Prentsa Oharren banner

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak etxebizitzetan lapurretak prebenitzeko aholku-dekalogo bat argitaratu dute

 

Herritarren laguntzaren garrantzia eta sare sozialetan oporrak ez aipatzea azpimarratzen ditu kanpainak

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak herritarrentzako aholkuak jasotzen dituen eskuorri bat argitaratu dute, etxebizitzetan lapurretak prebenitzeko kanpainaren barruan. Gaztelaniaz zein euskaraz argitaratu da triptikoa, bi kidegoen polizia-etxeetan eta herritarrentzako arreta duten udal eraikinetan banatzeko, eta sare sozialetan ere zabalduko da.

“Zentzuzko kontseiluen dekalogoa da, urteko edozein garaitarako aproposa, eta horien artean auzokoen laguntzak duen garrantzia nabarmentzen da, lapurretak zigorrik gabe gera ez daitezen; oporren xehetasunak sare sozialetan kontatzearen arriskuaz ere ohartarazten da. Kanpora joateko asmoaz zenbat eta pista gutxiago eman, hobe. Alor honetan ere, funtsezkoa da prebentzioa”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek.

Itxialdian ez zen lapurretarik izan, eta uztaileko datuak ere azken urteetako kopuruak baino askoz txikiagoak dira. Hala ere, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak neurriak hartzen jarraitzeko eskatzen dute. Besteak beste, aholku hauek ematen ditu kanpainak lapurreten prebentziorako: etxetik irteten den guztietan atea giltzaz ixtea, etxebizitza hutsik dagoelako pistarik ez ematea, eta hori adierazten duten kanpoko seinaleak ahalik eta gutxienak izatea.

Sarreran ate ona instalatzea ere oso lagungarria izan daiteke lapurrak sartzea eragozteko. Orobat, segurtasun-kutxa izatea gomendatzen da, objektu baliotsuen inbentarioa eta argazkiak egitea, eskudirurik ez gordetzea eta kreditu-txartelekin batera gakoak ez idaztea.

Herritarren laguntza ere eskatzen dute triptikoek, eta etxebizitzaren batean mugimendu, zarata edo pertsona arrotzik antzemanez gero Udaltzaingoari (092) edo Ertzaintzari (112) deitzeko. Ohartarazten da, halaber, etxera itzultzean atea behartuta edo irekita aurkituz gero, edo susmagarri gertatzen zaien edozer ikusiz gero ez dela komeni sartzea, ezta deus ukitzea ere, eta poliziari —kidego batekoa zein bestekoa— abisu eman beharra dagoela.

ETXEBIZITZETAN LAPURRETARIK EZ IZATEKO

 

 

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Udaltzainek azken 24 orduotan zazpi zirkulazio-istripu erregistratu dituzte eta motor-gidari bat zauritu da horietan.

Suhiltzaileek atzo Izarbenta kalean gertatu zen istripu batean lagundu behar izan zuten. Bertan, ibilgailu batek farola baten aurka talka egin zuen. Inor harrapatuta geratu ez zen arren, suhiltzaileek ibilgailuaren bateria deskonektatu behar izan zuten. Osasun arloko langileak eta udaltzainak arduratu ziren ezbeharraz.

 

 

 

Share