Prentsa Oharren banner

San Prudentzio zentro integraleko erabiltzaileek bertako lorategietatik paseatu ahalko dute

Bakarrik haiek erabiltzeko ordutegia ezarriko da, 10:00etatik 13:00etara zein 17:30etik 20:00etara.

 

Adinekoei laguntzeko San Prudentzio zentro integraleko erabiltzaileek eta haien senideek bertako lorategietatik paseatu ahalko dute gaurtik aurrera.

Osasun krisia dela eta, egoiliarrak ezin dira bertatik irten, eta familientzako bisitak eraikinaren barruan egin behar ziren. “Zenbait aste daramagu gaur martxan jarri dugun neurri hori lantzen. Gure helburua erabiltzaileen eta haien senideen ongizatea handitzea da, izugarri sufritu baitituzte pandemiaren ondorioak“, azpimarratu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Bakarrik egoiliarrek eta haien senideek erabili ahalko dute lorategia, 10:00etatik 13:00etara zein 17:30etik 20:00etara.

San Prudentzio ALZI

Adinekoei laguntzeko San Prudentzio zentro integralak hainbat baliabide hartzen ditu: egoitza, eguneko zentroa, jantokia eta zentro soziokulturala. Sukalde eta ikuztegi zerbitzuak ere baditu, San Prudentzio ALZIrako zein beste udal baliabide batzuetarako.

Egoitza —2. eta 3. mendekotasun-gradua duten pertsonentzat— eta eguneko zentroa —1. mendekotasun-gradua dutenentzat— foru eskumenekoak dira 2017ko urtarrilaren 1az geroztik.

Gasteizko Udalak kudeatzen ditu baliabide horiek, Arabako Foru Aldundiarekiko hitzarmen baten bidez, eta hura arduratzen da finantzaketaz eta lekuak esleitzeaz.

 

 

Share

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Andre Maria Zuriaren plazara sartzea mugatuko dute igandean, abuztuak 9

 

Segurtasun indarrek prebentzio-antolaketari eutsiko diote, hiri osoan araudia betearazteko

 

Abuztuaren 9ko gauean, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 11 kontrol jarriko dituzte Andre Maria Zuriaren plazan eta inguruetan, Zeledonen igoera ospatu ohi den espazio horietara sarbidea mugatzeko antolatutako dispositibo berezi baten barruan. Izan ere, aurten ez horrelakorik izango, pandemia dela eta.

Igandean, abuztuak 9, 23:00etatik 1:30era, sarbidea mugatuko da kale eta plaza hauetan: Prado, Diputazioa, Errementari, Zapatari, Hedegile, Mateo Moraza, Espainia plaza, Posta kalea eta Loma Jeneralaren plaza. San Migeleko balkoira ere ezingo da sartu, ezta Arkupeetatik ere. Andre Maria Zuriaren plaza hesituko da hartara.

“Gasteiztarrek erantzukizunez eta zentzuz erantzun dute egun hauetan. Hilaren 4ko antolaketaren helburu nagusia zen jendetzak eragoztea, eta lortu genuen. Igandean prebentzio-neurriak hartuko ditugu berriro, osasun publikoaren arazo baten aurrean gaudelako“, adierazi du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek.

Autobusek, taxiek, larrialdietako ibilgailuek eta garajeetan sartzeko edo irteteko baimena duten ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahalko dute mugatutako eremuan barrena, eta bertako bizilagunek sartu eta atera ahalko dute oinez. Orobat, sarrera mugatuko eremuaren barruko etxebizitzetatik irteten utziko da, edo irekita dauden ostalaritza-establezimenduetatik.

Ostalaritza-establezimenduetan daudenek nahi dutenean atera ahalko dute bertatik, agenteen jarraibideei kasu eginez. Debekua ezarrita dagoen ordutegian (23:00etatik 01:30era), plazako ostalaritza-establezimenduak irekita egon ahalko dira; mahaitxoak 23:30era arte eduki ahalko dituzte, eta husteko ordu erdiko tartea izango dute (00:00), baita jasotzeko ere (00:30era arte).

Mugatutako zonatik kanpo ere, hilaren 4an Andre Maria Zuriaren plazaren inguruan eta hiriko beste hainbat tokitan abian jarritako dispositibo bereziari eutsiko diote Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, pilaketak eta kale-zurrutak saihesteko. Maskararen erabilera ere kontrolatuko da, koronabirusaren hedapena saihesteko.

 

Share

Atxilotua berekin paseoan zihoan emakumearen aurkako babes-agindua hausteagatik

Udaltzainek atzo 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten zigorra hautsi izanarekin lotuta genero-indarkeriaren delituaren ustezko egilea izateagatik.

Patruila batek derrigorrezko musukorik gabe zebilen bikote bat ikusi zuten Olagibel kalean. Identifikatzeko garaian, gizonezkoak ondoan zuen emakumearekiko babes-agindua zuela egiaztatu zuten. Ondorioz, udaltzainek atxilotu egin zuten eta gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Azken 24 orduotan, Udaltzaingoak zirkulazioko bederatzi istripu erregistratu ditu eta horietan hiru pertsona zauritu dira.

