Prentsa Oharren banner

III. taldeko ostalaritza-establezimenduek eguneko ordutegian taberna-zerbitzua eskaintzea ahalbidetuko du Udalak

Alkatetzaren instrukzio bati esker, baimena moldatu ahal izango dute lokalek, Udalean erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz 

Lizentzia aldatu nahi duten 4. motako lokalek, berriz, justifikazio-oroitidazkia aurkeztu beharko dute, eta negozioa moldatu 

 

Erraztasunak emango dizkie Gasteizko Udalak III. taldeko jardueretarako lizentzia duten hiriko ostalaritza-establezimenduei (pubak, kopa-lokalak…), beren baimena II. motakoarekin parekatzerik izan dezaten behin behinean. Hartara, ostalaritza-establezimendu publikoen ordenantzan eta zarataren eta bibrazioen kontrako ordenantzak ezarritako baldintzak betetzen dituztelarik, eguneko ordutegian taberna-zerbitzua emateko gaituta egongo dira.

Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute negozio horiek udal bulegoetan, baimena eskuratzeko. Gaur goizean sinatu du Gorka Urtaran alkateak formula hori aplikatzea ahalbidetuko duen alkatetza-instrukzioa. “Instrukzio honek ahalbidetuko du III motatako eta aurretik egunez taberna aktibitatea egiten zuten lokalek zerbitzu hori egiten jarraitzea, beti ordenantzak eta Osasun Sailaren agindua betez”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

III. taldeko establezimendu ugari daude hirian, II. taldekoen jarduerak egiteko instalazio egokiak dituztenak. Horietako askok, izatez, II. taldeko lokal gisa legeztatuta egonik, III. taldeko jarduera sailkatuaren lizentzia lortu zuten, ostalaritza-establezimendu publikoen udal ordenantza onetsi zelarik, zeinek B kategorian sartzen baititu II. eta III. taldeetako lokalak.

Horrez gain, 4. motako lokalei ere, hala nola diskotekei, emango die birmoldatzeko aukera Udalak. Negozio horiek 2. motako establezimendu bezala lan egin ahalko dute, baina, horretarako, jarduerari ekin aurretiko komunikazioa erregistratu beharko dute, ingurumen-oroitidazkia eta teknikari batek sinatutako ziurtagiria erantsita. Izan ere, moldaketa handia egin beharko dute beren negozioetan, zerbitzua eman ahal izateko.

 

Share

Europa jauregiak FesTVal jaialdia hartuko du datorren astean, eta nazioko telebista-industriaren arreta-gunea izango da bost egunez

Jaialdiak gaur iragarri du nortzuk jasoko dituzten hamabigarren edizioko sari bereziak.

 

Datorren asteko asteartetik aurrera, Europa jauregia FestValaren hamabigarren edizioaren egoitza izango da eta, horrenbestez, Espainiako telebista-industriaren arreta-gunea.

Irailaren 1etik 5era bitartean egingo da Gasteizko telebista jaialdia. Covid-19ak eragindako neurriak direla eta, aurten murriztu egingo da edukiera, areagotu egingo dira online parte-hartzea eta sreaming bidezko hedapena, eta higiene eta osasun arloko neurri garrantzitsuak aplikatuko.

FesTValaren antolakuntzak gaur goizean iragarri du nortzuk izango diren egin duten lan profesionalarengatik sarituak. Eva González aurkezleak, Antonio Resines aktoreak eta Boris Izaguirre egile eta komunikatzaileak Joan Ramón Mainat saria jasoko dute, eta Dani Alvarez euskal kazetariak, berriz, Constantino Romero saria.

