Prentsa Oharren banner

COVID-19ari aurreko egiteko kontingentzia-plana koordinatzeko mahaia bildu du alkateak

Atzo Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordean parte hartu ondoren, Gasteizko Udaleko Kontingentzia Plana koordinatzeko mahaia deitu du gaur goizean Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, pandemiaren agerraldiei erantzuteko. Arloetako koordinatzaileak, inplikatutako sailetako zinegotziak eta Osasun Publikoko zuzendaritza biltzen dituen mahai hori da planean aurreikusitako organo operatibo gorena da. Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren hedapena geldiarazteko ezarritako neurri berrietara egokitzearen ingurukoak aztertzea izan da gaur goizeko bileraren xedea.

Bost eremu operatibo handi definitzen ditu Gasteizko Udalaren kontingentzia-planak: gizarte-zerbitzuak; herritarrentzako instalazioak eta zerbitzuak; espazio publikoa; garraioa eta herritarren segurtasuna, eta baliabideak eta komunikazioa. Larrialdi sanitarioaren egoerak eremu horietako bakoitzean izango dituen ondorioak aztertu dira. Hurrengo egunotan, sektore operatibo bakoitzeko batzorde teknikoak bilduko dira, osasun-agintariek zehaztutako neurrien zuzeneko eragina aztertzeko.

“Egungo egoeran, funtsezkoa da modu koordinatuan lan egitea, erabaki azkarrak eta eraginkorrak hartzeko. Hori izan da gaurko bileraren helburua, Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordean izan eta berehala. Udal honek erabateko dedikazioz dihardu lanean, herritarren osasuna babesteko. Hori da gure lehentasuna, beti ere kontuan hartuta pandemiaren aurrean neurririk eraginkorrena norbanakoaren erantzukizuna dela”, adierazi du Gorka Urtaranek, bilera bukatzean.

Share

Atxilotua alkoholemia-probak egiten ari zela udaltzainei eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo arratsaldean 32 urteko gizonezkoa atxilotu zuten agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren eta bideko segurtasunaren aurkako ustezko delituak egiteagatik.

19:30 inguruan, patruila batek Extremadura kalean ibilgailu bat ikusi zuen zirkulazioan, atzeko kolpe-leungailua askatuta eta galtzadan herrestan zaramala. Agenteek gidaria Done Jakue Hiribidean geldiarazi zuten, eta alkoholdun edarien eraginpean egotearen ageriko zantzuak ikusi zizkioten, beraz, Atestatuen presentzia eskatu zuten, detektatzeko probak egin ahal izateko.

Gizonezkoak lehen proba egin zuen, baina bigarrena osatzeari uko egin zion eta, gainera, udaltzainekin liskarrean eta irainka hasi zen. Haietako baten aurka ere jo zuen, beraz, azkenean atxilotu eta Agirrelandako bulegoetara eraman zuten.

Guardiako epaitegiari dagozkion eginbideak egin ostean, gidaria aske utzi zuten.

Azken 24 orduotan, sei trafiko-istripu erregistratu dira eta bi pertsona zauritu dira.

Share