Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2012-09-10)

Alkatearen prentsaurrekoa

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Javier Maroto

Eguna. Astelehena, irailak 10

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Udalak iraila amaitu baino lehen abiaraziko da Erdi Aroko Hiriguneko parte-hartzeko prozesua

Auzokoek erabakiko dute zein proiektutara bideratu inbertsioetarako aurrekontuaren % 20

Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Fernando Aránguiz jakinarazi bezala, Marotoren gobernuak Erdi Aroko Hiriguneko Kudeaketa Batzordea eratuko du iraila amaitu baino lehen. Kudeaketa Batzordea parte-hartzeko prozesu berritzailea da, Gasteizko Udalak ehun sozial eta ekonomikoa biziberritzeko asmoz lehen aldiz abiaraziko duena, gehienen interesari erantzungo dieten ekintza, programa eta proiektuen bidez  

Hiru ardatzez osatuko da Erdi Aroko Hiriguneko Kudeaketa Batzordea: herritarren taldea, teknikarien taldea, eta politikarien taldea.

Parte-hartzeko prozesu hori garatzeko, Ekonomia Sustapenerako Sailak 3.100.000 euroko partida du 2012-2015 ekitaldietan, Hirigune Historikoan inbertsioak egiteko. Herritarren taldeak erabakiko du bere kabuz zenbateko horren % 20 (620.000 euro) nola erabili, hiriko gainerako auzoetan dagoeneko erabiltzen den Zure Auzoa Hobetuz programaren prozedura berari jarraituz.

“Hainbatetan errepikatu dugun bezala, gobernu talde honen lehentasunetako bat da herritarren parte hartzea. Horrexegatik ezarri da sistema hau, parte hartzeko bide ematen baitu”, esan du Fernando Aránguizek.

Zereginak

Talde politikoa abian jarritako parte hartzeko prozesu guztien informazioa jasotzeaz arduratuko da, bai eta Hirigune Historikoa biziberritzeko garatu nahi den programaren helburuei buruz eztabaidatzeaz ere.

Sailen arteko lan-taldeko teknikariek, berriz, Hirigune Historikoaren benetako egoera ezagutu beharko dute, beren ikuspegi teknikoa eskaini eta beren jarduera eremuan proposamenak landu Kudeaketa Batzordeak zehazten dituen helburu eta proposamenei buruz, eta erabakitzen diren ekintzak gauzatu eta jarraitu.

Herritarren lan taldeak, bere aldetik, zeregin hauek izango ditu: hobetzeko beharrizanak aztertzea, taldeko parte-hartzaileen ekarpenak eta teknikariek landutako informazioa oinarritzat hartuz; ezarritako helburuak lortzeko proposamenak eztabaidatu eta adostea; ekintza jakinak diseinatzen, jarraitzen eta ebaluatzen jarraitzea. Aldabeko Lurralde Kontseiluaren barruan eratuko da batzorde hori, Udalak orain antolatuta duen parte hartzeko egiturarekin uztar dadin.

 

Share

Udalak zabaldu egingo du hiri autobusen zerbitzua bihartik aurrera Salburuko bizilagunentzat

5. eta 6. lineek bost geltoki gehiago hartuko dituzte Salburun

Bihar hasiko da Abetxukoko tranbia linearen luzapena; horren kontura, Gasteizko Udalak luzatu egingo ditu TUVISAko bi hiri autobus linea, Salburuko bizilagunei zerbitzu hobea eman asmoz. Honako luzapenak abiaraziko ditu TUVISAk:

–         5. linea, Brusela hiribidean; hauek dira geltoki berriak: Salburua Bulebarra / Europar Batasunaren plaza, eta Brusela hiribidea / Elorriagako atea.

–         6. linea, Iliada ibilbidean; hauek dira geltoki berriak: Iliada ibilbidea / Nadine Gordimer, Iliada ibilbidea / Gabriel Martínez Aragón, eta Iliada ibilbidea 10. Horraz, hemendik aurrera 6. linea “Zabalgana-Arkaiate” deituko da.

Kanpo-iturrien arabera bihar hasiko da tranbia Abetxukuko bihotzeraino sartzen; horixe da autobus lineen luzapenaren arrazoia. Izan ere, TUVISAk Abetxukuko kaleen eta Kainabentako tranbiaren geltokiaren artean eskaini duen loturako autobus zerbitzua etengo du, eta horretan erabili dituen baliabideak (autobusak) Salburuko zerbitzua hobetzera bideratuko dira.

Gasteizko Udaleko Trafiko alorreko zinegotzi arduradun Marian Castellanosen hitzetan: “Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren irizpideak jarraitu dugu, zeinaren arabera tranbia eta autobusaren zerbitzuek elkarren osagarri izan behar dute, inguru berean lehian egon daitezen saihestuz”.

Horrez gain, luzapen berriak tarteko, Udalak Mugikortasun Iraunkorrerako Planeko beste neurri bat beteko du, 350 metro bakoitzeko autobus geltoki bat egotearena alegia. Castellanos azaldu duenez, “luzapen berriekin, Mugikortasun Iraunkorrerako Planean 2015erako aurreikusi baino bi urte lehenago beteko da 350 metroko tartearen neurria. Planak biztanleen % 97k 350 metro bakoitzeko autobus geltoki bat edukitzea aurreikusten zuen, baina bihar hasiko diren hiru luzapenak bitarte, estaldura hori herritarren % 97,60raino iritsiko dela espero dugu”.

 

 

Share