Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2012-09-20)

Komunikabide grafikoentzako deialdia. Bizi-bus abian jartzea

Eguna. Osteguna, irailak 20

Ordua. 8:40

Tokia. Tranbiaren Europa geltokia (Gasteiz hiribidea)

*Ibilbidea 8:50ean bukatuko da Urkide ikastetxean (Magdalena kalea, 8 )

———————–

Prentsaurrekoa. Aukera eta Okasiozko Liburuen Azoka

Parte hartzaileak. Herritarrentzako Zerbitzu eta Kiroletako zinegotzi Alfredo Iturricha; Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaile Asier Muniategi; eta Euskadiko Liburu Ganberako lehendakari Josu Leguina.

Eguna. Osteguna, irailak 20

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa-aretoa

————————–

Prentsaurrekoa. Civitas Forum aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkateorde Idoia Garmendia, eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko (IGI) zuzendari Juan Carlos Escudero

Eguna. Osteguna, irailak 20

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Euskotren eta Comunitac enpresek laguntza emango diote Gasteizi, tranbiaren markesinetako publizitaterako espazioa sari berdearen iraunkortasun mezua zabaltzeko utziko baitiote

– Bi enpresekiko hitzarmena dela eta utziko den publizitaterako espazioak gutxi gorabehera 25.000 euro balio du

Ingurumen zinegotzi Idoia Garmendiak lankidetza hitzarmen bikoitza sinatu du gaur Euskotren eta Comunitac enpresekin. Hitzarmenaren bidez, mugikortasun iraunkorrerako sistema batekin –tranbia– lotura duten bi enpresa horiek European Green Capital 2012 programaren babesle bihurtu dira, Euskotren eta Comunitacek sari berdearekin lotutako iraungarritasunaren kontzeptua zabaltzeko konpromisoa hartu baitute beren gain.

Ingurumen zinegotzi Idoia Garmendiak, Euskotreneko Arabako zuzendari eta kontseilari ordezkari Francisco Eladio Germán Aguirrek eta Comunitac  enpresaren ordezkari Pablo Vilák sinatu dute gaur lankidetza hitzarmena,  zeinaren bidez bi enpresa horiek Vitoria-Gasteiz European Green Capital 2012 programan parte hartuko baitute, sari berdearen helburuak sustatu eta zabaltzeko komunikazio kanpainetan lagunduz.  Hitzarmenari esker uzten duten espazioak 25.000 euro inguru balio du, eta ingurumena, iraunkortasuna eta horiekin lotutako balioak lantzeko erabiliko da. Gasteiztar guztiek osatuko dute publikoa, eta bereziki tranbiaren erabiltzaileek, haiek nabarituko baitute lehenengo mugikortasun iraunkorrarekin lotutako bi enpresa horien partaidetza green programan.

“Oso harro gaude hitzarmen hau Euskotran eta Comunitacekin sinatu izanaz, entitate horiek guztiz bat baitatoz gure espirituarekin. Izan ere, haien jardueren bidez ingurumenaren errespetua eta zaintza sustatzeaz gain, balio horiek zabaltzearekin hartu duten konpromisoa agerrarazten dugu gaur. Tranbia gasteiztarrek gero eta gehiago onartzen eta erabiltzen duten garraiobidea dela egiaztatu dugu, beraz, markesina horietako publizitate euskarrietan gure komunikazio kanpainak zabaldu ahal izateak horien arrakasta iradokitzen du, oso hurbil baitaude herritarrengandik.                                                  Aurten Green Capital gara, eta horrek etorkizunerako erronka dakar, herritar guztiek balio berdeekin duten konpromisoari eta kontzientziari esker gainditzen ari garena. Arrakasta ezinezkoa litzateke ideal horiek zabaltzen ahalegintzen ari diren gizarte alor guztien laguntzarik gabe, eta gure hiriarekin azaldu duten borondate ona eskertu behar diegu, oraingoan, Euskotren eta Comunitac enpresei”, adierazi du Garmendiak.

Euskotren –Gasteizko tranbia kudeatzen duen erakunde publikoa– eta Comunitacekin –tranbiaren markesinetako publizitatea kudeatzen duen enpresa–  sinatutako hitzarmenaren bitartez, zizare berdearen markesinetako 28 espazio zortzi astez –urtean zehar banatuta– utziko dituzte, Udalak balio berdeei buruzko sustapen eta sentikortze kanpainak jar ditzan, European Green Capital izendapenaren barruan ezarritako helburuen ildotik.

