Prentsa Oharren banner

Dantzaldiak Circuloan egingo dira

Florida parkeko dantzaldiak bukatu eta gero, 2012ko irailaren 29tik aurrera hasiko dira Círculo Culture Clubeko Dantzaldiak. Larunbat eta igandetan izango dira Dantzaldiak, 19:00etatik 21:30ra izango da. Sarreren prezioa 3 eurokoa izango da.

 

Share

Civitas foroak Gasteiz europar mugikortasun aktiboaren postu gorenetan dagoela ondorioztatu du

Gaur arratsaldean amaitu da Gasteizen egiten ari zen mugikortasun iraunkorrari buruzko Civitas foroaren hamargarren edizioa. Europako Hiriburu Berdea mugikortasun iraunkorraren alorrean ratio onenak lortu dituen europar hiria dela ondorioztatu dute, oinezkoen, bizikleten eta garraio publikoaren kopuruak batuta. Gainera, Euskadiko hiriburuan gauzatzekoa den “bloke handien” proiektua berritzailetzat eta eredugarritzat jo dute.

Alkateorde eta Ingurumen zinegotzi Idoia Garmendiak itxi du gaur arratsaldean Civitas foroak “Mugikortasunerako kudeaketa: hiri mugikorrentzako plangintza” izenburuaz Gasteizen –2012ko Europako Hiriburu Berdea izanik– egin duen 10. edizioa. Europa biltzar etxeak hartu du Mugikortasunari buruzko Biltzarra, zeinean 140 herrialdetatik etorritako 450 kidetik gora bilduko baitira. Hiriko garraio estrategia garbiagoak, hobeak eta iraunkorragoak sustatzeaz gain, energia arloan ere eraginkorrak diren estrategiak bultzatzea da helburua.

Europar Batzordearen ekimenez antolatutako biltzarrean, 16 saio tekniko  egin dira, bai eta hamaika bisita eta “pecha kucha” zein “poster session” erako aurkezpen ere, hiru egunez mugikortasun iraunkorrari buruzko ideiak partekatzeko. Gasteizek leku nabarmena izan du teknikarien, mugikortasun iraunkorreko planifikatzaileen, udal buruzagien eta EBko ordezkarien aurrean, “bloke handiak” eta abiadura moteltzea gaitzat zituzten aurkezpenengatik, mugikortasun iraunkorra sustatzen duten ekimen berritzaile eta eredugarritzat jo baitituzte. Euskadiko hiriburuaren irisgarritasun politika ere laudatu dute, era guztietako publikoarentzat instalazio gehien egokitu dituzten hirien artean baitago.

“Gasteiz, Civitas sarearen kide aktiboenetako bat den aldetik, oso konprometitua dago mugikortasun iraunkorrarekin, eta Europako hirien % 84rentzat eredugarri izaten jarraitu behar du. Iraunkortasun balioen buruzagi gisa dugun zereginaz jabetu eta hiri sare hauek sustatu behar ditugu, gainerako hiriak eta biztanleak green balioetara bideratzea lortzeko. Hartara, hiriok batak bestearengandik ikas dezakegu, etorkizunean hiri eta irtenbide gero eta eraginkorragoak lortzeko”, adierazi du Garmendiak.

Bestetik, Gasteiz hiriaren trinkotasunak txundituta utzi ditu europar adituak, besteak beste Bruno Pereira –aholkularitza batzordeko kidea–, Peter Jones –University College London– eta Daniela Rosca –Europar Batzordeko Ataleko zuzendaria–. Zehazki, irisgarritasun eta mugikortasun alorreko neurriek erakarri dituzte, hiru egun hauetan biltzarkideek zuzenean ezagutu ahal izan baitituzte oinezkoen esparruak eta hiriko garraio publiko eta iraunkorra, zeinari esker Gasteizko lehen postuetan baitago iraunkortasun balioei dagokienez.

Share

ARGIBIDEA – Gasteizko udal gobernuak Arabako Foru Aldundiak dagokion foru araua aldatu beharko lukeela berretsi du, datorren urtarrilaren 1ean OHZ % 36 igoko ez bada

Gasteizko alkate Javier Marotok atzo aurreratu zuen bezala, “datorren urtean OHZren ordainagiria % 36 igotzea nahi ez badugu, Aldundiak horri dagokion foru araua aldatu beharko luke, eta udalei beste luzamendu bat eskaini, herritarrei kobratzen dieten OHZ kalkulatzeko ezarri beharreko tasa egokitzerik izan dezaten, Foru Arauaren arabera % 0,3koa baita”.

Horri dagokionez, esan beharra dago EAJ udal taldeak abenduaren 16ko 21/2008 Foru Arauaz egiten duen interpretazioa okerra dela, arauak hau ezartzen baitu: “Udalek hiri ondasun higiezinen eta landa ondasunen gaineko zerga tasa murriztu dezakete, % 0,15 gehienez, baldin eta murrizketaren eraginez erabilera bereko ondasunen gaineko zerga bilketa txikitzen ez bada, aurreko zergaldikoarekin erkatuta”; hori betetzea ezinezkoa da katastro-balioak gorantz aldatu ezean, eta Gasteizen ez da horrelakorik gertatu.

Beraz, OHZren igoera handi hori ez gertatzeko modu bakarra Aldundiak epe berria ematea da, foru araudiak ezarritako gutxieneko tipoa –%0,3koa– aplikatu beharrik ez izateko.

