Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 abuztua 2017 22:09

Ainhoa Santamaría aktore gasteiztarrak 2017ko Andre Maria Zuriaren jaiak disfrutatu eta partekatzeko gonbita egin die gasteiztarrei zein bisitariei, “muga bakarrarekin, besteekiko begirunea”. Espainia plazan egin du jairako gonbita, eta Sole Giménez kantariak eta Gasteiz Big Bandek ere hartu dute parte ekitaldian.

Ainhoa Santamaríak egin du Arabako hiriburuko pregoia; bertan jaioa, duela 16 urtera arte bizi izan zen hirian, eta jaiez ere gozatu ahal izan zuen familiarekin eta gaztetako lagunekin. “Ez dakizue zenbateko harrotasuna eta ardura sentitu nituen pregoia egitea eskaini zidatenean. Asteak daramatzat pregoiarekin amesten, eta amesgaiztoren bat ere izan dut. Galdera ugari pilatu zaizkit. Eta erantzuna burura etorri zaizkidan milaka oroitzapenetan topatu dut”.

Aktoreak Max antzerki saria jaso du berriki, eta umetan familiarekin bizi izan zituen jaiak gogoratu ditu: “ziur aski, bizitzan grina handienaz bizi duzun garaietako bat baita, eta oroitzapen onenak sortzen dizkizuna… Andre Maria Zuriaren jaiak une berezia dira niretzat, maite duzun jendearekin ospatzeko, poza partekatzeko eta ezagun zein ezezagunekin dibertitzeko espazioa, aldentzen gaituena ahazteko eta elkartzen gaituena gogoratzeko lekua, azken hori askoz gehiago eta askoz garrantzitsuagoa baita”. Ainhoa Santamaríak hiriko jaiak bere lanarekin lotu ditu, halaber.

“Aktore batentzat, Andre Maria Zuriaren jaiak habitat ideala dira. Ondo pentsatuz gero, agertoki handia besterik ez dira, emakumezko eta gizonezko aktorez betea, batzuk protagonistak eta beste batzuk bigarren mailakoak, baina horiek ere ezinbestekoak dira ospakizuneko bost egunen ondoren denen txaloak jasotzeko… Jaiak talde lana dira, garatzeko ezinbestekoak diren pertsonaiez beteak. Batzuk lanean eta ahalegin berezia eginez besteok disfrutatu dezagun”.

Ainhoa Santamaríak Gasteizek azken urteetan izan duen eboluzioa aipatu du: “bereziki gustuko dut nire hiria gero eta anitzagoa eta pluralagoa izatea, eta hemen integratu aditza jokatzea bereizi aditzaren ordez”; kultura jarduera eta emakumeen papera ere izan ditu hizpide. “Jaiak kultura dira, eta kulturak jaia izan beharko luke. Nire hiriak kulturarekin lotutako bi emakume aukeratu ditu aurten pregoia egiteko eta suziria jaurtitzeko, eta oso harro nago horretaz… Gozatu egiten dut kultura eskaintza handia eta ekitaldiak (Jazzaldia, Azkena Rock, Magialdia,  Festval edo Antzerki Jaialdia) ikusten, tira, urrunetik jarraitzen… Datozen urteetan antzokiak, zinema-aretoak, dantza eta musika ikuskizunak eta gainerakoak ikuslez beteko ahal dira, gure herrialdean egiten diren ekoizpen zoragarriak bizi eta esperimentatzeko irrikan dauden ikusleez”.

Amaitzeko, pregoilariak parte hartzera animatu ditu entzuleak. “Gasteiztarrak dira Andre Maria Zuriaren jaietako protagonista nagusiak… Jaiaren arima dira, zuen esku baitago beste urte batez hiria pozez eta dibertsioz betetzea”.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, abuztuak 3

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————–

Jose Antonio Zabalzari omenaldia, Urrezko Zeledonen erakundeak antolatuta

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, abuztuak 3

Ordua. 20:00

Tokia. Espainia plaza

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:07

Ekitaldiaren 60. urteurrenean, herritarren laguntza eskatu dute Andre Maria Zuriaren plazan beirarik ez sartzeko

Zeledonek —Gorka Ortiz de Urbina— eta Gorka Urtaran alkateak elkar hartu dute gaur eguerdian, abuztuaren 4ko jaitsiera arrakastatsua izan dadin, lehen aldiz beirarik gabe egingo baita. Ekitaldiaren 60. urteurrenean, herritarren laguntza eskatu dute biek, Andre Maria Zuriaren plazan beirarik ez sartzeko.