Share

Udalak 153 hezkuntza jarduera eskaini ditu 2012-2013 ikasturterako, horietako 23 berriak

Aurreko ikasturtean 45.000 ikaslek hartu zuten parte

Gasteizko Udalak, Hezkuntza Zerbitzuaren bitartez, hezkuntza jardueren eskaintza aurkeztu du. Guztira 153 jarduera eskaintzen dira 2012-2013 ikasturtean, ikastetxe eta udal instalazioetan banatu diren 2800 aleetako 40 orrietan banan-banan zehazten direnak.

Papereko euskarrian laburpena ematen da; udalaren web-orrian, berriz, 153 jardueretako bakoitzari buruzko argibide zehatzagoak aurki daitezke:  jardueraren deskribapena, lantzen diren balioak eta helburuak, hartzaileak, antolakuntza, parte hartzeko baldintzak eta izena emateko era.

Web formatuan gaiaren arabera edo hartzaileen arabera aurki ditzakegu jarduerak.

Hezkuntza formalaren lagungarri izan nahi dute udalaren hezkuntza jarduerak. Alegia, hezkuntza sistemaren osagarriak dira. Hiri Hezitzailearen proposamenak lehentasunez gazteenei eta eskolei zuzendutako esku hartzeak izan arren, beste talde batzuei ere zuzentzen zaizkie. Izan ere, hiru talde nagusiri zuzentzen zaie udalaren hezkuntza eskaintza:

– Eskoletako taldeak:

Ikasgelak edo maila batek hartzen du parte jardueran. Izen-ematea ikastetxeak egiten du. Taldea parte hartzeak irakasleak haiekin batera joatea eta jarduera ikuskatzea dakar berekin, eta jardueraren aurreko zein ondorengo zereginetan ere parte hartu beharra dute.

– Taldeak:

Talde jakin bateko pertsonek hartzen dute parte jardueran. Izen-ematea taldeak egiten du, kide guztientzat.

– Herritarrak oro har:

Herritarrek banaka hartzen dute parte jardueran, zeina adinaren edo hartzaileen beste ezaugarri batzuen arabera zehazten baita. Izen-ematea banakoa da.

Udalaren hezkuntza jarduerak ahalik eta modu errazenean aurkeztearren, gaien arabera taldekatu dira. Zehazki, 12 gaitan sailkatu dira:

– Ingurumena (19 jarduera edo programa)

– Hiria ezagutzea (16 jarduera edo programa)

– Euskararen erabilera sustatzea (9 jarduera edo programa)

– Artearen eta ikus-entzunezkoen alorreko hezkuntza (13 jarduera edo programa)

– Gorputz hezkuntza eta kirola (8 jarduera edo programa)

– Berdintasunerako hezkuntza (6 jarduera edo programa)

– Osasunerako hezkuntza (14 jarduera edo programa)

– Herritarren parte-hartzea sustatzea (3 jarduera edo programa)

– Trebetasun sozialetan heztea (20 jarduera edo programa)

– Kulturartekotasuna (6 jarduera edo programa)

– Garapenean laguntzea eta nazioarteko elkartasuna  (11 jarduera edo programa)

– Babesa eta segurtasuna (10 jarduera edo programa)

Ikasturte honetan 23 jarduera berri eskainiko dira, hau da, guztien % 15:

– Dastamen lantegia Atarian

– Europako basoen arboretoa

– Luis Aranburu eskola ezagutzea

– Ikas ezazu bizikletaz mugitzen hirian barrena

– Basoa. Zura baino gehiago

– Germoplasma bankua: bizitza aurrezten etorkizunerako

– Elkar ezagutzen: eskola jarduerak Atarian

– Zuhaitz bat gehiago

– Foru plazatik ARTIUMera

– Santa Maria katedrala: argiaren elizpea

– Chillida gure hirian

– Literatura adierazpena:  poemak doinuan

– Gasteiztxo – Kamera eta ekin

– Zinema eta giza eskubideen gelak

Argibide gehiago udalaren web-orrian.

Share

Irailaren 28tik 30era arteko asteburuan egingo da Gasteizko XI. Erdi Aroko Azoka

Ostiralean 18:00etatik 22:00etara eta larunbat eta igandean 11:00etatik 14:30era zein 17:00etatik 22:00etara egongo da zabalik.