Gobernu honek herritarren interesa zaindu beste helbururik gabe, are gehiago krisi garai hauetan, hura aldatzeko galdatu du –legearen ezagutza sakonean oinarrituta– tresna juridiko bakarra baita gaur egun zerga hori igo dadin eragozteko.

Arabako Foru Aldundian buru izan zenean, EAJk izan zuen aukerarik tasa aldatzeko edo egokitzeko epea luzatzeko, baina ez zuten egin, eta horren ordez praktikan udalei inolako maniobra aukerarik ematen ez dien aldaketa egitea erabaki zuten.

Alkateak deitoragarritzat jotzen du “EAJk oker egoten eta herritarrak nahasten jarraitzea, eta herritarren sakelentzat hain larria den gai batekin, hots, zergekin, elektoralismoa egiten saiatzea, bereziki garai ekonomiko zail hauetan”.

“Dena ez da balekoa hauteskunde lehian. Herritarrek ez dute merezi nahasten eta kezka eta zalantza sorrarazten ibiltzea. Politikook soluzioak eta ziurtasuna eman behar dizkiegu”, baieztatu du Marotok.

 

 

Share

Gasteizek lau ibilgailu elektriko estreinatuko ditu, Vehículos Ecoeléctricos eta Going Green enpresekiko babesletza hitzarmenari esker

– Baltzuarekiko hitzarmenak 25.000 € inguruko balioa du, ibilgailu elektrikoa sustatzeko proiektu pilotua abian jartzeari dagokiona

Ingurumen zinegotzi Idoia Garmendiak lankidetza hitzarmena sinatu du gaur goizean Vehículos Ecoeléctricos eta Going Green enpresekin. Hitzarmenaren bidez, ibilgailu elektrikoa sustatzen dutelarik mugikortasun iraunkorra ere sustatzen duten bi enpresa horiek European Green Capital 2012 programaren babesle bihurtu dira, sari berdearekin lotutako iraungarritasunaren kontzeptua zabaltzeko konpromisoa hartu baitute beren gain.

Ingurumen zinegotzi Idoia Garmendiak eta Agromotor (Vehículos Ecoeléctricos) taldeko kontseilari ordezkari Jaime Gallegok sinatu dute gaur lankidetza hitzarmena, zeinaren bidez Gasteizen egoitza nagusia duen enpresak Vitoria-Gasteiz European Green Capital 2012 programan hartuko baitu parte, proiektu pilotu berritzaile batean lankidetzan aritzeko. Horrek euskal hiriburuko mugikortasun iraunkorreko sistema hobetzen lagunduko du, bai herritarrei bai udal kudeaketari begira. Berez, dagoeneko hasiak dira elkarlanean, Agromotor Civitas foroan parte hartzen ari baita, Europa gizarte etxean ibilgailu elektrikoen erakusketa jarrita.

Vehículos Eco-Eléctricos Agromotor S.L. enpresak berrogeita hamar urte bete ditu. Enpresa multzo horrek ibilgailu banaketan dihardu,  eta 2012ko Europako Hiriburu Berdearekiko proiektuaren bidez udal zerbitzuek erabili ohi dituzten ibilgailuak arrazionalizatu eta optimizatzeko asmoa dute; gainera, zerbitzu ezberdinen eguneroko lanean ez-ohiko ibilgailuak (guztiz edo partzialki energia elektrikoa baliatzen dutenak) erabiltzeko saioak egingo dituzte.

“Hitzarmenaren bi helburuak bat datoz Gasteizek bere buruari ezarri dizkion erronkekin, urte berde honetarako ez ezik, bai eta etorkizun hurbilerako ere. Ingurumena errespetatu eta zaintzeak baliabide ekonomikoak hobeto baliatzeko bide ematen du, eta horixe da gakoa ekonomia garapenerako eredu berria ezartzeko. Honelako hitzarmenek, mugikortasun elektrikoa landu eta ezagutarazten laguntzen baitute, iraunkortasun neurriak aplikatzean abangoardian egon gaitezen ahalbidetzen dute”, adierazi du Garmendiak.

Proiektu pilotu honek leku berezia izango du mugikortasunarekin lotutako ekitaldietan –orain Gasteizen egiten ari den Cívitas foroan, esaterako–. Car-sharing eredua baliatuko da horren barruan, green programaren laguntzaz, eta Agromotorrentzat 15.000 € inguruko kostua izango du. 

Zehazki, sei hilabetez, Think City markako lau ibilgailu elektriko –% 100 elektrikoak, autonomia handikoak– eta Agromotor taldeak ordezkatzen dituen marketako beste batzuk –entxufa daitezkeen hibridoak eta ohiko ibilgailuak (merkarazitzakoa eta arruntak)– lagako dizkiote Udalari, doan.

Bestetik, lagatako ibilgailuak flotak kudeatzeko software bereziaz  –Going Greenek emandakoa, 8.000 euroan balioetsia– hornituta egongo dira, Gasteizko Udaleko langileen erabilera optimizatzeko. Proiektu pilotuaren barruan dagoeneko Gijónen ezarritako antzeko proiektua bisitatzeko aukera ematen da: Going Green eta Agromotor taldearen aholkularitzaz ekipo horiek abiatu eta jarraitzeko proiektua da.

 

Share