Prentsa Oharren banner

Ostegunean Hiri Merkataritzari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarra hasiko da Gasteizko Europa jauregian

“Mobile Shopping: merkataritza txikia eta telefonia mugikorra. Xehekako merkataritza sektorea egokitzeko erronka berriak” du izenburu aurtengo edizioak

200 pertsona inguruk hartuko dute parte Gasteizko jardunaldietan, besteak beste, NFC teknologiaren alorreko aditu handienetako batzuek.

Datorren osteguneko 10:00etan hasiko da Gasteizko Europa jauregian Hiri Merkataritzari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarra, Udalak antolatuta. “Mobile Shopping: merkataritza txikia eta telefonia mugikorra. Xehekako merkataritza sektorea egokitzeko erronka berriak” da aurtengo izenburua. Jardunaldi monografiko horietan operadoreek, bankuek, telefonia ekoizleek eta merkataritza alor ugarietako ordezkariek hartuko dute parte, teknologia berriek erosketa eta kontsumo joeretan duten eraginaz eztabaidatzeko.

Biltzarrak arreta berezia eskainiko dio NFC teknologiari. Irrati-frekuentzia bidezko komunikazio teknologia da, irismen laburrekoa eta frekuentzia handikoa, gehienez 20 cm-ra dauden gailuen artean datuak trukatzea ahalbidetzen duena. Horri  esker, kontsumitzaileek mugikorra baliatuz ordaindu ahal dute: nahikoa da telefonoa ordainketa gunera hurbildu eta ezkutuko kodea sartzea. Etorkizunean plastikozko txartelen eta eskuko diruaren erabilera gutxitzea ekarriko du horrek. Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Fernando Aránguizek azaldu duenez, “teknologia hau beste sektore batzuetan ere erabil daiteke, esaterako, turismoan edo garraio publikoan”.

Telefono mugikorrak ordaintzeko eta kobratzeko tresna gisa duen erabileraz gain, merkataritza txikiaren zerbitzura fidelizazio tresna gisa eta informazioa kudeatzeko sistema gisa izan dezakeen balioa ere aztertuko da. “Teknologia hau egongo da etorkizunean merkatuan, eta Gasteizek aitzindari izan nahi du”, adierazi du Aránguizek.Jardunaldietan ia 200 pertsonak hartuko dute parte, eta horien % 25 Euskaditik kanpokoa izango da, zinegotziaren arabera. Azken orduko izen-emateak gehituta, kopurua hori “gainditzea espero” dutela erantsi du udal arduradunak.

Hizlari hauek etorriko dira biltzarrera, besteak beste: Andrea Fiorentino, NFC teknologian nazioartean dagoen aditu handienetako bat; Serge Miranda, Nizako Unibertsitateko Informatika katedraduna, eta José Luis Nueno, IESEko Merkataritza Zuzendaritzako irakaslea eta kontsumo ondasunen marketinari buruzko artikulu ugariren egilea.

Biltzarra bihar, hilak 26 hasiko da, egitarau sozialarekin. Horren barruan, “Pastelez pastel” ibilbidea, “Burdinbidearen 150 urte Euskadin” erakusketa eta Gasteiz On moda-ibiltokia sartu dituzte. Gasteizko alkateak inauguratuko ditu jardunaldi teknikoak, ostegunean, hilak 27. Egun horretan zein ostiralean, hilak 28, hainbat hitzaldi eta mahai inguru egingo dira Europa biltzar etxean.

Gasteizko Udalak antolatzen duen Hiri Merkataritzari buruzko nazioarteko biltzarraren IV. edizioak Europako Gizarte Funtsaren, Tokiko enpresa 10 Egitaraua, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren babesa dauka. Laguntzaileen artean, gainera, “Gasteiz On” Hiriko Merkataritza Sustatzeko Elkartea, Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresaburuen Federazioa eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera daude.

Espainiako Hiri Adimentsuen Sarea

Bestetik, gaur goizeko 11:30ean hasita, Espainiako Hiri Adimentsuen Sarearen bilera egiten ari dira Europa jauregian. Urtarrilean osatu zen NFC taldearen lehen bilera da. Arabako hiriburuak bideratzen du taldearen barruan NFC teknologia kudeaketa publikoan eta saltoki txikien dinamizazio ekonomikoan aplikatzeari dagozkionak.