2012ko irailaren 28 , 29 eta 30ean egingo da Gasteizko XI. Erdi Aroko Azoka, eta horren bitartez Hirigune Historikoko zenbait kale, plaza eta lorategi iraganera begira jarriko dira.

Gasteizko Udalak antolatuta, Kultur Plangintzaren eta Jaien Zerbitzuaren bidez, “Azokaren helburua da hiri osoak Erdi Aroan girotutako ikuskizun berezi batean parte har dezan. Horretarako programa zabala landu da, horien artean, girotze ikuskizunak, eskulanen saltokiak, lanbideen lantegiak eta Gasteizko Erdi Aroko Torneo Handia”, Kultur Plangintzaren eta Jaien kontseilari Encina Serranok nabarmendu duenez.

Aurrekoetan bezala, Erdi Aroko Azoka alde zaharreko muinoaren goialdeko kale, plaza eta lorategietan kokatuko da. Errementariek, zurginek, urregileek, beiragileek, okinek zein malabaristek, saltokariek, juglareek eta beste ikuskizun batzuek hartuko dute hirigune historikoa, eta azokaren bizitza gogoraraziko, antzina bezala, kultura kristaua, arabiarra eta judua bizikide izan daitezen.

ESKULANGINTZA POSTUAK

Eskulangintzako 200 postu baino gehiago izango dira, zeinetan zuzenean lanbideen erakustaldiak egingo baitira, umeek eta nagusiek parte hartu eta ikas dezaten. Oso zerrenda luzea da:

 –          Erakustaldiak: buztingintza, hargintza, zurgintza, zurezko kategintza, zeta-irutea, larru-bozelketa, haurrentzako labea, ehungintza, urregintza, eskribautza, saskigintza, beiragintza eta abar.

–          Janari eta eskulanen salmenta: pastak, gozokiak, piku ogia, beira, olio lanparak, zeramika, zumitza, eguzki erlojuak, mineralak, hestekiak, gaztak, pateak, krema eta xaboiak, zurezko jostailuak, oinetakoak, lanparak, zeta eta kosmetikoak, txokolatea, kandelak,…

–          Erdi Aroko tabernak

Estatuko txoko guztietatik etorritako profesionalak dira denak. Aurreko edizioetan bezala, gure hiriko merkatariek ere leku nabarmena izango dute, Gasteizko Erdi Aroko Hiriguneko Merkatarien Federazioaren eskutik (GASTEIZ ON); zehazki, San Bizente aldapan eta Eskola kalean jarriko dira.

APAINKETA

Bereziki aipagarria da Azokaren girotzea, saltokiez gain bandera eta banderatxoak, zaldunen zutoihalak, oihal eta gazak, ezkutuak, armarriak eta abar jarriko baitira. Guztien artean Aihotz plazako apaindurak izango dira nabarmenenak, ezkutu, zutoihal eta osagai guztiak Erdi Aroko leinu arabarrenak baitira.

Apainketa ahalegin horri esker, hirigune historikoa guztiz itxuraldatuko da, ekitaldiarekin bat etor dadin.

INFORMAZIOA

Informazio gune bat egongo da Goiuri jauregiaren goiko sarreran (Frai Zacarias kalean). Bisitariei azokari buruzko argibideez gain hiriari eta ondareari buruzkoak emango zaizkie.

Erdi Aroko Torneo Nagusia

Erabilera askotarako Iradier Arena aretoan izango da, eta 2 emanaldi egingo dira.

Lehena larunbatean, hilak 29, 20:00etan, eta bigarrena igandean, hilak 30, eguerdiko 12:30ean.

Sarreren prezioa: 3 euro.

Sarreren salmenta:

Leihatilan, irailaren 25etik (asteartea) 29ra arte (larunbata), 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Igandean, hilak 30, 10:00etatik 12:30era.

Erdi Aroko Azokako informazio-gunean ere salduko dira (Goiuri Jauregia, Frai Zacarias kaletik).

AIHOTZ PLAZA

Gasteizko Azoka beste leku batzuetan egiten direnetatik bereizi nahi da, eta horretarako Aihotz plaza garaiko familia arabarren zutoihal eta ezkutuz apainduko da (eskoriazatarrak, eskibeldarrak, martinez de iruñatarrak, mendozatarrak, eta abar).