Plazako landarezko eskulturaren aurrean eman dizkio alkateak euritakoa eta zahatoa Zeledoni, jaietako protagonista ezagunak ezinbesteko baititu lanabes horiek. Gorka Ortiz de Urbinak positibotzat jo du aurtengo berrikuntza, eta aipatu du abarkak konpondu behar izan dituela, iaz urradura handia egin baitzitzaien plazako zoruan zegoen kristal hautsi baten erruz. “Aldaketa positiboa dela uste dut. Aurtengoa ezberdina eta polita izango da”, adierazi du Zeledonek; era berean, plazako sarreretan pazientzia izateko eskatu du, beira eragozteko jartzen diren kontrolek mantsotzea ekarriko baitute. Gainera, laguntza eskatu du plaza ahalik azkarren eta erosoen gurutzatzeko.

Alkateak, berriz, zorte ona opatu dio Zeledoni, eta harekiko begirunea eskatu du. Orobat, jaitsierara zein igoerara beirarik ez eramateko laguntza eskatu du, eta ordezko beste ontzi batzuk eraman daitezen, bertaratuen segurtasuna bermatzearren. “Disfrutatzea eta ondo pasatzea da kontua”, amaitu du Gorka Urtaranek.

Pregoiaren zuzeneko emanaldia

Aurreko bi urteetan harrera ona izan duelarik, gaur arratsaldean berriro emango da pregoia zuzenean, udalaren web-orrian, streaming bidez. Ainhoa Santamaría aktore gasteiztarrak egingo du 2017ko Andre Maria Zuriaren jaietako pregoia; Plaza Berrian izango da ekitaldia, 21:30ean. Ondoren, Gasteiz Big Bandek eta Sole Gimenezek kontzertua emango dute.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:59

Urtaran alkateak nabarmendu duenez, Udalarentzat kuantitatiboki zein kualitatiboki kontratu garrantzitsuenetakoa denari buruzko zalantzak uxatzen ditu akordioak

 Bi alderdiek akordioa sinatu dutelarik, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren lanak hasiko dira

Udalak eta FCC eta GMSM aldi baterako enpresa-elkarteak —kaleak garbitu eta hiri hondakin solidoak biltzeko kontratista— duela hilabete eta erdi iragarritako akordioa sinatu dute gaur; bi alderdiak atxikiko zaizkio akordioari, zeinak datozen hilabeteetarako bide-orria zehazten baitu. Gorka Urtaran alkateak azaldu du agiriaren edukia; lehen ondorio gisa, kaleratutako bost langileak berehala hartuko ditu enpresak berriz.

“Udalaren eta FCC-GMSM enpresa elkartearen arteko akordioak Udalarentzat kuantitatiboki zein kualitatiboki kontratu garrantzitsuenetakoa denari buruzko zalantzak uxatzen ditu. Hilabete hauetan Udalak, enpresa kontratistak eta langileek egin dituzten bilera eta kontaktuetan, udal gobernuaren lehentasunezko helburuak izan dira kaleratutako langileak berriz hartzea; enpresarekiko bidezko ezadostasunak argitzea, kontratuak eta kontratazio publikoaren alorreko legeek ezarritako prozedurak baliatuz, eta Udalak benetan emandako zerbitzuengatik baino ez duela ordaindu behar aldeztea”, nabarmendu du Urtaran alkateak.

Bide-orria

Akordioa sinatu delarik, orain gatazka konpontzeko iragarri ziren bitartekaritza lanak hasiko dira.  Aurreikusitako bide-orriaren arabera, FCC-GMSM enpresa-elkarteak 2016ko prezioen berrikusketa eskatuko du datozen egunetan, baldintza-agiriaren 36. klausulak ezartzen duenaren ildotik. Prezioen berrikusketa osatzen duten kontzeptuei buruzko interpretazio ezberdinak ebazteko, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak irizpena emango du, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren 211. artikuluari jarraituz.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak irizpena eman ondoren FCC-GMSM enpresa-elkarteak uste badu kontratua ekonomikoki bideraezina dela, Udalak kontratua suntsiaraziko du, inolako kalte-ordainik ordaindu gabe, eta FCC-GMSM enpresa-elkarteak zerbitzua ematen jarraituko du kontratu berria esleitu arte.