Sarearen helburua berrikuntzaren alorreko esperientziak trukatzea da, teknologia berriak zerbitzu publiko hobeak eta eraginkorragoak lortzearren erabiltzeko, alor publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzeko, eta europar finantzaketa programak eskuratzeko.

Gasteizekin batera, 24 hirik osatzen dute Espainiako Hiri Adimentsuen Sarea, eta beste hiri batzuk gehitzea aurreikusi da. Aipatutako helburuak lortze aldera, zenbait lantalde osatu dira: gizarte berrikuntza; energia; ingurumena; azpiegiturak eta hiri bizigarritasuna; gobernua, ekonomia eta negozioak. Ingurumen, hirigintza iraunkor eta bizigarritasunari buruzko taldean ere Gasteizko Udala da buru.

Gaur goizean Gasteizen egindako bileran hainbat hirik hartu dute parte, hala nola Madril, Santander eta Zaragoza. Azken bi horiek eta Alacant arduratu dira gaur berrikuntzaren alorreko garapenak eta esperientzia aurkezteaz, Gasteizekin batera.

Gasteizek, zehazki, “Gasteizko NFC multizerbitzu plataforma eta sarearen barruko hirietako erdiguneetako saltoki txikien eta zerbitzuen lehiakortasuna hobetzeko proiektua” aurkeztu du.

 

 

 

 

 

 

Share

Mugikortasun iraunkorraren alorreko hiru hiri eredugarriak izendatu dituzte Gasteizen

–          Civitas foroaren antolatzaileek Gasteiz goraipatu dute, 2012ko Europako Hiriburu Berdearen saria lortu izanagatik, mugikortasun iraunkorra baita horretarako eskakizun nagusietako bat.

 

Gasteizko Principal antzokian banatu dira Civitas foroaren Civitas sariak, oraingoan mugikortasun iraunkorraren espiritua ondoen islatzen duten hirietara joan  direnak.

Sarien urteroko bederatzigarren edizioan jendetza handia bildu da, besteak beste, Civitas foroaren Batzorde Politiko Aholkulariaren ordezkariak, atzerriko ordezkaritzak eta sei hiri hautagaien ordezkariak. Javier Marotok Berrikuntza Teknikoaren sariaren irabazlea zein zen iragarri du lehenengo, Oporto, hain zuzen.

Ondoren, Europar Batzordearen lehendakariorde Siim Kallasen kabineteko bozeramaile Hanna Henrikusek ireki du bigarren gutunazala, Partaidetza Publikoaren sariari zegokiona, eta Reggio Emilia gertatu da irabazle; azkenik, Batzorde Politiko Aholkulariaren presidente Bruno Pereirak eman dio Urteko Hiriaren saria irabazleari, Donostiari.

“Hiriok elkarlanean aritu behar dugu, gero eta sare zabalagoa sortu behar dugu, Europan gure ahotsa ozenago entzun dadin eta jardunbide egokiak sustatzen jarraitzerik izan dezagun, mugikortasun iraunkorraren arloan ez ezik, bai eta ingurumenaren errespetuaren eta zaintzaren alorrean ere. Hartara, erreferentea izango gara gurekin bat egin nahi  duten beste hiri batzuentzat,  eta gutxiagorekin gehiago egin behar dugulako printzipio partekatu, hots, zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzea baliabide gutxiago kontsumituz”, adierazi  du Marotok.

Gasteizko alkateak eman die ongi etorria ekitaldira joandakoei,  eta  Civitas Modern egitasmoko mugikortasun aholkulari Robert Stussi arduratu da gidatzeaz; Twitterren bidez ere jarraitu ahal izan da (#civitasforum2012).

Hortaz, sare sozialetan ere zabaldu dira Civitas sariak,   hiri mugikortasun iraunkorraren alorrean erreferentziazko bihurtu direnak, zeinen bidez udal garraiobide eraginkor eta garbiagoen aldeko ekintza edo politikak aitortzen baitira.

