Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2012-09-21)

“Europa bi gurpilen gainean” Jardunaldia

Herritarrei irekitako bizikletaren inguruko jardueren programa

Parte hartzaileak. Alkateorde Fernando Aránguiz eta Europako erakundeetako (Parlamentua eta Batzordea) ordezkariak Espainian.

Eguna. Ostirala, irailak 21

Ordua. 11:30

Tokia. Antso Jakituna kaleko pergola

Share

Europar Batzordeak eta Europako Parlamentuak antolaturik, garraiobide iraunkorren erabilera sustatzeko jarduerak izango dira bihar Gasteizen

Europako Hiriburu Berdea “Europa bi gurpilen gainean” jardunaldia hartzen duen kontinenteko hiri bakarretako bat izango da

Bihar, irailak 21, “Europa bi gurpilen gainean” izeneko jardunaldia egingo da Antso Jakitunaren kalean eta Bastiturri kalean, Europar Batzordeak eta Europako Parlamentuak Espainian duten ordezkaritzak antolaturik: 10:00etatik 14:00etara zein 17:00etatik 20:00etara jarduera berritzaile eta dibertigarrietan hartu ahalko dute parte herritarrek.

Haur zein helduentzako jarduera programa antolatu da: bizikleta berritzen eta pertsonalizatzen ikasteko lantegiak, bike-polo partida bat, bizikleta gaineko moda desfilea, bizikleta lasterketa geldoa, patin ikastaroa, eta herritarrek egunero hiriko leku batetik bestera joateko bizikleta gehiago erabiltzeko dituzten beharrizanei buruzko iritzia ezagutzeko ekintza bat.

Erakundeen ordezkariek 11:30ean emango diote hasiera jardunaldiari, Antso Jakitunaren kaleko pergolan. Bertan izango dira Fernando Aránguiz, Gasteizko Udaleko alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzia; Carlos Urquijo, Gobernuaren ordezkaria, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren izenean; Pablo Zalba, Europako Talde Popularreko diputatua;  Eider Gardiazábal, Europako Sozialista eta Demokraten Taldeko diputatua; Izaskun Bilbao, Europako Talde Liberaleko diputatua; Marta Mújica, Europar Batzordeko ordezkaria, eta Ignacio Samper, Europako Parlamentuaren Espainiako bulegoko zuzendaria.

Astelehenaz geroztik, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen hamaikagarren edizioa egiten ari da Gasteizen, “Norabide egokian goaz” lelopean, eta “Europa bi gurpilen gainean” jardunaldia hartzen duen kontinenteko hiri bakarretako bat izango da, 2012ko Europako Hiriburu Berdea den aldetik.

Hainbat helburu ditu 2012ko Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen egitarauak: hiri mugikortasunaren alorrean izandako aldaketak nabarmendu, herritarrei Mugikortasun Planak aurreikusten dituen neurri berriak ezagutaraztea, iraungarritasunaren alde jokatzearen konpromisoaren garrantziaz sentiberatzea, eta hiri barruko elkarbizitza hobetzen laguntzea.

 

 

 

Share

Astelehenetik aurrera, CIVITAS foroa –mugikortasunaren arloko erreferentziarik gorena– egingo da Gasteizen

Astelehenean hasita hiru egunez, CIVITAS –hiria, bizitasuna eta iraunkortasuna– foroaren hamargarren edizioa egingo da Gasteizen, Europako Hiriburu Berdea den aldetik erreferentea baita mugikortasun iraunkorreko neurriak ezartzeari dagokionez. Foro hori, Europa osoan ezagutza handiena duena, Europako Batzordearen ekimen aitzindaria da, hiriaren mugikortasun iraunkorraren arloan neurri eta politika berritzaileak ezartzen dituen hiriei laguntzeko.

Ingurumen zinegotzi Idoia Garmendiak Civitas foroaren 10. edizioa aurkeztu du gaur goizean. European Green Capital 2012 delarik, Gasteizen egingo da foroa, datorren astelehenetik asteazkenera arte. Europa biltzar etxeak hartuko du Mugikortasunari buruzko Biltzarra, zeinean 140 herrialdetatik etorritako 450 kidetik gora bilduko baitira. Hiriko garraio estrategia garbiagoak, hobeak eta iraunkorragoak sustatzeaz gain, energia arloan ere eraginkorrak diren estrategiak bultzatzea da helburua.

