu.

Batetik, gidatzeari modu negatiboan eragiten dioten, eta ondorioz, istripua izateko arriskua handitzen duten alkoholaren, drogen eta beste substantzia batzuen kontsumoa kontrolatuko du. Bestetik, Gasteizko hiri-eremuetan autoen eta motozikleten abiadura zainduko du, betiere, zuzena izan dadin, eta arlo horretan izandako arau-hausteak antzeman eta zuzenduko ditu. Agintari judizialen esku utziko ditu 115 Km/h-ko baino gehiagoko abiaduran zirkulatzen duten gidariak.

Bi kanpainak 2018-2023 Bide Segurtasuneko eta Mugigarritasun Iraunkorreko Udal Plan Estrategikoan jasotako zaintza- eta kontrol-ekintzen baitan kokatzen dira.

Gainera, oporretara joateko egiten diren lekualdaketen aurrean, bai irteerakoak, bai itzulerakoak, udaltzainek gidariei gogorarazten die lekualdaketa luzeetan bi orduz behin behintzat atseden hartu behar dela. Era berean, hauek ere eskatzen dituzte: ezarritako abiadura-mugak errespetatzea, segurtasun-gerrikoaren eta kaskoen erabilera nahitaezkoa dela gogoratzea, eta janari oparoak, eta erantzuteko gaitasuna murrizten duten alkoholdun edariak edo substantziak saihestea.

Azkenik, lekualdaketa laburretan kontuz gidatzeko eskatu dute; izan ere, horietan izaten dira istripu kontzentrazio handienak.

 

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek bi ibilgailu itzaltzen esku hartu zuten atzo. Batetik, Lasarteko Atean su hartu zuen bide publikoko garbiketako kale-garbigailu batek, eta bestetik, kamioi batek hartu zuen su N 240 errepidean.

 

Share

José Uruñuela Dantza Kontserbatorioak abuztuaren 24an irekiko du berriro aurretiaz izena emateko epea

Irailaren 2tik 4ra bitartean egingo dira ikasketa oinarrizko eta profesionaletan sartzeko probak

José Uruñuela Dantza Kontserbatorioak ikasle berriek 2020-21 ikasturterako aurretiaz izena emateko epea irekiko du datorren abuztuaren 24an. Oraindik eman gabe dauden zentroko lekuak eskuratu nahi dituzten haurrek abuztuaren 28ra arte izango dute tartea, ikasketa arautuen kasuan, eta irailaren 3ra arte ikasketa ez arautuenean.

8 eta 13 urte bitarteko ikasleak oinarrizko Ikasketetan hasiko dira, eta 12 urtetik gorakoak Ikasketa profesionaletan sartu ahalko dira. Ikasle gazteenei dagokienez, hauek dira matrikulatzeko gutxieneko adinak: ‘Lehen harremana 5’ egin ahalko dute 2015ean jaiotako ikasleek, eta ‘Lehen harremana 6’ 2014an jaiotakoek. 2013an jaiotakoek ‘Dantza aurrekoa’ egin dezakete.

Irailaren 2tik 4ra bitartean egingo dira ikasketa oinarrizko eta profesionaletan sartzeko probak. Salbuespenez, eta pandemiaren eraginez, 2020-21 ikasturterako ez da sarrera-probarik egingo Lehen Harremanak eta Dantza Aurrekoa irakaskuntza ez arautuetarako, eta lekuak izen ematearen hurrenkeran esleituko dira.

Matrikula izapidetzeko epea irailaren 3an amaituko da ikasketa ez arautuen kasuan, eta irailaren 7an ikasketa arautuenean. 

 

José Uruñuela Dantza Kontserbatorioaz

Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioa era horretako ikasketak eskaintzen dituen bakarra da Euskal Autonomia Erkidegoan. Ikasgai hauek eskaintzen ditu zentroak: ‘Dantza Klasikoa’, ‘Dantza Tradizionala’ (Euskal dantza), ‘Errepertorioa’, ‘Puntak’, ‘Dantza garaikidea’, ‘Izaerako dantza’, ‘Binako dantza’, ‘Dantzaren Historia’, ‘Anatomia eta elikadura’, ‘Interpretazioa’ eta ‘Musika’.

Zentroak instalazio modernoak ditu, bai eta profesional kualifikatuen lantalde bat, zeinen bitartez gauzatzen dituen zentroak bere hezkuntza-proiektua. Eskaintzen dituen baliabideen artean piano-jotzaileen akonpainamendua eta fisioterapia-zerbitzua daude.

Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estibaliz Cantok esan duenez, “Kontserbatorioaren helburuak dira dantzaren promozioaren eta hedapenean laguntzea, diziplina hau herritarrengana hurbilduta, bertan sortutako pieza koreografikoak zein errepertorio klasikokoak jendaurrean aurkeztuta, eta beste erakunde hezigarri eta sozial batzuekin lankidetza-proiektuak ezarrita”.