Inaugurazio pregoia ostiralean, hilak 28, egingo da, 19:00etan, Aihotz plazan bertan. Teatro Paraiso taldeko zuzendari artistiko ROSA ANGELA GARCIA SARDON aktoreak irakurriko du, BRUJA QUEMADA konpainia gasteiztarreko bost kideek lagundurik. Radio Vitoria irratiko esatari Pedro Fernández de Retana kazetariak idatzi du pregoiaren testua.

Hiriko beste talde batzuek ere hartuko dute parte Erdi Aroko Azokan, besteak beste: ARABESCO, VIAJEROS DE ARCADIA eta LA JAULA DEL CONDENADO ikuskizuna. Lehen taldeak ekialdeko dantzen ikuskizunak eskainiko ditu, eta bigarrenak hainbat irudikapen historiko egingo ditu azokako leku ezberdinetan.  

Erdi Aroko fartsak ere izango dira, euskaraz, Gasteizko Bruja Quemada taldearen eskutik.

Aihotz plazan , halaber, BALL DE SANT VITO taldeak KALEKO ANTZERKIA ETA MUSIKA eskainiko ditu .

TRAGALEGUAS TEATRO taldeak ere KALEKO ANTZERKIA eta ERDI AROKO FARTSAK jokatuko ditu.

Aurreko urteetan bezala, falkoneria erakustaldi bikainez ere gozatu ahalko dute bisitariek, denen gustuko izaten baitira: FALKONERIA, ARTE HALCONen eskutik.

Azkenik, Santa Maria katedrala eraikitzeko harriak nola ekartzen zituzten ere antzeztuko da;  idi gurdia erabiltzen zen Axarteko harrobitik Gasteizera harriak ekartzeko, eta oraingoan, Aihotz plazaraino ekarriko dira. Santa Maria Katedrala fundazioaren laguntzarekin egingo da.

Aurten bi gune berri jarriko dira plazan:

LOREEN DESTILAZIOA ETA ESENTZIAK, ANIMA RÚAren eskutik.

LURRIN ETA XABOIEN LANTEGI BATEN ANTZEZPENA: “BIDAIA LURRINEN UNIBERTSORA, XABOI-PUNPA BATEN BIDEZ”.

BESTE GUNE BATZUK

Erdi Aroko Azokak hartzen dituen gainerako guneetan izango diren jarduera nabarmenenak aipatuko ditugu ondoren:

*Falerina lorategian, Long Bow taldeak hainbat trebetasun erakutsiko ditu: aizkora eta lantza jaurtiketa, arku tiroa, etab. Txikiek zein nagusiek beren iaiotasuna frogatu ahalko dute. 

*Goiuriko plazan (kirol esparrua) haurren txokoa jarriko da: eskuz eragindako zaldiko-maldikoa, ipuin kontalaria, haur jolasak, e. a.

*Buruileria plazan, kanpaleku handi baten berreraiketa historikoa egingo du LOBOS NEGROS taldeak.

*Eskoriatza-Eskibel jauregiaren aurreko plazan azoka arabiarra jarriko da, ARABESCO  taldearen dantzek eta bestelako pertsonaiek girotuta, hala nola suge-sorgintzailea, fakirra eta komikoak.

*Goiuri jauregiaren gaineko aparkalekuan tabernak jarriko dira, eta bertan ere girotzea izango da. malabareak, sua…

*Etxanobetarren etxeko lorategitik, ohi bezala, Josuéren asto karabana aterako da, eta ARABESCO taldeak ipuinak kontatuko ditu, euskaraz zein gaztelaniaz.

*Lurte taldeko musikariak Erdi Aroko Azokan zehar ibiliko dira musika zelta jotzen, eta Gzarkuk orkestra gizon misteriotsua ere batetik bestera ibiliko da.

Aurrekoetan bezala, herritar guztiei dei  egiten diegu gure Erdi Aroko Hirigunea bete eta ikuskizunaren aktore eta konplize izan daitezen.

Hauxe esan du Encina Serrano kontseilariak bukatzeko: “garaiko pertsonaien jantziak dituzten gasteiztarrak animatu nahi ditugu, Erdi Aroko jaiak irauten duen hiru egunetan jantz ditzaten.”

Share