Jaialdiaren amaierako galan banatuko dira sari horiek. Ekitaldia Ion Aramendik aurkeztuko du, Europako biltzar jauregiko Maria de Maeztu auditoriumean. Halaber, udal instalazio horretan bertan izango dira honakoak ere: parte hartuko duten kateen  –TVE, Antena 3, La Sexta, Eitb eta Movistar +, besteak beste— aurkezpen eta estreinaldiak eta PROFEST jardunaldiak. Azken hauen baitan hitzaldiak, mahai-inguruak eta lantegiak egingo dira ikus-entzunezkoen sektoreko profesional eta ikasleei zuzenduta.

Maider Etxebarria lehen alkateordeak oso positibotzat jo du “FesTVal jaialdia egiten ari den ahalegina Gasteiz aurten ere gure herrialdeko telebista-industriaren erreferente izan dadin. Oso harro nago antolatzaileek erakutsitako konpromisoarekin, eta udalean ekitaldi zoragarri hau laguntzeko gai izan garelako, izan ere jaialdiak duen eragin mediatikoari esker, gure hiria sustatzeko lan handia egiten baitu”. 

Gasteizko Udalak 133.000 euroko babesa eman dio.

Share

Bi atxilotu droga-trafikoagatik

Udaltzaingoak 55 eta 27 urteko bi gizon jarriko ditu gaur epailearen esku osasun publikoaren kontrako delituaren ustezko egileak izateagatik.

Udaltzainek joan den asteazkenean atxilotu zituzten Aliko industria-eremuan beren ibilgailuan atzeman ostean. Erregistroan eta miatzean agenteek 27 gramo kokaina eta 1300 euro atzeman zituzten. Ondoren, bi pertsona horien etxean droga horren 19 gramo aurkitu zituzten.

Bestalde, udaltzaingoak 18 eta 19 urteko bi gazte atxilotu zituen atzo autobus-geltokiaren inguruetan. Bertan, beste pertsona bati eraso egin zioten lepoan zeraman katea kentzeko. Bitimak gertakizunak salatu zituen, eta dagozkion ikerketak egin ostean, udaltzaingoek ustezko egileak atzeman eta atxilotu egin zituzten.

 

 

 

Share

3.700 ikusletik gora izan dira Gasteizko Udalak antolatutako aire zabaleko kultur programazioan

Kartela

Irailaren lehen astean amaituko da Gasteizko Udalak antolatutako udako kultur programazio berezia. Guztira 54 ikuskizun antolatu dira azken bi hilabeteetan eta ikusleen erantzuna oso ona izan da. Emanaldien % 75etan agortu dira gonbidapenak, eta dagoeneko 3.700 ikusle baino gehiago izan dira aire zabaleko emanaldietan. Uneoro bete dira Covid19 dela-eta hartutako segurtasun-neurriak zorrotzak.

Datorren astelehenean, abuztuaren 31an, goizeko 9:00etan hasiko da irailaren 2etik 4ra bitartean aire zabaleko kultur jardueretarako gonbidapen erreserba. Bi bide daude gonbidapenak eskuratzeko.

– Online, helbide honetan: http://www.vitoria-gasteiz.org/cultura

– 945-161618 telefonoan, 09:00etatik 15:00etara

 

Erreserba bakoitzean gehienez bi plaza eskatu ahal izango dira. Iraileko azken aste honetan programazioa honako hau da:

 

  • IRAILAK 1 SEPTIEMBRE
    • 20:00 TXOTXONGILOAK: PHANTA RHEI ‘Astokillo’ | HEGOALDE
    • 20:00 ZIRKOA: BAPATEAN ZIRKO ‘Adabaki’ | ARRIAGA

 

  • IRAILAK 2 SEPTIEMBRE
    • 20:00 MAGIA: SUN MAGOA ‘Bat, 2, hiru… Magia!’| SALBURUA – GABRIELA MISTRAL
    • 21:30 MONÓLOGO: BELEN NEVADO ‘Sofocos’| LAS NEVERAS – FRAY ZACARIAS

 

  • IRAILAK 3 SEPTIEMBRE
    • 20:00 BERTSO-SAIOA: Arabako bertsolariak| APAIZTEGIA – UNED
    • 21:00 TEATRO: KOLEKTIBO MONSTRENKO ‘Antonio Remachado’ | ARANBIZKARRA