Lursail bat sutan

Suhiltzaileek uzta bilduta zegoen lursail batean piztu zen sua itzaltzeko lan egin behar izan zuten atzo Artatza Forondan. Itxuraz, lastoaren fardoak egiten ari zen makina batean sortu zen sua.

11:34an jaso zuten abisua parkean eta sua itzaltzen lan egin zuten Gasteizko PSISZeko hainbat kidek 19:00ak baino zertxobait lehenagora arte. Gainera, Arabako suhiltzaileen dotazio batek eta herriko hainbat bizilagunek ere lagundu zuten, sua larreetatik zuhaitzen eremuetara igarotzea eragozten saiatuz beren traktoreekin. Bi orduan lortu zuten sua kontrolatzea, eta gero, su hartutako lursail inguruko zuhaitzen eremuak freskatzera bideratu zituzten beren lanak. Lan horietan izan ziren, bestalde, Udaltzaingoa eta Ertzaintza ere.

Handik ordu batzuetara, suhiltzaileen laguntza eskatu zuten Ehari-Gobeuko Azucarera kalean. Izan ere, ke beltzaren zutabe deigarria eragin zuten plastiko-hondarrak zeuden sutan. Suhiltzaileak iritsi zirenerako, sua itzalita zegoen, baina sua piztu zuen pertsonari jarduera mota horiek egitea debekatuta dagoela gogorarazi zioten.

 

Share

Tuvisaren 2B lineado Aragón/Residencia geltokia ez da aktibo egongo abuztuaren 10etik irailaren 22ra arte

 

BEI Autobus Elektriko Iraunkorraren obrek abuztuan jarraituko dute aurrera, eta, lan horiek garatu behar direnez, TUVISAk, ezinbestean, 2B Lineako Aragón/Residencia geltokia itxi beharko du aldi baterako, abuztuaren 10etik irailaren 22ra arte.

Geltoki horren erabiltzaileek 2 geltoki hurbilenetara jo dezakete zerbitzura iristeko, Madril kalearen eta Arantzabelaren arteko bidegurutzean eta Jacinto Benavente kaleko 7an.

Nahi duenak www.bei.eus webgunean kontsulta ditzake BEIri eta hura ezartzeko lanei buruzko berritasun guztiak.

Share

Superetxadien seinaleztapen sinbolikoa jartzen hasi dira Judimendiko Trebiñuko Konderriaren kalean eta Miranda de Ebro kalean

 

Judimendi izango da Gasteizko superetxadiak zedarritzeko seinaleztapen sinboliko berria estreinatzen duen bigarren auzoa. Gaur hasi dira margotze eta seinaleztapen lanak Trebiñuko Konderriaren kalean eta Miranda de Ebro kalean, eta egun gutxi barru amaituko.

Gasteizko Udalak hiriko superetxadiak seinaleztatzeari ekin dio abuztuan, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Plana eta Orain Gasteiz Plana betez, eta horretarako diseinu berritzailea eta apurtzailea erabiliko du. Alkateak aurreratu zuenez, “eguzki-lorea gure etxeak babesteko sinboloa da. Hartara, segurua izateaz gain, gure etxea ere baden espazio publiko bat sustatzen dugu, bertatik ibili ez ezik, horretaz gozatu ere egingo baitugu“, Gorka Urtaranen azalpenetan.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak era sinbolikoan seinaleztatu nahi ditu Mugikortasun Planaren barruan identifikatutako superetxadiak. Alkateak nabarmendu zuenez, “filosofia argia da: herritarrentzako espazioak zabalduko ditugu, distantzia soziala bermatuz, gure merkataritzari eta ostalaritzari lagunduz eta desplazamendu aktiboak lehenetsiz, hau da, oinez eta bizikletazMugikortasunaren alorrean nazioarteko erreferentea gara, eta izaten jarraituko dugu. Pandemiaren osteko agertokian, espazio publikorako neurri eta konfigurazio berriak aplikatzeko garaia da “.

Diseinua deigarria da, Veronica Werckmeister artistak sortutako eguzki-lore batzuk marraztuko baitira: elementu horiek gune babestu batera sartzen dela sinbolizatzen dute, oinez ibiltzeko, jolasteko eta gozatzeko gune batera. Orobat, 90 zentimetroko altuerako seinaleak jarriko dira, landarearen marrazkiez, baita S28 seinalea ere, oinezkoentzako lehentasun-eremu bat dela adierazten duen testuarekin batera. Diseinu berriaren ezaugarririk deigarrienetako bat zebrabide ‘asimetriko’ moduko bat da, oinezkoentzako lehentasunezko espazioa dela gogorarazteko. Bide-marra horiek hainbat neurri izango dituzte, eta piktograma berriek indartuko dituzte, beste erabilera batzuk sustatzeko: haurrak jolasean, bizikletak…

Share