Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2012-09-19)

Prentsaurrekoa. Green-Laguntzaile hitzarmena sinatzea

Parte hartzaileak. Alkateorde Idoia Garmendia

Eguna. Asteazkena, irailak 19

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————–

Prentsaurrekoa. ‘El bosque mucho más que madera’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Javier Maroto; Euskadiko laCaixako lurralde zuzendari Juan Pedro Badiola; La Caixa Fundazioko idazkari nagusi Luis Reverter; eta erakusketa-koordinatzaile Francisco Javier Gómez

Eguna. Asteazkena, irailak 19

Ordua. 11:00

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza (erakusketako karpa)

Share

Bartoloen klanaren kontra aurkezten den salaketa orotan esku hartuko du Gasteizeko Udalak hemendik aurrera

Gasteizko alkate Javier Marotok jakinarazi duenez, Udala akusazio gisa agertuko da hemendik aurrera Bartoloen klaneko edozein kideren kontra aurkezten den salaketa orotan, herri akzio gisa jardunez. “Amaitu da talde honekin izan dugun tolerantzia” –adierazi du alkateak–; “hemendik aurrera salatzen dituzten bakoitzean aurrez aurre izango gaituzte”.

“Azken asteotan” –azaldu du Marotok– “ugaldu egin dira iritsi zaizkidak kexak, besteak beste zenbait gurasok beren seme-alabek jasandako mehatxuen inguruan agertutakoak. Amaitu da talde honekin izan dugun tolerantzia; ahal dudan guztian aurre egitea erabaki dut”.

“Ahaleginak egin ditu hiriak hainbat hamarkadatan, integra zitezen; korporazio guztiak saiatu dira, baina ezinezkoa izan da” –adierazi du alkateak–; “ahal izango balitz hiritik botako nituzke, baina, ezin dudanez, aurrez aurre izango dute udala, eta neronek sinatuko ditut salaketak, banan-banan. Akabo aurpegi abegikorra; hemendik aurrera, gogor ekingo diegu”.

Marotok ziurtatu du klan horretako kide batek berak ere ez duela udal laguntzarik jasotzen gaur egun, eta “oso jarraibide zehatzak eman dira, udal laguntza bakar bat ere jaso ez dezaten. Gainera, lanean ari gara, ez diezaioten barre egin udalari, udal kontuei dagozkienetan”.

“Ahalegin guztiak egin ditugu integra zitezen eta gainerako gasteiztarrekiko bizikidetza zaindu zezaten, eta barre egin digute. Zigorgabetasunak badu muga bat, eta iritsiak gara horraino”, amaitu du Marotok.

 

 

 

 

Share

Udalak 12 eta 26 urte bitartekoentzako Beldur Barik lehiaketaren bigarren ediziorako deialdia egin du

Lanak aurkezteko epea urriaren 31ra arte egongo da zabalik.

Beldur Barik 2012 kanpainaren baitan, Gasteizko udalak Gasteizko Beldur Barik 2012 lehiaketaren bigarren edizioa abiarazi du. Ikus-entzunezkoen lehiaketa honek honako helburua du: neska-mutil gazteen harremanetan errespetu, askatasun, berdintasun eta sexu indarkeriaren alorrean prebentzio arloko jarrera onak sustatzea. 12 eta 26 urte bitartekoa izanik, Gasteizen bizi diren gazteek har dezakete parte.

Lehiaketa hau urtero egiten den Beldur Barik programaren baitakoa da, zein emakumeen kontrako indarkeriaren prebentziorako programa integrala da. 2009an sortu zen Eudelek bultzatuta eta berdintasunaren aldeko euskal udalerriek osatzen duten Berdinsarearen ekimena da, non gure udalak parte hartzen baitu.

Lehiaketa honetaz gain, 2012ko Beldur Barik programak bestelako ekimenak ere izango ditu Gasteizen, horien artean  programari amaiera ematea 2012ko Beldur Barik topaketan. Hau azaroaren 24an izango da gure udalerrian.

2010. urtean genero indarkeria dela eta udaleko gizarte zerbitzuetan lehen aldiz hartutako emakumeen % 58,2a emakume gazteak izan dira, 14 eta 35 urte bitartekoak. 2009an baino ehuneko txikiagoa, % 60,10ekoa izan baitzen.

2011n kopuruak behera egin zuen berriz ere: genero indarkeria jasan izanagatik lehen aldiz gure zerbitzuetan hartutako 195 emakumeetatik 73 (hau da, % 37,4) 14 eta 35 urte bitartekoak izan ziren. Horietatik 55 emakume 26 eta 35 urte bitartekoak ziren, 17 emakume 18 eta 25 urte bitartekoak eta emakume bat 14 eta 17 bitartekoa.

Berdintasun Zerbitzuak dioenez, gazteek bereganatu egin dituzte azken urteetan burutzen diren prebentzio eta sentsibilizazio kanpainetan zabaltzen diren mezuak. Hori dela eta, datu horiek ilusio eta itxaropen handiz hartzen dituzte, gazteek dituzten jarrera aldaketa horiek etorkizunean gizarte bidezkoagoa eta berdinzaleagoa  ekarriko duten ustean.