Informazio gehiago: telefonoz, 945 16 26 06 zenbakian; posta elektronikoz, cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org helbidean, edo Udalaren webgunean (https://sedeelectronica.vitoria-gasteiz.org/j30-01s/contenidoAction.do?idioma=eu&uid=trami_133)

Share

Datorren ikasturteko jarduera-programa zabaldu dute adinekoentzako zentro soziokulturalek: 234 lantegi eta 2.690 leku izango dira

Irailaren 2tik aurrera eman ahal izango da izena, eta iritsi ahala adjudikatuko dira lekuak

2020-21 ikasturteko jarduera-eskaintza ezagutzera eman dute adinekoentzako zentro soziokulturalek. Urritik aurrera, programazio zabala jarriko da martxan — 234 lantegi, guztira 2.690 leku—, udal zentro horietako erabiltzaileentzat.

Era askotako jarduerak biltzen ditu eskaintzak, zeini 10 osasun-parkeen eskaintza gehitu behar baitzaio:

  • Hezkuntza: sare sozialak, irratia, solasaldiak, mugikorraren erabilera, informatika, argazkigintza digitala, hiri-baratzea eta abar.
  • Eskulangintza: pintura, altzariak zaharberritzea, harria lantzea, zeramika, marrazketa, eskulanak eta abar.
  • Norberaren burua zaintzea: mindfulness, zumba, jarrera-heziketa, pilates, ibilaldi osasungarriak, makillajea eta estilismoa, eta abar.
  • Eszenikoak: dantza, abesbatza, antzerkia eta abar.
  • Suspertzea eta harremanak lantzea: estimulazioa, psikomotrizitatea eta abar.
  • Ikaskuntza-prozesuak: pintura, zura lantzea, euskara, ingelesa, informatika, areto-dantza.
  • Belaunaldien artekoak: ahozko tradizioa, ipuin-kontalariak eta abar.
  • Erorketen prebentzioa.

“Programazio askotarikoa da, eta zentroen pultsu soziala, kulturala eta jarduerak berreskuratuko ditugu hartara. Zahartze aktiboaren aldeko apustua egiten dugu berriz ere, adinekoentzako ongizate- eta garapen-formula gisa. Eta egungo egoerara egokituz egiten dugu. Hartara, segurtasun sanitarioa zaintzeko neurri egokiak hartzen direlarik gozatu eta ikasi ahal izango dute erabiltzaileek”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Ikastaro eta lantegietan parte hartzekotan, izena eman beharko da aldez aurretik. Ikaskuntza-jardueretan —2. mailatik aurrera— eta belaunaldien artekoetan nahiz erorketak prebenitzekoetan irailaren 2tik aurrera egin ahal izango da.

Gainerako jardueretan —hezkuntza, eskulangintza, norberaren burua zaintzea, eszenikoak, suspertzea eta harremanak lantzea— irailaren 7an hasiko da izena emateko epea.

Kasu batean nahiz bestean, Udalaren webgunearen bitartez egin ahal izango dute erreserba parte hartu nahi dutenek, edo 010 telefonora deituta —945 16 11 00, Gasteiztik kanpotik deitzen bada— nahiz aurrez aurre, adinekoen zentro soziokulturaletan.

Ez da lekuen zozketarik egingo, aurreko urteetan egin bezala, eta izena eman ahala adjudikatuko dira lekuak, zuzenean.

Covid-19

Covid-19k sortutako egungo egoerara egokitu da jarduera-programa. Hortaz, neurri higieniko eta sanitario zorrotzak betetzen direlarik egingo dira ikastaroak eta lantegiak, hots, erabiltzaileen segurtasuna zainduz.

Horregatik, doitu egin da lantegietako parte-hartzaileen kopurua, segurtasun-tarteak mantendu ahal izateko. Sarrerak eta irteerak modu mailakatuan egingo dira. Ez da izango edonork erabil lezakeen materialik, eta, zentrora sartzean, tenperatura hartuko da, eta eskuen higienea zainduko. Gainera, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea.

Deskontuak

Hainbat preziotako jarduerak daude, doakoak direnetatik hasi eta Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin emango diren euskara-ikastaroen 51 euroetara arte.

Udal instalazioetako abonatuek % 40ko murrizketa izango dute prezioan; 65 urtetik gorakoek eta Bat Berezi txartela dutenek % 50ekoa, eta langabeek, berriz, % 15ekoa.

Share

BEAren obrak direla eta, itxi egingo dira, aldi batez, Rafael Alberti kalea eta Don Bela Kondearen kalea lotzen dituen Euskal Herria Bulebarreko oinezko eta ziklistentzako pasabidea

 

Datorren astelehenetik, abuztua 24, pasabide alternatiboa erabili beharko da, urte bukaera arte

 

Rafael Alberti eta Don Bela Kondearen kaleak lotzen dituen Euskal Herria Bulebarreko oinezkoentzako eta ziklistentzako pasabidea aldi baterako itxiko da abuztuaren 24tik (astelehena) aurrera, Gasteizko Autobus Geltokiaren parean egiten ari dien Autobus Elektriko Iraunkorraren urbanizazio-obrak direla eta. Don Bela Kondearen kalearekin Tranbiaren “Euskal Herria Bulebarra” geralekuaren parean lotzen den Autobus Geltokiaren hegalaldearen ondoan dagoen pasabidearen bidez egingo da ibilbide alternatiboa, mapan adierazten denez.

2020ko abenduaren 31ra arte luzatuko da gutxi gorabehera aldi baterako ixte hori. Autobus Elektriko Iraunkorraren obren ondoriozko eragin hori eta beste hainbat zehatz-mehatz jarraitu ahalko dira bei.eus webgunearen bidez.

MAPA PDF-n

 

Share