Prentsa Oharren banner

Jugatx Astorkiaren ‘Impr Pant’ erakusketa Montehermoso kulturunean

Martxoaren 18tik apirilaren 18ra arte egongo da ikusgai

Martxoaren 18tik apirilaren 18ra arte Jugatx Astrokiaren ‘Impr Pant” erakusketa ikusi ahalko da Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan. Udalaren kultur zentroak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearekin batera sustatzen duen deialdian hautatutako proiektuen arteko bigarrena da.

‘Montehermoso+UPV/EHU’ lemaren pean, programak komisario baten laguntzarekin proiektu artistikoak garatzeko aukera eskaintzen die bigarren zikloko, gradu-ondoko eta doktoretzako ikasleei, ondoren Montehermoson bakarka aurkezteko.

“Profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileentzako aukera da, mundu profesionalera hurbiltzeko lan-plataforma eskaintzen baitiegu. Proiektuak gauzatuta, jendearengan duten eragina proba dezakete. Gure helburua kultura sorkuntzari laguntzea da, bere arlo guztietan,  bereziki pandemiak hain gogor jo digun garai honetan” azpimarratu du kultura zinegotzi Estibaliz Cantok erakusketaren aurkezpenean. Harekin batera  Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko dekano Arantza Lauzirika, Jugatx Astorkia artista eta Cristina Arrázola komisarioa izan dira prentsaurrekoan.

Erakusketa

Jugatx Astorkia Arte Ederretan lizentziaduna da, EHUn, eta Vigoko unibertsitateko sorkuntza eta ikerketa masterra du. Hainbat erakunderen bekak izan ditu: EHU, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, EITB…

Hainbat ikerketa taldetan ere parte hartu du –PREKARIART, GIZAARTEA, besteak beste– eta hainbat erakusketa egin ditu 2016tik hona: Sevillan, Zaragozan, Pontevedran eta Bilbon.

Egun , esfera analogiko-digitaletan irudiak-argiak ukazio-prozesuen bidez egiten duen eraldaketari buruzko doktore-tesia egiten ari da. Praktika artistikoan, ikusezina dena plastikoki ikusarazteko argi-arrastoak eta -hondarrak erabiltzen dituzten prozesuekin egiten du lan.

Egiten ari den ikerketan laburbiltzen dituen alderdi horien guztien inguruan aritzen da bihar Jovellanos aretoan aurkeztuko duen lanean.

Cristina Arrázola komisarioak babestu du erakusketaren garapena. Martxoaren 18tik apirilaren 18ra arte ikusi ahalko da, Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan.

Jugatx Astorkia artistak bere proiektuaren ezaugarrien berri emango du inaugurazio-egunean, hilaren 18an. Arratsaldeko zazpietan izango da.

Proiektu artistikoak, 2021

Zinegotziak aipatu nahi izan du proiektu artistikoen aurtengo deialdia. Horren oinarriak Montehermosoko zein Gasteizko Udaleko webguneetan aurki daitezke. Apirilaren 6ra arte aurkeztu ahalko dira proiektuak.

ImprPant Katalogoa

 

 

 

Share