Prentsa Oharren banner

AMVISAk 6,4 milioi inbertituko ditu Judimendiko hornidura- eta saneamendu-sarea berritzen  

Uren udal-enpresak Pilarren eta unibertsitatearen ingurunean ere hasiko ditu laster hobekuntza-lanak

 

Gaur, AMVISAko administrazio-kontseiluak onetsi du Judimendi auzoan hornidura- eta saneamendu-sarea berritzeko lanak kontratatzeko dosierra hastea.

Proiektua lehiaketan jarriko da 6,4 milioiko aurrekontuarekin eta 36 hilabeteko gauzatze-epearekin. Haietaz gain, dagoeneko, azpiegiturak hobetzeko lanak gauzatzen ari dira San Martinen zenbait hilabetetatik hona, eta laster hastekoak dira Pilarren eta unibertsitatearen ingurunean.

Uren udal-enpresak Judimendin egingo dituen berritze-lanekin batera, Herrandarren kalean doan kolektorearen ahalmen hidraulikoa hobetuko da.

Jarduketa horri esker, zerbitzuaren kalitatea eta efizientzia hobetu ahal izango ditugu, baita matxurak saihestu ere. Gainera, auzoa zaharra da, eta azpiegitura zaharrak ditu; jarduketarekin, auzo berrietan adinako bizi-kalitate eta ongizatea eman nahi diegu bertako bizilagunei. Horregatik egiten ari gara hain inbertsio garrantzitsua, oinarrizko eta funtsezkoa den baliabide hori, ura hain zuzen, bermatzeko eta optimizatzeko”, adierazi du AMVISAko lehendakari Marian Gutiérrezek.

 

Pilarren eta Unibertsitatean

Horretaz gain, AMVISAren administrazio-kontseiluaren bilkuran, lanak adjudikatu dira Pilar auzoko eta unibertsitate-eremuaren inguruneko zenbait kaletako saneamendu-sarea hobetzeko. Uren udal-enpresak, guztira, 2,5 milioi inbertituko ditu proiektu horietan, eta Excavaciones Fermín Oses enpresak gauzatuko ditu lanak.

Unibertsitatearen ingurunean, 1,7 milioi euro baino gehixeagokoa izango da inbertsioa. Han, Unibertsitateko ibilbidean, saneamendua hobetuko da: dagoen kolektorea zuhaitzen sustraietatik babestu, eta sarearen hustuketa-ahalmena hobetuko da San Antonio kaleko lurpeko pasabidearen azpian. Senda ibilbideko kolektorearen ahalmena ere handituko da, eta Ramon y Cajal kaleko zoladura hobetuko da.

Obrak gauzatzeko epea 10 hilabetekoa da.

Pilar auzoan, AMVISAk Juan Garai kalea zeharkatzen duen kolektorearen ahalmena hobetuko du, eta saneamendu-hodiak berrituko ditu auzoko zenbait kaletan. 802.720 euro baino gehixeagoan adjudikatu da obra, eta 6 hilabetean egingo da.

Share