Prentsa Oharren banner

Atariak webgunea berritu du

 

Salburuako Hezeguneen Interpretazio Zentroak gasteiztarrentzako eta ingurumen-hezkuntzaren sektorean lan egiten dutenentzako informazio-erreferente bihurtu nahi du

 

Erabiltzaileen esperientzia hobetzeko asmoz, Ataria, Salburuako Hezeguneen Interpretazio Zentroaren webgunea berritu da. Horretarako, zentroa bisitatzen duten pertsonen eta taldeen tipologiak hartu dira kontuan, eta webgunean eskuragarri dagoen informazioa egokitu da, baita hartarako sarbidea ere: familiak, eskola-taldeak, bikoteak, turistak, elkarteak, nerabe eta gazteak, ornitologia eta argazkigintza arloko zaleak…

Gakoetako bat izan da Atariaren hasierako orritik eduki erakargarriak nabarmentzea. Izan ere, orri horrek 12067 bisitaldi ditu eta bertan biltzen da Atariaren webguneko orri guztietako trafikoaren zati handiena (% 65), sarreren % 35 bilduta. Horren alboan, 2020an zehar interes handiena sortu duten informazioak honako hauek izan dira:

  • Ezagutu gaitzazu (% 10,4)
  • Bisita gaitzazu eta espazioak (% 6,21)
  • Parte hartu (% 4,62)
  • Eskola-programa (% 3,93)
  • Programa (% 3,29)

Kontuan hartu behar da astean zehar izandako bisiten banaketa ere, udal webgunearen gainerako atalekiko desberdina den eredua baitu. Hain zuzen ere, astelehena da webgunearen zenbaketa orokorrean bisita kopuru handieneko eguna. Aldiz, Atarian bisita gutxien jasotzen diren eguna da. Hala, Atarian bisita gehien jasotzen diren egunak astearteak eta asteazkenak dira, eta jarraian, ostiralak eta larunbatak, jarduera nabarmena izaten da egun horietan ere.

Hala, “Zure irudimenak zaramatzan lekuan” lelopean, zentroa, eta ondorioz, Salburua ezagutzeko nabigazioa sortu da, hiru atal nagusitan oinarrituta: Leku paregabea, Fauna eta flora, eta Plan piloa. Gainera, hasierako orritik hiru atal espezifikotara zuzeneko sarbidea eskainiko da: Bisita gidatuak, Herritarren zientzia eta Ibilbideak.

Horrez gain, agendako jardueretara sarbidea izango da hasierako orritik, baita Atariari buruzko albisteetara ere, eta Salburuako hezeguneen Interpretazio Zentrora iristeko beharrezko informazioa ere erakutsiko da atal batean.

Share