FCC-GMSM enpresa-elkarteak egiaztatu du, behar den auditoretza eginez, eskaintzaren gaineko absentismoa bere gain hartzeak desoreka ekonomiko handia ekarri diola: 3 milioi euro 2016an. Udalak ez du nahi langileen doitze gogorrak egiterik (ez eta horrek dakarren gatazka sozialik ere). Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena enpresa kontratistaren aldekoa ez bada, Udalak kontratua suntsiarazteko kausa abiaraziko du, horrek beste lehiaketa bati ekitea ahalbidetuko bailuke.

Akordioan jasotako beste puntu bat da enpresa-elkarteak bere langileei zeregin partikularretarako ematen dizkien baimen-egunak udal langileek dituztenak beste izatea. Gasteizko Udalak FCC-GMSM enpresa-elkarteari ordainduko dio kontratako langileak ordezteak dakarren kostu ekonomikoa hitzarmen kolektiboaren arabera zeregin partikularretarako ematen dizkien baimen-egunez gozatzen dutenean —baldintza-agiriaren arabera, 2. egunetik dagokio ordaintzea administrazioari—.

“Udalarentzat inolako kosturik gabe kontratua suntsiarazteko aukera aurreikusten du akordioak, beste esleipendun bat izan arte zerbitzua emateko eta oraingo langile-plantillaren egonkortasunari eusteko bermearekin”, azaldu du Gorka Urtaranek. Gainera, alkateak azpimarratu du Udalak lehen bezain zorrotz jarraituko duela kontrata kontrolatzen. “Gaur egun, garbiketa-zerbitzuen betetze-maila ia % 98koa da, eta udal gobernuak une oro jarraituko du kontratuaren betebeharrak zorrotz bete daitezen eskatzen”, esan du.

Bestetik, gogoratu du kaltegarritasun-demanda aurkeztu zuela FCC-GMSM enpresa-elkarteari faktura batzuk ordaintzearekin lotuta, eta enpresa-elkarteak ere erreklamazioak aurkeztu zituela zerbitzu osagarri batzuk zirela eta, haren ustez administrazioari baitzegokion ordaintzea. “Bi alderdiok dokumentazioa eta alegazio juridikoak aztertuko ditugu gaurtik aurrera, ezadostasun horiek hitzarmenez amaitzen saiatzeko”, azaldu du alkateak.

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:00

 

 

 

 

 

 

 

Aste honetan, Udaltzaingoak 7 patruila-auto berri gehitu dizkio bere ibilgailu-flotari. Ibilgailuen parkea berritzeko prozesua  apirilean abiatu zen, orduan ere beste 7 auto berri atera baitziren kalera.

Patruila berriek EAEko udaltzaingo zerbitzuen bereizgarri berrituak daramatzate; aldaketa pixkanaka egiten ari da, Gasteizko Udaltzaingoaren irudia Euskadiko gainerako udal polizien irudiarekin  bateratzeko.

Une honetan, Udaltzaingoak 86 ibilgailu ditu orotara: furgonetak, 4×4 ibilgailuak, zilindrada handiko eta txikiko motozikletak, markarik gabeko ibilgailuak eta patruila-autoak.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:35

 

 

 

 

 

 

Hiriko 4 sarrera nagusietan “Vitoria-Gasteiz,  eraso matxistarik gabeko hiria” mezua daramaten seinaleak jarri dira eta urte osoan  utziko dira. Leku hauetan jarri dira: Forondako atea (iparraldea), Gardelegi (hegoaldea), Brusela hiribidea (ekialdea) eta Zabalgana (mendebaldea).

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:22

Alkatearen prentsaurrekoa

Alkate Gorka Urtaranek hizpide izango du Udalaren gaur egungo gai bat

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, abuztuak 2

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share