Aurkeztu diren 21 hirien artetik aukeratu dituzte irabazleak. Bost aditu independentek osatutako epaimahaiak aukeratzen ditu irabazleak, zeinak bikaintasun eredutzat jartzen baitira, Europa osoko beste hiri batzuentzat inspirazio iturri izan daitezen, aire garbiagoaz eta kale seguru eta atseginagoez gozatzeko aukera eman dezaketen hiriko garraiorako irtenbide eraginkorrak garatu ditzaten.

Berrikuntza teknikoa

Epaimahaiak telefono mugikorretarako MOVE-ME aplikazio abangoardistarengatik eman dio saria Oportori; horren bidez, garraio publikoaren erabiltzaileei trafikoari buruzko informazioa eskaintzen zaie, denbora errealean. Aplikazioak “informazio gainkargari eta lehian dauden garraio publikoaren hornitzaile ezberdinen interesei aurre egin eta erabiltzaileei informazio baliagarria ematen die: ibilbide gomendatu bat, denbora errealeko datuetan eta aukera intermodaletan oinarritua”. MOVE-ME sistema Portugaleko beste udalerri batzuetara zabaltzen ari da, eta imitatzeko duen ahalmena dela eta goraipatu dute.

Beste finalistak, Gdynia hiriak, energia eraginkortasunarekiko konpromisoarengatik eta “zerbait originala, praktikoa eta errentagarria” egiteagatik jaso du ezagutza: diesel motorrak zituzten autobusak trolebus bihurtu dituzte, eta eraldaketari buruzko gida bat landu dute, beste hiri batzuetan ere irtenbide tekniko paregabe hori ezagutu eta ezartzerik izan dezaten.

Partaidetza publikoa

Reggio Emiliak eskubide osoz irabazi du saria, etxetik ikastetxeetarainoko ibilbideetan mugikortasun segurua, iraunkorra eta independentea aldarrikatzen duen “manifestu” bat landu eta sustatzeagatik, udal barrutietako batzordeek, eskola kontseiluek eta ikastetxeetako zuzendaritzek zein beste antolakunde batzuek lagundurik. Epaimahaiak “umeekin hartutako konpromiso zabal eta sistematikoagatik” goraipatu du hiria, “autoen erabilera benetan gutxituko lukeelako”, eta lehen mailako eskoletan “mugikortasun kudeatzaileen” sarea sortu izanagatik. 13.000 gazte inguruk izenpetu dute manifestua, eta horri esker bakarrik joan daitezke eskolara, ziurtasun osoz.

Nantes izan da kategoria horretako finalista, mugikortasun aktiboko planak sortzeko eta herritarren ohartarazpenak jasotzen dituzten txostenak egiteko parte hartzerako prozesua bideratu izanagatik, “horrek hiriko biztanleen jokabidean eta pertzepzioan eragin positiboa izan baitu”.

 

Urteko hiria

Donostia izan da hirugarren irabazlea, duen “ikuspegi integratzaileagatik, bizikletaren erabileratik garraio publikoraino doana, bidaia pertsonalizatuen planifikazioa barne, erabakiak zerikusia duten 29 talderen ordezkaritza duen batzorde aholkulariaren laguntzaz hartzen baitira”. Epaimahaiak “neurri eztabaidatuak” saltzeko hiriak duen jokabidea nabarmendu du, eta aurrekontu murrizketa handiak gorabehera emaitzak lortu izana. Herritarrei kontzientzia harrarazteko lana eta “hiri mugikortasuneko ekimenak hiriko bizimodua hobetzeko ahaleginaren barruan aurkeztea” goraipatu dute. Irabazlearen lorpenen artean aipatzeko modukoak dira azken hiru urteetan bizikleta erabiltzaileen kopurua urtero % 11 gehitu izana, eta garraio publikoaren erabileran Europako indize handienetako bat izatea.

Brighton & Hove finalista gertatu da, “jarduera berritzaileen askotarikotasuna” dela eta: ibilgailu elektrikoentzako kargaguneak, autobus geltoki “hiztunak” eta interesdunek horien diseinuan parte hartu izana.

Share