Prentsa Oharren banner

Poetak maiatzean jaialdiak Paco Ibáñez ekarriko du Principal antzokira, maiatzaren 14an

 

Maiatzaren 7tik 29ra bitartean egingo da jaialdia, modu presentzialean

 

Paco Ibáñezek Principal antzokian abestuko du maiatzaren 14an, Poetak maiatzean jaialdiaren barruan, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok eta jaialdiko zuzendari Elisa Ruedak gaur prentsaren aurrean jakinarazi dutenez.

Udalaren Antzoki Sareak babesten du kontzertua, Gasteizko kultur egutegiko ekitaldi hutsezin bihurtu den jaialdi honetako izarra.“Poesia inoiz baino beharrezkoagoa da, pandemiak ezarritako murrizketak direla eta joaterik ez dugun lekuetara bidaiatzea ahalbidetzen baitigu. Gure etxeko egongelatik poeta ospetsuen eta mundu zirraragarri horretan bidea urratzen ari diren beste batzuen olerkiekin gozatu dezakegu. Gainera, jaialdiari esker, testuak ahots benetan iradokitzaileetan entzun ditzakegu, eta hori beti da plus bat”, erantsi du Estíbaliz Cantok.

Bestalde, Elisa Ruedak maiatzaren 14ko kontzertuari buruzko xehetasun gehiago eman du. “Paco Ibañez, poeten ahotsa. Humanista eta artista konprometituak emango duen kontzertua maitasun-, askatasun- eta duintasun- proposamena da. Bidegabekeriaren, indarkeriaren eta izugarrikeriaren kontrako erresistentziaren sinboloa. Paco Ibañezen ahotsean eta musikan bilduta, XIII. mendeaz geroztik izan diren gaztelaniazko poeta handienen hitzak entzungo ditugu”.

Ekitaldia maiatzaren 7tik 29ra bitartean egingo da, eta aurten presentziala izango da; 2020ko edizioa, berriz, online egin behar izan zen, pandemia dela eta.

Artista valentziarraren emanaldiaz gozatu nahi dutenek Udalaren Antzoki Sarearen ohiko bideetatik eskuratu ahalko dituzte sarrerak, abonamenduen barruan (martxoaren 25etik aurrera) edo sarrera solteak erosiz (martxoaren 30etik aurrera).

“Paco Ibáñezek Principal antzokian emango duen kontzertura gonbidatzen ditugu gasteiztarrak. Ezagutzen dutenek zuzeneko esperientzia bizi nahiko dute ziur aski. Eta oraindik haren lanean barneratu ez direnek ezin dute aukera galdu. Emanaldian osasunaren arloko agintariek ezarritako protokoloei jarraituko zaie. Kultura segurua dela gogorarazten dizuegu“, azpimarratu du zinegotziak.

Kontzertua

“Claridad no te apartes de mis ojos… escucha, detrás de mis palabras,

el grito de los hombres que no pueden hablar”

Paco Ibáñezek —olerkarien ahotsa, humanista, artista konprometitua— eskaintzen duen kontzertua maitasun, askatasun eta duintasun proposamena da, bidegabekeriaren, indarkeriaren eta izugarrikeriaren kontrako erresistentziaren sinboloa.

Paco Ibáñezen ahotsean eta musikan bilduta, XIII. mendeaz geroztik gaur arte izan diren gaztelaniazko poeta handienen hitzek mendeetan gaindi bidaiatzen dute, Paco abesten duenaren protagonista bihurtzen baita, eta protagonista bihurtzen baititu entzuleak, duintasun pertsonal eta kolektiboaren aldeko erresistentzian lagun.

Bere printzipioak aldatzen ez dituelarik, itsasargi bat izaten jarraitzen du planeta osoan bidegabekeria nagusi den garaiotan. Arrazoia eta poesia da hitzen edertasuna ahaztu den eromenezko garai batean. Dagoeneko hiru gazte belaunaldik ezagutu dute, eta ezagutzen jarraitzen dute, guztiok behar dugun horren bila: hitza.

Haren ahotsak ate misteriotsu eta ezkutu bat irekitzen digu denoi, poesiara daraman ate isil eta liluragarria… askatasunaren atea!

 

 

 

Share