Hala ere, joera hori aitortuta ere, Gasteizko Udalak badaki udalerriko emakume askok jasaten duten arazo larri horri aurre egiteko lanean jarraitu beharra dagoela; izan ere, berdintasunerako bidean aurrera joan arren, gazteen artean maiz ikusten dira jarrera matxisten ereduak, nesken bizimodua kontrolatzeko jarrerak (batzuk beste batzuk baino modu sotilagoan): zer egiten duten, mugitzeko duten askatasuna, iritziak, balore, eta bizitzeko proiektuak kontrolatzen dizkiete neskei. Askotan, gainera, kontrol modu horiek onartu egiten ditu gizarteak, “dena ahal duen eta dena justifikatzen duen” maitasun erromantiko bat eredutzat hartuta.

Aipatu den bezala, iaz abiatu zen hemengo lehiaketa eta 23 lan aurkeztu ziren. Lehiaketak Gasteizko gazteen artean harrera ona izan zuen isla.

Lehiaketara aurkezten diren lanek Beldur Barik jarrera islatu behar dute, emakumeenganako indarkeria motei guztiak gainditzeko norberak zein taldeak duen konpromisoa, alegia. Adierazpen artistiko mota guztiak onartzen dira (dantza, pintura, performancea, antzerkia…), baina ikus-entzunezkoen euskarria baliatu behar da aurkezteko (bideoa, argazkiak, musika…)

Lanek Autonomia Erkidegoko Beldur Barik lehiaketako sariak ere lortu ahalko dituzte.

Banaka, taldeka edo gelaka aurkeztu ahalko dira lanak.

Eskoletako taldeek aurkeztutako lanentzako sariak 500 euroko bi txartel izango dira gelarako eskola-materiala eros dezaten.

Banaka edo taldeka aurkeztutako lanek lau sari izango dituzte, bi kategoriatan banatuta:

– Lehen kategoria (12 eta 17 urte bitarteko pertsonek aurkeztutako lanak): lehen saria, 300  euro, eta bigarren saria 200 euro.

– Bigarren kategoria (18 eta 26 urte bitarteko pertsonek aurkeztutako lanak): lehen saria, 300  euro, eta bigarren saria 200 euro.

Lanak aurkezteko epea urriaren 31ra arte egongo da zabalik. Lanak posta helbide honetara bidali behar dira:   jarrera@beldurbarik.org   

Hemengo sariak 2012ko azaroaren 16an emango dira jakitera.

Gasteizko lehiaketari buruzko kontsulta eta argibide gehiago:

945 16 13 45

www.vitoria-gasteiz.org/igualdad

www.beldurbarik.org

Share

Neurri sorta bat abian jarriko du udalak 45 kaletan, txirrindulariek eta ibilgailuek modu seguruan parteka dezaten galtzada

Oinezkoei leku gehiago emango diete neurri horiek

Txirrindularien, oinezkoen eta ibilgailuen arteko benetako bizikidetza arazoa antzeman du udalak, eta, hori dela eta, “trafikoa lasaitzeko neurri sorta bat abian jarriko du hainbat kaletan, txirrindulariek galtzada modu seguruan erabiltzerik izan dezaten”. Mugikortasun Iraunkorrerako Planak zehazten du zein diren ibilgailuen eta bizikleten zirkulazioa bateragarri egin behar deneko kaleak, eta jarraibide horiek aplikatuko ditu udalak hiriko 45 kaletan.

Erdi Aroko hirigunea inguratzen duten 17 etxaditzar zentraletan gauzatuko dira neurriak. Margotze lanak egingo dira, seinaleztapena jarriko eta koloreko asfalto urtua baliatuko, bi zentimetroko erliebean, ibilgailuen gidariei ohartarazteko zona berezian sartzen ari direla, eta txirrindulariak topa ditzaketela bidean. Orduko 30 kilometroko abiadura muga izango da kale horietan ibilgailuentzat, eta bidegorri-sare nagusiarekin bateragarri izango dira.

Foru kalea, Olagibel kalea, Posta kalea, Pio XII.aren kalea, Jesus Guridi kalea, Isaac Albeniz kalea, Frantzia kalea, Frantzia kalea, Askatasun kalea, Arriagako atea, Zerkabarren kalea, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Eulogio Serdan kalea, Koldo Mitxelena kalea, Bizenta Mogel kalea edo Ama Vedruna kalea… horra oinezko, txirrindulari eta ibilgailuen arteko bizikidetzaren alde esku hartuko deneko zenbait kale. 

Hainbat hiritan ari da aplikatzen eredu hori, modu arrakastatsuan, hala nola Paris, Londres, Brusela, Bartzelona eta Donostian.

300.000 euroko aurrekontua dute neurri horiek, eta Civitas proiektuaren baitan sartzen dira. Zehazki, % 30eko diru-laguntza jasoko da proiektu horretatik.

Share