 

  • IRAILAK 4 SEPTIEMBRE
    • 19:00 (cast) / 21:00 (eusk) TEATRO / ANTZERKIA: PEZ LIMBO ‘Oxido’ | ELVIRA ZULUETA
    • 20:00 CONCIERTO: LOS MISTERIOS | ZABALGANA

 

Sarrerak ikuskizun bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira. Sartzeko eta irteteko ibilbideak adieraziko dira, pertsonen arteko bidegurutzeak saihesteko. Antolatzaileak bertaratutako bakoitzari zein eserleku dagokion adieraziko dio, iritsiera-ordenaren arabera.

Ikuskizun osoan eserlekuetan egon beharko da. Antzezpena egiten den bitartean barrutitik irten behar izanez gero, ezin izango da berriro bertara sartu. Haurrak ezingo dira zutik egon, ezta esparruan mugitu ere. Familia edo tutoreak arduratuko dira adingabeek segurtasun-arau guztiak betetzeaz. Debekatuta dago esparru osoan jatea, edatea eta erretzea. Bete ezean, esparrutik alde egin beharko dute. Esparrua hustea modu mailakatuan egingo da, antolatzaileen argibideei jarraituz.

Share

Osakidetzarekin elkarlanean dihardute 010 zerbitzuko langileek, Covid-19ak kutsatutakoen jarraipena egiten

Osakidetzari Covid-19ak kutsatutakoen jarraipena egiten laguntzen ari da Gasteizko Udala.

010 zerbitzuko bi profesional arduratzen dira, abuztuaren erdialdetik, gaixotasuna detektatzeko probetan positibo eman dutenei deitzeaz, emaitzaren berri emateko Osakidetzak bidalitako mezua jaso dutela ziurtatzeko.

Bidenabar, bi metro baino gertuago eta hamabost minutu baino gehiago maskararik gabe egon direnen zerrenda egin dezatela eskatzen diete —sintomak hasi baino bi egun lehenagotik, edo, sintomarik gabekoen kasuan, lagina hartu baino bi egun lehenagotik—.

“Ondoren, Osakidetzako arakatzaileak izango dira pertsona horiekin harremanetan jarriko direnak, berorien nahiz kontaktuen jarraipena eta kontrola egiten jarraitzeko. Bigarren dei hori jaso bitartean, segurtasun-neurriak gogorarazten dizkiegu 010etik”, azaldu du Gardentasun zinegotzi Borja Rodriguezek. Hauek dira neurri horietako batzuk:

 

  • Etxean bakartuta egon.
  • Kalera ez atera, eta bisitarik ez hartu, eta, beste inorekin biziz gero, gela batean bakartu —ahal dela, komuna duen gela batean—.
  • Eskuen higienea eta etxeko garbiketa areagotu.
  • Etxebizitza ondo aireztatu.

Orobat gomendatzen da hamabi ordutik behin tenperatura hartzea, Covid19arekin bateragarri den sintomarik agertzen den zaintzea eta, ondoezik egonez gero, osasun-zentrora deitzea.

Udalaren eta Euskal Osasun Zerbitzuarekin arteko lankidetza horren ondorioz, ehun dei inguru egiten dira egunero, Gasteizko bizilagunei ez ezik, baita Arabako beste herri batzuetakoei ere.

“Oso argi daukagu egoera konplikatu honetatik guztion laguntzarekin baino ez gaitezkeela atera, eta horretan dihardugu, indarrak batzen, osasun-erakundeekin elkarlanean, pandemiari aurre egiteko”, dio Borja Rodriguezek.

Hasiera batean, bi astez iraun behar zuen Udala Osakidetzari ematen ari zaion laguntzak, hau da, abuztuaren 31ra arte, baina emaitza onak ikusita, luzatzea erabaki da.

Share