Europar Batzordearen ekimenez sortutako biltzarrak hiru egunez mugikortasun iraunkorrari buruzko ideiak partekatzeko aukera eskaini nahi du. Oso publiko zehatzari zuzentzen zaio: politikariak, hiri mugikortasunaren planifikatzaileak, teknikari adituak, udal agintariak eta EBko erakundeen ordezkariak; eztabaidarako 16 mahaitan banatuta, “pecha Kucha” erako aurkezpen dinamikak baliatuko dira, hiriko mugikortasun iraunkorrerako ikuspegi eta proposamen liluragarriak aztertzeko. Hizlari hauek gonbidatu dituzte, besteak beste: Bruno Pereira, CIVITASeko batzorde politiko aholkulariaren presidentea; Mohamed Mezghani, EuroMed garraio proiektukoa (Frantzia), eta Peter Jones, Garraio eta Garapen Iraunkorrerako Ikerketa Zentrokoa (Londreseko University College).

“Gasteizen Europar Batasunean mugikortasun iraunkorrari buruz dagoen foro nabarmengarriena hartzea harrotzeko modukoa da guretzat. Izan ere, green urtean egingo dugun biltzar garrantzitsuenetako bat da, eta bat dator gure espazio publikoaren eta mugikortasun iraunkorraren planarekin, alegia, espazio publikoa herritarrentzat berreskuratzeko asmoarekin; hori dela eta, ziur gaude gure jardunbide egokiak zabaltzerakoan arrakasta ekarriko duela. Green Capital izateagatik lortu dugu biltzarraren protagonismoa, baina beste hiri batzuetan abiarazitako beste neurri arrakastatsuetatik ere ikasiko dugu, mugikortasun iraunkorraren abangoardian egoten jarraitzeko”, azaldu du Garmendiak.

CIVITAS 2012 foroaren konferentziaren gaia herritar guztientzako hiri “bizigarriak” sortzea da. Zehazki, hiri mugikortasun iraunkorrarekin eta espazio publikoaren planifikazioarekin lotutako alderdi eraginkorrak aztertuko dira. Europako 32 herrialdetako 200 hiri baino gehiagok osatzen dute CIVITAS foroa –aurten Cahors (Frantzia), Shkodra (Albania), Budapest (Hungaria), Puerto del Rosario (Espainia) eta Kopenhagen (Danimarka) sartu dira–. Gasteiz protagonista izango da bisitak bizikletaz, oinez edo autobusez egiteko duen programari esker. Programa horren bidez, Gasteizek, CIVITASekin lankidetzan, arlo honetan egindako lanen adibide zehatzak nola egin diren ikusteko aukera emango du: espazio publikoak libre uzteko trafikoa antolatzeko modua, irisgarritasuna eta zerbitzua hobetzeko garraio publikoa zehazteko modua, bizikleta sarea finkatzeko modua zein auto elektriko partekatuak sustatzeko modua.                                                                                                                          

Hiru eguneko biltzarra Twitterren bidez (#civitasforum2012) jarraitu ahalko da. Astelehenean, hilak 24, CIVITAS saria emango zaie egitasmo handiko garraio politikak edo hiri garraio garbia lortzeko jarduerak ezartzean nabarmendu diren hiru hiriri. Gainera, CIVITAS Plus (2008-2012) ekimenaren hirugarren fasea bukatutzat joko da, beraz, Gasteizko urteko biltzarrak programaren eta horren barruko proiektuen bukaera ere adieraziko du. CIVITAS Plus azken konferentziak, hilaren 26an, azken lau urteetako emaitzak aztertuko ditu. Urte horietan 25 hiri izan dira eredugarri, eta hiriko garraio garbia izateko neurri berritzaileak ezartzeko bost proiektutan lan egin da, guztira, 80 milioi euroan.

Share